www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Igande eta festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1767-1782, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

XLVII
Espiritu Santuaren Bazk-ondoko
zorzigarren igandeko irakurraldia

 

Facite vobis amicos de mammona iniquitatis. Luc. 16.

 

Gaia: Nori ta nola egin limosna

 

        «Zeren bataioan Jangoikoaren seme egiñak gelditu ziñazten», esaten digu S. Pablok egungo bere Epistolan. Zertako ote? Geroztik bizitzeko aragi gaistoak nai duen eran ez, baizik Jangoikoaren legeak eta buru onak adirazten duten gisan ta eran, ta ori da, dio, zeruan bat beti bizitzeko bidea.

        Jangoikoaren legeak berezten dizkigu anitz gauza ta orietatik bat egungo Ebanjelio santuan. Ebanjelio onetan berezten digun gauza da limosna egitea ta degunarekin besteei beren bearra ta gabenza arinzea. Ara nola Jesusek hau berezten digun. «Gizon batek zuen», dio Jesusek, «beraren bazterren kontua zeraman bat. Aditu zuen kontueramalleak erdi galduak zeduzkala aren ondasunak eta bere kontuak; kontu onik ezin emanen ziola. Deitzen du nagusiak bere kontu-eramailea ta esaten dio: «Berri gaistoak dira aditzen ditudanak eta (kalte geiago izan ez dezadan) utzi bear dezu nere bazterren kontua ta goazen orain kontuetara».

        Arritu zen hau aditu ta kontu-eramalle gaistoa ta asi zen gerorako bere kontuak egiten ta esaten: «Mutil beroa gelditzen naz ni irabaz-biderik bage; langizan ezin hari niteke ta alkekizunak kenzen dit eskean ibilzea. Egin dezakedana da nagusia zor dutenen itxeetan bilzeko bideren bat billatzea». Deitzen ditu, bada, zordun guziak eta galdetzen dio lenbizikoari: Zenbat zor dezu zuk nagusia? Jauna, eranzuten dio, eun gurbil olio. Ez; ori, esaten dio, berrogei ta amar pagatu dituzulako papera ta esazu beste anbeste zor dezula, Galdetzen dio besteari: Ta zuk zenbat zor diozu? Jauna, eun anega. edo erregu gari. Ez, esazu larogei, ta ori gañerakoaren papera».

        Kontu-eramallearen nagusiak esan zuen, hau ekusi ta: «Orra, ani-. mako argia dutenak zeruko gauzetan baño buru obekoak dira lurreko gauzetan munduko gaistoak. Eta orra», esan zien Jesusek hau kontatu ondoan aditzen zeudenei: «Ilzen zarazten aldian ar zaitzaten sekula ko atsegintegietan, zeren diruarekin ta emengo beste gauzekin egizketzue al dituzuen adiskideak». Esan nai du: egizue limosna ta limosna. Orra egungo Ebanjelioan Jesusek berezten digun gauza: limosna egitea. Baña nori ta nola? Ori da aldi onetan guk ekusi bearra.

 

 

§ I.

 

        «Egiten zaio limosna», dio S. Thomasek, «gabe ta beartsu arkitzen denari, ta egiten zaio urrikariz ta Jangoikoaren izenean zer bait ematen zaiola»: quando datur aliquid indigenti ex compassione propter Deum. Hau egiten dutenei, «Begira», esaten die Espiritu Santuak, «nori ematen diozun urrikariz ta Jangoikoaren izenean ematen dezuna»: cum benefeceris, scito, cui feceris (Eccl. 12,1); zeren, salmari onak dion bezala, zori onekoa den (orretan ez uts egin naiez) bearsu ta gabe arkitzen denari begira dagokana, bear duena aldian ari emateko»: beatus, qui intelligit super egenum, et pauperem (Ps. 40,2).

        Badira bearsu beartasun ezin geiagokoarekin arkitzen diranak; bai ta orrenbat bear ez dutenak ere, andia izanagatik duten bearra ta gabenza. Albadezu urrikariz ta Jangoikoaren izenean emaiozu batari ta besteari orietatik bakoitzak bear duena ta egiñen dituzu bi limosna; baña zeretako ta beste bi oriek bear diña ezpadezu, emaiozu al dezuna bear andiagoan arkitzen denari; bada ori aldi orretan bestea baño urrikalgarriagoa da ta lenenik zure lagunza eskatzen duena. Hau guri adirazteko da Daniel profetarekin Jangoikoak bein egiña. Babiloniko leoi goseti zenbaiten erdian ta bera ere agitz gosetua arkitzen zen bein Daniel profeta. Gilzapean zedukaten Babilondarrak Daniel ta leoi goseti orien erdian, orien orzez illa ekusi naiez. Andik urruti ta Judako bazter batean zijoan hordu berean Abakuk profeta bere langille zenbaiti barazkalzen ematera. Jangoikoak aingeru bat igorri ta esaten dio profet oni: «Ez, profeta, barazkari ori eraman bear diozu Babilonian preso ta gose andian arkitzen den Danieli»; ta aingeruak hau esan ta profeta bere barazkariarekin artu ta bat-batean eraman zuen Babiloniko leoien lezera ta eman zion Danieli bere langilleen barazkaria (Dan. 14). Langilleak ere bear zuten beren jatekoa; baña billa zezakeen Danielek ez bezala; bada beretatik bat, besteak lanean utzi ta, bazijoaken zerbaiten eske profetaren itxera, ta etzuen Danielek nork ekarri jan ta edan bear zuena.

        Orra, beartsuenari lenenik limosna egin bear zaiola adirazteko Jangoikoak aldi artan egin zuena. Egin onek adirazten dizkigu beste bi gauz ere. Judatarra zen Daniel profeta, bai ta jatera eman zion Abakuk ere. Aingeruak ar zezaken Babilondarren bat, Abakuk profeta utzi ta, Danieli jatera emateko; edo Abakuk bere itxean utzi ta, eraman zezoken Daniel berari langilleetara Abakuk-ek zeraman jatekoa, ta ez bata egin zuen ta ez bestea, ta eraman zuen Abakuk profet judatarra judatar Daniel profetari jatera emateko. Badakizu zergatik? Guri adirazteko beren limosnekin gizonak gizonei ta al bada erritarrak erritarrei lagundu bear diela; eta agitz andia den aldian erritar baten edo beste edozeñen gabea ta bearra, zu baizik ezpada artatik hura atera dezakeanik, atera bear dezula zere janetik, soñetik edo erabilli oi dezun beste gauzetik zerbait ematen diozula bad-ere; ta bekatu larria lizakela, ori zuk egin nai gabez hura galzen uztea.

        Gisa berean bekatu larria lizake urte gaistoan ta jatekorik bagez jende gaisoa erdi illa dabillen aldian garidunak, gero garestiago salzeko, bere garia gordetzea edo erritik ateratzea. Onelako urte batez hau egin zuten zenbait Flandesko Konde Karlos-ek billatu ta sal-erazi zien gorderik zedukaten guzia. Mindurik garidunak isillik ill-erazi zuten Kondea. Baña lan gaisto hau egin zuten garidun guziak ill ziran laster ta orien itxeak bukatu ziran denbor labur batean ta ill zuten hordutik asi zen Kondea milagroz bazterrak betetzen ta Santutzat dadukate Brujas deritzan Flandesko erri batean (Molan. 2 May.).

        Erritar bat eta arrotza arkitzen balira, bada, bear ta gabe berdin batean ta zuk batek bear duena baizik ezpazenu, arrotza utzi ta eman bearko zenioke erritarrari, zeren arrotza baño zure lagun urkoagoa den erritarra. Eta erritarren artean ere eman baño len ekusi bear dezu nori eman limosna. Bi badira errian bearsu ez dutenak, gaistoa bata ta bestea ona, ta ezpadezu biei zer eman, emaiozu onari dezun piska, dio Espiritu Santuak: benefac humili, et ne dederis impio (Eccl. 12,6); ez eman, bada, gaistoari, gaistoak ematen zaionarekin indarrak ar ez ditzan gaitzerako ta emaiozu onari bere gauz onetan ari lagunzeko.

        Erritar bearsu onen artean ere bada zer ekusi ematen dezuna nori eman jakiteko. Badira edo izan ditezke errian zurekin zure erritar izatea besterik ez duten bearsu onak. Izan ditezke zure egiteko, ofizio edo kongregazio berekoak, bai ta zure aldeak ere, ta alde beren artean bat baño bestea zure alde urbillagoa. Bati edo besteari emateko baizik ezpadezu, beartsu berdinsuak badira guziak, asi zaitez zere aideetatik eta aideen artean ere urbillenetik. Zure aide urbillenak dira ait-amak, orien urrengoak zure humeak, gero datoz zure aurride-senideak eta zure humeen humeak eta gero batei ta bestei darraiztenak, darraizten bezala. Orietatik edozeni, bada, eman bear diozu, besteak bezain beartsu arkitzen denean, besteri baño len zere limosna.

        Aideei eman ondoan edo aide bearsurik ezpadezu, emaiozu bein zere egitekoko ta zure kongregazioko bearsuari; emaiozu gero erritarrari ta azkenean arrotzari, arrotzen edo beste orien artean ezpada besteak baño beartanz edo premi estu andiagorik duenik; bada orrelakoren bat denean, ori da aide ta beste guziak baño len zure limosna artu bear duena.

        Besteen gisakoen artean ere len dira zerbait on zuri len egin dizutenak. Eta orien artean sartu bear dituzu bularra zuri edo zure itxekoren bati eman ziona, zure itxean len ogia jan duena, zere eritasunean edo itxeko egitekoan lagundu dizuna ta era bereko beste zenbait.

 

 

§ II.

 

        Badira beste irur urrikarizko emate edo limosn-modu ere; bata relijiotarrei, bestea purgategiko animei ta bestea Jangoikoaren Elizei egiten zaiena. Relijiotarren artean badara seroreak, Jangoikoaren izenean ta urrikariz ematen zaiona baizik ez dutenak, eta orietatik dira Kaputxinak. Gizon-relijioso era berean bizi diranak edo fraideak, agitz eta agitz geiago dira; bada besteen artean dira S. Franziskoren serne obserbante guziak, orien artean sarzen dirala Kaputxinoak eta S. Pedro Alkantarakoarenak, eta beste anitz fraide-modu dira bearrez ta jateko diña izan gabez eskean dabilzanak eta oriei urrikariz ta Jangoikoaren izenean zerbait ematea Jangoikoari atsegin ematen dion limosna da.

        Badakizu zergatik? Zeren fraide on ta beste relijiotar guziak berak berez ta Jangoikoaren izenean beartsu ta gabe gelditu diranak diran ta Jangoikoak nai duen, beragatik zuten guzia utzi dutenak izan dezaten bizitzeko bear dutena ta izan dezaten hau urrikalti onen itxetik eta eskutik. Beste alde ere zor zaie oriei berei ori; bada orietatik anitz beinzat etxe andiko edo oneko seme bearsuak dira, bearsu jakinsuak dira; ta jakinsu, konfesioz, predikuz ta hitz onez ongi bizitzeko ta eriotz on bana egiteko bidea mundutar gaisoei agerzen dienak, oriei berei beren bidean anitz aldetara lagunzen dienak eta beren etsaiak garaitzeko otoitzez ta mezaz grazi anitz erdisten dieztenak.

        Eta Jangoikoaren izenean ta zuen onerako egiten dutenagatik ez ezik, beren birtuteagatik ere zor zaie zuen begitart ona, errespetua ta limosna; bada, oriek dira Eliza agitz honratu oi dutenak eta aldareak ere Santuz geienik betetzen dituztenak; bada relijioak munduan agertu ziran ezkero, orietatik mundutarretatik baño agitz geiago igaten dira aldaretara.

        Relijiotarrei limosn egitean, bada besterik ere ta da limosnariaren irabaz andia; bada Kristo Jaunak dion bezala, «on bat ongi arzen duenak (emanez oni beraren bearrak eskatzen duena) onaren izenean artuko du onaren sari ona; ta profet edo predikari bat arzen duenak (era berean ta beraren hitz onak aditzeko) predikariaren izenean artuko du predikari beraren saria (edo onari ongi egiten dionak izanen du onaren gauz on ta otoitz guzietan bere zatia; bai ta konfesariarenetan, predikariarenetan ta relijiotarrenetan ere, ori bera oriei egiten dionak): qui recepit prophetam in nomine prophetae, mercedem prophetae recipiet (Matth. 10,41); eta berez edozeñen otoitzak eta irabanzak baño andiagoak izan oi dira relijiotar konfesari edo predikari onenak, bai ta ongia edo limosna oni egiten dionaren irabaziak ere.

 

 

§ III.

 

        Beste guziena baño agitz gogorragoa da anima purgatorioko gaisoen bearra; bada infernuko su bera bezain izugarrian erretzen daduzka Jangoikoak gau ta egun ta puntu oro, beren bekatu andi barkatu ta txiki guzien zorrak an ater artean, ta guk geren otoitzez, mezez, komuni onez, induljenziz ta limosnez lagunzen ezpadiegu, an era orretan egon bearko dute orietatik anitzek anitz eta anitz urtez.

        Purgategiko anima guziak zordunak izanagatik, Jangoikoaren grazian daudenak eta andik atera horduko zeruan betiko sartu bear dutenak dira. Orietatik zenbait zure alde, zure predikan, konfesore, ongille, adiskide, erritar ta auzoko izanduak dira eta guziak dira agitz eskerdun onak, eta on bat egiten badiezu, ori bezalako amar ta eun an bertan daudela ta gero zeruan Jangoikoagandik erditsiko dizkitzutenak. Eta hau dakizun ezkero, ez diezu lagundu bear al dezakezun bidez ta limosnaz?

        Purgatorioko animei egin dakiokeen limosna da orien alde mezak ater edo enzutea, orien obira argia, ogia, dirua edo beste gauza eramatea; bada Jangoikoari orretan egiten zaion honrak eta arzen dutenaren alde Eliz-gizonak egiten dituzten otoitzak arin-laburzen dituzte animen ango neke gogorrak; bai ta eskean dabiltzan fraide ta beste bearsu guziak ematen zaienagatik egiten dituztenak ere. Eta gauz orietatik dagizketzunak egiten ezpadituzu, agi lekikezu bigar Fuldako abade Adelardori gertatua.

        Hau baño lenagoko abade guziak beren abadanzan an ill ziran fraide ta monjeen maiko jantegian egun oro ezarrerazten zuten, bizi balira emanen zitzaien jan-edana, ta andik artu ta eramaten zien atezai-porteroak bearsuren bati edo besteri, eska zezoten Jangoikoari an ill ziranen alde. Denbor gutian ill ziran abade Adelardoren zenbait monje ta esan zuen, anitz jaten ziotela illak eta kendu zuen orien maiko jatekoa ta limosna.

        Andik laster sartu zen koman gau-erdiko matutietara ta arkitu zituen ango kataderetan hura abade egin ezkero ill ziran guziak, eta zena ikaraturik eman zion igesiari. Baña illetatik batek itsatsi ta geldirazi zuen an. Kendu zioten gañetik zekarren habitua ta zekazten korre purgatorioko suan ongi gogortuekin erdi urratu zioten bizkar guzia, ta esaten ziotela «Orain hau, emendik irur egunetik aitzina gañerako», joan ziran guziak erdi illa uzten zutela. Elizako gauzak arturik ill zen andik irugarren egunean. Egin zen berriz abade leneko abadea ta egin zuen illaren maian leneko illekin egiten zuena. Baña ogei ta amar egunen buruan agertu ta esan zion abade illak lenekoari: «Nik limosna kendu ta purgatoriora ziran monje guzien animak purgatoriotik atera arte guzian etzaizkit baliatu zuen limosnak eta otoitzak».

        Orra, urrikaltia izaten ezpazara purgategi berean zuri ere agi-gerta dakikezuna: zu ara joan ta zuk bizi ziñala andik atera bear zenituenen alde izatea, zure alde esaten diran mezak eta egiten diran otoitz limosn eta beste gauz onak. Nai badezu, bada, balia dakizkitzun purgatorioko suan sarzen zaranetik urrikalti onen otoitzak, izan zaitez bizitzan purgatorio bereko gaisoen urrikalti ta egizu beti orien alde al dezuna.

        Elizen ta aldareen apainzak ere Jangoikoak onzat arzen dituen limosn-honrak dira. Hau siñisteko aski dezu zerura bein ta gero Jerusalengo Elizara begiratzea. Begira zazu zerura ta ekusiko dezu zeru atarian ta kanpoko aldetik arkitzen den izarrezko edertasuna, eta zeren zure begiak barrenera ezin sartu diran, galdegiozu an egondu zen Apostol S. Pablori zer arkitzen den an, ta eranzunen dizu ango gauzen gisakorik ez duela batek ere sekulan ekusi, aditu edo gogoan artu; ain andi, eder, egoki, zuzenak dirala guziak. Orra nolakoa Jangoikoari dagokan itxea edo jauregia!

        Zoaz orain Jerusalengo Eliza ta Elizaren zenbait apaingarri ekustera ta oriek ekusi ta ekusiko dezu gañerakoa. Josefok dionaz (ta ango gauzen berrilari ena ta israeldarra da Josefo hau) baziran Jerusalengo Elizan urrezko amar mili kandelero, ogei mili inzensario ta oriek eta gañerako urrezko gauzak laur-eun mili ta zillarrez egiñak zorzi-eun mili, kontatu bage bronzezko ta beste gaiezko gauzak. Zer Eliz izain zen, bada, orrenbat eta orrelako edergarri zituen Eliza? Eta al-ere ori egin ta orren presenta egin zion aldian, esan zion errege jakinsu Salomonek Jangoikoari: «Jauna, ez dira zure diña zeruen zeruak eta ez dakit nola sartu nai dezun itxe txar onetan».

        Etxe txarra bazen, bada, Jangoikoarenzat Salomonen Eliz galant-apaindu munduan izandu den ongien egin, aberatsen ta ederrena hau, zer itxe izain dira Jangoiko berarenzat zure erriko ta gañerako erri andi txikietako Elizak? Emozu, bada, zere errikoa apain-ederzeko ta orko kongregazioko ta beste lan on guzirako argi-zati, diru edo al dezuna, ta guti izanagatik eman dezakezuna, onzat artuko dizu Eliz berean arkitzen den Jesus sakramentatuak eta ori zuk egiten dezun aldian esanen die noski an berekin dituen aingeru guziei, len Apostol berei, alargun gutidun batek Jerusalengo Eliz andi ederrean egin zuena ekusi ta esan ziena. Utzi zituen an alargun onek limosnaz bi ardit bezala ta hau ekusi ta esan zien Jesusek Apostol berekin zituenei: «Ez da Eliz onetan sartu bearsu gaiso orrek diña eman duenik» (Luc, 21,3), eta esan zuen hau, zeren zuenetik besteak ematen zutena baño agitz geiago zen beretik ark emana.

        Nai badezu, bada, urrikal dakizun Jangoikoa zere bekatu guziak barkatzeko ta dizun emen ongi bizitzeko bere grazia ta gero sekulako gloria, egizu al dezuna agertu ditugun lau bide oiez; bada emate hau da ori guzia Jangoikoagandik erdisteko bide guztiz egokia, errege Nabuko Donosori Daniel profetak hein esan zion bezala. Egizu, bada: bai arren, bai.

aurrekoa hurrengoa