www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Igande eta festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1767-1782, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

XL
Korpus Kristi eguneko irakurraldia

 

Qui manducat hunc panem, vivet in aeternum. Joan. 6.

 

Gaia: Jesus sakramentatuari dagozkanak
dira egun ta urte guzian egiten zaizkan honrak

 

        Gizonak eskutartean dakarten gauz andiren bat bukatu ezkero uzten duten munduan beren zerbait señale ta oroipen. Inditik ondasunez beteak etorzen diranak uzten dituzte etxe berri ta jauregi egoki ederrak. Gerra-aldi beretik ongi ateratzen den erregek egiten diezte soldadu andiei ontart eta mesede luzeak eta beren izenari honragai dagozkanak. Alexandro andiak Mazedonitik Indirañoko erreinu guziak armaz ta gerraz beretu ta, beretako eragin zuen urrezko anitz pillare zituen tronu bat, ta artan jarri ta aditzen zuen billatzen zutenak esan nai zioten guzia.

        Guganako amore bero andiagatik egin zen gizon Jangoiko Semea, ta zekarren bere egiteko andiaren bukanzan ta ill-bezperan utzi zigun testament gisan guganako maitanz-amor beraren señal andi Aldareko Sakramentu santua: in quo divitias sui erga homines amoris velut effudit (Trid. ves.). Gizonak ez daki nola bukatuko diran beraren lanak, eta ezpada ongi bukatu ta, ez da sarzen señal txikitan ere; Jangoikoa da bukatu baliz bezain ederki, bukatzeko dagon gauzaren berria duena ta bukatutzat eman ta dagokan bidez ta señalez lendanik honra dezakena; ta hau da aldi onetan Jesusek egiña; bada loturik eraman zuten arrats berean ta Ostegun Sant arratsez utzi zigun bere amor-maitanz ezin andiagoaren, onek arrerazi zion Pasi gogorraren ta eman nai dizkigun grazi ta birtute andien iturri-señaletan Aldareko Sakrament andia. Lenago ere adirazi zien Jesusek bere Apostol ta beste anitzi etorkizun andi txarmagarri hau; baña egin zuen gisan eginen zuela, etzuten oriek uste; bada aditu zioten Jesusi egungo Ebanjeli santuan esaten diguna ta esaten digu: «Nere aragia janari da ta edari nere odola; nere aragia jaten duena ta edaten duena nere odola, nere baitan ta nigan gelditzen da ta argan ni. Betiko nere Aitak igorri ninduen zerutik mundura ta emen nik emanen diodan ogiarekin biziko da ni jaten nabena. Zerutik etorri den ogia da ogi hau; baña ez da zuen aitzineko israeldarrak an beretik etorzen zen ta jan zuten mana bezalako ogia; bada ill ziran hura jaten zutenak eta sekulan bizi bearra da hau jaten duena».

        Jesusi hau aditu zioten guziak edo anitzek beinzat uste zuten jan bearko zutela beraren gorputza, geli edo ariki zati bat jaten den bezala, ta hau gogoratzez arritu ta bere sermoiean Jesus utzi ta joan ziran igeska aditzen zeuden anitz; eta al-ere etzuen Jesusek horduan klaratu gauza hau; klaratu zuen Ostegun Santu arratsez esan ta egin zuenarekin ta horduan ark esan ta egiña da gaurko bere Epistolan S. Pablok diona: «Artu zuen», dio S. Pablok, «afalzen zeuden mait beretik ogi bat, eta betiko bere Aitari egitera zijoan gauzarako ta beste guzirako eman zion eskuagatik eskerrak eman, ta puska-txikitu ta bakoitzari eman zion bere zatia, esaten ziola: Ori, jan zazu; nere gorputza da hau; ta gorputz, zuen alde preso artu ta gurutze batean ill bearra; ta afaldu ta gis berean eman zion bakoitzari taz edo kaliz bete batetik edatera, guziei esan ta: Orra, edazue; nere odola da ta nere testament eta lege berriko edaria. Bata ta bestea egiten dituzuen aldian, egizkitzue nik mundu guziaren alde egin dudanaren izenean».

        Orra, ogiaren ta ardoaren ainzuran jaten dira komunioz Kristo Jaunaren gorputza ta odola; baña judatarrak uste zuten gisan ez, baizik ogi-ardo ainzur-itxuran, ta gis-ainzur berean arkitzen dira geroz Aldareko Sakramentuan. Sakramentu andi Kristo Jaunaren azken señale onetan arkitzen diran gorputz-odol ta Kristo Jaun guzia honratzen ditu Elizak gaur ta urrengo zazpi egunez anitz aldetara; bada honratzen ditu beraren Sakramentu hau agertuz ta kalez-kaleko prozesioan erabilliz, bai ta komunioz ta beste zenbait bidez ere. Zein bear bezala! Orain guk ekusiko dugu.

 

 

§ I.

 

        Gauz anitz andirako egiña da Jesusen azken señale Aldareko Sakramentu txarmagarria. Egin baño len ta lenago ere Eskritur santaz agertua arkitzen zen Jesusen eginkizun hau, bai ta bere eginkizun onekin egiten dituen zenbait gauz ere; ta agertua, eginkizun beraren ainzur batez edo bestez Jangoikoak lenik egin izandu zuenarekin. Diogun arratseraño eginkizun arkitzen zen Sakrament onen ainzur-figura zen leneko testamentuko kutx edo arka txikia. Arkonekin egin zituen Jangoikoak anitz gauz txarmagarri ta bat Jeriko zeritzan erri sendor-murrutu batean.

        Jangoikoaren manuz Moisesek egiña zen Testamentuko kutx txiki arkatxo hau; ta egiña, Egiptotik atera ta bere israeldar guziekin eremuz-eremu ta basoz-baso Jangoikoak berezi zien bazter on baterako bidean zebillela. Canango probinzia zen zori oneko bazter hau. Probinzi hau erri murrutuz, armaz ta soldaduz beterik arkitzen zen bazterra zen, bai ta arako bide guzia ere. Billatzen zuten probinzi bazterrean sarzeko ibilli bear zuten Jangoikoa beren alde zutela ta beren armak eskuan arturik. Ango sarze berean arkitzen zen Jerico zeritzan erri orietatik bat, murall edo murru sendorrez ingurutua ta israeldarrak probinziaz jabetzera zetoztelako berriarekin armaz ta jendez ongi betea.

        Israeldarrei ongi nai zien Jangoikoak eta egin zuen erri onetan beste guzietakoak izutzeko ona zen gauz arrigarri bat. Orra, esaten dio Jangoikoak Josueri, (Josue zen Moises ill ondoan an zetozen israeldar guzien buru ta nagusi): «orra, zuena da erri ori ta ar zazue. Artu, Jauna, guk erri hau? baña nola?» eranzun zion Josuek Jangoikoari; «Orra zein sendorrak diran erri orren murrallak; guk ez dugu zerekin oriek urratu, ta urratu ta ere, jendez betea ta guztiz armatua arkitzen da erria». «Ala ere zuena da erria ta ar zazue», esaten dio Jangoikoak. Eta azkenean arzen dute; ta arzen, Jangoiko berak edo Jangoikoaren ordez aingeru batek agertu zien bidez.

        «Egun oro», esan zion, «zazpi egunez zuen arteko gerrari guziak beren armak artu ta eman bear diote inguru bat erriari; gerrari guziei darraiztela ibilliko dira zazpi apaiz edo sazerdote jubileoko tronpet bereekin; orien ondotik eramanen dute beste zenbaitek testamentuko arka, ta ark edo kutx onen ondotik ibilliko da beste jende guzia; baña inguru guzian ez du batek ere hitzik aterako ta ez da tronpeten soñua baizik adituko. Zazpigarren egunean Israelko gerrariz erri guzia ingurutu horduko, testamentuko kutx-arkarekin dabilzan apaiz soñariak beren tronpetekin egiñen dute beste aldietan baño soñu bizi bortitzago bat eta hordu berean gerrari ta beste israeldar guziak ojuka ezin andiagoa. Hau aditu ta begiak idiki, testamentuko kutxa ekusi ta arritzen balira bezala urratu ta eroriko dira erriko murallak eta soldadu gizonak dauden toki beretik errian sartu ta illen dituzte arkitzen dituzten guziak, eta arkitzen duten urre, zillar, bronze ta burdin guzia Jangoikoarentzat artu ta beste guzia su ta gar ta auts egiña utzi bear da».

        Jangoikoak esan zuen gisan egin zuen Jesusek guzia. Urrengo goizetik asi ziran israeldarrak erriaren beren ingurukan. Ongi armaturik ibilli ziran soldadu ta beste guziak testamentuko kutxarekin ta zazpi apaizak beren buzin-tronpetekin gerrako beren soñua egiten zutela. Erriko guziak ere beren armak artu ta igan ziran murru gañera edo murallara; ta ekusi zutenean israeldarrak beren ingurua eman ta itzuli zirala beren tokira, zentinel igurai-zaiak an utzi ta itzuli ziran beren itxera. Urrengo egunean ta beste lauretan egiten dute israeldarrak lenbizikoan egin zutena, bai ta erritarrak ere.

        Erritarretatik zenbait irriz bezala zeuden, zeren ekusten zuten lotan gelditzen zirala beti israeldarrak beren ingurukak egin ta; baña beste anitz etorkizunaren beldurrez agitz kezkaturik arkitzen ziran. Onetan etorri zen Jerico irritar ta beldurti guziendako zazpigarren ta beren bizitzaren azken eguna. Egun artan goizik jaiki ta asi ziran israeldarrak beren egitekoan ta orien soldadu guziak erria ingurutu ta testamentuko kutx aitzinean egin zuten apezak beren soñu andi bizia ta horduraño mututurik zebilzan soldadu berei ta gañerako israeldar guziei esan zien Josuek, zegitela zuten indar guziarekin oju ta oju. Bat-batean asi ziran guziak ojuka, bazterrak ojuz urratu bear zituztela ziruditenen gisan, ta egin zen Jangoikoak esana; bada denbor berean urratu ta erori ziran erri guziko murru-murallak eta azpian artu ta lertu zituzten nork daki zenbat barrengo soldadu ta erritar. Murallak erori horduko sartu ziran inguruan arkitzen ziran israeldar soldadu guziak eta ill zituzten bizirik gelditu ziran erritar guziak eta erre zuten erri guzia (Jos. 6).

        Kristo Jauna bere señale andi Aldareko Sakramentu hau egin ta urrengo mill urteetan etzuen batek ere ukatu emen arkitzen dela Kristo Jaun Jangoiko-gizonaren gorputz eta odola. Geroz izandu dira ta oraindik ere badira fedeko egi hau ukatzen duten ta Elizak kondenaturik daduzkan hereje gaiztoak. Oriek gezurtatzeko, bada, ta fededunak beren sinistanz onean sendor-erazteko ta Kristo Jaunaren gorputz ta odol len deshonratuari dagozkan honrak emateko dira kalez-kaleko egungo prozesioa ta datozen egunetako aldarean Sakramentu andi hau agerian argiz ingurutua, kantaz ta ninzensoz errespetatua zenbait horduz idukitzea, bitarte orretan fededun onak bere oñetan belaunikatuak daduzkala, eskerrak eta eskerrak ematera etorriak, emen gurekin gelditze onekin egin dizkigun ondasun andien alde.

        Aldi orietan ez ezik, erietara Sakramentu hau eramaten den aldian ere agerzen diote Jesus sakramentatuari dioten errespetu ta amorea fededun onak, bai ta orien artean eskurik geiena duten zaldun, prinzipe, errege ta enperadore zenbaitek ere; bada badakigu orietatik zenbait aldi orietan Jesus sakramentatua ekusi horduko jaitsi dirala zalditik, zaldiz bazijoazen, edo atera kotxetik, eta bertan belaunikaturik, ur ta loi egiña lurra egonagatik, egin diotela agur andi humil bat beren Jangoikoari bezala, ta lagun egin diotela ilzen zegon eriaren gelaraño.

        Eta orra hereji gaiztoak azpiratzeko ta dagozkan honrak Jesusek arzeko da Jesus sakramentatua egungo egunarekin eliztik atera ta errian prozesioz ibilzea; bai ta zorz-urren onetan ta urteko beste zenbait egunez aldarean agerturik egotea ere. Aldi orietan ta Jesus sakramentatu beraren erietarako ater-aldietan guk egin bear duguna da testamentuko kutxarekin israeldarrak Jericon egin zutena: Jesus beragana bere agerraldi guzietan joatea, beragan gogoa ta begiak ezarri ta humil-humilki ta errespetu andiarekin egotea, ta len jerikotar gaiztoak testamentuko arkaz ta israeldarren eskuz bezala, orain gure lanez ta bere komunioz animako gure etsai guziak eskura ditzala ziñez ta askotan eskatzea.

 

 

§ II.

 

        Hau guri eragiteko, badu besterik ere Jesus sakramentatuaren egungo festak eta agerraldiak. Beste hau adiraziko dugu Jesus beraren beste itzal ta figur bat agertu ta. Jesus sakramentatuaren beste itzal edo figura da Josef Egiptoko biso-rei andia. Jesusen aitzineko patriark andi Jacoben semea zen Josef hau, ta al-ere egondu zen Egipton esklabo, ta an bertan arkitzen zen preso, ango errege Faraonek amets nekagarri bat izandu zuen aldian.

        Arrats batez lo zetzala ekusi zituen Faraon erregek Jangoikoak erakutsi ta, zazpi bei eder. Nilo deritzan ango ibai batetik atera ziran guziak eta andik atera ta, asi ziran ur bazterreko belar ederrean ongi bazkatzen. Ekusi zuen orien ondotik atera zirala beste zazpi igar-itsusiak eta larru ta ezur baizik etziranak; eta ekusi zuen belar jaten ta jaten hari ta ere, beti arkitzen zirala igar ta mear; ta azkenean ekusi zuen bei igar-mear berak beste gizen ederretara joan ta jan zituztela, belar zati izan balira bezala, aisa; ta al-ere beren jate guzien ondoan gelditu zirala uretik atera ziran aldian bezain mear, igar ta itsusi-galduak.

        Amets onek agitz nekatu zuen errege Faraon ta al-ere etzuen hitzik atera, beste batek berriro nekatu zuen artean. Amets ondoan artu zuen berriz loak Faraon ta, lo zetzala, ekusi zituen elkarren aldean zazpi gari-ondo, buru andi aledun ederrak zituztenak, eta orietatik ez urruti beste zazpi txar erdi igartu, grano ale on bana etzutenak; eta ekusi zuen gari-ondo txar oriek galdu zituztela beste zazpiak beren buru, ale ta grano eder guziekin. Lenbiziko ametsak baño agitz nekatuagoa utzi zuen errege Faraon bigarren onek eta irazarri ta erakarri zituen bete erreinuko gizon jakinsu ta ariol edo etorkizunen nol-erebaitako agerle guziak. Agertu ziezten oriei bere bi ametsak jakin naiez esan nai zutena. Egondu ziran guziak asmatzen ta asmatzen eranzun bear zutena; baña etzuten deus asmatu ta eranzun zioten erregeri etzekitela ametsak esan nai zuena.

        Oriek hau esan zuten aldian an arkitzen zen erregeren maizallea ta oroitu zen presondegian arkitzen zen israeldar gazte batekin berari bein ari agituaz, ta esan zion erregeri: «Jauna, geren uts gaizto banagatik igorri ginduzun nere lagun bat eta ni, israeldar gazte bat bere nagusiak sarturik arkitzen zen presondegira. Arrats batez izandu genituen bi lagunok geren ametsak; agertu geniozkan gazte oni ta onek esan ziguna adirazten zuten gure ametsak; bada esan zion nere lagunari an bertan kenduko ziotela burua, ta niri, itzuliko nindutela nere egitekora, ta ala gertatu da bata ta bestea. Niork jakitekotan, gazte onek jakiñen du, errege, zure ametsak esan ani dutena». «Betor, bada, gazte ori, esaten du erregek, eta ekusiko dugu».

        Ateratzen dute presondegitik obenik bage an arkitzen zen Josef gaztea. Ongitzen diote buruko illea; jaunzten dute soñeko berriz burutik oñera; molda-apainzen dute len, ta sarrerazten dute erreg-aitzinera. Agerzen diozka erregek bere ametsak eta oriek aditu ta bertan esaten dio Josefek: «Jauna, batera datoz zure bi ametsak; eta ekusi dituzun zazpi bei gizen ta zazpi gari-ondo ederrak esan nai dutena da, izanen dituzula orain errenko zazpi urte ganadutan ta garitan ezin obeak; baña orien ondotik etorriko dirala beste zazpi ezin txarragoak, eta bigarren hau esan nai dute zazpi bei txarrak eta gari-ondo erdi igartu-galduak. Egin bear dezuna da bear den gisako gizon bat billatu ta lenbiziko zazpi urte on datozenetan, oni lagunak artu ta bil ta gorderaztea beste zazpi txar galduetan bearko den gari, agotz, lasto ta beste guzia».

        «Non arkituko dut orretako zu bezain egokirik?», esaten dio erregek Josefi; «ta orra, nere urrengo zu Egiptoko erreinu guzian, ta gaurdanik zu munduko bearren ariñle ta salbale». Eman ziozkan bereala ematen zion egiteko berriak eskatzen zituen soñeko ta apaingar guziak; sarreraz zuen bere bigarren karrozan ta erabilli zuen kalez-kalez, guziak lurrean belaunak ezarri ta ezagun zezaten beren biso-rei manaletzat. Bertan asi zen Josef bere neurri onak erreinu guzian arzen ta lenbiziko zazpi urte ugari onetan bildu zuen beste zazpi bageko utsetan erreinutar guziak, eta ez erreinukoak ere, bear izanen zuten garidia (Gen. 41).

        Josef izandu zen bere anaiak begitan artu, saldu ta mil neketan sartu zuten gizona; baña beraren obenik bage ta Jangoikoak guziak orain azt-eraz nai izandu ziozkan errege Faraonen onenbat honr-ontartez. Eta munduko salbatzalle gure Jesus maitagarria honratzen du Jangoikoak gaur bere zorz-urrun guzian ta urteko fest Aldareko bere Sakramentu andian egiten zaizkan guziekin, ta ematen diozka Jangoikoak Jesusi fest eta honr oriek, len bere gorputzean ta gero Sakramentu onetan artu dituen bidegabenz, neke-tormentu ta deshonren alde.

        Faraonek eman zion Egiptoko salbale Josefi bear zuen eskua bere aideei, Egiptoko guziei ta beste nai zutenei zazpi urtez emateko bearko zuten gari guzia, ta bere betiko Aitak eman dio bere Seme mundu guziaren Salbale Jesusi Aldareko Sakramentuan mundu bereko guziak zazpi urtez ez ezik, mill ta zazpi eun urtez ta munduak iraunen duen urte guzietan bearko duten animako ogi ta janari guzia; ta ogi ta janari, jaten ta ongi komulgatzen ikasten dutenei berak ar-al poz-ondasun, grazi ta atseginz ematen diena.

        Hau guzia, bada, guri adirazteko da ta bidenabar adirazteko mundura ekarri zuen bere egiteko andia bukatu baño len utzi zigun señale andi Aldareko Sakramentuagatik zor diogula Jesus maitagarriari Sakramentu beraren egungo agerza ta kalez kale ibilzea. Zori oneko humeak gu, ematen badiozkagu dagozkan eskerrak eta baliatzen bagara animako ogi ta janari onez, Egiptarrak Josefen lurrekoez bezala. Jangoikoak digula artako bear den lagunza ta grazia. Bai arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa