www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Igande eta festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1767-1782, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

XLIII
Espiritu Santuaren Bazko ondoko
laugarren igandeko irakurraldia

 

Per totam noctem laborantes nihil cepimus. Luc. 5.

 

Gaia: Element izugarrian ilzen da
bekatuaren arranzan dabillen gaistoa

 

        Leneko igandean ekusi genuen farisetzar, eskrib eta israeldarren artean jakinsutzat zeuden gizenak ezin ekusi zutela Jesus, zeren Jesusek begitan ematen zien beren arazo ta lan makurrekin; ta arazo ta lan, zekarten lurreko ondasun pisk eta atseginzagatik makurtzat berak ezagutu nai etzituztenekin. Gizatzar ez on oriek noizbait aditzen bazuten Jesusek guziei esaten ta predikatzen ziena, izaten zen ekusten zituztenen esankizunak kenzeko edo Jesusen hitzen bati itsasi naiez, arekin gero berari ger egiteko ta azkenean bera bere hitzez galerazteko.

        Gizatzar oriek bezalako nasplllarik eta tolesturik etzutenak ziran ango nekazari, langille ta gis bereko beste guziak eta orregatik ziran gogo enez ta garbiro Jesusi begira zegozkanak, ondo naiez ta asmo zuzenarekin Jesusen hitzak aditzen zituztenak eta Jesusen hitzak aditzeagatik aren ondoren zebilzanak, egungo Ebanjeli santuan ekusten dugun bezala; bada Ebanjelioak dio jenda-giro oriek Jenetsareko itsas bazterrean Jesus ekusi zutela bein ta prisaka ara joan zirala aren hitz enak aditzera ta prediku bage joan zekien beldurrez beteak.

        Bazekien Jesusek zertara zetozen oriek, eta oriei berei nai zuten atseginza ta ona egin naiez begiratu zuen itsas bazterrean zeuden bi arranz-txalupara. Utsak zeuden txalupak, zeren orietako mariñel arranzan ibilli ziranak joan ziran sareak garbitu ta txukatz-idorzera, Sartu zen Jesus bietatik batean ta S. Pedrorena zen hau. An arkitzen zen horduan S. Pedro edo ara zen, Jesus an sartu zela ekusi edo aditu. ta. Esan zion Jesusek S. Pedrori bazterretik aparta zezala zerbait txalupa. Eta hau ark egin ta jarri zen Jesus txalupan ta aren hitz onak aditzera etorri ziranetara jiratu ta asi zen jakin bear zutena erakusten, ta erakutsi zien aldi artan aditu bear zuten guzia.

        Bere sermoia bukatu zuenean batel-saria eman nai bazion bezala esan zion Jesusek S. Pedrori: «Eramazu orain txalupa itsas barreneta ta bota zazu sarea zere arranz-aldia egiteko». «Jauna», eranzun zion S. Pedrok Jesusi, «arrats guzian ibilli gara arranzan ta ez dugu arrai bat arrapatu edo atzitu; baña aski da zuk esatea, edozein gauza nik bertan egiteko ta banoa zure izenean sare-aldi bat egitera».

        Arraunak artu ta badaramate txalupa arranztegira; botatzen di tuzte an bere sareak, bai ta arrai-bazkak ere. Betetzen dira arraiez sareak eta bildu ta txalupan sarzen asi horduko, asten da urratzen sarea. Ots egiten die S. Pedrok beste txalupan zebilzan lagunei. Badoaz ara lagunak beren txaluparekin ta guzien artean doi-doia atera zituzten uretik sareak eta sareetako arraiak, eta sare-aldi artan atera zituzten arraiekin bete ziran gañeraño bi txalupak eta Jangoikoak daki nola eraman zituzten ur bazterrera; ain beteak eta urean sartuak zebilzan bata ta bestea.

        Orra zein andia egunaz ta Jangoikoaren izenean Apostol onak egin zuten arranza ta zein txarra ta ezer-eza gabaz berak berez ta beren izenean egiña. Zer esan nai ote digu Jesusek egungo Ebanjelioko bi arranz-aldi oriekin? Onak eta gaistoak mundu onetan egiten dutena. Onen emengo arranza ta bizia egunaz ta Jangoikoaren argiarekin egiten den lana dela; ta lan ta bizi, egille berak beren aldian irabanz andiarekin zerura eramaten dituena; baña gaistoena dela illunbeko bizia, ta bizi nekari zori gaistoko erio batek bukatzen duena, aldi onetan ekusiko dugun bezala.

 

 

§ I.

 

        Bai, zori gaistoko bizi nekari illuna da gaistoak emen dakarten bizia ta biziaren erakoa da orien beren emengo bukanz-akaballa.. Jangoikoari argirik eskatu bage hari dira emen gaistoak beren arranzan, ta beren biziko gau guzian hariagatik, ez dute zeruko majan ager diteken arrai bat ere atzitzen edo ez dute zeruko glori tanta bat balio duen irabazirik egiten. Jangoikoak daki goizetik arratseraño zenbat sare-aldi botatzen dituzten emen gaistoak; baña guziak ustelak zerurako, zeren guziak egiten dituzten zeruko arrai-irabanzik ez den bazter ta gauzetan.

        Emen bertarako ere utsak dira gaistoen gabazko sare-aldi ta lan geienak; bada gaistoak beren sare-aldi lanetan atera nai dutena da lurreko honra, lurreko arronza, lurreko diru, ondasun ta aragiaren atseginza., ta beren biziko gau guzia arranz onetan egiñagatik edo egunak, hasteak, illak eta urteak honren ondoren, egiteko andien biIlan ta diru, ondasun ta atseginzak bilzen galduagatik, azkenean arkitzen dira anitz beinzat uts eta bage edo orien billan asi ziran aldian baño anitz geiago ez dutela edo zutena baño agitz gutiagorekin; ta esan dezakee gabazko arranzal utsak bezala: «Gau guzia arranzan galdu dugu ta sare uts zikinduarekin edo osasun galdu bekatudunarekin gelditu gara»: per totam noctem laborantes nihil cepimus.

        Berriz ta berriz ere beren arranz berera itzuli ta eriotzeko horduraño arranz honetan ibilzen badira, berebat agi-gertatuko zaie; bada azkenean arkituko dute beren burua nekez urratu-galdua ta besterik ez: lassati sumus in via iniquitatis et perditionis; ta arkitzen gara, esanen dute horduan, era damugarri onetan, zeren buru gaistoz sartu giñan ekarri duguna bezain bide gogor galduan: et ambulavimus vias difficiles (Sap. 5,7). Eta beren biziko sarean zerbait arrai edo honra, ondasun ta diru arkituagatik, guzia izanen da arrai ustela ta arranzale gaistoaren anima gorputzetik ateratzen den aldian munduko bazterren batera bota bearra; zeruko maira ezin atera diteken arraia ta gauza da alabaña, ta orregatik da gauz eta bizi galdua, ori atzitzen gaistoak egin duena.

        Baña agitz ustela izanagatik bekatariak bere gau illunean ta bizi gaistoan bilzen duen honra edo ondasuna, agitz malte duen gauza da ta ill hordu berean hura bazter batean utzi bearrak urratzen dio bere biotza, Inditik datorren aberatsari bere ondasunak urari eman bearrak bezala.

        Zenbait urtez Indian ondasun andiak bildu ta badator poz osoarekin bere errira espaindar aberats bat. Dakarren onziak izandu du andik Espain bazterreraño nai bezalako aizea ta eguraldia; baña egun gutiren buruan bere itxeko ta dituen adiskide guziak ekusiko dituelako pozarekin arkitzen den goiz batez, asten da irakiten bezala azpiko itsasoa, agerzen da itsas gañean itsasoak ekusi duen aizerik bizi-errebesena. Aizeak ez die marinelei ematen onzi-oial zuriak edo belak bilzeko hastirik. Aize berak eta itsas amurratuak badarabilte onzia ego-ifar izugarri batek emen luma bezala. Orain badirudi odei beretaraño bota bear dutela bere zut ta marinel ta karga guziarekin, ta bat-batean jaisten da itsasoaren ondora, andik berriz aterako ez dena dirudiela.

        Bitarte onetan urratzen dira onzia aizez batetik bestera eramateko diran oial-zuri belak, austen dira oriek zabaldurik idukitzen dituzten onzi-zur luze lodiak. Oriek autsi ta urratu arte guzian aizeak eta itsasoaren olast-bagak erabilli dute onzia bein bota batera, bein bestera, bein zearka, bein inguruan, dena gañetik azpira urratu bear balute bezala; ta orrenbat tund eta erabilz gogorrekin bere toki bakoitzetik igitu diozkate olik geienak edo beinzat anitz eta asi da onzia urez betetzen. Eta mariñelak alegiña egiñagatik onzian sarzen den ura bonbaz kenzeko, kenzen dutena bezalako sei sarzen da aldian, ta beste bideren bat arzen ezpada, laster ondatuko dira onzi bera ta onziko guziak.

        Arzen duten bidea da zerbait gallet edo itsas-ogi ta edateko ut utzi ta onzian den beste guzia urera botatzea, onzia arindu ta urean zerbait goratzeko; ta gauzen jabeak nai ta ez, artu ta botatzen dituzte mariñelak arkitzen dituzten gauzak; bai ta espaindar aberatsaren arre ta ziliar ta ondasun guzia ere.

        Anbat urteko neke-izerdi, logabenz, arazo, kezk eta beldurrekin bildu ta zekarren ondasuna bat-batean mariñelen atzaparretan ta andik laster itsasoan ekusten du, zenbat bere miñ ta biotz-oñazerekin? Nork adirazi? Bazterzen da lagun erditik eta zokoren batean bere burua bota ta asten da ai-ka ta ai-ka ta esaten du: «Zori gaistoan artu nuen Indirako asmoa ta sartu nuen onzian oña! Itsasoarenzat haritu naz anbat urtez Indiko nere lan nekari arazozkoan ta arkitzen naz gaur nere itxetik atera ninzan egunean baño agitz bearsuago ta bage. Non agertuko naz ni gaur, itsaso aserretua palakatu ta onziak ur gañera igan ta itsas bazterrera eramaten banau ere? Eskean edo nola joan bearko dut nere itxera? Eta inditar aberats egiñik itxean uste nindutenak, nola artuko naute deus bage ta esku utsean ekusten nauten aldian? A, nere urre, zillar, diru ta ondasun maitea, nora zoaz zere jabea bage ta bearsu uzten dezula? Ai, hau nekea! Ai, hau damua! Ai ta ai!».

        Hau da inditar aberatsak aldi artan diona. Eta zer ote da bekatari ondasundun batek eriotzeko elementak bere gauzak kenzean esaten duena? Kenzen diozka dituen bazterrak eta ondasunak; kenzen diozka bere jan-edan goisoak eta lo egite luzeak; kenzen diozka, dio Espiritu Santuak, «edari gogor, izugarri, bomitariak barreneko kolerak bezain era ta gis illgarrian»: divitias, quas devoraverit, evomet, et de ventre illius extrahet eas Deus (Job, 20,15); kenzen diozka bere soñeko ederrak eta apainket egokiak, bai ta egin eituen irabazi ta diru guziak ere. Zer naigabenzak, bada, ta zer biotzeko miñak era orretan bere gauzak galdu ta ilzen den gaistoak aldi artan izanen dituenak.

 

 

§ II.

 

        Bai? Bada ez dira oriek hordu artan gaistoak dituen naigaberik eta biotzeko miñik andienak; andiagoak eta agitz andiagoak dira bere bekatuaren aldetik dituenak. Hau guri adirazteko, itsasora itzul-erazten gaitu Job santuak; bada esaten digu: «Gaistoen bizia itsasoko elementan bukatzen da»: morietur in tempestate anima eorum (Job 36,14).

        Eriotz gogor izugarria da itsas-elementako eriotza. Len ekusi duguna bezalako element batean badabil zenbait egunez onzikoa, bag-aldi edo olast oro onzia ondatzen delako beldurrarekin. Azkenean ondatzen da onzia ta hura ondatz berean; horduko prestatua dadukan ol pusk batekin tiratzen du itsas bag-olast aserretuen artera bere burua, beste onziren bat an agertu artean ur gañean iraun naiez. Baña igerian ezpadaki, lenbiziko edo bigarren itsas bag-olastak kenzen dio daraman ola ta badoa bera arri baten gisan itsas ondora, ta ara horduko, ur gaziz bete ta gelditzen da itoa.

        Igerian zerbait jakiñagatik itsasoratzen den onzikoak ur gañean ezin iraun dezake anitz denboraz; bada lan gogorra da luzaro artan irauteko igerian besoak eta gorputz guzia nekatzen ta nekatzen haritzea, ta lan gogorragoa itsas aserretu baten olasten ta bag-artean hau egitea. Badarabilte, bada, bagak bein azpira, bein gañera, bein batera, bein bestera ta bitarte guzian tunda gaistoak ematen diozkatela ta ur zati min gazi zenbait ere edanerazten diotela.

        Arte artan gertatzen zaio itsaso berari barren guzia nasturik dadukanari agi-gertatu oi zaiona: jan ta edan duena beregandik aien-botatzea; bada bere aserraldi artan nasten da ondoraño itsasoa, ta gainbera ta batetik bestera dabilzan olastak edo ubelde biziak badaramazte azpitik gañera, ta ur gañean itsas bazterrera, itsasoak len jan ta ondoan usteldurik zeduzkan ol pusk, soka zati lodi, belar ta zakarrak, eta orien usai gaistoak laburzen diote bizia ilzen dabillen itsasokoari ta azkenean urez ta naigabez beterik itotzen da, arraien bazka geroz izateko.

        Era orretan, bada, dio Job santuak, ilzen da bekataria edo ateratzen da mundutik bekatariaren anima; ta ateratzen, sulezeko etsai amurratuaren atzapar urralle gogorrean gelditzeko. Animaren onzi gorputz txarra era gaistoan darabilte azken eritasunaren elementak edo bein otzak, bein beroak, bein sukarrak, bein erdi bi burua egiten dion oñazeak, bein ezin janak, bein egarriak, edo edari latz miñak, bai ta barberen esku gogorrak, bere ezur agitz nekatuak eta beste anitz gauzek ere.

        Era orretan arkitzen den animak etsi du osasunaz, bai ta beste bere gauz guziez ere; guztiak uzten ditu biotzeko min andiarekin ta arkitzen da bera infernuko putzuan ondatzeko beldurrez, ikara. Loak iges egin ta utzi du, ta nai ez lituken gauzak ekusteko begi ta buru erne irazarriarekin arkitzen da.

        Igeri gaisto artan dabillen animari agerzen diozka eriotzeko element izugarriak bere barreneko zikinkeri ustel, usai gaistodun guziak. Agerzen diozka aurtasuneko zoko-lanak, gaztetasuneko eskukak, ezpainkak, nastekak eta ibiller loiak; agerzen diozka gogo loituaren asmo galduak, aragi sutuaren loikeri zikiñak; agerzen diozka eztarri gaistoaren edate luze beroak eta gañezko janzak; agerzen diozka bere jokatze galduak, borondegietan edo edantegi zenbaitetan egiten zituen berandurañoko egonzak eta an batagatik edo besteagatik bere buruari ematen ziozkan tunda gaistoak, beraren itxeko gaisoak izaten zituzten kezkak eta naigabenzak eta humeei ta erriko guziei erakusten ziezten bide galgarriak; agerzen diozka bere ebaste, tratu gaisto ta beste gaistakeri guziak, bai ta egin ta eragin dituen beste bekatu guziak ere.

        Lotatik irazarri ta lapur armatuz bere burua inguruturik eta ezin iges egin dezaken toki batean sarturik arkitzen dena baño milletan ikaratuagoa arkitzen da horduan orrenbat bere bekatu izugarri dituen anima ta arkitzen da norgana itzuli edo zer egin ez dakiela; ta bere buruarekin diardukala dio, len gisa ta tranze berean arkitzen zela Antioko gaistoak ziona: «Orain ilzeko puntuan oroitzen naz nere bizian egin ditudan bekatu guziez ta orien arrean andi gaistoenez»: nunc reminiscor malorum, quae feci in Jerusalem (1 Mach. 6,12).

        Eta onenbat bere zakar ta bekatu ekusi ta esaten du Antioko berak bezala: «A, ta zein andia den itotzen nadukan nere bekatu gaistoen elementa ta zein izugarria nere barreneko tristuren olast-bagak ematen didaten tunda»: in quantam tribulationem deveni, et in quos fluctus tristitiae (1 Mach. 6,11). «Zori gaistoko nere bizitz itsusiagatik dira azpian nadukan nere eritasuna ta eritasun galgarriaren lagun gaisto ta neke guzia; eta orra, ilzera noa tristuraz betea ta amurranz gaisto baten atzapar sutuan erdi urratua, ta ilzera noa Jangoikoak bere aldetik eta zeruko bazter guzietatik aienatuko nabelako siñistanz osoan»: et ecce pereo tristitia magna in terra aliena (v. 13).

        Españiko inditarrak itsasoko elementan bere ondasunak eta bizia galduagatik, irabaz dezake sekulako gloria, ta zori enekoa hura, hau erditsi ezkero. «Ni naz, ni», dio ilzen den bekatari gaistoak, «nere biziko gau illunean alferrik nekatu nazana ta zori gaistoan jaioa; bada eritasuneko elementan ito ta ill ondoan ondatu bear dut eternidade guziko gau illunagoan ta sulezeko neke-tormentu guzien erdian». Orra zer erioa bekatariaren bizi gaistoa bukatzen duena! Nai ezpadezu zeretzat, egin zere gauzak egunaz, Jangoikoaren izenean ta ongi, Apostol onak beren arranza bezala, ta Apostol beren lagun izanen zara zori eneko glorian. Izan zaitezela, bada: bai arren, bai.

aurrekoa hurrengoa