www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Igande eta festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1767-1782, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

LX
Espiritu Santuaren Bazk-ondoko
ogei ta batgarren igandeko irakurraldia

 

Et iratus dominus eius, tradidit eum tortoribus, quoadusque red deret universum debitum. Matth. 18.

 

Gaia: Geroko kontuaren beldurrak
zenzarazten du bekataria

 

        Adimentudunak gara Jangoikoari eskerrak, bai ta minkor-minbereak ere. Ez dagokigun ta dagokiguna ezagutzen dugu adimentuz, ta minkorzak ez dagokigunaren iges ta dagokigunaren billan erabilzen gaitu. Ongi egiten den gauzarenzat berezi du Jangoikoak dagokan saria ta eginkunz makur bakoitzarenzat zeanza ta neke gogorra, ta agerzen digu bata ta bestea neke-zeanzen beldurrez utz-erazi naiez ibiller makur ta bekatu gaistoen bidea ta sari onaren zaletu ta eragiteko egin bear den on guzia. Jangoikoak nai duen hau zuk egiteko ibilli bear dezu kontuz, erne ta adimentuko begiak zabal-idikiak dituzula. Hau zuk egin ta (bururik badezu) errazki, etorkizun gaistoaren beldurrez utziko dezu bekatura daraman bidea ta zerbait neke dakarrena izanagatik, artuko dezu birtute ta sari onera zuzenzen duena. Hau egin bagez galdurik gelditu zen egungo Ebanjeli santuan agerzen den gizona.

        Erregek, Ebanjeli santuak dionaz, bere peko guziak deitu ta eskatu zien zituzten artu-emanen kontua. Amar mil talenturen zorrarekin arkitzen zen bat eta ez izanez nondik atera, agin-manatu zuen erregek zor aren alde bere andre, hume ta zuen andi ta txiki guziarekin sal zedilla. Argandik hau aditu ta arritu zen zordun serbitzaria, bota zituen bere bi belaunak lurrera, bildu zuen esku bata besteagana ta batetan biak eta denbora berean bere begiak humilki goratzen zituela, eskatu zion bere nagusi errege arzekodunari zerbait epe ta denbora zor ziona nonbait bilzeko ta eskatu zion obenik etzuten bere andre ta hume gaisoak gatik. Era artan hura ekusi ta urrikaldu zen errege nagusia ta egin zuen eskatu ziona ta geiago; bada barkatu zion bere zor guzia ta jaikirazi ta bidaldu zuen pozez betea.

        Nork etzuen usteko gizon onek diña on ta barkanz bere nagusi arzekodunari zor zionak etziola bere lagun bati edozein zor txar barkatuko, edo onek ari, berak bere nagusi erregeri bezala eskatu ezkero, emanen bere zorraren diña nonbait billatzeko zerbait aldi ta denbora? Baña hau da giza txar eskergabeak egin etzuena; bada bere zor anda nagusi erregek barkatu ziolako pozarekin aren itxetik atera ta batu-topatu zuen zerbait zor zion bere lagun gaiso bat eta ekusi bezain laster itsasi ta ito nai zuen eman zezen bere-bereala zor ziona. «Itxozu, gizona», esaten zion me-meki ta humiltanz andian lagun zordun gaisoak; «utzadazu ta alik lenena billatu ta ekarriko dizut nere zor guzia», ta belaunikaturik hau esan bazion ere, ezetz esan ta sarrerazi zuen presondegi gogorrean. Bien lagunak adirazi zioten guzien nagusi erregeri hau guzia eta nagusiak barkatu zion serbitzariaren gogortasunaz aserreturik, erakarri ta zegokana esan ta sarrerazi zuen zor ziona ezin paga zezaken presondegi batean. «Hau bera egiñen du nere Aita zerukoak», dio parabol hau dakarren Jesusek, «bekatari gaistoarekin». Etzuen bere lagunarekin egiñen serbitzari gogorrak egin zuena, jakin balu agi-gertatu zitzaiona ta ez lizake sulezeko presondegirako bekataria, siñisten balu egiten dituen bekatu gaistoei dagoten kontu izugarri ta sekulako nekea ta orregatik bat ez galzeko bidea da egiten duenaz Jangoikoari kontu eman bear diola gogoan erabilzea.

 

 

§ I.

 

        Jangoikoak igorzen baligu bere zerutik edo sulezetik bat eta onez baletor hau, esanen liguke, jakinsu baten ezpañez Espiritu Santuak bein esana. Badakizu zer? Berak diona: «Ikas zazu», dio «ta oroi zaitez Jangoikoaren tribunalean niri agituaz; bada hau bera da an zuri agi-gertatu beharra»: memor esto iudicii mei, sic enim erit et tuum (Eccl. 38,23) ta hau bera lizake beste mundutik onez letorkigunak esanen ligukena.

        Argandik guk hau aditu ta gald-egiñen genioke: «Ta zer da an zuk ekusia ta zuri an agi-gertatua?». Nik ez dakit horduan ark eranzunen ligukena, baña badakit eranzun lezakela S. Agustinek esaten diguna, ta S. Agustinek esaten diguna da: «Bere gorputza utzi bezain laster arkitzen da ill denaren anima bere kontutegi Jangoikoaren tribunalean. Tribunal kontutegi artan gañeko aldetik arkituko du animak juez aserre egiñik Jangoikoa»: superius iudex iratus; azpiko aldean ta bere oinpean idukiko du deabru galduen suleze-infernu idiki izugarria sufrezko suz, illunbe belzez ta gaisto amurratuz betea: inferius horrendum chaos. Eskoi aldetik agertuko zaizka bere bizian egin dituen bekatu andi ta txiki guziak eta bekatu, munduko suge ta sierpe izurdunak baño agitz geiago izutuko dutenak: a dextris peccata accusantia; ezker aldetik kont-al baño deabru geiago, suzko kako izugarriekin artu ta hura berekin sulezera eramateko prest daudenak: a sinistres infinita daemonia ad supplicium trahentia, ta bere barrenean arkituko du ozka ta karraisika salatuko, erreko ta urratuko duen konzienzia: intus konszientia urens. Eta zer egin dezake edo nora iges egiñen du era ta gis onetan an arkitzen den animako quo fugiet peccator sic de prehensus?».

        «Tribunal artan ez da deabrua agertuko», dio santu doktoreak, «isillik egoteko; agertuko da an arkitzen den animari al duen gaitz guzia egiteko. Baña gezurtia bad-ere, egiz an ta gezurrik bage egiñen dio animari al duen gaitz guzia; bada an arkitzen den juezaren begietan ez da gezur jokoan hariko deabrua. Lenbizikorik an deabruak egiñen duena da», dio, «bataioko bere hitzarekin animari begitan ematea ta, «Oroitzen zara», esatea, «bataioko grazia erdisteagatik esan zenuenaz? Oroitzen zara nola grazia hau erditsi naiez esker gaistoak betiko eman zeniezten deabruari, deabruak eragiten dituen aragi lan gaistoei ta mundu arroaren erokeri guziei?: Abrenuntias Sathanae et operibus eius et pompis? Abrenuntio. Bai, ala da; ezin uka dezakezu».

        «Ongi, bada», esanen dio gero deabru amurratuak, «baña nerekin beti aserre arkitzen ziñan zu? Anima onaren ibiltzak izandu dira geroztik onara zuk ekarri dituzunak? Etzara zu geienean edo askotan beinzat nik, deabru galduak, nai nuen gisan ta ezin makurrago ibilli? Etzenuen zuk egiten niri, zere etsai galduari, atsegin ta Jangoikoari atsekabe egiñen ziona, Jangoikoarena baño agitz gogorragoa izanagatik nik zuri eragiten nizuna? Niri atsegin egiteko galzen zenuen festan, jokoan, jan-edan galgarrian edo era bereko beste gauzan zere dirua ta Jangoikoaren izenean ta zeruko irabazian etzenion ardit bat ematen animen mezari, Sakramentu andiaren argiari edo erriko beharsu gaisoari. Etzenion Jangoikoari egunean hordu erdi bat eman nai edo mezan edo libruan edo otoitz on garbian ta hordu osbak arratsalde anitz eta eguneko zati andak ematen zeniozkan tripanz, zezen-fest, neska mutil danz edo gogo gaistoak nai zuen beste gauzaren bati. Jangoikoari atsegin egiteagatik etzenituen belaunak agitz urratzen ta barurik ez egiteko ta beste gauz enak uzteko aitzaki txarrak billatzen zenituen al zenuen guzian; baña nik, zure tentari deabruak nai nuen joan-etorri ta beste gauza askotan galzen zenituen gau-egunak eta urratzen zenuen zere osasuna ta burua. Atozea, bada; ta hau zen Jan:goikoarekin ongi ta nerekin aserre edo Jangoikoarekin aserre ta nere ta zere gogo-gisara bizitzea? Hau bataioan eman zenuen lenbiziko zere hitza osatzea edo urratzea zen?». Orra aldi artan deabru gaistoak adiraziko dizuna.

        Artuko du gero beste biderik ere ta esanen dizu: «Ta batai bereko beste bi hitzak gorde ta osatu edo urratu dituzu? Ekus dezagun. Batai berean eman zenuen bigarren hitza zen aragi nastuak eskatzen dituen ta nik, deabru zur etsaiak, eragin oi ditudan gaistaginzetan etzinala sartuko sekulan. Baña egin dezu zuk zure hitz onek ziona? Ez dezu askotan autsi zere hitz on hau? Ez dezu zere gogo gaistoari atsegin egin naiez, hitzez ta gogoz ta lanez zikindu Jangoikoaren lege santa, ta lege, bataio berean gordeko zenuela bein ta berriz adirazi zenuena? Egin bazenu zure hitzak ziona ta bizitu baziña garbiro, izanen zenuen izandu dezuna baño osasun ta diru geiago, biziko ziñan bizitu zaran baño luzaroago, etziñan gaur arkituko arkitzen zaran tranze latz gogorrean ta iganen ziñan zeruko atseginz zori onekora. Autsi ta urratu dezu zere hitza, bizitu zara zere aragi loiak eta nik nai genuen gisan ta orra zu zori gaistoko nere lagun izan beharra».

        «Badezu orretarako gai geiago ta geiago ere, bada lenbizikoa ta bigarrena bezala autsi dezu zere bataioko irugarren hitza. Hitz onek ziona zen etziñala sartuko mundu eroak eta buru aizetu batek billatzen dituen arrotanz, bendeku sutu ta apainket galgarritan, ta bideak eman dizun aldi oro apaindu zara zere alegin guzian, ez diozu barkatu nai zenuen ona egin ez dizunari, ez eta nai etzenuen hitz bat esan dizunari ere, ta antust eta arrotanza da aldi gaistoak zekarren guzian agerzen zenuena. Eta orra, zu bizitu zara zere bataioan esan zenuenik egiñen etzenuela esan bazenu bezala». «Eta orra, Jauna», esanen dio gero deabru berak Jangoiko Juezari: «nerea da lanez ta bekatuz hitzez zuretu zen anima bataiatu gaisto hau»: aequissime iudex, iudica meum esse per culpam, qui tuus esse noluit per gratiam (Orat. Cont. Iud. c. 4). Eta orra suleze-infernutik datorren animak esan lezakena; ta oni ditxekola: «Jangoikoak, nengokana bezala, eman ta beretu ninduen deabru gaistoak eta eraman sulezera ta andik etorri naz gaur hau zuri adiraztera; ta orra, badakizu niri agitua, ta ni bezala bizitzen bazara, zuri ere Jangoikoaren tribunal berean gertatuko zaitzuna. Besterik izanen lizake zerutik letorren animak ekarriko lizun berria; bada izanen lizake zori oneko berria, ta berri, Jangoikoaren tribunalean egiteko gaistoak izandu etzuelakoa ta zeruan atseginz eder goisoz beterik arkitzen delakoa, ta agertu zaitzula esanen likezu zuri esatera zori on onetan arkitzen dela, zeren egin zuen bere bataioko hitzak ziona ta aren lagun izan uste badezu, dagizula zuk ere hau bera».

 

 

§ II.

 

        Eta orra, betiko zori ona erditsi nai duenak bere gogoan artu ta erabilli beharra: bere bizitzaren kontua juez Errege Jangoikoari eman beharko diola; ta eman beharko, juez Jangoiko guzia dakienari, juez Jangoiko nai duena dagikenari ta juez Jangoiko sekulako zori ona onari ta gaistoari betiko neke-tormentu gogorrak eman behar diozkanari.

        Etorkizun izugarria da bataioko bere hitzak autsi ta gaizki bizi denari darraizen kontu gaisto ta sari arrigarri hau; ta etorkizun, bururik ez duen batek baizik beretzat naiko ez duena. Buruduna zara zu zerekiko ta buru onduna. Eta siñistuko dut nik alakoa zarala etorkizun arrigarri onetatik iges egiten badezu; ta iges egiñen dezu, ongi bizi bazara; ta ongi biziko zara, gogoan erabilzen badezu aditu dezuna edo noizean bein ta etsai gaistoaren tentaldietan bad-ere hau zuk gogoratzen dezula.

        Kontu hau alde bat utzi ta bere gogara bizi zen aldian zikindu zuen Dabidek besteren ezkontza, zikindu zuen bere anima ta aserretu zuen gure Jangoiko juez zorrotza; baña gero bere erakeria ezagutu ta egiñaz damutu ta artu zuen berriz alakorik ez egiteko asmoa; bai ta egin zuena sekulan gogotik ez uzteko ta gau oro negarrez urratzen haritzeko asmoa ere, ta «Bai», zion, «bai, nere begietan dakart beti nere bekatua»: peccatum meum contra me est semper, ta nere begietatik hau nik gerorako kenzeagatik eta Jangoikoak bere tribunalean gogorki ar ez nazan, gau oro negarrez busti ta garbituko ditut nere oa-zurak eta maindire guziak: lavabo per singulas noctes lectum meum, et lachrymis meis stratum meum rigabo (Ps. 6,7). Guziaren ondotik dio: Jangoikoa aserretu ta sulezea irabazi dudalako, ikarak autsa ogitzat jan-erazten dit eta negarrez nats-erazten dit nere edaria»: cinerem tanquam panem manducabam, et potum meum cum fletu miscebam (Ps.). Eta onetan asi ezkero, etzuen Dabidek urratu Jangoikoaren lege santa.

        Ez dezu zuk ere urratuko Jangoikoaren lege bera, Dabiden eran gogora ezkero bekatuari darraikon kontu ta nekea. Gutiagogatik ere uzten dituzte gizonak beren bekatu ta gaistaginzak. Ekusten badezu begira dagokizula alkateren bat, uzten dezu geldirik ebatsi ta ostu nai zenuen sagar, humerri edo edozein beste gauza eta bazoaz aitziña alakorik ezpaliz bezala. Ez dezu hitz bat aterako besteren gain, baldin badakizu zu baño geiagokoa dela bestea ta ikas lezakela zure hitza ta gaitza, ta arritua geldituko ziñake adituko etzuelako ustean hura zuk esaten dezun denboran agerzen baliz an hura. Hau da Antigono zeritzan erregerekin beraren zaldun zenbaiti bein agitua.

        Bere gelan sarturik arkitzen zen errege Antigono, ta arkitzen zen, atarian zeuden beraren zaldun zenbaiten ustez lo ta lo; ta lo zetzalakoan asi ziran erregez txarki minzatzen. Iratzarria ta jaikia arkitzen zen errege ta aditu zuen beraren zaldunak zerausten guzia. Atera zuen isillik burua ta esan zien meki zaldun erausleei: «Zaldunak, zoazte aratago, adi ez dezan erregek zeren artean daraus-zuena» ta joan ziran erregek aditu zituelako alkearekin zegoten kastigua emain zielako beldur ta ikara agitz andian.

        Aditzen du Jangoikoak zuk esaten dezun guzia ta ekusten du egiten dezuna, bai ta zere gogoan darabiltzun asmorik txikiena ere; ta guziari begira dagoka, bakoitzari emateko dagokan saria edo kastigu gogorra; bada zer lotsa ta alkea Jangoikoaren tribunalean zuk ekusi beharra, ekusten dezun aldian ekusi zuela Jangoikoak zuk egin edo asmatu zenuen gaistakeria, ta ekusten dezunean deabru gaistoa ta zere bekatu bera ez ezik, zere aingeru zailea ere zere gain ta kontra dezula ta eskutik artu ta ateratzen zaituela Jangoikoaren tribunalera, ta kondena zaitzan, Orijenesek dionaz, ateratzen zaituela: unusquisque angelorum in iudicio aderit producens illos, quibus praefuit (Hom. 66 in Hum.).

        Tranze zein izugarria den hau adirazteko guztiz egokia da Bedak dakarren berri arrigarri bat. «Ezagutu nuen», dio Bedak, «gizon langille andi bat, baña bere irabazitik itxeko gaisoei guti ta gañerako guzia bere tripa-zantzari ta gaistakeriari ematen ziona. Artu zuen gizon hau berak uste baño len bere azkeneko eritasunak eta artan ekusi zuten begira zegozkanak guztiz asaldatu ta ezin-egonez betea, ta ekusi zuten eskua azpiko aldera jiratu ta «Ara», esaten zuela, «ara idiki-zabaldua ta nere begira infernu guzia». Ekusi zuten bazter batera jiratu ta «Ara» esaten zuela, «ara nere bekatudi izugarria; ara zenbat eta ara zein itsusi gaistoak eta zein andiak». Ekusi zuten bat-batean beste aldera itzuli ta esaten zuela: «Ara, ezin kont-al dina deabru guztiz belz moldakaitzak eta su ta gar egiñak. Eta ara nere aingeru bera ere nere kontra ta begi zorrotz izugarriz niri begira». Hau esan ta estali zuen maindirez aurpegia, asi zen orroz bazterrak urratzen ta egun guzia ta gaba orroz ta iraulka eraman ta ill zen amurratua, konfesioz ezpaliz baño kaso geiago egiten etzuela (Lib. 5 Hist. Angl. c. 54). Jangoikoak dezula tranz artaz maiz oroitzeko, kontuz bizitzeko ta beldurrik bage tribunal artan agerzeko grazia. Bai arren, bai.

aurrekoa hurrengoa