www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Igande eta festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1767-1782, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXI
Garizumaren
bigarren igandeko irakurraldia

 

Si vis, faciamus hic tria tabernacula. Matth. 17.

 

Gaia: Zein zori onekoak zerua,
zeruko lagunak eta zeruko atseginzak

 

        Etxerik ez duena etxe gura da; etxe txarra duenak izan oi du hura anditu ta edertu naia ta aren ordez jauregi bat egin al badu, gutiagoko etxez ez da asetzen, ta egiten duen jauregi edo etxea bere naiez betiko egiten du. Zerbait orrelako egin nai izandu zuen egungo Ebanjelio Santuak dakarren aldi batez S. Pedrok. Ebanjeli onek dakarren aldia da Jesus maitearen edertasun andi bateko aldia.

        Artu zituen bein Jesusek S. Pedro, Santiago ta S. Juan Ebanjelari maitea ta besterik bage igan zen mendi luze gain batera. An irurak ekusten zutela, gelditu zen Jesus argiz ta edertasunez jaunzia; bada bazuen bere aurpegian eguzki beraren argi gisako argi bat eta elurra bezain zuri-ederrak gelditu ziran burutik oñeraño Jesusen soñeko guziak. Denbor berean an agertu ziran Moises ta Elias ta asi ziran ziranen gisan Jesusi hitz egiten.

        Era onetan S. Pedrok Jesus ekusi ta an zuela uste zuen zeruko gloria ta, hau ez galdu naiez, esan zion Jesusi: «Jauna, nai badezu, egiñen ditugu emen iru bizitegi edo etxe, zuretzat bat, Moisendako bestea ta Eliasenzat irugarrena». Baña etzien S. Pedrok behar zen begiz gauzei begiratzen ta beste mundurako utzi behar den atseginza nai zuen emen bertan, ta artu nai zuen neke-izerdirik bage. Aren hitz eroari ez aditu egin zion Jesusek eta, ark onetan zerausala, estalki zituen bat-batean odei guztiz argitu batek eta aditu zuten betiko Aitaren hitz hau: «Hau da atsegin egiten didan nere Seme maitea ta egin zuek onek adirazten dizuten guzia»: ipsum audite. Ekusi zuten odeiak eta aditu zuten hitzak erdi illak utzi zituen S. Pedro ta aren lagunak eta an bertan erori ziran auspez; ta auspez etzandu ziran Jesusek jo ta beldurrik bage jaiki zitezela berei esan arte guzian. Jaiki ta begiak idiki ta etzuten ekusi Jesus bera baizik, eta hau ere ekusi zuten lentxeago zuen edertasunik eta glori-anzik bage.

        Bere edertasuna ta gloria ain laster gordetze onekin adirazi zien Jesusek guztiz txiki-laburra dela munduko atseginza ta poza, ta ez duela onek jauregi ederren edo etxe andien behar andirik. Adirazi zien besterik ere; bada adirazi zien ill ta biztu-beharra zela Jesus bera; ta biztu beharra, zeruko jauregi atsegindun andi betikorako; ta adirazi zien hau, esaten ziela: «Begira, ez esan bati ere emen ekusi dezuten gauzarik, ill artetik ni biztu arte guzian». Bere biztu-behar hau agerze berarekin ta beste zenbait alditan esan ziezten gauz egokiekin adirazi zien Jesusek iru berak eta beste guziok ere biztu-beharrak garala; baña guziok ez, ez eta munduko laurdenak ere, zeruko jauregi ederrerako; bada munduko jentil ta turko ta judatar adindu guziak edo kasi guziak sulezeko etxe gaiztorako biztuko dira ta oriek berak ere badira bataitu fededunak bezalako laur; eta fededun beren artean ere badira anitz eta anitz gaizto, ta gaizto oriek ere beste orien gisan sulezeko etxera beharrak dira.

        Zori gaiztoko itxe onetaratzen bagara, sekula guzian ta beti ango etxetiar izan beharrak gara, ta etxetiar, zori ezin gaiztoagokoak; baña zeruratzen bagara, ango jauregitar zori ezin obekoak izango gara ta azkeneko hau da gaurko irakurraldian ekusi behar duguna.

 

 

§ I.

 

        «Azkenean sartuko da», dio Espiritu Santuak, «sekulako bere etxean mundura datorren edozein»: ibit homo in domum aeternitatis suae (Eccles. 12,5). Sulezekoa da etxe hau edo zerukoa. Sulezeko etxea illunbez, suz, negarrez, lagun gaiztoz, naigabez, tormentuz ta nekagiro guztiz ta betiko nekagiro izugarriz betea, ta orregatik da izan diteken itxerik gaiztoen, deshonragarrien ta amurgarriena. Beste gisakoa da zeruko itxea ta jauregi ederra. Gure eskuan dago batan edo bestean betiko sarzea ta eroegiak izan behar dugu, zerukoan sar gaitezkela, sarzen bagara suleze infernuko amurratuan; bada emen bertan ere agitz eroa da munduko itxerik onen, aberatsenen ta estimatuenean sar ditekela, txarren beharsuenen ta zikingarrienean sarzen dena, ta emengo itxerik obeenak zerukoaren aldean ez dute orien aldean txoritegi txarrenak diña balio; ta emengo itxerik obeenean sarzen dena ere, sartu ta laster ta ill horduko andik atera beharra da; baña zeruko jauregi zori onekoan sarzen dena beti-betiko an sarzen da ta beti-beti zori on bateko ta atseginz garbizko bizitzan bizitzeko. Orra, bada, zein eroa sekulako jauregi zori oneko onetan sar ditekela, sarzen ez dena. Eta orra zein zenzagabea sulezeko itxe gaiztora eraman behar duten lanak egiten hari ta zeruko jauregiratzen ez den bekataria! Ekusten dezuna.

        Zori gaiztoko zenzagabenz ero hau zure burutik kenzeko ta zu zeruko jauregi ederraren zaleturik uzteko, hitz biz adirazi nai dizut zer jauregi den zeruko jauregi hau; nolakotsuak diran aratzen diranen lagun ango jauregitarrak eta norañokoak ango bakoitzaren atseginzak. Zein andia dela uste dezu zeruko jauregi Jangoikoaren itxe hau? Adi zazu Baruk Profetak Israeldarrekin diarduela diona ta ekusiko dezu. «O Israeldarrak», esaten die Profetak, «eta zein andia Jangoikoaren etxea ta zein txarmagarria beraren ondasuntegi guztiz egokia! Bazterrik bagekoa, gañik ageri etzaiona ta neurri guziei ezin obeki gañez egiten diena»: O Israel, quam magna est domus Dei et locus posessionis ejus: magnus est, et non habet finem, excelsus et immensus (Baruc, 3,24). Etxe onen kanpoko paretak dira guk gerok gau garbian ekusten ditugunak, izarrez ta zeruz ta firmamentuz egiñak: orra zein ederrak! zein ekusgai egokiak! Bada barrengo aren gauzak agitz eta agitz ederragoak dira. Zeren orren andi-ederra den Jangoikoaren itxe hau, ematen dio Eskritura Santak erri andi-murratuaren izena; ta izen, erri murratu ezin obeki egiñaren ta ezin ederragoarena: Urbs perfecti decoris (Tren. 2,15). Itxe ezin obeki egiña ta ezin ederragoa baño obe-ederragorik ezin arkitu diteke, ta orra, zeruko itxea da den ta arki diteken itxerik onena.

        Onelako etxe bati dagozkanak dira aratzen den zori oneko doatsuaren lagunak; bada guziak dira Jangoikoaren-pekoak, bai, baña guztiz andiak; dira alabaña zeruko prinzipe ta errege egiñak; eta errege ta prinzipe beren tronuan jarriak: Reges et Principes sedentes super thronum (Jerem. 17,25). «Eta ezin arki diteke», dio S. Buenaventurak, «errege tronudunak eta prinzipe andi berak baizik etxetiartako arzen ez dituen erria bezain erri hondragarririk»: quam gloriosa Civitas illa esset, in qua nullus omnimo, nisi Principes, et Reges habitarent (In Genes.).

        Honragarria lizake, bai, arkitzen baliz emen, era orretako erriren bat; baña bizitzeko ez lizake hau erririk onena; bada orrenbat errege ta prinziperen artean arkituko lirake anitz edo beinzat zenbait muker, buru gaiztoko gizon ta erriaren nasgarri arro, eta neke gogorra ta lan lizake oriekin an burutzea. Orregatik, bada, erri batean ez ezik, erreinu guzian ere buru ta errege bat eta geienaz zenbait prinzipe baizik ez dira arkitzen. Zeruko erri-itxea da erregez ta prinzipez betea egon ta ere, ta milaka ta milaka prinzipe andiak an izanagatik, bake osoan ta soseganz betikoan arkitzen den erri, jauregi edo itxea.

        Zergatik, uste dezu? Zeren an sarzen diran guziak sarzen diran emengo eritasun gairik, odolaren irakiterik, buruko edo sabeleko miñik eta anima asalderaz lezaken gaitzik bage, karidade andiz ta elkar ganako maitanzez beteak eta batak bestea bere burua bezain maite dutenak; bada sekula guzian izanen ez da orien artean ezdabaidarik, ez eta beste kalterik ere; guzia da an batak besteari onginaia, aurpegi ona ta al duen on guzia beti ta beti egitea.

        Ango errege ta prinziperik andienak edo grazi ta karidade geiena emen irabazi zutenak izanen dira beste guziei begitarterik onena egiñen dienak. Oriek bezain kontent biziko dira grazi ta birtute guti dutenak, zeren besteak dutenaz berena baliz bezain ongi poztuko diran ta biziko beti Jangoiko maitagarriarekin bat-bat egiñak, bai ta bata beste guziekin ere, ta biziko zori oneko beren bakunz hau sekulan galzeko perillik ez dutela. Orra zein onak, zein hondragarri-maitariak eta zein nai bezalako lagunak zeruko jauregitar aratzen diran guziak!

 

 

§ II.

 

        Zeruko etxe onen ta emengo etxetarren erakoak dira etxe onetan sarzen diranen zoria ta atseginza. Ez da etxe onetan sarzen gaiztakeririk. Adanen bekatua ta beste guziak uzten ditu ara baño len aratzen den edozeñek, eta uzten ditu sakrament-tartean ta purgatorioko suan, sugeak bere larru zarra ar-tartean bezala, ta sarzen da zeruan bein ere zartuko ez den graziaren ta birtuteen soñeko berri ederrarekin. An sartu ezkero, ez da bekatu berriri, ez eta bekatu gairik edo biderik ere. Bekatua da malurren ta neke guzien ama edo sustrai gaiztoa ta, andik hau kendu ezkero, kenduak dira oni darraizkon miñak, oñaze-auzi ta ezdabaida guziak, bai ta aserkunz, eritasun ta beste gaitz txiki-andiak ere ta oriekin batean barreneko illunzak, kezkak, naigabenzak, ezin-egonak, amurranzak eta beste neke ta ar guziak.

        Emen ondasunik bage ta eskean edo behar andian bizitu diranak ere etxe artara ezkero arkituko dira emengo andienak baño mill-milletan geiago balio duten ondasunekin; ta ondasun, bein ere aitzen, bukatzen ta galzen ez diranekin. Emen guti zekien baserritar gaisoak zeruan sartu horduko badaki Elizako Doktore ta gizon jakinsu guziak ikasi zutena baño agitz eta agitz geiago, ta gizon jakinsu ta Doktore beren artean sarturik hitz egiñen du oriek berak bezain garbiro ta ederki edo orien eran.

        Emen besteren oinpe gogorrean dabillen ta bekaitza, ez-eskerra ta bidegabenzen gain bedegabenza baizik ekusten ez duena zerura ezkero, ibilliko da begitarte ona, onginaiezko hitza ta nai bezalako ongi-etorria baizik ezin dagikeen zori oneko doatsu bizien artean, ta orien ezpanetik adituko ditu adi ditzakeen zori on ta bere laudanz guziak. Emen bere seme ona, senarra edo ongi nai zion edozein beste galdu ta negarrez beterik gelditu zenak an arkituko du bere atseginz ezin esangarriarekin hura bera, ta arkituko du milletan obetua ta beraren guztizko maitari egiña ta aren aotik adituko ditu sekulan usteko etzituen hitz leunak eta eskerrak, eta elkarren aldetik kendu bage biziko dira beti ta sekulan ta negar-gai berrien biderik ekusten ez dutela.

        Emen eriotzak len edo gero kenzen dio bakoitzari duen guzia, bai ta bere osasuna ta gorputza ere; baña zeruko etxeratzen diranendako ez da erio lapurrik, ez eta ebasle gaiztorik ere: et mors ultra non erit; eta biziko dira an aratzen diranak osasun osoan ta berak ain duten gisan. Onenzat ditu Jangoikoak dituen ondasun ta atseginz guziak eta oriek arzeko prest arkitzen diranak artu-alak arzen dituzte bereala beren Jangoiko emalleagandik. Mundu galdu hau bekatutegi galgarria da, ta anitz eta anitz dira munduan oriek arzeko prestatu nai gabez galzen dituzten eroak; bada ez dute oriek, ziñez beinzat, prestatu nai bekatu guzien bide galgarria uzteko asmo on bat artu artean; bekatu gaiztoak eta bekaturako bideak utzi naia da alabaña prestanz onen asier ta askunza.

        Beste fededunak arzen dute bekatua utzi ta onzeko zerbait asmo ta nolerebait onzen ere badira; baña ez osoki ta beren uts andi-txiki guziak uzteko diña; bada bekatu andiak utziagatik, egiten dituzte zenbait txiki; gordinzen dira zerbait, nai ez duten gauzaren bat ekusi edo aditu ta; ta behar ez den hitz bat esaten bazaie, eranzuten dute bestea ta egiten dituzte era bereko beste gauzak ere, ta gauz oriek usket andi-larriak ez izanagatik, Jangoikoaren ondasun andien galgarri gaiztoak dira. Eta egiten dituzten otoitz, konfesio ta beste gauz onetan ere izaten dituzte beren nagi-aldiak eta beste uts txikiak; bada «ona ere uts orietan zazpi aldiz edo askotan sarzen da», dio Espiritu Santuak: septies in die cadit justus (Prov. 16,24); ta uts edo bekatu oriek ere galerazten dute Jangoikoaren zenbait ondasun zati.

        Beste zatiak galerazten dituzte etxeko nagusi ta erriko kargudunen bekatu gaiztoak; bada orien bekatu oriek gatik ezpaliz, ematen diena baño grazi-lagunz eta ondasun geiago emanen lieke Jangoiko maitagarriak orien beren itxeko, erriko edo beste orien, gauz galgarri gaiztoen ekusle goikoei. Bekaturik ez duen zeruko itxea da Jangoikoaren ondasun osoen ta atseginz andi garbien toki egokia, ta ematen diezte Jangoikoak bere itxetiar zori oneko guziei neurririk bage bezala ta bakoitzak duen graziarekin artu-al guzia; bada ara baño len utzi zituzten emen penitenziz edo purgatorioko suan nekez ta penaz egin zituzten bekatu guzien zorrak eta zakarrak, eta utsa ta ongi garbia eraman zuten zerura beren animako atsegin-onzi biotza eta oriei ori agitz beterik utzi die an Jangoikoak eta beti daduka gañeraño betea; bada zeruko guziak atseginzak edaten ta edaten hariagatik, beti-beti atseginz berriz beterik arkituko da orien animako onzi guzia; aitzen ta agorzen ez den atseginezko iturri bizia da alabaña Jangoikoa; ta iturri, ango doatsu bakoitzari edan-al-din atseginz puntu oro ta beti ematen diona; ta ematen dio, atseginz edaleari gaitzik egiten ez diona; ta edate, edan-aldian edan-nai garbi berriak ematen dituena; edate, edaten ta edaten eternidade guzian egonagatik, asperzen ez duena; ta edate, atseginz, Jangoikoaren amore goxoz edale bera zori oneko zorakunz batean beti-beti idukiko duena. Hau guzia da Jangoikoak Daviden kantaz bein guri adirazia: inebriabuntur ab ubertate domus tuae; torrente voluptatis tuae potabis eos, quoniam apud te est fons vitae (Ps. 35,9).

        Naiz Ama Birjin berari, naiz aingeru oni, nai beste bati, naiz aldi batean anitzi hitz eginagatik, naiz Patriark santuen, Profet jakinsuen, Apostol jaunen, Martir ta zeruko beste guzien artean sartu ta bataren ta bestearen zori onak, hitz leunak eta eztizko jolas garbiak aditzen egonagatik, ez du bein ere bere begitik galduko Jangoiko maitagarria, ta Jangoikoa ekuste hau aski du adirazi ditugun atseginz guziak arzeko; ta Jangoikoaren ta zeruko guzien ekuste ederrak, hitz leun-meak eta begitarte ezin egoki obeagoak ematen dioten atseginz eta poz ezin adirazgarri guziarekin ibilliko da zeruko etxetiar edozein, poz utsez zer egin ez dakiela. Ala dabillela joanen zaizka urteak eta urteak eta milaka ta milloika izanagatik joan zaizkanak, guziak idurizko zaizka atzoko eguna bezain laburrak, eta hau bera agituko zaio eunka ta millaka ta mill-milloika urteak an era berean egin ta ere; ta arte guzian ta beti arkituko da asperzen, neketzen ez dela ta enoiu pitsik bage, ta beti-beti izanen du an illunzik ez duen atseginza, oñazerik bageko osasuna, zarzerik ekusiko ez duen gaztenza, laburzen ez den edertasunan, ozten ez den maitanza, epelzen ez den atseginza ta poza ta nai duen beste guzia, esaten du S. Augustiñek (Soliloq. c. 35).

        Orra, bada, nolakoa zeruko jauregi, etxe ta erri ederra! Orra zein andi-jaunak eta onak ango etxetar lagunak eta orra nolakoa ta zein iraule berdin-betikoa ango atseginz zuri garbia! Nork ez du, bada, sartu naiko hau bezain etxe aberats betiko atsegindun batean! Behar bezalako orien berririk gogoan ez duen bekatari eroak. A, nere Jesus maitea; ta ez ote naz ni ero ori bera edo orren lagun izandu nazana! Ez ote naz ni gaurdanik zenzatuko, geiago luzatu bage arzeko ara daraman bide zuzena ta bizitza? Bai,Jesus maitagarria, bai, zuk sendorki lagunzen didazula. Lagun zakizkit, bada; bai arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa