www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Igande eta festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1767-1782, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

XX
Garizumaren
lenbiziko igandeko irakurraldia

 

Et ecce Angeli acceserunt, et ministrabant ei. Matth. 4.

 

Gaia: Guk nai badugu gure onerako dira
emengo gure neke ta tentaldi guziak

 

        Zeruko atseginza da fededun guziok billatu behar dugun ondasuna, ta izanen badugu, billatu beharko dugu Jesusek hitzez ta lanez agertu digun bidetik oñik atera bage. Gaurko Ebanjeli berean ere agerzen digu Jesusek bide hau bere lanez ta nekez bein, ta gero hitzez ta esanez. Zeruko bide hau gaur agerzeko Jesusek bere gain artu duen lana ta nekea da berrogei eguneko baru luzea; baña baru zein nekagarria? Orrenbat egunez bokadu bat edo edar tantarik ere bagekoa; bada berrogei egunez barutu zen Jesus jatekorik edo edan piskarik ere artu bage ta bere baru nekatu hau bukatu ta arkitu zen gosez agitz flakatua: postea esuriit.

        Zertako barutu zen Jesus orrenbat egunez ta baru onen gogorrean? Bere beharrez, ez; bada etzuen Jesusek gorputza baruz edo beste bidez zer nekatu, bere gorputzari eragiteko berak eta beraren betiko Aitak nai zutena; zeren etzen gureen gisan Adanen bekatuz gaiztatua Jesusen gorputza. Barutu zen, bada, Jesus guri erakusteko baruz edo beste bideren batez geren gorputzak nekatuz irabazi behar dugula zeruko ondasuna ta gloria. Orra lanez Jesusek guri agertua zeruko bidea.

        Zeruko bide hau agertu zigun Jesusek hitzez ere, gaurko Ebanjeli berak esaten digunaz. Nola, uste dezu? Ara: gure inguruan dabil gu galdu naizik deabru gaiztoa, orz zorrotzak eta atzapar galgarri gaiztoak daduzkan ta bazterrak orroz urratzen dituen leoi baten gisan ta eran, dio S. Pedrok. Ekusi dugun gisan barutu ta arkitu zuen deabru tentaleak Jesus agitz gosetua, ta gizon besteen gisakoa edo Jangoiko-gizona zen ekusi naiez, asi zen jatekoz hura tentatzen ta aldeko arri pilla bat ari erakutsi ta esaten dio: «Orrako ari-pil ori hitz biz badagikezu ogi; egizu, bada, ta ase zaitez». Nai zuenik ekusten utzi bage garaitu zuen Jesusek etsaiaren tentaldi hau; ta garaitu, Eskrituraz, Eskriturako berria zuen edozein gizonek garai zezaken gisan, ta gelditu zen Jesus bere flaki ta gose guziarekin ta etsai gaiztoa nai zuenik ikasi bage.

        Eremu batean agitu zen Jesusen ta bere etsai gaiztoaren joan-etorri ta lei-pele hau. Etzuen etsi etsaiak eta egin zion Jesusi beste bidez bigarren tentaldia. Artu ta eraman zuen bere eremutik Jerusalengo erri santura ta utzi zuen ango Eliz gañeko egontegi batean ta esan zion: «Jangoikoaren Semea bazara, ez dezu zer nekatu emendik berañoko eskaleran; emazu salto bat eta miñik ar ez dezazun, artuko zaituzte beren eskuan Jangoikoak artako daduzkan zenbait Aingeruk eta utziko poliki an beko lur artan». Aldi onetan artu zuen Jesusek lenekoan artu zuen bide bera ta Eskritura bereko hitzez mututu zuen bere etsaiaren muturra.

        Irugarren aldian itzuli zen etsaia leneko bere lanera ta andik mendi-gain batera hura eraman ta eman zion Jesusi bere naigabe bidea ta tentaldi berria. Agertu ziozkan munduko erresum, ondasun, atseginz eta honra-modu guziak, ta guziak emanen ziozkalako hitzarekin beretu nai izandu zuen hura. Baña horduan ere garaitu zuen Jesusek etsaia leneko bi aldietako gisan Eskritura Santako hitzez ta utzi zuen argana ez-baidan bezain illunbe andian ta nor zen Jesus etzekiela; baña etsaiak ere bere joan-etorri ta ibiller gaiztoekin utzi zuen Jesus len ere baño neke ta gose agitz andiagoan, ta joan zen bestetara bere egiteko galgarriren bat arzera. Hordu berean igorri zion Jesusi betiko bere Aitak behar zen guzia ta aitu ziran Jesusen neke-goseak. Orra, hitzez ere erakutsi zigun Jesusek len nekez ta anitz baruz erakutsi bera, ta agertu zigun zeruko ondasunen irabaz-bidea dela nekez ta tentaldiz betea ta emengo neke ta tentaldi guziak dirala Jangoiko urrikalti onak gure onerako arzen dituen gauzak, aldi onetan guk ekusi behar dugun bezala.

 

 

§ I.

 

        «Etzigun alfer egoteko Jangoikoak eman bataioko grazia», esaten digu S. Pablok, Korintharrei egin ziezten bi kartetatik batean ta egungo Mezako Epistolan. «Gure biz-denbora irabaz denbora da», dio, «ta betiko irabanzen ta sekulako glori-ondasunen irabaz-denbora»: ecce nunc tempus acceptabile; ecce nunc dies salutis (2 Cor. 6).

        Baña zer bidez ta nola irabaziko dugu zori oneko ondasundi hau? Jesusek egungo Ebanjelio Santuan agertu digunez, Jangoikoak nai duen gisan biziz ta munduko guzien begietan ere ongi diruditen gauzak egiten ditugula ta orretako me-meki ta pazienzi andian artuz geren buruen nekagiro guziak, naiz barrendik datozenak izan, naiz gorputz berekoak. Baña zer nekagiro dirala, S. Pablok dionaz, uste dezu nekagiro oriek? Geren barreneko naigabenzak, tristurak eta nasketak, bai ta gorputza nekatzen duten baruak, lo-galzeak, lan ta ibiller gogorrak, besteen asmanz ez-diranak, deshonrak, engañanzak eta tranpak, bidebageko presondegia, auzia ta beste edozein kalte ta neke. Orra, bada, Jesusek hitzez ta lanez gaur agertu digun biderako S. Pablok berezten dizkigun zenbait pausu, lan eta gauz.

        Langai nekagarri orietan badira fededun onak berez egiten dituzten gauzak, bai ta bestetatik eta etsai gaiztoagandik datozenak ere, Bakoitzak bere gogoz egiten dituen konfes-komulgatzeak, limosnak, baruak eta beste gauz onak izutzen ez dute fededun ona; baña fededun on bera ere noizbait anitz asaldatu oi da bere gain ekusi ezkero beharra, gabenza, eritasuna, etxeko ta auzoko zenbaiten ta bere humeen mukerz, dollorza ta gaiztaginza edo sulezeko gaiztoaren zirika, sua ta tentanza, ta bere nekarte orietan ez dio beti behar den begiz Jangoikoari begiratzen ta esan ere oi du: «Itsua bide da gure Jangoikoa ta eskurik bageko alsua bereei lagunzeko; bada ekusten ezpagindu bezain guti lagunzen digu geren neke, lan gogor ta egiten dizkiguten bidegabenz galdu gaiztoetan».

        Beste zenbaitek esan oi dute: «Ez bide du Jangoikoak guretzat anitz gaiztori ematen diezten ondasun ederri; bada oriei gaizki dabilzan aldian ere ematen diezte nai dituzten ondasun, atseginz, honrak; eta orren eskutik guk arzen duguna da nekea, beharra ta naigabenza, geren aldetik egiten badugu ere al duguna, geren gauz guzietan berari atsekaberik ez eman naizik». Badira beste aldi orrelakoan esaten dutenak: «Nola Jangoikoak onzen ez ditu anbat aldiz nik eskatu ta ere, nere senarra, nere giarraba, nere suia, nere humea ta etxean ezkonzaz edo serbitzurako sartu zaidana; bada oriekin ezin burutu dut nik eta beren animen ta nerearen galgarri gaiztoak dira».

        Orra zer dion ez dakien eroaren eran hitz egiten duen fededun gaiztoaren erausiak; bada bere on-aldera Jangoikoak zuzenzen diozkan neke-tentanzak arzen ditu behar ez den aldetik eta bere gaitzerako, ta egiten du orretan suge itsu ziraunarekin botikari jakinsuak egiten duena ez, baizik orien izurriz bere burua ilzen duen eroak egiten duena.

        Arzen du botikari jakinsuak burdiñezko korrik batekin zirau itsu izurduna ta artako duen onzian utz-erazten dio duen izurri ta pozoi-beneno guzia ta zirau garbitu beretik arzen du erien sendagai on, triaka egiteko behar den zatia. Baña orrelakorik ez dakien eroak oñez ertsi-estutzen dio zirau berari buztana ta zirauak arzen duen miñ-oñazearekin egiten dio oñean ozka ta orzez egiten dion zuloan uzten dio bere izur-pozoi-benenoa ta bertan anditu ta laster ilzeko gaia.

        Ekusi ditugun ta era bereko beste neke ta tentaldi guziak badute beren mingai gordin gazia, bai ta irabazgai andi ederra ere; ta irabazgai, mingaiagandik berez ditekena, Job santu, Tobias zar eta beste anitzek Lege zarrean ta beste anitz geiagok berrian berezi dutena ta guk ere geren aldian berez dezakeguna, ta hau da gugandik Jangoikoak nai duen ta orain guk ekusiko duguna.

 

 

§ II.

 

        Saia zaitezen, bada, zere lan on orretara ta dagizun aldi oro obeki ta bein ere enoiatu bage, jakin behar dezu bere edo besteren eskuz Jangoikoak igorzen ta bidalzen dizkitzun neke ta tentaldi guziak, ona bazara, obe zaitezen izaten dirala; gaiztoa bazara, on zaitezen ta, zere gaiztaginzak utzi badituzu, orien zorren alde; ta orra, Jaungoikoaren aldetik guzia da guri ongi naiez ta gure urrikalti ta maitari onak egiña bezala. Geren bekatu gaiztoen edo bekatu beren zorren alde Jangoikoak hau gurekin egiten duen aldian egiten du Persiko Juez jaunak ango zaldun obendun edozeinekin egiten zutena ta Españiko Errege Felipe laugarrenak bere seme txiki Prinzipe berarekin egin oi zuena.

        Persiko zaldunak gizonak ziran, ta gizon, besteen gisan gaiztaginzak zegizkenak. Egiten bazuten bat edo beste, bakoitzari ezarzen zien bere auzi-pleitoa ta auzian garbitzen ezpazuen bere burua eta obendun geldi ezkero, aren gain zen Juezen sentenzia; baña sentenzi, zaldun bera ukitzen etzuena; bala sentenziz kenzen zien zuten soñekorik onena ta bere buruko turbant ederra ta ezarzen zuten soñekorik onena ta bere buruko turbant ederra ta ezarzen zuten zur-adar batean bata ta bestea, ta beraren jabea ill nai bazuten bezala, betezen zuten saet-tiroz zen guzia; ta, andia bazen jabeak egin zuen gaiztaginza, bere tiroz ta saetez urratzen ta auts egiten zuten guzia. Orra Jangoikoak diogun aldian gurekin egiten duenaren ainzur ta itzal egokia.

        Orren beraren ainzura da Errege Felipek bere seme txikiarekin egiten zuena. Present egin zioten Prinzipe aur oni Txinako txakur polit bat. Aurrak bezala agitz nai zion bere txakurtxo oni; egun oro nai zuen ekusi bere gelan ta egiten ziozkan an bere aurkeri-fest eta kariño-moduak. Ikasi zuen hau Erregek eta aur berak utsen bat egiten zuen aldian, etzion berari deus egiten; baña berriz alakorik egin etzezan, zearazten zuen Prinzipe bera begira zegoala aren txakurra.

        Gure anim ederraren soñekoa da gure gorputza, ta animak gaizkiren bat egiten duen aldian, hura zenzaturik uzteko ta berriz alakorik egin ez dezan, zeatzen du Jangoikoak bere gorputzean; ta zeatzen, zenbait aldiz bere eskuz ta ematen dion oñazez, sabel miñez, eritasunez edo beste gaitz moduren batez. Beste aldian zeatzen du anima gaitzgillean etsai gaiztoen edo mundukoren baten eskuz. Etsai gaiztoen eskuz zeatu oi du Jangoikoak gaiztoa, etsai zeatzalleari barrena sarzen utzi bage ta kanpotik egiten dituen soñu ta eskanbill-nasi nekagarriekin ta burura ta bihotzera sarzen diozkan oroitzapen gaizto ta tentanz galgarri zenbaitekin baita noizbait gaizto bereei barrena sarzen utzi ta an ark egiten dituen nekanz eta urranz agitz mingarri gogorrekin ere.

        Munduko gaiztoen eskuz ere zeatu oi du Jangoikoak anima, ta zeatu oi, aitak seme txikia zigorrez ta andia garrotez bezala. Hau da bein Nabukodonosoren eskuz Israeldar gaiztoekin egin zuena. Errege andi arro hau Israeldarrak gaizki zebilzan aldi batez igan zen orietara, bere ustez ta naiez oriek galzera, ta utzi zion Jangoikoak ara igaten, izan zedin beraren zigor ta garrote, ta zea zitzan zegoten gis-era gogor mingarrian. Ala dio Jangoiko berak Isaiasen ezpañez, bada dio: «Asiriko Errege edo Nabuko nere aserraldiko zigor ta garrota»: Assur virga furoris mei, et baculus. Eta zenbat ere gaiztoagoak Jangoikoak orrela zeatzen dituen animak, anbat gogorragoa aren horduko zigor-garrote-bastoia.

        Constantinoplako Enperadore Mauricio ta aren peko anitz agitz gaiztatu ziran beren aldian herejiz, besteei berea kenduz ta beste asko aldetara. Oriek zenzarazi naiez artu zuen aldi artan Jangoikoak Focas zeritzan gerrari gaizto itsusi bat. Beren nastaldi batean Mauricio utzi ta egin zuten soldadu gaiztoak Focas Enperadore. Soldadu berak eman zioten eskua seguratu naizik, artu zituen Focasek preso Mauricio bera ta beraren bost seme. Bertan ta aita begira zegotela ill zituen borrero gogorren eskuz aren bost seme gaisoak eta orien ondotik aita Enperadore bera. Bizirik errerazi zuen Mauricio beraren soldadu Narsete, gaitzik egiñen etziolako hitza autsi ta. Bere soldadu berei eman zien erretzeko, ilzeko ta ost-ebasteko nai zuten esku guzia ta berak eta beraren soldadu gaiztoak egin zituzten Inperio guzian sekulan bestek ez bezalako zeanzak eta kalteak, dio berri hau dakarren Kardenal Baroniok: omne genus malorum eo tempore in Imperium exundavit. Hau ekusi ta agitz arriturik galdegin zion Jangoikoari Relijioso santu batek: «Nola, Jauna, fededunei eman diezu Focas bezain Enperadore gaizto bat?». Eta Jangoikoak erantzun zion: «Gaistoagorik arkitu banu, aren ordez hau egiñen zuen orien Enperadore, zeren Inperi onetako gaiztaginzak eskatzen zuten buru gaiztoen bat»: deteriorem illo alium inveniri non potuisse, et hoc meruisse Graecorum flagitia (Baron. An. 610).

 

 

§ III.

 

        Orra; Jangoikoak zenbait aldiz berez edo besteren eskuz egiten du bekatari gaiztoekin beren zaldun obendunekin Persiko Juezak egiten zutena; bada zeatzen ta kastigatzen ditu animaren soñekoan edo berez erre ill beharra den gorputzean. Beste zenbaitetan egiten du Errege Felipek bere semearekin egiten zuena. Onen semeak bere zakurtxoa bezala maiteegi du amak semea, aitak alaba, batak edo besteak, biak ezpada, beren ondasuna, ta egin dituzten bekatu gaiztoen alde ta zenzarazi naiez, igorzen die Jangoikoak ganaduaren pikorra, ondasunen auzia ta sentenzi gaiztoa edo beren humeen eritasuna ta gaitza. Zenbait aldiz egiten du Jangoikoak besterik ere; bada orien aita edo ama zeatzen ta naigabetzen ditu beren hume berez, oriek berak gatik edo bestela egin zituzten kulpen alde; ta zeatzen ditu humeen mukerkeriz ta esker gaiztoz edo oriei ezin eragiñez nai dutenik, edo oriei ezin kenduz arzen dituzten oikur ta bide gaiztoak, bai ta bizikidea bizikidez ere; ta hau ere izan oi da batak besteari egin edo eragin diozkan bidegabenzen alde.

        Zeakunz hau irabazten dute oben andirik egin ez duten guraso berak ere. Patriark Jacobek izandu zituen anitz seme ta guzien artean besteei baño geiago nai zion Josef zeritzan bati. Egin zion bein oni besteei ez bezalako soñekoa ta beren aitaren aldetik urruti ekusi zuten batez kendu zioten begitan arturik zeduzkaten beraren anaiak. Bera ill nai zuten anai zenbaitek, besteak ez, ta azkenean saldu zien kargaketan zebilzan Ismaeltar zenbaiti. Humerri baten odolez busti ta igorri zioten aitari ekus zezan aren semearena zen edo ez. Hura ekusi ta uste izandu zuen Jacobek otsoren batek jan zuela aren seme maite emazurz Josef eta betiko galdu zuelako ustean Jangoikoak daki norañokoak izandu ziran aren bertako ta urrengo urteetako naigabenzak eta miñak. Anitz urteren buruan ikasi zuen etzela ill aren seme maite Josef; baña Josef beraren bidez ere izandu zituen berri hau aditu ta hura ekusi baño len naigabenz, kezk eta min berri andiak.

        «Zergatik ote?», galdetzen du S. Agustinek eta bereak eranzuten du: «Zeren Jakob gizon ona ta bekatu larririk etzuena bazen ere, len seme Josef berekin zuen denboran ta gero beste bere zenbait gauzetan, oi den gisan, txiki zenbait egin zituen ta zeren Jangoikoak kendu nai izandu ziozkan emen orien autsak eta zorrak»: quoniam igitur sine istis minutis peccatis esse non poterat, voluit Deus illa parva peccata in hoc saeculo igne tribulationis consumere (Augus. serm. 80 de temp.). Eta egin zuen Jangoikoak hau Jacobekin Jacobi onginaiez.

        Eta orra, guri ongi-naiez dira Jangoikoak gugana zuzenzen dituen neke ta naigabe ta tentaldi andi ta txiki guziak. Bai ta gure obenik bage zuzenzen dizkigun aldian ere; bada horduan zuzenzen dizkigu neke orien suarekin, burdin garbia limarekin bezala, len baño garbiago ta leunago egiñak gure animak uzteko ta bidenabar zeruko irabanz andiak egiteko bidea guri eman naiez, bai ta ekusi naizik ere zertaraño maitatzen dugun guk hura bera: tentat vos Dominus Deus vester, ut palam fiat, utrum diligatis eum (Deuter. 13,3).

        Jangoikoaren urrikalz gogorra da, dio S. Augustin berak, gaiztoa emen ondasundun ta kanpoko kezkarik bage uztea; hau da alabaña, dio Santu Doktoreak, Davidek dionaz, Jangoikoaren benganz izugarria ta gaiztoa bere gaiztaginz galduak gatik sekula guziko nekepe izugarrian utzi nai duelako señalea: Deus propitius fuisti eis, et ulciscens in omnibus adinventionibus suis (Ps. 98,8).

        A, nere Jangoiko maitea!: ta zein itsua bizitu nazan ni oraindañoko nere aldian; bada nere urrikariz, zuk niri ongi naiez ta nere on andirako bidalzen zenizkedan neke ta naigabenz nik nai ez nituenak; baña agitz zegozkidanak, etzegozkidan kastigutzat arzen nituen nik, eta orien-pean irabazi onak egin lekuan, egiten nituen zor berriak eta bekatu gaiztoak; baña gauza den gisan ezagutu dudan ezkero, besterik izanen da datorren aldian; bada onezkero artu uste ditut zure ontartetako nere neke ta tentaldi guziak; eta artu uste, nere bekatu guzien alde ta zure izenean. Betoz, bada, zuk nai dituzunak eta betoz aldi berean zure grazi ta lagunz andiak, diodan gisan ta ongi guziak nik eramateko. Bai arren, Jesus urrikaltia, bai.

 

aurrekoa hurrengoa