www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Igande eta festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1767-1782, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

IV
Abenduaren
laugarren igandeko irakurraldia

 

Eta venit praedicans baptismum paenitentiae. Luc. 3.

 

Gaia: Gogo osoz, lan onez
ta ongi bukatuz irabazten da zerua

 

        Egungo igandean besteetan bezala bide batez dabilza mezako Ebanjelio santua ta Elizako otoitzak, eta bata ta besteak dabilza Jesusen jaiotzetik guganako bideko trabak ken-erazten. Gugana etorri naiez, bere ondasunez gu aberasturik uzteko da Jangoikoaren Gizonza ta jaiotza; baña ez gaitu aberastu nai geldirik gaudela ta geren buruak guk aren ondasunak arzeko prestatu bage. Gure prestanz hau da Jesusi guk guganako bideak zuzenzea, berdinzea ta iautzea edo garbitzea.

        Geren lan hau guri eragiteko bere eremutik atera zuen Jangoikoak S. Joan Baptista, Espiritu Santuz adirazten ziola artako egin beharra. Jaitsi zen S. Juan bere eremutik Jordan deritzan ibai edo ur bizi andi baten bazterrera ta asi zen an egiten bere egiteko andi hau; ta artako an ark egin zuena zen predikuz erakustea nola kendu behar diran Jesusen bideko trabak, pausu gaiztoak, aldap gogorrak eta zearkak; eta erakutsi zuen egiten dela hau bekatu egiñen damuz ta penitenzi humillez, lenagotik Isaiasek agertu zigun bezala: Presta zazue (Gizon eginik guganatzeko dagon) Jangoikoaren etor-bidea, utzazue zuek hau zuzendua, ingurukarik bagekoa, ta bekatuaren aldaparik eta zulorik ez duela; orrekin guziok ekusiko dezue Jangoiko salbatzallea: et videbit omnis caro salutare Dei (v. 6).

        Esan nai du: andikeriz len ta antustez zeren buruak aldapen ta mendien gisan goratzen zenituztenak eta bekatuen leze ta zulo zeren animak egin dituzuenak, zoazte lepo ta buru humill meekin ta damuz beteak konfesor jaun baten oñetara ta alkez ta lotsaz beterik aitor-kiotzue zeren oben ta kulpa guziak; egizue ark an ematen dizuten penitenzia ta oraindañoko zuen bizkunz galduari dagokan beste on guzia; bete zazue gero birtutez ta Jesus ekusi-nai andiz zeren barrena ta zoazte Jesus beraren bidera, ongitorri ta agur humillak egitera ta komunio onerako zeren barren berak eskeinzera.

        Orra, bada, Jesus jaio berria guganatzeko SJuan Baptistak egungo Ebanjelio santuan agerzen digun bidea: geren buru-animak bekatuaren damuz ta gorputzaren nekez eskuratzea ta eskuratze oni darraizkon konfesio ta gauz onak egitea, barrena birtutez apainzea, ongi-ongi prestaturik eta humiltanzez beterik komulgatzea. Eratsu berekoa da Eliz Ama santak mezako irur otoitzetan adirazten diguna, bada lenbiziko otoitzan eskatzen dio Jangoikoari datorkigula bere esku ta indar andiarekin geren bekatu gaiztoen trabak guri kenzera; eskatzen dio bigarren otoitzan ar dezala bekatu berak utzi diguzten zorren alde egungo gure meza, ta irugarrenean digula gure onerako ta ongi ta maiz bere komunio santan arzeko grazia.

        Onetarako bidea ta asiera da ekusi duguna: bekatu egiñen gogozko damuz, bihotz tristatuz ta gorputzaren nekez, illduraz, baruz ta penitenziz geren buruak ongi prestatzea; baña ziñezko ta betiko damuz ta penitenzia prestatzea, aldi onetan guk ekusi behar dugun bezala.

 

 

§ I.

 

Zerura nai duenak mugaz ta bere horduan artu behar du arako bidea.

 

        Guziak diote Jangoikoarekin ongi etorri nai dutela ta nai dutela Jangoikoaren adiskidanza ta grazia, ill ta emendik atera ta izateko Jangoiko beraren zeruko atseginza ta gloria; baña hitzez ta ezpañez guziak hau esanagatik, ez diote hau bera guzien eskuak eta lanak, bada hau dioten anitzen lanak ez dira Jangoikoagana daramaten lanak; zenbaitenak beintzat su-lezera daramaten lanak dira.

        Zeruko bidea nekagiroz beterik arkitzen den bidea da; ta bide, indar andiarekin ta biziro dabilzanentzat Jangoikoak egiña. Bai, zion bein Jesusek, «zerua irabazi ta ara igan ani dutenak ongi nekatu beharko dituzte beren buruak; beste bidez ezin arako dira»: regnum coelorum vim patitur, et violenti rapiunt illud (Matth. 11.12); ta beste aldi batez zion: «Zerura igan nai duenak ibilli behar du nere ondoren ta (nerearen gisako ta nekezko, kezkazko, naigabe garbizko ta lan onezko) gurutze bat bere soñean duela»: qui vult venire post me, abneget semetipsum, et tollat crucem suam, et sequatur me (Luc. 9,23).

        Dirudienaz (ez izatez) zabalagoa da deabruak bere gisako gaiztoei egiten dien infernurako bidea; bada da atseginz lasaiez, ondasunkunz lausegariz, andikeri goitituz ta arrotasunez betea, bai ta alferkeriz, lo-egite luzez, jostatze ariñez, jokoz ta tripazanzez ere. Zein zabala, mundutar eroak uste dutenez, deabru gaiztoaren bide galgarri zikin hau! «Eta anitz dira», dio Kristo Jaunak, «emen oñak sarzen dituztenak eta deabru beraren ondoren ta aren lan galgarri-galduetan dabilzanak»: quam lata porta, et spaciosa via, quae ducit ad perditionem, et multi sunt, qui intrant per eam (Matth. 7, v. 13); ta oriek ere, bataituak badira, Jangoikoaren zeruko bidez ibilli nai dutela diotenak dira.

        Siñisten ezpanazu, zoaz deabruaren lan gaiztoetan ta bidez dabillen edozeingana; gald-egiozu nai duen era artan ta ala igan zerura, ta ekusiko dezu eranzuten dizuna; bada eranzunen dizu ala ez, baña azkenean zerura igan uste duela. Gald-egiozu bein mundutar andikeriz, arrotasunez ta uts-tanzez beterik arkitzen den bati ta gero gizon ondasunketan, irabazian ta lurreko egiteko nekataritan emen beti bizi behar balu bezala sarturik dabillenari; bai ta gizon beste guzien artean ta aldi guzietan burua agertu nai duenari edo berea ta berea baizik ez denari ta berearekin beti atera-naiari ere, gald-egiezu, diot, era onetako gauzetan hari diran ta zeruko begiratze andirik egiten ez duten gizonei, galdu nai dituzten emengo honra ta ondasun txarrak gatik zeruko honra ta ondasun andiak, eta ezetz eranzunen dizute ta angoak ere irabazteko ta orretarako behar den bizkunz on bat arzeko asmotan arkitzen dirala. Gald-egiezu noiz, ta eranzunen dizute beste egitekoak bukatu ta dagoten bide on bat arzen duten aldian ta horduan; ta ekusiko dezu hordu hau ekusi bage joaten zaiela hastea, illa ta urte guzia, ta betiko beren egiteko andi zori oneko hau alde bat utzirik ketan ta autsetan geldituko diran beste gauz txar askotan hari dirala gau ta egun ta beren bizi guzian; ta al-ere zeruan sartuko diralako uste andian. Hau bera agi-gertatzen zaio apainketa, erakeria ta giza-gogoa baizik ez den neskatx eta andreki arroari ere.

        Zoaz gero eskuket loi-zikinetan, danz-kontu nasgarri-galduetan, jan-edan luze, tripazanz galgarri beroetan ta aragiaren atseginz zikin askotan dabillenagana ta gald-egiozu ez dakien anitz luzatu bage ill ta ustelduko dela aren gorputza, ta gorputz ustel-gai oni atsegin txar hura egin naiez nai duen betiko galdu bere anima, ta eranzunen dizu: «Nik galdu anima? Ez ori ta mundu guziagatik ere»; eta esaten badiozu, «Infernuko bidez ibilli zu ta deabruaren ta aragi galgarriaren lan galduetan, ta zuk ez galduko zere anima?». «Ez, jauna», eranzunen dizu. Baña ekusten badezu leneko bere ibiller makurretan dabillela gero ere, zer esain dezu? Hitz-ezpañez zeruko bidez dabillala, baña oñez ta lanez deabruaren makur-infernukoz.

        Eta zer bidez dabillela esain dezu bakan baizik konfesatzen ez dena, nekez ta arrastan bezala Elizara dijoana ta animako beste gauz guzietan nagi-nagi dabillena? Beste orren bide berez. Ongi diozu, baña zoaz berari gald-egitera zer bidez uste duen dabillela, ta eranzunen dizu: «Zerukoz». Siñistuko dezu zuk ark diona? Ez ori. Zergatik ez? Zeren azkenean ilzen duten nagia bere naikunz alferrak eta bere alferkeri egun oro bekatu berriz astunzen zakonak: desideria occidunt pigrum (Prov. 21,25).

        Ez da, bada, aski hitzez ta ezpañez Jesusen bidean sarzea zeruan sarzeko; lanez, nekez ta penitenziz sartu behar du Jesusen bidean zerura igan nai duen fededunak, Jesus emen bereganatu ta Jesus beraren ondoren zeruan gero sarzeko, ta artan orretako hari behar du beste gauzak utzirik ere; ta hari bear, garai onez, mugaz, alferkeririk bage ta biziro geroko bere gauzak egiteko asmo ta nai osoan.

 

 

§ II.

 

Zerura igan nai duen fededunak jarraiki behar dio arako bere bideari.

 

        Bidean ongi asiagatik nekatu ta gelditzen den bidaria ez da billatzen zuen erriratzen; arako bada, ibilli behar du bidera zenean zuen gogo, asmo berarekin. Hau da Tobias gazteak bere bideko ibiller zuzenarekin erakutsi zigun gauza. Nai zuen onen aitak hau arzeko baten eske urrutiko erri batera bidaldu. Aitaren naikunza ikasi bezain laster artu zuen ark arako bidea. Bidean izandu zuen beste egiteko andi zori oneko ta ondasun andiak zekarziozkan bat ere. Egin zuen ark hau al-ik lasterrena ta artan zebilzanak zenbait egunez geldirazi naiagatik, «Ez, arren, berandetsiko lukee nere ait-am gaisoak»: pater meus, et mater mea modo dies computant, et cruciatur spriritus eorum (Tob. 10,9) esan ta atera zen orien artetik eta artu zuen bere aitaganako bidea.

        Hau bera beren Jangoikoarekin egiten ez duten fededun zeruko bidean len sartuak, edo ark esaten diena egin naiez uzten ez dutenak beste edozein egiteko, edo egiten ez dutenak behar den eran ta aldian, zerura igan nai dutela esanagatik, uzten ta galzen dute beren arako bidea, ta itsuskiago al-ere, bide artako lanak utzi ta infernuko gaiztoak egiten badituzte. Eraus dezatela, bada, nai dutena oriek berak eta orien gisako beste guziak; hitz-ezpañez dabilza zeruko bidean, baña eskuz, oñez ta lanez ez. Artu duen zerurako bidez ibilliko bada, egin beharko ditu fededunak aldian aldiko bere gauzak; eta egin, behar den gisan ta eran. Egin behar du bere aldian bere bekatu guzien konfesioa; baña konfesio iduriz ta aintzuraz ez ezik, mamiz ta izatez ere on-zuzena, damuz, egiz ta ondu-asmo beroz betea ta gauz on anitz eragiten dituena. Eta ez da, ez, er onetakoa fededun guziak egiten duten konfesioa; bada konfesatzen diranen arte berean arkitzen dira (ta guti ez) konfesatu ta len bezain bekat-gin ta gaizto diranak. Diogun egi hau aitor dezakee jokalari ta edale gaizto, beren edate ta joko makur guziak konfesatu ta ere, beren joko ta edate galgarri beretara itzulzen diranak. Aitor dezakee, aldiak dakarren aldian ta Eliz berean ere begiratze gordin-lizunak egiten dituzten mutillak, gazte-tarte eroan loiki hitz egiten dutenak, danzan, danz-ondoan ta beste anitz alditan gogoz, eskuz edo nolerebait zikinzen diranak, bai ta berriz ta berriz konfesatu ta ere, erdizkako beren konfesioko naspillen ondoan onzen ez diranak ere.

        Hau bera aitor dezakee beren apainket arro-eroekin ta erakeri galgarriarekin orien ondoan dabilzan neskatxak; lasaikeria ta ajol-kabea baizik ez diran guraso ta ait-amak, nagusi ta kargudunak ere; bada konfesatu ta ere, ez dira zentzatzen, ez eta ari ere dagozten lan zuzenak, erakuste ta adirazte onak egiten, ta beren ta beren peko guzien bide makurrak urratzen ere, ta konfesio-ondo gerokoan len bezain arin, nagi ta gaizki dabilzanak dira. Eta hau zer da? Zer, baizik orietatik batek ere artu zuten zeruko bidean ez egitea, zeruan Jesus arkitzeko egin behar den ibillera, penitenzia, konfesioa ta lan guzia edo zerbait lankunz, ta on-itxura baizik ez egitea.

        Ongi, ta ezin esan dakioke orietatik bakoitzari: in imagine pertransivit homo (Ps. 38,7), pinturako bataitua dirudi bataitu onek? «Bai», dio SBasiliok, «elkarren parekoak dira bata ta bestea»: nihil differunt vivientes homines ab imaginibus eorum, quae pictae sunt.. Ekusiko dezu noizbait giz-ainzur edo pintur belaunikatu bat, ezker eskuan S. Kristoa ta eskoiekoan arri gogor bat duela ta besoa goratu ta bere bekatu eginen damuz bularra urratzera dijoala dirudiena; baña puntu oro artarako dela badirudi ere, ez dela artaratzen bein ere. Bada hau bera da ekusi ditugun guziei agintzen zaiena: konfesatu ta ondu nai dutenen ainzuran ondu-gai gelditzea, bein ere beren Jesus ganako biderik ez egitea ta zeruko bidean daudelako ainzuran, infernukoan beti beren buruak arkitzea.

        «Begira, bada», esaten digu Jesus maitagarriak, «gaizki zabilzten guziok; zuzenzen ezpadituzue zeren ibill makurrak eta behar den eran egiten konfesio, penitenzi ta beste gauzak, galduak zuek daramazuen sulezeko bide gaiztoz»: nisi paenitentiam egeritis, omnes similiter peribitis (Luc. 13,6). Penitenzi ona da S. Pablok eta aren erako beste guziak egiten zutena ta artako oriek egiña da artu zuten zeruko bidean beren gogo gaiztoari, begi arinei ta gorputz atseginz-zale galgarriari ez-aditu egin ta egin behar zituzten nekezko ta beste gauz on guziak zuzenki egitea ta bidenabar S. Pablok berak ziona esatea: «Ez», zion S. Pablok, «Jangoikoak beregana deitu ninduen hordutik ez diet nik utzi nai nere gorputz-animei, nai duten gaiztakeririk egiten»: non acquievi carni, et sanguini (Gal. 1,16), «ta geroztik eskupe gogorrean dakart bata ta bestea, azkenean gal ez nazaten beren egiteko nasle-makur gaiztoren batekin»: et in servitutem redigo, ne... reprobus efficiar (1 Cor 9,27). Hau da S. Pablok eta beste on guziak beren aldian egiña ta zori oneko orien lagun izateko nik ere egin beharra: artu dudan zeruko nere bidean ongi ta kontuz ibiltzea ta eskutik utzi bage artan beti haritzea. Bai.

 

 

§ III.

 

Zerura nai duenak zeruko bidez ibilli behar du bere eriotz oneraño.

 

        Ez, ez da aski Jangoikoaren bidean sartu ta zenbait pausu on an ematea zeruan sarzeko ta an Jesus arkitzeko. «Anitz eta asko», dio Kristo Jaunak, «asiko dira lan orretan, baña bukatu baño len utziko dute beren bide zuzen hau, ta zerura nai dutela esanagatik, ez dira sekulan arako»: multi, dico vobis, quarent intrare, et non poterunt (Luc, 13,24); zeren hitzez ta gogo nagiz oriek hau esanagatik, ez duten naiko gogo osoz, behar den eran ta ziñez. Zeruan sartu nai badezu, ekin bukatu arte guzian ango bideko zere lan ta ibilkunz onari: esto fidelis usque ad morten, et dabo tibi coronam vitae (Apoc. 2,10).

        Izaten dira gaizto zenbait garizuman, misioko predikuren batean edo aita S. Ignazioren ejerzizioak egiten dituzten aldian, arritu ta konfesariari esaten diotenak: «Jesus, aita, ta oraindañoko guzian ni zein zenzubagea! bekatuz bekatu ibilli naz infernu bereko erz-ezpain-erzeraño ta gelditu ezpaninz ekusi dudana ekusirik, aditu ditudan gauzak adirazten dutenaz, arako ninzan noski anitz luzatu bage ta an nenzan gaur betiko nekez lertu-amurratua ta su ta gar egiña. Jangoikoak didala konfesi on bat egiteko grazia ta egin gogo dudan bizkunz onerako bere lagunza ta eskua; bada Jangoikoak lagunzen didala, nere ill arte guzian bizi uste dut gaizta-bide guziak utzirik gauz onik baizik egiten ez dudala. Bai, bai, ongi ta maiz, ardura konfesatzea, al ditudan mezak enzutea, lagun onetara baizik ez bilzea ta egun oro obeki bizitzea izanen da gaurgero betiko nere egiteko guzia. Dagitela nai dutena munduko eroak eta sulezeko etsai amurratu guziak nere asmo on hau niri gogotik kenzeko; alferrak izain dira orien alegiñak; nik esain dut beti Job santuak len ziona: artu dudan asmo hau baño len utziko dut nere bizia»: justificationem meam, quam coepi tenere, non deseram (Job, 27,6).

        Orra orrelako aldian gaizto gaizki egiñaz damuturik arkitzen diranak esan oi dutena. Orra zein ona orien askunza ta asiera. Zori onekoak oriek, era berekoa izaten baliz orien urrengo bizitza ta azken bukanza. Baña joaten zaizte geienei edo beinzat anitzi aldi orietako beldurrak eta itzulzen dira fite-laster mundu galgarriaren adiskanzara ta beren etsai amurratuaren egiteko gaiztora, ta izaten dira geroz len ziran bezain gaiztoak edo izaten dira Nabucodonosor erregek ekusi zuen estatu baten ainzur galgarri gaiztokoak.

        Naburok ekusi zuen estatuak eta giz-ainzurak zuen urrezko burua, zillarrezko bularra, bronzezko izterra, burdinezko gidall-aztala ta lurrezko oña, eta ekusi ditugun mundutar orien asiera urrezkoa da ta santu batena. Denbora joan ta epelzen zaie ongi bizitzeko beren gogoa ta asmoa, ta zillarrezkoa da geroz, ta ez len bezain beroa ta deboziozkoa, orien horduko ibillera. Andik laster bronzezkoa da edo ez bigarren aldian bezain ere ona orien beren ibiller-bizkunza. Geroiseago burdinezkoa da edo agitz gutiago balio duena; bada hordurako erdi oztua arkitzen da orien leneko asmo beroa, ta uzten dute gaur meza, bigar beste aldi batez egin oi zuten otoitza, etzi debozioa ta gero konfesio ta komunio santa, ta ibilliz ibilli otzetik otzera dabilza ta laster sarzen dira leneko beren bide galgarri makurrean, lagun gaiztoen artean, tripanzanz, joko ta jostatze zikinean ta azkenean leneko beren bekatu ber-beretan; ta gelditzen dira bekatutik atera ziranean baño zerutik urrutiago ta gaizkiago; bada gelditzen dira eritasun andi batetik atera den ta jan-edan gaiztoak egin ta berriro len baño ere gaizkiago eritzen den bat bezala; bada eri hau arkitzen da sukar ta kalentura andiarekin; ta arkitzen, odol-isurtze ta sendagai ta erremedio andiak artu beharra, ta denbor berean indar gutirekin oriek arzeko ta bere gaitzaren neke gogorrak eramateko, ta len bekatupean erdi lerturik zedukan anima oraingo eritze ta bekatu berriekin uzten du deabru gaiztoak len baño lertuagoa ta berriz onzeko len diña zeruko indar ta lagunz ez duela. Eta onzen baliz ere, onzen ezpada betiko ta onean ill arte guzian irauteko, ez du Jesusek beretzat artuko ta azkenean ez da zerurako; bada gogo osoz, lan onez ta azkeneraño zuzenki dabillena da Jesusek beretzat eta bere zerurako arzen duena: qui perseveraverit usque in finem, hic salvus erit (Matth. 10,22). Jangoikoak dizula hau egiteko gogoa ta grazia: bai arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa