www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Igande eta festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1767-1782, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

LVII
Espiritu Santuaren Bazk-ondoko
emezorzigarren igandeko irakurraldia

 

Offerebant ei paralyticum. Matth. 9,2.

 

Gaia: Etorkizunaren oroipena da
zeruko bideko nekeen aringarria

 

        Besteen errietan ta bere errian bat bera zen beti Jesus maitagarria ta beti zen ongillea. Oraindañoko aldietan ekusi ditugu beste errietan Jesusek egin zituen zenbait milagro ta egungo Ebanjelio santuan arkitzen dugu bere errian egin zuen bat. Itsasoko beste aldean arkitzen zen Jesusen erri hau. Itsasoz bere errira zen aldi batez ekarri zioten Jesusi eri perlesidun bat; eta ekarri zioten senda zezan beste errietako eriak sendatu zituen gisan ta bere milagroz. Eri perlesidunak eri zedukan gorputza ez ezik anima ere, ta biak sendatu ziozkan Jesusek eta lenenik anima; bada animaren eritasuna da bekatua, ta bekatuan arkitzen zen perlesidunari esan don: «Barkatzen zaizkitzu zere bekatu gaistoak», eta barkaturik gelditu ziran guziak; bada Jangoikoaren hitzak egiten du esaten duena ta hau da Jesus Jangoiko-gizonaren hitzak ziona: remittuntur tibi peccata tua.

        Aldi antan Jesusek egiten ta esaten zuenaren zelatan zeuden betiko gisan zenbait eskriba-tzar ta Jesusek ziona aditu ta, «Nor da hau?», esaten zuten beren gogoan, «(Jangoiko bera bai-liz bezala) bekatu gaistoak barkatzeko?». Etzuten oriek uste Jangoiko-gizona zela Jesus, baña ala zen, ta ekusten zuen beren gogoan zekarten erausi galdua ta zenzat ezagu zezaten esaten die: «Zer da zeren gogo txar orretan daraustezuena? Bekatu gaistoak barkatzea edo eri bat sendatzea errazago da? Ezagu dezazuen, bada, gizon egin nazan onek bai-dudala emen ere edozein bekatu barkatzeko eskua, bai ta eriak sendatzeko ere, ekus zazue egitera noana». Eskribei hau esan edo adirazi ta, «Qri», esan zion perlesiz galduari, «jaiki zaitez zautzan oatzetik, arzazu bizkarrean azpiko zere oatzea ta zoaz zere orrekin gaitzik bage zere itxera». Jesusen hitz hau aditu bezain laster sendatu zen perlesidun eria ta gaitzik izandu ezpalu bezain arin ta aisa eraman zuen bere oatzea. Hau ekusi ta arritu ziran eskribak eta an arkitzen ziran beste guziak eta ezagutu zuten bata egiten zuenak egin zezakela bestea ere ta gorputzean ez ezik animan ere sendatu zuela eria ta kendu ziola gorputzeko perlesia ta bekatuen animako ezkabia.

        Eritasun agitz gaistoa da gorputzeko perlesia ta animakoa ez da bat ere obea. Gorputzeko perlesiak ez du beti artzen gorputz guzia; bada zenbait aldiz artzen du alderdi bat eta ez bestea, ta besteetan artzen du izter bat, beso bat edo oin edo esku bat eta besterik ez; baña perlesi animakoak beti arzen du anima osoa. Animak ez du saiets, bazter, zatirik eta artu ezkero arzen du den guzia.

        Gorputzeko perlesiak bat ukitu horduko, billatzen du eriak edo eriaren itxekoren batek medikua edo barbera, ta onen eskuz artzen du sendagairen bat, dela odol isurtzea, dela barren arintza edo beste obeki dagokana, ta joaten da edo eramaten dute bere aldian ur beroetara, an lasaitzeko ta mehetzeko lotu ta loditu zaion odola, ta bein hau egin ta sendatzen ezpada, berriz ta berriz ere egiten du hau bera; ta egiten du aldi oro geiago eritzeko beldurrez ta sendatu naiez. Hau bera da animako perlesiz kri dagonak egin beharra: eritu ta lenbaitlen osasuna billatzea ta egin dituen bekatu guzien damu andiarekin konfesioko ur beroak artzea, ta bein ez ezik berriz ta berriz ere ta guztiz sendatu ta ongi sendortu arte guzian hau egitea; ta gero bekatu berrien perlesitik igesi egiteko etorkizunaren oroitzapen on bat edo beste gogoan erabiltzea. Eta aldi onetako gure egitekoa da oroitzapen orietatik zenbait bereztea.

 

 

§ I.

 

        Eritasun gaistotik atera denak berriz ez eritzeko egiten duena da gaitz egin dezoken gauzarik ez jatea ta bere horduan on egiñen diona artzea, naiz goisoa izan hau, naiz latza ta miña. Eta egiten du ark hau gaitz berrien aldarte gaistoak ez ekusteko eta osasun onean bizi naiez. Hau bera da bekatuz eritu ta konfesioz sendatu denak egin behar duena: bekaturako bideak eta bekatu-gai guziak alde bat uztea ta birtutearen osasunan irauteko diran gauzak egitea ta oriek egiteko etorkizunaren oroitzapen bat edo beste gogoan erabiltzea.

        Orretarako oroitzapen egokia da bekatuari darraikon lots-alkea edo noizean bein ta bekaturako bidean arkitzen den guzian bakoitzak bere buruari esatea: «Ta egiten badut, zer alkea ta lotsa noizbait nik ekusi beharra! Milletan obe neretzat lan lotsagarri hau alde bat uztea ta artu dudan zeruko bidean irautea». Hau ala dela ederki adirazten du orain ekusiko dezun berriak.

        Dendari josdun batek ari ta oni ta beste anitz-askori egiten ziezten zenbait gauz eta soñeko; ta egiten, jabe berak zekarten edo berak billa-prestatzen zien gaiez ta, oi den gisan, gelditzen ziran zatiak; baña etzituen itzulzen guziak, «Zati onek» (esan ta) «arenzat ez du anitz balio ta on izanen da adobakiren baterako, beste hau kutunen bat edo beste egiteko ta bestea beste zerbaiterako», ta zatika ta zatika gelditu zituen oial andiak egiteko aski ziran puskak, eta pusk elkar artu ta anitz balio zutenak.

        Bere lan txar onen buruan artu zuen josdun ebaslea eritasun azkenekoa zirudien batek eta kri denboran eritasunak baño agitz geiago estutu ta naigabetu zuen ekusi zuen gauza batek. Sukarrak, buruko miñak, lorik ezin egiñak eta eritasunaren beste aldarte gaistoak iduki zuten eria guztiz nekatua. Gis artan zegola ekusi zuen deabru-tzar agitz izugarri bat, bander andi luze bat eskuan zekarrela. Bander hau kri dendariak ostu-ebatsi zituen zatiz egiña zen. Deabrua asi zitzaion ai-ajaka ta banderarekin aize egiten, ta bander-aizeak, infernukoa bailiz bezala, izerdi ta izerdi zedukan eria ta lotsaz ta alkez betea, zeren ekusten zuen leneko gauz makurrak zuzendu ta zorrak atera bage iltzen bazen, kondenatua utziko zuela Jesusek bere tribunalean obendun gaisto galdua bezala.

        Jangoikoak nai ta bizirik utzi zuen deabruak dendari josdun eria. Sendatu zen hau ta zuzendu zituen leneko makurrak, eta makur berritan ez sarzeko gogoan ongi-ongi sartu zuen ekusi zuen bander izugarriaren oroitzapena ta bekatuari darraikon alkekizuna; ta gogotik joan etzekion esan ere zien itxeko guziei: «Ôrie; oialak nik ebakitzen ditudan guzian esan behar didazue: kontu, nagusia, ez da zer banderaz aztu». Egin zuten itxekoak nagusiaren esana ta esaten ziotena aditu horduko, «Ola», zion dendari kri sendatuak, «zati bakoitza bere jabeari, bander berriren gairik deabruari ez emateko ta alkekizun lotsagarririk ez ekusteko», ta gelditzen etzuen zen txikienik ere len bezalako alkekizunik ez ekusteko ta Jangoikoaren tribunalean ongi atera naiez.

        Orra bekatuaren eritasun gaistotik ateratzen denak egin beharra: bekatuak dakarren itsustasuna ta itsusitasun izugarriari darraikon lotsa-alkea gogotik ez uztea ta aragi loitsu, mundu ero edo deabru galduak gaitzera makurtu nai duen aldian, bere buruari esatea: «Ongi, ta zet on atera dut nik lotsaz ta alkez len bete ninduten nere bekat gaistoetatik, eta lots-alke bera baizik atera dezaket berriro negiken best edozeinetik? Agitz eroa ninzake bekatuaren ezti apur bat ez uzteagatik ekusi nai banu emen bein ikasten dutenen ta gero nere Jangoikoaren tribunalean bekatuari darraizen alke lotsagarria. Erotzen ezpanaz, ez beinzat; ez berriz alakorik, ez». Hau egiten duenak errazki garaituko du edozein etsai ta geldituko da bekatura bage ta birtutearen bidean.

 

 

§ II.

 

        Errazkiago geldituko da birtutearen bide berean ta bekatura bage, bekatuaren alkekizunaz oroitzen den aldian oroitzen bada bekatuari dagokan betiko neke izugarriez; bada agitz gutiagogatik ere egiten dute gizonak oñaze ta neke andia dakarren zer edo zer, ta zenbaitek urkabeko lots-nekea ez ekusi naiez uzten dituzte beren gorputzeko zañak zur-eskiñezko oatze potroan dautzala tiratuz ta tiratuz luzatzen, bai ta besoko ta izterreko aragia sokaz estutuz lertzen ere; ta ekusten dezu neke zein izugarria ta oñaze zein latza aldi antan ta borreroak lan gogor hau egin arte guzian ekusi behar dutena, bada lanak iraun oi du zenbait horduz ta bitarte guzian zur-eskinez eginikako oatzean dautza, ta an dautza soñekorik bage edo ator utsean.

        Juezak ezarzen dituzte oriek an, ta nekez ta oñazez an erdi 1erzen dituzte, idaroki naiez erdizka baizik ezin ikasi duten gaistaginzen bat edo beste, ta beren gaistaginza agertu bage anbat nekeren artean irauteko gaistagiñak egiten dutena da, etorkizun izugarria gogoan idukitzea ta artarako zerbait egitea. Ona orietatik batek bein egiña.

        Badira lur gañean deus-ez bat edo agitz guti dutenak eta al-ere anitz balute bezala aisa ta lasai bizi diranak. Orietatik batek artu zuen orretarako bide gaisto bat eta asi zen isilka arrapatzen al zuena, naiz itxeetakoa izan, naiz elizakoa. Askotan egin zituen bere lan gaistoak artara nior ohartu bage; baña azkenean barrundatu zituen batek edo bestek eta eman don jakin behar zuenari zuen goganberraren berria. Sartu zuen onek lapurra preso; baña onen ibilleren arrastoak billatu ta ere, etzuen gauza garbirik arkitu. Al-ere eman zuen adirazi dugun tormenturako sentenzia.

        Lapurrak hau ikasi zuenean, egin zuen isilik oatzearen oñean ta bere oatzeko tormentu gogorrean ekus zezaken tokian urkab-antz bat, eta soka meekin beso-izterrak estutu ta oñazez borreroak betetzen ziozkan aldian ta beste sok-ekin oñeko behatzetatik tiraka hari zitzaionean, begiratzen zuen urkabera ta esaten don bere buruari: «Ago isillik, bukatuko dituk laster emengo hire neke guziak eta geroz libre bi beste nekeetatik; baña salatzen baduk bere burua ta agerzen bere lapurketa, hurkabean galduko duk bere bizia ta an utziko hau borreroak sokaz itoa ta hurkatua, ta an bertan ta presondegitik arako bidean ekusi beharko dituk anitz lots eta deshonra; ez arren, ez; ago isilik». Eta bere hurkabeari begiratuz ta era onetako gauzak gogoan erabilliz, mututurik egondu zen neke artako denbor guzian ta gelditu zen hurkabera bage ta libre.

        Aisa ta errazki geldituko da bekataria ere bekatura bage ta sekulako neke-tormentu ta su izugarrizko hurkabetik libre, gogorzen bada ez egiteko animaren borrero aragiak, mundu gaistoak eta deabru amurratuak nai duenik eta orietatik batak edo besteak gaitz aldera eraman nai duen aldian esaten badu: «Begira, nere anima maitea, etsai galgarriak agerzen dizun bekatu bide hau suleze-infernurako bidea da; ez or oñ-puntarik ere sartu, andik artu ta deabruak ara eraman etzaitzan. Zaude zauden tokian, egon nai ezpadezu infernuko hortan suzko sokez lepotik lotua, burutik oñetaraño ta ezur ta muñ su ta gar egiña ta milla nekez ta tormentuz betea. Begira, berriz ere konfesatuko zaralako ustean ez berriz bekatura; millaka ta millaka dira uste txar orrek infernuan ondatu dituenak, eta zu ere arako zara, orietatik bat izaten bazara». Ez du perillik hau eta era bereko gauzak gogoan erabiltzen dituenak bekatu berririk egin dezan, ta orregatik da gogorantz hau gogorantz egokia bekatu berriak aienatzeko ta zeruko bidean azken horduraño irauteko.

 

 

§ III.

 

        Bekatu berak aienatzeko ta zeruko bidean irauteko bide zuzen egokia da birtuteari dagokan atsegintzak eta gloria gogoan arzea, arzen bada noizean bein ta bekaturako bidea agerzen den aldian. Orrenbat bage ta beingoan hau gogoan arzea aski izandu zen bekatari gaisto bat bekatutik atera ta zeruko bidean ongi sarturik uzteko. Bekatari hau anitz estudianteren maisu zen; ta maisu, bere erakuste guziak ederki egiten zituena, bera gaizki bizi zen gizona bazen ere.

        Estudianteak eta estudianteen maisu hau arkitzen zitan bakunz-Unibersidade ta erri andi batean. Erri artara joan zen predikari andi bat. Joaten ziran estudiante guziak aren hitz onak aditzera. baña etzuen argana urbildu nai orien maisuak, zenbat ere egiten zuten estudiante berak hura ara eramateko. Beren maisuaren txarkeri hau ezin eramanez elkar artu zuten zenbait estudiante indarsuk, besoetan artu ta bazen ere, hura predik-sermoira nai ta ez eramateko. Arzen dute, bada, bein batak besotik eta beste lagunak andik edo emendik eta esaten diote: «Orra, maisua, onez onean ez dezu sermoirik aditu nai; bada bortxaz bad-ere aditu behar dezu gaurkoa beinzat».

        Maisua hau aditu horduko asi zen okalondoka, ostikoka ta ozka bere burua estudianteen eskuetatik atera naiez; baña ark baño indar geiago zuten estudiante azkarrak eta erdi arrastan ta erdi airean eraman zuten elizara. Horduko pulpitoan ta bere sermoiean arkitzen zen predikaria. Predikariaren hitzak ez aditzeagatik estali zituen maisu gaistoak bere bi beharriak eta aren eskurik ere ez ekusi naiez, makurtu zuen burua ta bildu zituen betazalak; baña ara eraman zuten estudiante dizipuloak besoetatik artu ta kendu ziozkaten andik eskuak, zuzendu zioten burua ta iduki zuten predikariari begira ta naa ta ez aren hitzak aditzen zituela.

        Aditu zituen zenbait eta besteen artean S. Estebanek judatarrei esan ziena; ta S. Estebanek oriei esana da: «Jangoikoaren eskoi aldean jarririk ekusten dut Jesus ta hau an niri erakusteko zabaldu ditu Jangoikoak zeruko ateak»: ecce video coelos apertos, et Jesum stantem a dextris Dei. (Act. 17,34). «Ara», zion predikariak, «ara; dago Jesus gure alde Ait eternoaren eskoi aldean. Ara, agerzen diozka gure bekatu guzien zorrak ateratzeko bere neke-tormentuak eta neke-tormentu andiekin egin zituen irabanz guklak; eta irabanz, bazterrik ez dutenak. Ara, eskatzen dio barka ditzala gure bekatu gaistoak; eskatzen dio digula ongi bizitzeko bere grazia ta bere denboran sekulako gloria; ta eskatzen dio guri ongi naiez ta zori oneko doatsu izan gaitezen gu eternidade guzian ta bukanzik bageko sekulan».

        «Emengo gure nekea (ta neke, onenbat ondasun irabazten duena) neke laburra da ta denbor berean da neke Jangoiko berak arinzen duena; note ez du, bada, onen merke ta aisa erosi naiko betiko atseginza ta zeruko glori ta zori on ederra? Guzia galduko du», zion gero predikariak, «emengo atseginz txar loi laburrak gatik bekatu bidean dabillen buru bageko gizonak. Instant batekoak emengo gozanzak eta sekula guzian iraunen dutenak oriei darraizten neke-tormentu andi gogorrak»: momentaneum quod delectat, aeternum quod cruciat. «Eta zein da zuen artean», zion azkenean predikariak, «gauza txiki on bat edo beste ez egin naiez anbat zori on, atseginz eta ditxa galdu nai dituena ta emengo atseginz txar loi galdu zikin bat ez galtzeagatik eternidade guziko su-garren erdian erretzen ta amurranzez beterik egon nai duena? Bada bietarik bat izanen da betiko gure zoria, ta izanen da bakoitzak nai duena. Zein ona bata ta zein gaistoa bestea».

        Hau aditu ta ezagutu zuen maisu jakinsuak hordurañoko bere erakeria, ta bortxaz ara joan bazen ere, gogoz ta ziñez begitan artu zituen bere bekatu zikiñak, utzi zituen betiko leneko bere ibiller makurrak eta artu zuen bizi zen arte guzirako zeruko bidea. (Ex vit. PP. Praed. p. 9, c. 10).

        Bada hau bein aditze berak onenbat eragiten badu, zer eragin ez dezake hau bera askotan, gogoz ta biotzez arze-austeak? Gogora zazu, bada, ta biotz-erzez autsi len agertu ditugun beste gauz guziekin batean ta ekusiko dezu zenbat lagunzen dizun zeruko zere bidean. Jangoikoak dizula artarako behar den grazia ta lagunza: bai arren, bai.

aurrekoa hurrengoa