www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Igande eta festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1767-1782, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

LIV
Espiritu Santuaren Bazk-ondoko
amabostgarren igandeko irakurraldia

 

Ecce defunctus efferebatur filius unicus matris suae. Luc. 3.

 

Gaia: Ongi ill nai duenak egin bear ditu
aldi ta garai onean iru gauza

 

        Guziei ezpada, anitzi beinzat agitzen zaie Dabidi bein agi-gertatua. Buru enezko ibilliz ta armak beti eskuan zituela garaitu zituen Dabidek beste bere etsaiak, bai ta filistar izugarriak ere, ta betiko bakea itxean sartu zuela ta zarz on baten begira zegola uste zuen aldian arkitu zen bere biziko gerraldi gaistoenean oin ta esku sartua; ta sartua, uste etzuen seme baten eskutik zetorkion gerraldian.

        Absalon zen Dabiden seme gaisto hau. Absalonek ill zuen Dabid beraren beste seme ta bere anai erdi bat, ta al-ere azkenean barkatu zion Dabidek eta eman ziozkan bere itxea ta maia. Andik laster seme eskerbage gaistoak artu zuen bere ait Dabidi kendu ta aren erreinuz jabetzeko asmoa. Bildu zuen artako ejerzitu izugarri bat eta isilka ta egunik galdu bage joan zen Jerusalena, an arkitzen zen bere ait Dabidez egitera bere anai erdiarekin egin zuena edo ari bere erreinu guzia kenzeko aldiak eskatzen zuena.

        Absalon Jerusalena baño len izandu zuen Dabidek aren ibiller makurren ta asmo guzien berria, ta prisaka ta oñez atera zen bere itxetik eta erritik, eta utzi zion an zituen ondasun guziekin bere itxe ta erri guzia. Andik hura atera ta laster sartu zen Absalon Dabiden itxean ta jabetu zen Dabidek an zituen ondasun ta gauz guziez. Absalon onetan zebillen denboran Dabid igesleari gañeko aldetik bidera irten-atera ta asi zitzaion gaizki esaka Semei zeritzan giza txar bat eta gis artan jarraiki zion bide luzean. Orra aldi artan Dabidi agi-gertatua.

        Eta bekatar gaisoei agitu oi zaiena? Anitzi beinzat bake-soseganz eta osasun onean arkitzen dirala uste duten aldian illak gelditzea: cum dixerint pax, et securitas, tunc repentinus eis superveniet interitus (1 Thesal. 5,3), edo uste etzuten eritasun baten atzapar gogorrez beren itxetik obirako ateratzea; ta guti ez, ateratzea itxean sarzen den semearen, ondorengoaren edo besteren baten gaizki esanekin ta atseginz andiarekin.

        Golpezko eriotzez edo beste gisan beren itxetik obirako ateratzen diran orien artean anitz arkitzen dira oraindik gazte ta egungo Ebanjelioak dakarren ta Kristo Jaunak milagroz biztu zuen mutillaren garai-adiunzan. Kristo Jauna zijoan bein Naingo errira; erriratze berean batu zituen erriko ate edo atari ondoan ill gazte andre alargun baten seme bakarra, eta ari zerraizkola, beraren am alarguna ta beste anitz. Illaren ama negarrez ekusi ta urrikaldu zen Jesus maitagarria ta esan zion: «Zaude isillik eta negarrik ez egin». Urbilzen da gero illagana ta zeramatenei zeudela geldi esan ta ematen die eskuz aren andei golpe bat. Gelditzen dira andak zeramazten gizenak eta esaten dio Jesusek mutill illari: «Gora adi, mutill», ta ill ezpaliz bezain arin bertan jarzen da bizturik bere and-il-kartolan ta asten da hitz egiten gaitzik ere izandu ezpalu bezala ta biztua, ta nioiz ere bezain osasun onean itzulzen dio Jesusek amari obira zeraman bere semea.

        Jesusek bere eskuz ta zenbait santuz biztu ditu zenbait ill, ta bizirik eta beren oñez itzuli dira beren itxera; baña beste ill guziak uzten dute betiko beren itxea ta utziko dezu noizbait zuk ere zerea, ta damurik bage utziko dezu, mugaz ta garai onean egin ezkero orain ukituko ditugun iru gauza. Badakizu zein diran? Goazen ekustera.

 

 

§ I.

 

        Guzioi esaten digu Jangoikoak Isaias profetaz Ezekias erregeri gaztigatu ziona, ta ari gaztigatua ta guri esaten diguna da: «Etzara zu betiko etorria, ill bearra zara ta (gaizki ill nai ezpadezu) zere itxeko gauzak zuzendu bear dituzu»: dispone domui tuae, quia morieris tu, et non vives (Isai. 38,1).

        Emen guk zuzendu bear dugun itxea da iru gel dituen itxe bat. Etxe onen gel bata da lurreko gauzen gela; animako gauzen gela da bestea, ta irugarrena sekulako gauzen gela; ta gauz bakoitza bere gelarako ongi prestatzen duena da ill ondoan itxe ongi prestatuan betiko sarzen den etxetar zori onekoa; ta zori un onetakoak izan nai badegu, guziak prestatu bear ditugu alik ongiena ta bakoitza bere horduz ta denbor egokian.

        Geroko gure itxeko gel lenbizikoan sarzen diran gauzak dira bakoitzak dituen lurreko gauzak, eta dira etxe, tresn, soñeko, diru, arzeko, zelai, alor, sagardi ta beste bazter ta ondasun guziak. Oriek guk emen utzi bearrak dira, baña ongi kontaturik eta bakoitzari dagokan bidea ematen zaiola. Era onetan oriek utziko dituenak egin bear ditu bere kontu zuzen ta testamenta; ta egin mugaz, azken alderako utzi bage ta buru onarekin arkitzen dela. «Bai», dio S. Agustiñek, «egizu zere testamenta osasun onean ta nai dezuna dagikezun aldian»: fac testamentum, dum sanus es, dum tuus (De cur, anim. form. 28).

        Testamentuz gauzak ongi zuzendurik uzteko, ekusi bear dezu zer den zure itxean arkitzen dena, zer zuk zor dezuna ta zer bestek zuri zor dizuna. Ekusi bear dezu nori utzi zere itxea edo Jangoikoak eman dizuna edo dezunaren zatirik andiena ta nola zatitu beste guzia, ondorengoen auzi ta ezbaidak kenzeko.

        Besterik ezin ta ill-hordu berean egiten badezu testamenta, alie ongiena klaraturik utzazu guzia; baña egiten badezu zere akordu onean ta osasunan, artara baño len zuzendu bear dituzu zere artu-emanak eta eman bear diozu nori berea; ta zor diozun guziarekin arkitzen ezpazara, aldi artan dukezu(e)na, zure arzekoduna zu ill ta ez dabillen zure ondorengo lasaien ondoan negarra dariola edo ezin beretuz zor zaiona. Eta ill-horduraño egiten ezpadezu, gis onetan ibilzeko perill andian uzten dituzu; bada zordunak milagroz ematen du hordu artan zor duena. Arzekodunen negarrak kenzeko, bada, ta garai onean nori berea zuk emateko ez da zer utzi testamenta hordu artarako ta egizu S. Agustinek berezi dizun denboran ta osasun ena dezun aldian.

        Denbor onetan hau zuri eragiteko, bada besterik ere; bada ez dakizu zer eritasunek bukatuko dituen zure egunak eta anitz dira, S. Joan Krisostomok dion ta guk ekusten dugun bezala, batbatean, akordurik bage gelditzen diranak eta testamenta egiteko bururik izaten ez dutenak: quot videmus subito, aut casu extingui? Zenbait aldiz eritasunak ez du gaitz andirik agerzen azkeneraño; azpiratzen du horduan gaitzak eria ta ez dio indar ta buruket andirik uzten nai duena egiteko; ta testament bat ongi egiteko buru ena bear da, bai ta indar eta denbor ere. Beste zenbaitez lenbizitik gogor gaistoa izanagatik eritasuna, itxeko ta an dabilzanak besterik adirazten diote eriari, ta eri gaisoak bere sendatu naiarekin ta oriek ematen dioten uste ustelarekin galzen du testamenta ongi egiteko aldia ta berandu ezagutzen du etzaiola bururik gelditu gauzak bear den gisan egiteko ta horduan esaten diotela lenik esan bear ziotena ta esaten diotela dagiela testamenta, konfesa dedilla ta ar dezala, beste mundura dijoanak bezala, komunio santa ta presta dedilla eternidade guziko biaje luzera.

        Denbor berean an dabilz barber-medikuak edo bietatik bat edo bestea ta beren edar min, odol-isurze ta beste sendagai latzekin ematen diote anitz zer egin, anitz kezk eta naigabe ta zenbaiti beinzat beren itxekoak ez die testamenta egiteko bide andirik ematen, ta testamenta egin baño len konsej on bat ar dezatela esan lekuan, S. Agustinek dionaz, mehatxuz edo palakuz eragiten diote nai ez lukena: si expectaveris in firmitatem, omnind minis, vel blandimentis duceris, quo tu non vis (ubi sup.). Eta santu berak S. Joan Krisostomorekin dionaz, fededunen zenbait testament arkitzen dira federik ez dutenen testamentak diruditenak, Elizen alde, Jangoikoaren izenean, anima purgategikoenzat eta bearsu gaisoendako deus uzten ez dutenak; eta era ta gis onetako testamenta egiten duenak dirudi, Santuak dionaz, zer legetan bizi den ere ez dakien gizona; bada urrikalza, pietanza ta Jangoikoaganako esker ena da fededun enaren legeak agerzen digun gauza, ta iru gauz oriek alde bat edo ezpalira bezala uzten dituenak adirazten du lege bera ere era berean utzi duela.

        Uts oriek kenzeko, bada, ta gauzak ongi zuriturik, agerian ta bear den gisan uzteko, egizu Jangoikoagatik eta zere enerako mugaz ta osasun onean zere testamenta, ta oroi zaitez testamentan zere animaz, meza zenbait zere alde ater-erazteko; oroi zaitez Jangoikoaren Elizaz, Jesusen Biotzaren kongregazioz ta purgatorioko animez; baña itxeko gaisoak anitz kargatu bage, ta anitz emateko ezpadaude, zerbaittxo gauz bakoitzerako berezten dezula. Hau egiten badezu osasunan ta eritu baño len, eritzen zaran aldian egiña arkituko dezu ill baño len egin bear dituzun gauzetatik bata. Goazen beste biak ekustera.

 

 

§ II.

 

        Geren egunak ongi bukatzeko egin bear dugun bigarren gauza da animako gauzak konfesioz ongi zuzenzea. «Gure konzienzia ere itxea da», dio S. Bernardok: conscientia nostra domus vocatur; ta itxe, gurekin guk Jangoikoaren tribunalera eraman bearra; ta itxe, ongi guk ara eramateko, kontuz ekusi ta garbitu bear duguna; bestela gaizki artuak izanen gara ta zori gaistoko presondegira jaitsi bearrak.

        Konzienziko itxe hau ongi garbitzeko kontuz begiratzen zaie dituen zoko ta bazterrei; arkitzen diran bekat-zakarrak and-ik kenzeko ta kontuzko begir-ekuste hau ez da eritasunaren azken aldeko lana ta egitekoa.

        Aur denboran ta azkartu ezkero ere egin oi dira zenbait gauz itsusi ta Jangoikoak daki nola ta zer damurekin konfesatzen diran horduko aldietan. Gazte denbora aragiaren loikerirako lenekoa baño ere sasoi gaistoagokoa da ta Jangoiko berak daki sasoi orretan gazte anitzek begiz, eskuz, ezpañez ta beste zenbait aldetara egiten ta eragiten dituzten bekatu galduak; bai ta zein propositu bagekoak izan oi diran denbor orretan oriek egiten dituzten konfesioak ere. Aitzinago ta gogortuagoa izan oi da orietatik anitzen bizkunz gaistoa. Eta aldi zenbaitez ondu nai dutelako anzarekin ibilliagatik, berriz ta berriz ere beren bide makur-etaratzen dira ta orien leneko ondu-naiak ondu-nai usi ustelak zirala adirazten dute.

        Saldu-erosi, sartu-atera, artu-eman ta egitekoz egiteko asten diranetik asten dira naspiil berrien ta bekatu-gai andien bideetan, ta zuzenki ta ongi dabilzala uste duten aldi zenbaitez arkitzen dira bekatuz beteak eta sulezerako bide galgarritan agitz sartuak. Aldi azkenekoan zeruko argia eskatu ta guziari kontuz begiratzen lion eriak arkituko luke bere bizitza ari-mataz nastu bat bezain nastua ta non arkitzen den konfesio on bat eta zenbat diran gaistoak ezin ekusi duela. Bertatik ekusten duena da, betiko galdu nai ezpadu, konfesio onak gaistoetatik berezteko eta zenbat eta nolakoak diran egin dituen bekatu gaistoak jakiteko guzien konfesi berri jeneral bat egin bear duela, egiñez artako harilketan ari den kontuzko andreak ari-mataz nastua ongi berezi ta bere harillean bilzeko egiten duena.

        Andre onek bere lanean egiten duena da harilki berean mataza zabaldu, nasturik arkitzen diran harizunz-albiñak poliki berezi, albin-punta billatu, non ta nola nastu den begiz ekusi, dituen trabak edo korapillo guziak kendu, bear den eran mataza ezarri ta arkitu duen ariburutik tiratu ta arilkia inguruan erabilliz hari guzia bere eskura eraman ta harill egiñez bildu.

        Gis onetan, bada, ekusi bear du batetan berezki guzia konfesatu nai duenak zer hari-mataz den berak bere ibilzez ta konfesioz egiña, edo zer hari-modu ta bizkunz izandu duen aur denboran, gazte zen aldian ta gerozko bere denbor guzian, nolakoa izandu den bitart orretan egin duen konfesi bakoitza, izandu den ona edo onze ta sendatzerik etzekarrena, edo bekatu berriak eta bekaturako bideak galerazten etzituena, ona gaistoetatik berezi ta gaistoen korapillo guziak askatu ta damu andiarekin konfesariari agertuz guzia zuzenzeko.

        Egiteko andiegia ta luzea lizake azkeneko eritasunarekin arkitzen den andre batenzat hari-mataz nastu bat askatu ta zuzendu ta, arill egitea; ta ez da egiteko bat ere obea adin berean bizkunz nastu ta bekatudun baten kontu guziak zuzenzea ta betiko konfesio on bat egitea. Osasuna ta sasoi ona badu, zuzenzen du andreak bere hari-mataz nastu, korrapillatua, ta sasoi onean arkitzen dirala beren animei ongi nai dieten guziak ere, zuzenzen dituzte konzienziko beren gauzak eta egiten dute beren betiko konfesioa ta egin oi dute Aita S. Ignazioren Exerzizioren batzuetan, misioko denboran, garizuman edo berariz artako arzen duten aldian. Eta hau da fededunak egin bear duen bigarren gauza, bere konziençiko itxeko gauzak mugaz ta garai onean zuzendurik uzteko, bere aldian gero eriotz on bat erdisteko.

 

 

§ III.

 

        Hau bera erdisteko egin bear duen irugarren gauza da betiko itxe on batek eskatzen dituen gauzak mugaz, denboraz ta ongi prestatzea. Bai, guziok joan bear dugu ill ondoan sekulako geren itxera ta itxe ezin obera edo itxe zori ezin gaistoagokora; bada joan bear dugu edo zerura edo infernura: ibit homo in domum aeternitatis suae (Eccl. 12, 5). Emengo itxeak geroko gure etxearen aldean bidez dabillen baten hostatua bezala dira; bada bidez dabillenak hostatuan egiten duen denbora baño mill-militan denbor laburragoa da, gelena emen bizi denak ere geroko bere itxe on edo gaistoan egin bear duen denboraren aldean, zeren gelenaz ere zenbait urtetako denbora da emengo bere itxean egiten duena, ta bukanzik ez duten urteen denbora, onek berak eta beste guziok geroko geren itxean egin bear duguna. Eta onen laburra dela emengo itxeetako egon-denbora ta egonza, alik ongiena apainzen baditu gizonak itxe onetako bere gauzak, nola ta noiz apaindu bear ditu betiko bere itxe zerura eraman bear dituenak? Alik lasterrena ta alik ongiena ta ill-horduaren begira egon bage; bada hau da emengo etxeetakoak prestatzen dituztenak ere egiten dutena.

        Baña zer gauzak dira zori oneko geren itxerako prestatu bear ditugunak? Esan dugun konfesiotik ill arte guzian ongi bizitzea, Jangoikoaren izenean al ditugun gauz on guziak egitea, konfesioz, kornunioz, mezaz, Jesus sakramentatua Elizan ekusiz, egiten dizkiguten txarkeri guziak barkatuz, al ditugun enak besteri egiñez, buruz, penitenziz, Jesusen Ama ta santu guziak honratuz ta Espiritu Santuak dion gisan hordurik galdu bage ta biziro dezakegun on guzia egiñez: quodcumque potest manus tua, instanter operare (Eccl. 9,10). Eta zenbat ere geiago emen egiten dugun, anbat gu zori obekoak sekula guzian. Jangoikoak digula hau guzia ta len adirazi ditugun beste bi gauzak egiteko ta eriotz on bat erdisteko grazia. Bai arren, bai.

aurrekoa hurrengoa