www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Igande eta festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1767-1782, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

XLV
Espiritu Santuaren Bazk-ondoko
seigarren igandeko irakurraldia

 

Misereor super turbam istam, quia ecce iam triduo sustinent me. Marc. 8.

 

Gaia: Otoitzgille onak erdisten du
bear den horduan eskatzen duena

 

        Bere aldetik uzten ez daki olloak berak atera duen txit bat ere. Txita nora, ara doa olloa. Gaitzen bat norbaitek txitei egin nai diela iduritzen bazaio, asaldatzen da ollo klokari guzia ta badabil batetik bestera, txitak bildu ta beren perilletik atera ditzaño. Miruaren gerizia ekusi horduko, Jangoikoak daki zenbat egiteko ta arazo darabillen olloak, bere txitak gorde ta aren atzapar-pikotik libratu naiez. Egunaz askotan ta gabaz beti gordetzen ditu txitak bere egapean ta lumarte beroan. Berak klokaka ta ibilliz eramaten ditu txitak bazkategira ta an atzaparka zakarrak kenduz ta pikoz bazka ta janari ona billatuz erakusten die gero berak berez bizitzeko egin bearko dutena. Baña olloak hau guzia ta geiago txitekin egiñagatik, txitak iges egin ta gordetzen badira ta miruak gero edo zakurrak jaten baditu, obena ez da olloarena, berena da ta on dagiela.

        Zein ere anitz den bere txitekin olloak egiten duena, agitz geiago da gurekin Jangoiko maitagarriak egin nai duena. Hau guri adirazteko esaten digu Jangoiko berak: «A, ta zenbat aldiz gorde nai izandu zaitudan, olloak bere txitak bezala, nere probidenzi ernearen ta lorik egiten ez duenaren egalpean, ta (askotan beinzat) ez dezu sartu nai izandu». Nai dugun guzian, bada, gordeko gaitu Jangoikoak eta urrunduko gaitu geren etsai guzien atzapar gaistoetatik; emanen digu bear duguna ta erakutsiko digu gañerako guziaren arki-bidea, egungo Ebanjelio santuz adirazten digun bezala.

        Eremu batean egin zituzten irur egun Jesusen hitz onak aditzen lau mili buruk bezala, egungo Ebanjelio berak adirazten digunaz, ta egun orien buruan biurt-itzuli zen Jesus an arkitzen ziran Apostol bereetara, esaten ziela: «Urrikari ditut orrako gaiso oriek; bada irur egun da nere ondoren dabilzala ta jatekorik bage arkitzen dira, ta zerbait artu bage bidalzen baditugu, indarrik bagez ezin itxerako dira (zenbait beinzat); bada orietatik anitz urrutitik etorriak dira».

        «Bai, Jauna, baña» (eranzun zioten bereala bere Apostol berak) «nork eremu onetan arkitu orrenbati jatera emateko bear den guzia?» Galdetzen die Jesusek zenbat ogi dituzten. «Jauna», eranzun zioten, «zazpi baizik ez». «Al-ere», esaten die Jesusek, «jar ta eser ditezela diranak». Arzen ditu gero bere eskuan zazpi ogiak eta (oi zuen gisan) bedeikatu ta Jangoikoari eskerrak eman ta asten da ogi bakoitza puskatzen ta puskatzen, ta egiten zituen puskak Apostoluen eskuz ematen diezte jan bear zutenei, ta zazpi ogietatik atera ziran lau milla zati ta geiago. Orobat gertatu zen an arkitu ziran zenbait arrai txikirekin ere; bada oriek ere bedeikatu ta igor-bidaldu ziezten jaten hari ziranei, ta guziak nai diña ogi ta arrai jan ta, gelditu ziran zatiekin bete ziran zazpi saski. Eta deus-ez bat zela orrenbatenzat Apostol onak uste bazuten ere, lau bider beinzat geiago gelditu zen eman zioten ogitik, lau millak nai diña jan ondoan. Eta ongi jan ondoan bidaldu zuen bakoitza bere itxera.

        Orra egungo Ebanjelio santuak diona, eta orrek adirazten diguna? Len geniona. Olloak bere txitak baño agitz obeki zaitzen gaituela Jangoiko maitagarriak, eta zaitzen gaituela emanez bear duguna, ta emanez, bear den horduz ta bear bezala. Hau da aldi onetan ekusi bear duguna.

 

 

§ I.

 

        Eternidade guzian ta beti bere gogoan iduki gaitu Jangoikoak gu, ta gogoan iduki gaitu ongi naiez ta zori on betikoan gu utzi naizik: in charitate perpetua dilexi te (Jerem. 31,3). Hordu beretik badaki Jangoikoak geren zori on hau erdisteko ta emen ongi bizitzeko bear duguna. Geren gurasoz, geren aldez edo beste ongillez ematen zigun Jangoikoak lendabizian gerok ezin billa genetzakena, txita jaio berriei beren bazka am-olloz edo itxekoz bezala; ta txit berak azkartu ondoan beren bazka berez bezala, billatu bear dugu guk ere gerez dezakeguna, ta eskatu bear diogu egille Jangoiko maitariari gañerako guzia, ta eskatu bear, ukatuko ez digulako uste osoan. Ez digula ukatuko, dio Jangoiko berak, gauza eskatzen badiogu eskatu bear den gisan ta nastu bage, edo eskatzen badiogu animakoa bein ta gero gañez bezala beste guzia: quaerite primum Regnum Dei, et justitiam ejus, et haec omnia adjicientur vobis (Matth. 5,33).

        Eskatu bear dira, bai, bein animako gauzak eta Jangoikoaren honrari dagozkanak; oriek dira alabaña lenbizikoak eta bearren diranak. Oriek erditsi ondoan datoz beste guziak, emen berean agitzen denak adirazten digun bezala. Errege edo zaldun baten itxean sarzerik ezpadezu, zeren zere txarkeriz aserretua dadukazun itxa-jauna, ta itxe artan nai badezu irabaz-bideren bat, etzara etxeko nagusia-ganatzen irabaz-bide hau ari bertatik eskatzera; egiten dezuna da argana beldur ta lots andiarekin joatea, humilki bere barkanza eskatzea, lenik aitorzen dezula leneko zere lots-gabenza ta oni zegokan kastigu andia. Hau zuk egin ta barkatzen badizu, ematen diozkatzu zuganako beraren ontasunagatik mili-milla esker. Eta gero agerzen diozu zere bearra ta gabenza, ta humiltanz andiarekin eskatzen diozu urrikal dakizula, biotz eneko gizona bezala, ta dizula, arren, era onetako edo artako irabaz-bidea. Baña arganatzen zaranetik artara zuk hura beartu bage eskatzen badiozu irabaz-bide hau, ez hau ta zure lotsgabenzen barkanza erditsiko dezu ta len arkitzen zen baño aserreago geldituko da zugana.

        Era berean, bada, egin bear diozkatzu Jangoikoari zere eskanzak eta otoitzak. Bearren dezun gauza da Jangoikoarekin beti ongi etorzea, Jangoikoa zuk ziñez maitatzea ta Jangoikoaren maitanz onek eskatzen dituen gauzak egitea ta artako bear den grazi-lagunza humilki ta ziñez berari zuk eskatzea; bai ta beste gauzetarako bearko dezun esku ta gaia ere; baña hau azkeneko aldian ta gañez bezala; hau da alabaña bata ta bestea erdisteko bidea, ta bata ta bestea galzeko bidetan dabill, lenbizikoa utzi ta bigarren hau eskatzen duena. Hau esan nai zuen Jesusek, esan zuenean: «Ez dezu erdisten eskatzen dezunik, zeren gaizki egiten dituzun zere otoitz-eskanzak»: petitis, et non acci pitis, eo qudd male petatis (Jacob. 4, v. 3).

        Askotan eskatu diozu Jangoikoari dizula hau edo hura ta ez dizu eman. Zergatik, uste dezu? Zeren auzi txar artan sartu ziñan ta aserre zabilzan enez-onezko ajuste edo zuzenz on bat egiten ez dezula. Eskutan dituzun egiteko ta lanak gaizki ateratzen dira, zeren senarra gaizki dabillen, auzoko batekin gaizki zatozen edo beste ari berea itzulzen ez diozun. Eritasuna ta lazeria ez da zure itxetik ateratzen, zeren uzten diezun zere humeei nai dutena egiten ta gaizki azitzen dituzun oriek berak eta zere itxeko beste guziak. Eta makur dabilza gañerako zure gauzak, zeren zuzenzen ez dituzun zere animakoak eta Jangoikoarekin gaizki arkitzen zaran ta bizi bekatu bizian; edo zeren lenbizitik eta gaizki eskatzen diozun, azken aldian ta zere bizitz enarekin bera palakatu ta, eskatu bear zeniona.

        Besteekin batean ematen ditu Jangoikoak emengo gauzak ere; baña besteak galerazteko ez den bidez ta askotan beinzat arleak nai etzuen eran edo erdizka. Eskatzen diozu Jangoikoari osasun osoa ta Jangoikoak ematen dizu osasun erdia ta uzten zaitu erdi on ta erdi eri. Eskatzen diozu ondasun andia, uda ugari bat eta era bereko beste gauza ta ez dizu ematen ondasun laurdena edo bat ere, bilze txarrak egiten dituzu udan ta beste gauzak ere agitzen dira eratsu berean. Eskutartean dakarzun egiteko bat zere on andirako nai zenuke; orretako eskatzen diozu Jangoikoari bere lagunza ta al-ere etzaitzu nai bezain osoki atera eskatzen zeniona. Animako naigabenz eta kezk andiekin arkitzen zara ta betiko galzeko beldur txikiarekin ez; eskatzen diozu Jangoikoari barreneko soseganza ta zure bekatu guziak barkatu diralako uste ta esperanz on bat eta gero ere aitzina doaz zure beldurrak eta kezkak.

        Denbor berean lasai ta gaizki bizi diran ta bekatuan arkitzen diran anitz ibilzen dira arinki ta naigaberik bage; jaten ta edaten dute ta jostatzen dira zerurako dirala balekite bezain soseganz andiarekin. Oriek berak edo orien erako beste zenbaitek badituzte ondasunak, izaten dituzte nai bezalako gariketak eta udak, nai bezain ongi ateratzen zaie beren egitekoa ta orrekin batean badute osasun osoa. Beste anbat agitzen zaie ongi bizi diranetatik zenbaiti ere. Zer kontu da, bada, diozu, Jangoikoak gutaz duena?

        Zuk bear bezain egoki-zuzena. Gaistoei ematen diezte Jangoikoak ondasun ta emengo zori on oriek, zeren emengo sari hau zor zaien egin dituzten zenbait gauz oni ta zeren beste mundurako sekulako nekea baizik irabazten ez duten ta emen eman bear zaien an ezin ar dezakeen saria. On zenbaiti ere ematen diezte Jangoikoak ondasunak eta beste onak, zeren dakien orien beren enerako izanen dirala; denbor berean ekusten du zure gaitzerako izanen lirakela eskatzen diozkatzun gauzak, eta zure animaren enari begiratu ta gero zeruan zuri mili ta milloi gauz obe emateagatik, ukatzen dizkitzu emengo galgarri oriek. Eta orra, zuri ongi naiez da ta zu obeki zaitzeko, ez dagokizuna Jangoikoari eskatuagatik ark zuri ez ematea.

 

 

§ II.

 

        Beste zenbaitez eman bear duena ere ez du Jangoikoak bereala ematen ta askotan bearrean arkitzen diranei esan-erazten die len salmari onak ziona: «Jauna, ta zergatik» (esaten zion salmariak), «zergatik nere bearrari ez-ekusi ta nere hitzari ez-aditu egin ta beste aldera jiratzen dezu zere begia? Noiz urrikalduko zara dudan gabenzaz ta nere biotz kezkatu gaisoaz?»: quare faciem tuam avertis? oblivisceris inopiae nostrae, et tribulationis nostrae (Ps. 43,24).

        Egiten du Jangoikoak hau, zeren den emalle epeduna ta bere aldiraño gauzak ematen ez dakiena: Altissimus est patiens reditor (Eccl. 5,4). Bere eskuan ditu Jangoikoak gaistoari dagozkan zeanzak eta kastigu gogorrak, bai ta onak eta gaistoak eskatzen dituzten gauz onak ere, ta al-ere bata ta bestea oni ta ari emateko bere aldiaren begira dago. Ez du Jangoikoak gaistoa sulezean ondatu oi, artako den gaizkia egin ta bereala, ta gero ere an hura ez ondatu naiez egiten ditu anitz gauz on, bere begiak ari zabal-erazi ta bekatu guziak begitan arrerazi naiez, ta azkenean ondatzen badu, izaten da bere bekatuan hura gogorturik ekusi ezkero.

        Onari ontart berak egiteko ere arzen ditu Jangoikoak askotan beinzat bere neurri epeak, eta gaistoa bada eskatzen diona, egiten dio ez-aditu, bere bearrarekin kezkaturik idiki ditzan animako begiak, ongi ekusteko bere tranze izugarria ta billa dezan beste gauzak baño len bere anima sendatzeko bear den gaia ta grazia, ta Jangoikoarekin bat egiñik ta presta dadin eskatzen dion beste gauzara.

        Ona bada ta bekatu larririk ez duena hau eskatzen dion gizona, ez dio askotan ematen bere-bereala, berriz ta berriz eskatuz ta otoitz berriak ta beste gauz onak egiñez, obeki irabaz dezan eskatzen duena ta ar dezan ongien dagokan aldiren batean ta izan dezan gero zeruan honra ta glori andiagoa. Ederki hau adirazten duen gauza da Egipton mutil gazte Josefi agitua.

        Ango gerrako nagusi Putifar-en itxean arkitzen zen Josef gazte hau. Ezin obeki egiten zituen Josefek nagusiaren itxeko lanak ta gauzak eta aren eskuan utzi zuen nagusi prestuak bere itxe ta bes. te guzia. Putifar-en emazte ta beraren itxeko andreak eragin nai zion Josefri gauz itsusi gaisto bat, eta gauz, Putifar nagusiaren agitz deshonraria. Eta ari hau ezin eragin ta gelditu zen guztiz sutu-mindua ta esan don bere senarrari Josefek egin nai izandu zuela berak ari eragin nai zion itsuskeria. Aserretu zen gezur hau aditu ta nagusia, ta itxeko eskua ta gilzak kendu ta bidaldu zuen bere presondegira.

        Presondegi artan arkitzen ziran Egipto bereko erregeren jauregitar bi. Biak izandu zuten amets bana. Beren ametsak agertu ziozkaten Josef gazteari ta Josefek biei beren ametsen zoria. Zori onekoari eskatu zion, andik atera ta erregeganatzen zen aldian, eska zezola hura ere andik atera zezala, zeren sartu zuten an obenik bage; baña ongi atera zenak baietz esan bazion ere, aldi artan erregeri etzion aren alde hitz bat esan; baña hura berearen gisako amets nekagarri ta arazo andizko batekin kezkatua ekusi zuen aldi batez, hitz egin zion. Eta anbat obe Josef gaztearenzat; bada jauregitarrak hitz egin zioneko, presondegitik atera ta eraman zuen erregek bere jauregira, ta eraman zuen bere urrengo gizon an egiteko ta zuen esku guzia ta bere eraztun-sellua ari emateko, leneko aldi batez ekusi genuen bezala.

        Orra horduan Josefi agi-gertatua, ta orra Jangoikoak bere eskaleekin askotan egiten duenaren ainzur ederra: sasoi obean ta geiago eman naiez, eskatzen dioten gauza bertan ez ematea. Luzatzen badu, bada, zuk eskatu ta bere emanza, ez da zer berandetsi; hordu obearen begira dago Jangoiko maitea ta, zerbait luzatuagatik, azkenean etorriko da (ta etorriko anitz luzatu bage), dio Abakuk profetak: si moram fecerit, expecta illum, quia veniens veniet, et non tardabit (c. 2,3). Ta etorriko da eskatzen diozuna ta geiago zuri ematera edo orrek baño geiago balio duen oberen bat ematera.

        Arte orretan bizi zaitez Jangoikoak bage utziko etzaituelako uste osoan ta esazu Dabid erregek esaten zuena: «Jangoikoaren gobernuan ta kontura nago, ta bear dudanik artu bagez ez naz galduko, ez»: Dominus regit me, et nihil mihi deerit (Ps. 22,1), ta aldi berean esazu: «Jangoikoaren eskutik artu nai dudana nere enerako dela berak dakiena da, ta hau ere nai dut, berak dakien horduz ta ark berak nai duen eran», zeren zuri dagokizun ta Jangoikoak nai duen artu-era den, al dezuna zuk zere aldetik egin ta beste guzia Jangoikoaren kontura uztea, S. Ignaziok beste anitzen artean egiten zuen bezala; bada onek egitekoren batekin arkitzen zen aldian egiten zuena zen, alegin guzian, berak hura bakarrik bukatu bear bazuen bezain osoki ta ziñez artan haritzea ta gero Jangoikoaren kontura, bear zen gisan aterako zelako uste osoan, uztea; ta azkenean etzen gelditzen ustel aren ust eta esperanz andia, ez eta milagroren bat artako bear zen aldian ere. Aditzekoa da bide onez bein agi-gertatua.

        S. Ignazio Jesusen Konpañia bildu baño len joan zen Jerusalengo toki santu guziak ekustera. Andik onarakoan arkitu zituen bazter aietan bi onzi prestatu. Benezi alderako andia ta sendoa bata ta bestea txar-zartua. Eskatu zuen andi sendoan zokotxo bat. Oni nagusiak ikasi zuen etzuela santuak onzi saririk eta etzuen artu nai izandu ta esan zuen: «Dioten bezain santua bada, ez du onzi beharrik; badoake oñez itsas gañean lurrean bezala». Santuak hau ekusi zuenean, «Egin dut nik niri zegokidana ta Jangoikoak lagunduko dit» esan ta sartu zen onzi txar erdi ustel urratuan, ta lagundu ere zion; bada elkarren aldean zebilzaia, izandu zuten bi onziak itsas-element izugarri bat; galdu zen onzi andi sendoa, baña txiki txarra ez ta itzuli zen santua nai zuen tokira.

        Egizu, bada, zuk ere zuri dagokizuna ta utzazu Jangoikoaren kontura beste guzia; bere horduan ta eran ark emanen dizu aldian dagokizuna ta bear dezuna. Jangoikoak dizula hau beti zuk egiteko grazia. Bai arren, bai.

aurrekoa hurrengoa