www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Igande eta festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1767-1782, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXXII
Bazkotik laugarren igandeko irakurraldia

 

Adhuc habeo mucta vobis dicere, sed non potestis portare modo. Joan. 16.

 

Gaia: Kofrade ta kongregante onak
beren alde dute Jesusen Ama

 

        Ongi arkitzen ziran Apostol onak Kristo Jaunarekin ta beren naiez etziran Jesusen aldetik kenduko bein ere; baña oriek nai zutena etzen oriei zegoten gauza. Bein ez ezik, zenbait aldiz ere adirazi zien Jesusek bere ill ta orien artetik joan bearra, ta denbor berean adiraziagatik, orren joate hau orien beren onerako zela, edo etzuten siñesti nai esaten ziena edo tristatzen ziran aditzen zuten aldi oro ta bein egungo Ebanjelio santuak dakarren aldian.

        Aldi onetan esaten die Jesusek bere Apostoluei; «Igorri ta bidaldu ninduen betiko nere Ait Jangoikoak eta beragana noa ta hau aditu badidazue ere, zuen artean ez da bat galdetu didanik: Nora zoaz? ta berri hau nigandik aditu ta egin dezutena da buruak makurtu ta illun ta triste gelditu, (berri gaiztoren bat aditu ta bezala); baña siñis zazue (egia diot eta) ongi dagokizuen gauza dela oraingo nere joate hau; bada ni joan arte guzian etzaitzue etorriko Espiritu Santua jakin bear dezuten guzia zuei erakustera, ta joaten banaz, bidaldu ta igorriko dizuet (bere lan andi hau zuekin egitera). Beste gauzen artean agertuko ditu Espiritu Santuak ni nazanzat ezagutu ta artu ez nautenen itsumen ta erakeri galdua. Ni nere (azken juzganzako egunerano) zeruan gordearen gisan egon bearra naz; baña (nik egin dudanarekin) urratu-ausiak gelditzen dira deabru gaiztoaren indarrak. «Baditut nik», esaten die gero Apostol berei, «beste gauz anitz zuei zer adirazi; baña orain etzaudezte oriek aditzeko prest; gero Espiritu Santuz igorzen dudan hordutik adiraziko dizkitzutet (berak oriek aditzeko prestatzen zaituztela edo berak niri aditua ni honratuz zuei adirazi ta)». Orra egungo Ebanjelioan Jesusek esana ta adirazia, ta orra kongregazi ta kofradi santak ezarzeko bidea.

 

 

§ I.

 

        Sermoi batean ta zenbait sermoiez ere ez da erraz predikarik guri adiraztea ongi bizitzeko, obeki ilzeko ta zerua irabazteko jakin bear den guzia; ta aldi berez ta bestez dezakena errian egin ta, andik atera baño len, jakin bear den beste guzia adirazteko, an bertan, len ezpada, kofradi edo kongregazioren bat ezarri oi du; ta kongregazio ta kofradi, kofradeen ta kongreganteen noizean beingo billerak, bakunzak eta juntak dituena; beren juntanz, billkunz eta elkarganatze orietan adi ta ikasi dezaten leneko sermoiez ikasi etzutena edo beren gogora dakien len aditua ta hordurako aztua; ta aldi orietan adituz len aditu etzutena edo bein ta berriz ta hastiro adituz len bein baizik aditu etzutena; ta adituz berez ta bakarrik len beste anitz gauzaren artean ta nasteka bezala aditu zutena; ta adituz ta egiñez ikas dezaten len ikastekotan adituz ta egin bage ikasi bear zutena, izan bagez sermoien adi aldian aditzen zutena egiteko hastia ta denbora.

        Orregatik, bada, predikariak beren kongregazioa ezartzea kongreganteei esatea bezala da: «Adio, banuen geiago zuei zer esan, baña ez dut artako bear den hasti ta denbora ta zuek ere orain beste egiteko ta lan-arazoekin arkitzen zarazte. Nik esan nai nuena kongregazioko kargudunaren hitzez ta adituko dituzun libruz adiraziko dizue Espiritu Santuak eta ikasiko dezue». Orra, kongregazi-kofradiak dira ongi bizitzen ta ilzen ikasteko bide zuzenak, bai ta Jesus honratzeko ta Jesusen Ama gure bidari, igurai ta lagunle egiteko ere, aldi onetan ekusi bear dugun bezala.

        Kristo Jaunak utzi zituen bere lege berrian bearzen ta obligatzen gaituzten gauzak, bai ta geren nai onez egin ditzakegunak ere. Bearzen gaituzten gauzak Jangoikoaren legeko ta Elizako mandamentuetakoak dira ta beste guziak Jesusen konseju onak. Lenbiziko gauzak bage ez gara zerurako, baña oriek egin ezkero, Kristo Jaunaren konseju onetako utsak ez digute zerua galeraziko. Al-ere konseju oriek diotena egiten badugu, agitz errazkeago irabaziko dugu zeruko gloria ta atseginz geiago egiñen diogu Jesus maitagarriari. Jesusek agertu zituenetik izandu dira batak eta besteak esaten dutena egin dutenak eta relijione santak Elizan agertu ziran ezkero, agitz geiago; bada naiz gizonak izan, naiz andreak relijio sant edozeinetan bizi diranak, orien egiteko ta lan berezia da Jangoikoaren legeko mandamentu guziak eskatzen dutena ez ezik, Kristo Jaunaren konseju onak adirazten dutena ere kontuz egitea; baña relijio bakoitzean bere bidez ta guzietan ongi ta Jangoikoaren gogara egitea, orretako alegiñez utziz lurreko egiteko, zerukoak eragoz lezakenak. Hau bear den eran egiten dutenak (eta egiten dutenak anitz eta asko dira relijione guzietan) birtutetsu onak dira ta orietatik ez guti guk aldarean ekusten ditugunak.

        Relijio santetan sarzen diranak ez dira eunetatik bat; beste guziak munduko arazo ta zer egin askotan gelditzen dira ta or gelditzen diran anitzek beinzat Kristo Jaunak konsejuz diona egiteko ez ezik, beraren lege santak aginzen ta manatzen duena egiteko ere izaten dute neke ta lan; baña neke ta lan, Jangoikoaren graziarekin artu bear dutena. Neke ta lan hau garaitzeko ta Jangoikoaren legeko ta Elizako mandamentu bakoitzak diona errazkiago egiteko mundutar zenbaitek arzen dute relijiotarren bidearen erako bide bat; eta bidea da kofradi edo kongregazioren batean sarzea. Kofradi ta kongregazione oriek baño agitz leenagokoak dira relijioneetatik zenbait; bada kofradi lenbizikoa, nik dakidanaz, asi zen Colonian, orain zazpi eun urte bezala, ta beste zazpi eun urtez lenago ere munduan baziran relijione santak. Coloniko kofradian Jesusen Amaren izeneko kofradia zen ta ezarri zuen an bertako Arzobispo S. Annonek. Gerozko kofradi ta kongregazi geienak edo beinzat anitz S. Domingoko, S. Franciscoko ta Jesusen Konpañiko relijiotarrak mundura etorri ezkero egiñak dira ta orko relijiotarrak ezarri-egiñak.

        S. Domingoko fraide onak ezarri oi dituzten kofradiak Ama Birjinaren errosariokoak dira; S. Franciscokoak ezarzen dituztenak irugarren ordenakoak eta Jesusen konpañikoak ezarzen dituztenak izan oi dira Jesusen izenekoak, Jesusen Biotzarenak ta Jesusen Amaren edo Santuren baten izena dutenak. Kolejioetan ezarzen dituztenak (eta ezarri oi dituzte itxe-kolegi bakoitzean bat baño geiago ere) beste izena dutenean, izan oi dute Jesusen Amaren izen bat edo beste ere. Beste zenbait relijiotakoak ere ezarri oi dituzte beren kofradiak eta Karmendarrak Jesusen Amaren eskapulariokoak. Apaizen batzuek eta beren erritarrak ere erri andietan izaten dituzte beren kongregazio ta kofradi moduak. Orietatik dira Kristo Jaunaren eskolak eta Aldareko Sakramentu santuaren kofradiak.

        Mundutarretatik zenbait sarzen dira kongregazio, kofradi edo orden-modu orietatik batean edo bestean, ta zenbait sarzen dira batean baño gaeiagotan ere ta guziak sarzen dira adirazi dugunerako edo Jangoikoak bere mandamentuz ta konsejuz adirazten diguna zuzenkiago egin naiez. Munduko perill, arazo ta egiteko guzien artean ongiena bizitzeko, Jesus maitagarriari zor zaion honra emateko, Jesusen Amaren izenean anitz gauz on egiteko ta eriotz on baterako, kofradi-kongregazio bakoitzean artu oi da Jesusen Ama lagun ta arteko. Zein ongi ta kofrade-kongreganteen zenbat onerako, orain guk ekusi bear dugu.

 

 

§ I.

 

        Santuren baten edo Jesusen Amaren izenekoa den aldian kofradia edo kongregazioa, egiten dituzte kongregante-kofradeak zenbait gauz on Santu beraren ta Jesusen Amaren izenean. Orien izenean egiten dituzten gauzak izaten dira kofradi-kongregazi bereko argiarenzat zenbait diru edo diru-gai uztea; ta erri andikoa bada kofradi-kongregazioa, ematen die ill oro edo urtean bein presondegiko bearsu gaisoei jate on bat eta egiten diote Santuari edo Jesusen Amari urteko bere festa.

        Errosarioko kofradietan ta Jesusen Amaren kongregazioetan bada ill oroko ta Ama Birjiñaren egunetako konfesa-komulgatzea. Santuen kongregazioak ere izan oi dute hau bera edo zerbait orrelako. Oriek eta er-gis bereko beste gauzak egiten dituzte kofrade ta kongregante onak beren Santuaren edo Jesusen Amaren izenean; baña guziak dira Jangoikoaren honran egiñak; bada egiten dira Jesusen Ama ta Santua arteko arturik Jangoikoagandik erditsi naiez Jangoiko beraren serbitzurako ta eriotz on bat izateko bear dituzten lagunzak eta graziak, eta Jangoikoaren serbitzua ta Jangoikoa maitatzen dela eriotz on bat egitea Jangoiko bera honratzea da.

        Errege bat gandik edo beste gizon andiagandik zerbait nai duenak ar dezake bi bidetatik bat; bada badoake bakarrik eta badijoake lagunarekin erdits nai duen gauza eskatzera. Bakarrik badoa, errege edo gizon andi berarekin du bere egiteko guzia ta egiten dituen agur, eskumuñ ta eskanza guziak errege edo gizon andi berarekin baizik ekustekorik ez duten honrak dira, ta gis orrelakoak dira Jangoikoari bere izeneko kofradi edo kongregazioan egiten zaizkan otoitzak eta gauzak. Baña lagunarekin badijoa erregeri edo gizon andiari hitz egitera, bere lagun berari ere egin bear diozka bere agurrak, eskumuñak eta eskanzak, eta egiten diozka billatzen dituen gauzen emalleari bezala ez, baizik oriek erdisten lagunduko diola uste duen artekoari bezala, ta oni egiten dion honra erregeri ta gizon andiari egin uste dion honrarako bidea da ta ez artekoari edo lagunari berez egiten dion honra. Hau bera da Jesusen Amaren edo Santuren baten izeneko kongregazioetan kongregante onak egiten dutena: Jangoikoa obeki honratzeko ta Jangoikoagandik ain dutena errazkiago erdits-naiez Jesusen Ama ta Santua bidenabar lagunzalle ona bezala zerbait honratzea; baña berez ez, baizik Jangoiko beragatik honratzea.

        Al-ere onzat arzen dituzte Santuak eta Jesusen Amak beren kofradi ta kongregazioetan egiten zaizten honrak eta otoitzak; eta honra ta otoitz oriek egiten diezten kofradeei ta kongreganteei agitz lagunzen die Jangoikoagandik nai dituzten grazi ta gauzak erdisten ta grazi oriekin egin ditzaten bestela egiñen etzituzten gauzak. Eta orra, bere kofradi-kongregazioan sartu ezpalira Jangoikoaren mandamentuak diotena ere egiñen etzuenak, or sartu ezkero, Jangoikoagandik erdisten dituzten lagunzekin ta Jangoiko berak ematen diezten grazi-aldiekin egiten dituzte Jesusek konsejuz adirazten diena ere, ta munduko beren perill, egiteko andi ta arazo guzien artean serbitzen, maitatzen ta honratzen dute Jangoikoa, relijiotar onak beren eremuan, beren bakartasunean edo beren etxe-konbentuan egiten duten eran ta ederki, ta badoaz prestatuz hordua datorren aldirako eriotz on banatara.

 

 

§ III.

 

        Baña kongregante-kofradeak lagunz eta grazi hau Jangoikoagandik erdisteko izan bear dute kofrade ta kongregante onak edo kongregante ta kofrade, kofradiko ta kongregazioko egunetan beste egitekoak utzirik kongregaziokoak egiten dituztenak, naiz izan konfesa-komulgatzeak, naiz prozesioan ibilzea, naiz ejerzizioetan debotki egotea, naiz goiz-arratsetako otoitzak eta beste beren gauzak egitea, batean ere al dutela uts egin bage. Hau egiten dutenei lagunzen die Jesusen Amak beren birtuteko bidean, bai ta emengo beste gauzetan ere, ta egiten ez duena zenzarazteko egin ditu usteko etzenuen ta ekusiko dituzun beste gauzak ere. Egiteko onetan Jesusen Amaren erakoak dira zeruko beste guziak edo kongregazio ta kofradietako Santuak. Jesusen Biotzaren kongregazioak, euskaldunen arteko geien-geienak beinzat, Jesusen Amaren kontura utziak daude ta beraren izenekoak balira bezala dira; ta orietako kongreganteei, besteei bezala, obeki ezpada, Jesusi dion amoreagatik lagunzen die Jesusen Ama maitagarriak; eta lagunzen, gogo osoz ta nai andiarekin beren animako lan guzietan, bai ta, bear den guzian, emengo besteetan ere, orain ekusiko dezun berri batean edo bestean ageri den bezala.

        Deabruak tentaturik tentatu zuen bein Mecinako emazteki gaizto batek an bertako kongregante gazte bat(ek). Izuturik kongreganteak eskatu zion Jesusen Amari beraren izeneko kongregazioan egiten zituen gauz onak gatik tranze artatik ongi ateratzeko bere lagunza, ta ark hau eskatu bezain laster, atera zen emazteki gaiztoaren arpegira bere bekatuaren itsustasuna ta gelditu zen deabru bera zirudiela, belz izugarria, ta buruko illeak suge egiñak zeduzkala ta tentatzeko baño tentanzak kenzeko agitz obea; ta Jesusen Amak lagunzen ziola, zegozkan gauzak esan ta aienatu zuen bere aldetik kongregante onak. Lagundu zion Jesusen Amak kongregante oni animako gauzan; urrengo irurei emen bertako bestetan ere.

        Napolesko arranzale kongregant bat egun guzia arranzan egin ta arrai bat ere bage arkitzen zen azkenean. Azken sare-aldia botatzean, burua goratu ta esan zion Jesusen Amari: «Lagun zakizkit zere kogregaziokoari bezala, ta onenbateko arranz-aldia egiten badut, eramanen dut kongregazioko argirako bi librako argizagi bat»; eta egin zuen eskatu zuena baño arranz-aldi lau aldiz andiagoa. Erri bereko beste bat kongregazioko ejerzizio batean odol geiegi diziplinan isuri ta gaizki egondu zen zenbait egunez ta lanik ezin egiñez, ta itxeko guzien jan-edanean ta beste gauz zenbaitetan egin zuen zenbait zor. Zerbait bizkortu ta asi zen bere lan arranzan, aldian esaten zuela: «Orra, Jesusen Ama, zure kongregante ona izan naiez egin dut dakizun zorra ta lagun zakizkit ori ateratzen ta nere itxerako bear dudana gaur irabazten»; ta irabazi zuen ura guzia ta anitz geiago (P. Thom. Auriemma, Affect. tra la V. SS., è suoi devoti, par. 2, c. 5).

        Zorrez beterik arkitzen zen bat eta juezez igorri zioten presondegirako manua. Hura aditu ta eskatu zion Jesusen Amari beraren kongregazioan egiten zuenagatik atera zezala tranze gogor artatik eta andik laster billatu zuten arzeko zuten guziak eta barkatu zioten beren arzeko guzia (An. Congreg. 1598). Orra emengo bearretan ere zein laguntzalle ona bere kongreganteenzat Jesusen Ama maitagarria.

        Kongregante ez-onak onerazteko bein edo berriz mindu ditu Jesusen Amak orien biotzak. Alemaniko abogadu bat asi zen andiz uzten bere kongregazioko lanak. Gau batez lotan iduritu zitzaion besteekin, len oi zuen bezala, kongregazio bereko lanean zela. Ekusi zuen Jesusen Amak beste guziei egiten ziela mil kariño ta ongitorri, ta ari, argana zen aldian, arpegia illundu ta ez-ekusi egin ziola. Arriturik iratzarzen da bereala. Eguna argitu bezain laster billatzen du kongregazioko karguduna, eskatzen dio len bezala kongregaziora joateko baimena ta joaten da bein ere uts egin bage (Ibid., cap. 4).

        Pultoviko kongregante bat Ama Birjin Abuztuko Meza, komunioa ta kongregazioko egitekoa utzirik atera zen erritik zaldiz lurreko egitekoz noraerebait. Uste etzuen gaitz batek eman ta erori zen zalditik eta gelditu zen akordurik bage. Ala egondu zen sei horduz. Akordura zenean arkitu zuen bere burua golpez galdua ta ur egiña ta etzuen arkitu bere zaldia. Belaunikaturik eskatu zien Jesusi ta Jesusen Amari gaizki egiñaren barkanza. Agertu zen horduan zaldia, baña silla, diru ta zeraman guzia galdurik eta hura artu ta itxera zen ongi zenzatua ta kongregaziora berriz ez uts egiteko asmo bero ziñezko bat arturik (Ibid., cap. 5).

        Kongregaziora joaten zen, baña gaizki bizi zen ta lagun gaiztoekin gazte bat. Agertu zitzaion bere aingerua, errespetuzko gizona zirudiela, ta «Orrela bizi bear du kongregante batek?» esan ta okabilk bat bularrean eman ta bota zuen orzaz gora ta erdi illa. Lagunak lurrean ekusi zutenean, «Zer duk?» esan zioten, eta ark hitzez eranzun bage bein ta askotan eskatu zien eraman zezatela kongregazioko kolejiora, ta ara joan ta kongregazioko Aita kargudunarekin konfesio jeneral bat egin ta artu zuen bear zen bizitza (An. Mincan. 1611). Zenza zaitez, bada, orien buruan ta izan zaitez bear bezalako kongregantea, lagun diezazun bizitzan ta eriotzan Jesusen Ama maitagarriak. Bai arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa