www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Igande eta festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1767-1782, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

LVIX
Espiritu Santuaren Bazk-ondoko
ogeigarren igandeko irakurraldia

 

Domine, descende priusquam moriatur filius meus. Joan. 4,49.

 

Gaia: Zein diran erien ekusle gaistoak, zein onak

 

        Bere burua batek agertu artean ez da munduan bat ari begiratzen dionik; eta agertu ta ere, begiratzen dio bakoitzaren agerzari dagokan gisan, ta agerzen bada edozein beste bezala, begiratzen dio beste edozeiñi bezain oarkabenzan ta arinki; baña agerzen bada edertasunez jaunzia ta egiteko andiak eskut-artean dituela, norknai begiratzen dio oharmen andiarekin ta arritu baten eran. Hau len munduari beste zenbaitekin agitua da, bai ta errege andi Alexandrorekin ere; bada Alexandroren ger izugarri ta irabanz andiak lur gailean agertu ziran aldian arriturik mututu zen mundua, dio Eskriturak: siluit terra in conspectu eius (Mach. 1,3). Eta Jesus maitagarriarekin era bereko zerbait gertatu zitzaion egungo Ebanjelioko erregetxo bati.

        Emen gure lur gañean Jangoiko-gizon egiñik Jesus agertu ta predikatzen ta zegozkan lan andiak egiten asi zenetik, asi ziran ekusten zutenak begiratzen Jesusi horduraño ez bezala. Era orretan Jesusi begiratu ziotenetatik izandu zen errege bat. Bere erakuste ta sermolak egiten asi ta laster arkitu zen Jesus Kana zeritzan Galiletarren erriko eztei batean. Eztei-jana baño len bukatu zen eztei ardoa ta eztei emalleak lots-alkerik ekus etzezan, urez beterazi zituen Jesusek ard-onziak eta bertan egin zuen ura ardo; ta ardo, malkoak len edan zutena baño obe ta obeagoa.

        Jesusen egiteko ta milagro hau ekusi ta ikasi zutenak geroz begiratu zioten Jesusi besteei ez bezala, ta arganatzen ziran anitz beren behar aldietan, ta arganatzen besteren eskuz ezin zutena arenez izan naizik. Argana ziranetatik bat izandu zen Kafarnaun zeritzan errian bere semea ilzen zedukan erregetxo bat.

        Ikasi zuen onek aldi berean itzuli zela Jesus ura milagroz ardo egin zuen erri Kana Galilekora ta hordurik galdu bage billatu zuen beste milagro bat ari eskatzeko, ta ekusi bezain laster eskatu zion joan zekiola bere itxeraño, an erio gogorraren atzaparretan arkitzen zen semea milagroz sendatzera.

        Semea gorputzean bezala, animan aita jentila sendatu naiez esan zion Jesusek oni: «Esaten zaitzuenik ez dezue siñistu nai, esaten zaitzuenaren alde milagroren bat ekusi artean». Eriaren aitak berea ta berea zuen gogoan ta españetan, ta aditu zuenari eranzun bage esan zion Jesusi: «Jauna, nere semea ill baño len atoz, arren, nere itxera». Eta Jesusek urrikaldurik esan zion ait-guraso kezkatuari: «Zoaz itxera ta arkituko dezu bizi-sendatua zere semea». Sinistu zuen gizonak Jesusen hitza. Artu zuen bere itxerako bidea ta bidera aterarik beren poz andiarekin itxeko zenbaitek esan zioten sendatu zela aren semea. «Zer horduz sendatu da?», galdetu zien aitak. «Zazpietakoan», eranzun zioten itxetik etorri ziranak. Eta ezagutu zuen aitak sendatu zela seme ilzen zegona Jesusek esan zion hordu berean, ta hau ekusi ta ezagutu zuten ark eta aren itxeko guziak zen bezala Jangoikotzat Jesus maitagarria ta siñistu zuten aditu zioten guzia. Oriei hau eragitearekin adirazten digu Jesusek ekusten ditugun eriak onerazteko egin btar duguna. Eta hau zer den da gaur guk ekusi beharra, ta egiñen dugu ekusiz zein diran erien ekusle gaistoak, zein onak.

 

 

§ I.

 

        Jangoikoa da gure biziaren, eriotzaren ta eriotzera daraman eritasunaren jaun ta jabea. Hau berak bere jakinsuaren ezpañez esanik dadukan gauza da: tu es, Domine, qui vitae, et mortis habes potestatem (Sap. 16,13). Bizi denari ematen dio Jangoikoak deritzan aldian osasuna ta deritzan horduz gaitza edo eritasuna, ta ematen diozka bata ta bestea naiz ona izan ta naiz gaistoa arzen dituena, ta ematen diozka bere onerako bata ta bestea; bada ematen dio ongi bizi denari osasuna, egin ditzan gogo osoz, atseginz andiarekin ta biziro beraren egitekoak eskatzen dituen ta Jangoikoari zor diozkan gauzak, eta osasun bera ematen dio gaistoari, eskerdunari bezala, eragin naiez dagokan on guzia. Eta osasuna bezala eritasuna ere ematen die Jangoikoak biei beren onerako.

        Eritzen diran hordutik urrikalgarriak dira ona ta gaistoa, baña bakoitza bere bidez; ta onez lagundu nai dien urrikaltiak lagundu behar die behar den gisan, ta batari dagokan bidez besteari ez. Artako ikasi behar du urrikalti onak noiz den onezkoa eriak duen eritasuna ta noiz bere bekatu gaistoen alde datorkiona, ta batari ta besteari lagundu behar die bururik autsi bage. Etzuten hau egin Job eriarekin hura ekustera joan ziran beraren irur adiskidek.

        Arkitzen zen bein eri Job, zeren ona ta Jangoikoaren adiskidea zen, ta arkitzen zen eri mundukok izandu duen eritasunik andienetatik batekin ta agitz txarki ezarria; bada arkitzen zen burutik oñeraño zauri egiña; arkitzen zen bazter guzietatik materia ta usteltasuna zeriola; arkitzen zen zerlon zikinkeria kenzeko tella puska bat baizik etzuela, ta arkitzen zen agitz aberats eta ondasundun izandu baten ere, guztiz beharsu ta ohatzerik bagez goroztegi batean etziña.

        Joben era ta eritasun onen berria izandu zuten beraren irur adiskidek eta urrikariz joan ziran hura ekustera ta beren hitz enez aren nekanzak arinzera; baña hitz egin zioten bear etzen gisan ta bidez, ta beren hitzez aren neq-oñaze latz gogorrak arindu ez ta anitz bear etzen ezbaitan sarreraziz ta odei-soñu, trumoi-tximist-arri ta gis bereko beste asko gauzen bernia eman-eraziz autsi zioten burua; ta al-ere etzioten bakean utziko berak ez esatera: «Neretzat zuek ekusle nekari gogorrak zarazte; noiz utzi uste dituzue kearen eran aize egiten diran zeren berriket eta erausi oriek?»: consolatores onerosi omnes vos estis. Numquid non habebunt finem verba ventosa? (Job 16,2).

        Zerbait orrelako esan dakieke eri gaisoen beste zenbait ekusleri ere, bada buruaren nekanza ta miña da orien ekusteetatik eri gaisoak atera oi dutena. Hau egia dela ekusteko begir egiozu ekusle oriek eriekin egiten dutenari. Gaztea edo gazt-antzakoa bada eria, bilzen dira beraren gisako beste zenbait eta aren neke-tristurak arintzeko arzen dute ez eriari ta ez ekusleei dagoten bidea, ta bidea da uste txarrez eriari burua betetzea ta egin behar lituken gauzen gogoa gogotik kenzea.

        Arkitzen dute ekusle oriek eria saiets-min gaistoarekin erdi galdua edo gaitzak agitz azpiratua. Arkitzen dute barber-medikuak ezagutzen ez duten sukar ta kalentur biziarekin, edo arkitzen dute anz onik ez duen gaitzarekin ta ongi keisat-nekatua, ta eriaren ill-perilla ezagutu ta ere, besterik uste ta ekusten dutenen gisan hitz erdi arin bat edo beste eriari esan ta badoaz bestetara ta hau ekusi edo aditu duten ekusle galduak ematen diote fit-laster sendatuko delako ust ustela ta esaten diote arin-azala dela ta egun gutikoa duen eritasuna ta ark uste baño len ekusi uste dutela txutik eta gaitzik ekusi ezpalu bezain sendor sendatua.

        Esaten dioten hau eriari sinist-erazi naizik asten dira zenbait aldiz andik onara dabilzanak dakazten edo kartaz etorri diran joan-etorri ta berri txarrak esaten; beste zenbaitez ekarzen diozkate gogora leneko bere erakeri ta ara-onarak edo ekusle berak noizbait egin zituztenak edo egin uste dituztenak eta arratsalde guziko edo eriarekin dauden denborako orien erausia da aragia ta mundua ta atseginza ta arrotasuna.

        Beldur badira beren erausi luzearekin eriari autsiko diotela burua, bazterzen dira aren oa-burutik eta beraren gela berean asten dira jokoan, eriari adirazi naiez ez duela etorkizun gaistoaren perillik eta bai-dagokela aldi artan ill behar duelako beldurrik bage.

        Hau bera adirazten die zenbait eriri beren itxeko berak ere, ta eriaren ekusle onak edo ekustera joaten den relijios edo apaiz egokiak besterik adiraz ez diozan, ekusteko biderik eman bage ta lotan dagolako edo medikuak barrena sarzeko bidea galerazi duelako aitzakia artu ta eskal-burutik bidalzen dute bere(n) itxera edo derizten aldera.

        Orrekin eri gaisoak sendatuko delako ustearekin uzten du alde bat animako kontu guzia ta gero, geroko gauzak zuzendu nai dituenean, arkitzen da artako hastirik edo bururik ez duela; bada gogorzen da aren eritasuna ta gutien uste duenean arkitzen da eriotzaren atzaparrean ta konfesatzen da, arzen du azken komunioa ta egiten du beste guzia zer egiten duen ez dakiela edo ezagunz eta buru agitz guti dadukala. Eta agi-gertatzen zaio hau ekusle gaistoen berriketa arin ta lan galgarriak gatik. Ekusi dezu zeintsu diran erien ekusle oriek. Goazen orain eri beren ekusle onak ekustera.

 

 

§ II.

 

        Eritzen diran guziak ez dira Joben gisako santuak eta askotan beinzat edo geienetan bekatutan arkitzen dira; bada S. Anbrosiok erakusten duenaz, bekatuari darraizen saria da eritasuna, ta sari ta pena gogorra: infirmitas poena peccati est. Eta S. Anbrosiok baño agitz ienago esana daduka Espiritu Santuak hau bera edo hau adirazten duen beste gauza; bada esana daduka: «Jangoikoaren begietan uts egiten duena medikuaren eskura beharra da», ta eria da, dakizun bezala, medikuaren eskuratzen dena: Qui delinquit in conspectu eius, qui fecit eum, incidet in manus medici (Eccli. 38,15).

        Eritasunak nasten du eriaren barrena, kenzen dio jangura ta gogo guzia, bai ta begietako loa ere. Dakarren sukarrarekin ta oni darraizen egarriarekin erretzen ta nekatzen du eritasunak eriaren gorputza. Botikako ur-autsak lazten ta minen diote ahoa ta eztarria; ateratzen dioten odolak eta laburtzen dioten janak uzten du erdi illa edo indar gutikoa, ta geroz nekez aldatzen du eriak batetik bestera bere burua ta nekezago goratzen edo iraulzen gorputza.

        Gau guzian edo geienean bakarrik eta isillik dago eria, bai ta egunaz ere denbora zati andietan, ta aldi orietan leneko bere atseginzak eta obenak ezka gogorrak egiten diozkate bere bihotzean ta konzienzian, ta zenbat ere andiagoak leneko beraren atseginz, loi, oben eta bekatu gaistoak, anbat andiagoak horduan egiten diozkaten bzkak, S. Anbrosiok dionaz: Deus enim febrim, et tremorem, et cetera flagella emittit iuxta merita peccatorum.

        Bekatuagatik denean ere ez da beti bekatariari bizia kenzeko bekatariaren eritasuna; igorzen ta bidalzen dio Jangoikoak eritasunaren miñarekin begiak idik-erazteko ta bere bekatu guzien damuz beterik beregana itzul-erazteko. Ala da, dio S. Joan Krisostomok; bada dio animako bekatuagatik zeatzen duela Jangoikoak bekatariaren gorputza, edo zeatzen duela gorputzeko miña kenzeagatik bekatari zeatuak senda dezan bere anima: Deus ob animi peccatum corpus flagelle ut ad quaerendum remedium convertatur, ta sendatu naiarekin ta bere bekatuaren damu onarekin ekusten badu Jangoikoak bekataria, barkatzen dio bekatua ta bere graziarekin batean ematen dio berak deritzan aldian gorputzeko osasuna ta bizi luzea; hau da orretarako errege Ezekiasek eritu zen batez egin zuena, negar ta negar egitea ta Jangoikoari bizia eskatzea; ta gaztigatu zion Jangoikoak Isaias profetaren ezpañez: «Aditu dut zure otoitza, ekusi dut zure negarra ta emanen dizut amabost urteko bizia»: audivi orationem tuant: vidi lachrymas tuas: ecce ego adjiciam super dies tuos quindecim annos (Isai. 8,5).

        Eritzen denak ez daki bere bekatuagatik edo zergatik den duen eritasuna, ta bururik badu, horduan egin behar duena da damuzko negarrez Jangoikoa aserre badaduka, palakatzea; ta bekaturik ezpadu, Jangoikoak nai duenerako bere anima ongi prestatzea. Hau egiteko bidea da lenbaitlen konfesio on bat egitea.

        Eritzen diran anitzek uste dute hau egiten badute ta Elizako gauzak artu ezkero ill beharko dutela ta luzatzen dute bata ta bestea eriotzaren ortzetan sartu arteraño ta egiten dute horduan guzia prlsaka, burua nastua dadukatela ta kasi zer egiten duten ez dakitela, ta azkenean galzen dute gorputzeko osasuna ta ez dakigu zertan gelditzen den animakoa.

        Hau seguratzeko beinik-bein ta eriak dagokan aldian gorputzaren osasuna erdisteko bide zuzena da eritu ta laster konfesatzea. Hau ongi zekienak bezala debekatu zien medikuei Aita Santu S. Pio bostgarrenak eriak ekustea, konfesatzen ezpaziran eritu ta irugarren eguneko.

        Eta eriak ill behar duela baleki ere ta sendatzeko usterik ez izanagatik, egin behar luke hau bere onagatik; bada ongi konfesatzeak berekin dakar eritasuneko neke guziak ongi ta meki artzeko grazia ta bidenabar oriek meki artzea ta purgatoriora bage animako zorrak ateratzea, dio Bedak: infirmitas carnis, si patienter sustineatur, erit quasi purgatorium ignis.

        Orregatik, bada, erien ekusle on urrikalti guziak beren hitz onez ta eme-emekitxo zuzendu behar dituzte eriak lenbaitlen konfesatzera ta ekus-aldi bateko esanarekin ezin hau, eragiñagatik, ez dute egiteko on hau beren esku-tartetik utzi behar, berriz ta berriz ere hau bera adirazi behar die, baña bururik eriei autsi bage; ta hau egiten badute, egiñen dute erien ekusle onen lana ta egitekoa. Eta orien esanik eriak ez egiñagatik, ez dute deus galduko ta orien esana egin bagez eriak galzen badira, eri berena izanen da ta ez erien ekusleena oben ta kulpa. Zori gaistoko eria, onez esaten zaionik aditu gabez, konfesatu bage ilzen ta galzen dena! Inglaterrako errege Konradoren soldadu bat bezala. Erregek oni bein ta berriz konfesa zedilla esan ta ere, eteen konfesatu ta galdu zen. Eta eria konfesatuagatik berandu ta gaizki konfesatzen bada, orobat galduko da. Gal etzaitezen, bada, asi zaitez bertatik ongi bizitzen ta eritzen zaran aldian lenbaitlen ta ongi-ongi konfesa zaitez. Jangoikoak dizula orretarako behar den lagunza ta grazia: bai arren bai.

 

aurrekoa hurrengoa