www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Igande eta festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1767-1782, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXV
Erramu igandeko irakurraldia

 

Dicite filiae Sion: Ecce Rex tuus venit tibi mansuetus. Matth. 21.

 

Gaia: Komunio onak dakarz
anitz argi, indar ta atseginz

 

        Askotan Jesus sartu zen Jerusalengo errian, baña azkenaldian bein bezala len bein ere ez; bada beste aldietan sarzen zen beste gizonen gisan edo Jerusalengok besteei baño begirun ta agur geiago egiten etziola, ta aldi onetan sartu zen Erroman enperadore zenbait Erromatarren etsaiak garaitu ta bezala edo mill viva-ren ta zori onen erdian. An bertan illerazi zuten Jesus ostiral santuz ta bost egunez leenago izandu zen Jesusen Jerusalengo sarraldi gloridun hau. Etzuen Jesusek egin an bere sarraldia Erroman Erromako enperadore oriek bezala; bada oriek sarzen ziran Erroman aize guzia urratzen zuten gerrako klarin ta soñu andiekin ta etxeen barrenetan sartuak ere leiora ateratzen zirala, zer ote zen soñu ark adirazten zuena ekustera. Sarzen ziran enperadoreak an kotxe ta karroz ederretan; sarzen ziran soldadu ederki jaunziz ingurutuak eta berak ere olandaz, sedaz, urrez, zillarrez ta perlaz ederki apaindu-jaunziak, eta sarzen ziran beren ejerzitu garalle guzia beren ondotik zeramatela; baña Kristo jauna sartu zen Jerusalenen era guztiz humillean; bada sartu zen asto txar baten gañean, ta asto sillarik bagekoan ta Apostol bereen zerbait tresna baizik gañean etzituenean ta bere Apostol erdi jaunzi berak inguruan, aitzina ta ondoren zeramaziela, ta sartu zen bera ederrik eta gañeko honragarririk bage ta humill-humillki jaunzia ta mansanzez betea: mansuetus.

        Ala ere nondik ez dakigula argana zen nork daki zenbat jende ta egin zuen Jesusekin erromatar soldadu guziak beren enperadoreekin egiten etzutena; bada oriek orrekin egiten zutena zen, zenbait enperadorearen abr-aitzinetik, beste zenbait beraren bi bazterretatik eta beste guziak ondotik ibilzea, batek ere hitzik atera bage; ta Jesus maitagarriagana ziranetatik anitzek beren soñekoz egin zioten Jesusi bidea. Hau bera egin zuten beste anitzek arboletatik kendu zituzten adar mee ostodunak eskuan artu ta; ta beste guziak zeuden gisan ibilli ziran Jesus beraren aitzinetik, inguruan ta ondoren; ta ibilli ziran viva-ka ta vitor-ka bazterrak urratu nai zituzten eran ta noizean bein esaten zutela: Bedeika dakiola Daviren semeari; ta bedeikatua izan dedilla Jangoikoaren izenean datorkiguna.

        Orra Jerusalendarrak eta Jesusekin Jerusalenen sartu ziranak Jesusi egin zioten ongi-torri ta zori ona. Orra zein zegokiona; bada Jerusalendarren ta munduko guzien Jaun-Jabe ta Errege da Jesus maitagarria: Ecce Rex tuus; orra ori zein ziñez Jerusalendar onak egiña; bada besterik etzuenak gañean zekarren soñekoz leunzen zion Jesusi bidea ta orra aldi berean zein bihotz osoz ta nai andiz ta artara bestek behartu bage egiña; bada Jesus ekuste berak ematen zien atseginz andia ezin gordez egiten zuten guzia ta aldi berean ojuz ta Jesusen laudanzez betetzen zuten aize guzia.

        Zer ote da Eliz Ama santak Jerusalendar onen gaurko lan onekin adiraztan diguna? Esazu bein; ta zer ote da Jesusen gaurko Jerusalenen sarze onek adirazten duena? Sarze onek adirazten du (eranzunen dezu) denbor onetan geienik eta urteko edozein beste egunez Jesusek fededunetan komunioz egiten duen sarrera. Ala da, bai; bada zuk jakin behar dezuna da Jerusalendarren gaurko lan onekin adirazten digula Elizak besterik ere; bada adirazten digu Jesusek ongi komulgatzen diranekin egiten duena ere. Zer da hau? Anitz argi, anitz indar ta anitz atseginz ark oriei ematea, aldi onetan ekusiko dugun bezala.

 

 

§ I.

 

        Bai, Jesusek ongi komulgatzen diran fededunei ematen die komunio santan anitz argi, behar den eran ekusteko ekusi behar den guzia. Komunio santa da animaren jankunza, ta jankunz eta jate, Adanen jate galgarriak kendu zigun argia ematen diguna. Adanek jan ezpalu Jangoikoak debekatu zion sagarra, bear zen gisan ezagutuko genuen Jangoikoari dagokan ta jakin behar genuen beste guzia, bai ta deabruaren tram, asmo galgarri ta dollorkeri guzia ere, ta onen galbide gaiztoak utzirik, artuko genuen zerura daraman zuzena; baña hordu gaiztoan jan zuen Adanek arbol debekatutik, sartu zen bera egin zuen bekatuaren lañope illunean ta galdu ginduen gu bere bekatu berez ta sartu ginduen bere lañope berean; ta lañope hau da, S. Agustinek dionaz, ez-ezagunzaren leze izugarria: horrenda quaedam profunditas. Leze onetan galdu beharrak giñan gu argi-gillerik ez izatera; bada argirik bage an bertan ta geren bekatuan ill ta usteldu ta galduko giñan.

        Zori oneko gure argi-gille hau Jesus maitagarria da. «Ni etorri ninzan», dio Jesusek, «gizon egiñik mundura, ekusten etzutenei argi egitera»: quandiu sum in mundo lux sum mundi (Ioan. 9,5); Ego in hunc mundum veni, ut, qui non vident, videant (Ioan. 9,39). Eta argi egiten digu Jesusek beren argizko pillareak Israeldarrei baño agitz ederkiago ta «argizko pillar Israeldarren argidun hau da argiz ta graziz gure animak betezen dituen Jesusen ainzur-itzala», dio S. Ambrosiok: columna lucis quid est, nisi Christus Dominus, qui lucem veritatis, et gratiae spiritualis affectibus infundit humanis?.

        Illunbetako erreinua da Egipto. An bizitu ziran laur eun urtez Israeldar gaisoak. Orien buruan gaztigatu zien Jangoikoak andik atera ta joan zitezela Canan zeritzan urrutiko bazter batera. Baziran israeldarrak milletan mill ta agitz geiago. Gaisto gogorra zen Egiptotik Cananako bidea ta etzen israeldarren artean bat bide aren berria zuenik. Al-ere Jangoikoak ziona egitera atera ziran Egiptotik israeldar andi ta txiki guziak eta asi ziran ibilzen alde artarako bidez. Egiptoko erregek gaizki eraman zuen oriek hura utzi ta bestetara joatea ta bere soldadu guziak artu ta atera zen orien ondoren oriek geldiraztera.

        Israeldarrak ibilli ziran Jangoikoaren kolun edo pillar argizko batek agerzen zien bidez ta Egiptoko errege bere jendeekin orien begira zeneko, eraman zituen argiak biderik eta zubirik etzuen itsas bazter batera. Artu zituen an arrats illunak, eta galduak zirala uste zuten horduan, ekusi zuten beren aitzinean zuten argizko pillarea itzuli zela gibelat edo atzera ta gelditu zela orien beren ta zerraien ejerzituaren erdian, ta ejerzitu guzia bere illunbean utzi ta asi zela, leneko gisan, oriei argi egiten. Igaro behar zuten itsasoan egin zuen jangoikoak milagrozko bide bat eta artan sartu ta arrats berean joan ziran itsasoaren beste aldera ta horduan joan ta jarri zen orien aitzinean argizko pillarea. Oriei zerraiztela sartu ziran milagrozko bide berean Ejiptar guziak eta itsasoaren erdira ziranean, urratu zuen Jangoikoak milagrozko bidea ta ondatu ziran ta ito an bertan Ijito guziak. Eta israeldarrak beren argiak agerzen zien bidez sartu ziran, anitz nekeren buruan bazen ere, beren Canango bazter ederrean.

        Oraingo israeldarrak fededunok gara ta munduko eremu latz gogorrez zeruko bazter eder aldera gabilzanak, eta arako bidea, nai badugu, agertuko digun argia da Jesus Sakramentatua: quae est nubes, quae praecedit viros israelitas, nisi verissimum et sanctissimum Corpus tuum? (Card. Drog.). Orregatik esaten digu Jangoikoak salmari onaren ezpañez: «urbil zaitez (Komunio santaz Jesus Sakramentatuagana) ta bete zaitez zeruko argiz»: accedite ad eum, et illuminamini (Ps. 33,6). Ongi komulgatu ta eskatzen badiogu Jesusi zuzenki ibilzeko bidea, agertuko digu bere manskunza ta humiltasuna, ta hitzik atera bage ere, geren barrenean adiraziko digu emengo geren neke ta egiten dizkiguten kalte ta txarkeri guziak Jangoikoaren izenean ta geren bekatu gaiztoen alde me-mekitxo arzea dela zeruko bidea. Agertuko digu arako bidea dela aragiaren naikunz galgarri gaiztoak oinperatzea, bide gaiztoetara eraman nai gaituen etsaiari gogorzea ta geren gaiztaginei onez ta otoitzez eranzutea; bai ta barurez, konfesatze humillez ta kontuzko komunioz Jangoikoaren argi ta grazi berriak irabazte ta gure bizierak eskatzen dituen gauz guziak behar den eran ta horduz egitea ere. Eta guk hau egiten badugu, Jesus Sakramentatuak emanen digu zeruko bazter zori onekoan sarzeko beharko dugun argi guzia ta an bein sartu ezkero, atseginz andiz beteak utziko gaitu beti-betiko.

 

 

§ II.

 

        Berrogei urte egin zituzten israeldarrak Egiptotik atera ta Canango erri bazterretan sartu baño len, ta odeiezko pillare argidunak bidea erakutsiagatik, etziran larogeiez ere arako, osasunik eta indarrik bage urte orietan egondu balira; baña beren biderako argia igorri zien Jangoikoak, ematen zien bidean ibilzeko behar zuten indar ta osasun guzia, bai ta oñetako ta soñeko behar zutena ere; ta ematen zien ark hau artako behar zen aldian milagro andiak egiten zituela; bada eraman zuten janaria bukatu zenetik, igorri zien egunoro zeruko mana; edatekorik etzuten aldian gezatzen zien ur gazia edo agerzen zien aitz gogorrean iturria; kendu zuen orien osasunaren bazterretik eritasuna ta oñetako ta soñekoetatik sisa ta urranza. Hau guzia da, fededunak nai dutela, Jangoikoak oriekin emendik zerurañoko bidean egin nai duenaren ainzur-itzala.

        Ematen die, bada, Jangoikoak nai dutenei zeruko bidean ibilzeko ta bideko etsaiak garaitzeko behar duten jan-edana ta indarza. «Bai», zion Davidek (eta esan dezake fededun bakoitzak), «bai, Jauna, nere begi-aitzinean prestatu didazu nekatzen nauten etsai gaiztoak garaitzeko beharko dudan indarza emanen didan maia ta jateko goxoa»: parasti in conspectu meo mensam adversus eos, qui tribulant me (Ps. 22,6).

        «Zein dirala uste dezu», dio S. Juan Krisostomok, «zeruko bidean nekatzen gaituzten etsaiak? Oriek dira», dio, «gure etsai gaiztoaren tentanzak, aragiaren naikeri galgarri makurrak eta munduko atseginz eroak»: qui sunt qui tribulant nos, nisi sugestiones inimici, cupiditates, et delectationes saeculi?. Eta zein mai ta janari da etsai oriek garaitzeko indarza eman behar digun mai janariduna? Zein, baizik Aldareko Sakramentua ta komunio santa. «Bai», dio S. Geronimok, «graziaren bizitza dakarren ogia da Aldareko Sakramentua ta ez da ogi onek diña indar dakarren janaririk»: nihil ita vescentis animum roborat, quomodo panis vitae (In ps. 103). Israeldarrei beren biderako ta bideko etsaiak garaitzeko indarrak ematen ziezten janari mana Aldareko Sakramentuko ogiaren ainzur-itzala da, ta ogi-itzalak edo manak ematen baziezten Israeldarrei bide gogor luze bateko neke guziak eta bidera ateratzen zekizken etsaien ejerzitu andi izugarri guziak garaitzeko behar zituzten indarrak, zer indarrak ematen diezte aingeruen ogi Sakramentatuak behar den eran jaten duten edo komulgatzen diran fededunei? Beren etsai guziak garaitzeko ta, ala behar den aldian, beren bizia ta odola neke-tormentu gogorren erdian uzten dutela zerura igoteko behar dituzten guziak.

        Orregatik tirano lenbiziko gogorren denboran, zeren fededunak arkitzen ziran bizia neke-tormentuz galzeko perill andietan, etxean zeuden denboran itxean zedukaten, ta bidez zebilzan aldian berekin eramaten zuten Aldareko Sakramentua; ta ilzeko arzen zituzten guzian, beren eskuz arzen zuten komunio santa, komunioz arzeko tranze gogor artan behar zuten indarza ta grazia; ta denbor artan komuniatzen etzena etzen arkitzen martirioko neke arrigarri gogor artan irauteko prest, dio S. Cipirianok; «bada neka-giro oriek garaitzen dute, dio Santuak, komunioz sendorturik arkitzen ez den bihotza»: idoneus non potest esse ad martyrium, qui ab Ecclesia non armatur ad proelium, et mens deficit, quam non recepta Eucharistia erigit, et accendit. Orra norañokoak komunio santak ematen dituen indarrak. Niceko S. Gregoriok dionaz, guzia dezakenak; eta orregatik ematen dio komunio santari guzia dezaken janari onaren izena: escam omnipotentem.

 

 

§ III.

 

        Israeldarrak indarrez betetzen zituen manak ematen zien ongi bizi ziranei nai din atseginz eta gusto, ta orregatik ematen dio Eskritura santak manari atseginz guziak dituen janariaren izena: omne delectamentum in se habentem (Sap. 16,20). Zori oneko janari hau bezain goxoarekin ta ematen zuen atseginzarekin eztitzen ta leunzen zituzten israeldarrak beren bide gogorreko neke latzak eta bide bereko etsai andiekin zituzten pele gogor odoltiak; eta hau bera agi-gertatzen zaie fededun onei komunioko janari atseginduna artuz beren bidera ta pelera presentatzen diran guzietan, «zeren dituen Sakramentu Aldarekoak beste sakramentuk ez dituen leunzak», dio S. Thomasek: nullum sacramentum ipso salubrius, quo mens omnium spiritualium charismatum abundantia impinguatur (Opusc. 7).

        Badakizu zergatik? Zeren bakoitzak bekatu etorki-orijinala kenduagatik, kenzen ez duen gaitzerako bere griña, ta grin onek dakarren asaldanza; zeren konfesioak kenduagatik gerozko bekatua, uzten dituen animan bekatu barkatu berak bere kutsu ta aztur gaiztoa; eta aztur, gaitz aldera agitz tiratzen duena; eta zeren konfirmazioko sakramentuak sendortuagatik fededuna, zuzenzen ez dituen makur dabilzan fededun beraren pasione sutu biziak eta itzalzen ere ez orien irakin andiak. Baña Aldareko Sakramentua da dakarren graziaren ur otzarekin pasione bero asaldatuen ta irakiten duen odolaren suak eta garrak epelzen dituena; pasione ez eziak eskura dakarziena, bekatu berrietarako bihia galerazten ta barren guzia soseganz andian sarzen duena.

        Hau da Jesusek adirazten diguna, esaten digun aldian: «Atozte nigana edo Aldareko nere Sakramentura, nekez, auziz, naigabez, otzez, beroz, kezkaz, eritasunez, zorrez edo edozein beste bidez beteak arkitzen zarazten guziok eta nik graziz ta atseginzez zabalduko ditut zuen barrenak»: venite ad me omnes, qui laboratis, et onerati estis, et ego reficiam vos (Matth. 11,18). Eta egiten duela Jesusek komunioz emen diona, ekusten dute beren neke aldietan humilki, garbiro ta behar den eran komulgatzen diranak eta orien animetan Jesus sakramentatuak egiten duela elz-aldi min batean bein Eliseoren iriñak egina.

        Eliseo profetak presterazi zuen bein elze bat jaki, profet gazteei bere etxean jaten emateko. Elzea egosi ta maia paratu ta profetak an jarri ziranean, atera ta eraman zieten elzeko jatekoa. Jaten asi ziraneko asi ziran profetak tu-ka ta aika ta esan zioten Eliseori: «Jangoikotar gizona, zer da jatera ematen diguzuna? Janaria ez, erioa da elze onetan sartu dutena»: mors in olla, vir Dei, mors in olla (4 Reg.). Hau aditu ta jaiki ta artu zuen profetak irin pisk bat eta bota zuen elzeko belar miñen gañean ta iriñak ukitu zitueneko, utzi zuten belar miñak beren minza ta gelditu ziran janari on egiñak; jan zituzten gogo osoz profetak eta gelditu ziran barazkari onak dakarren pozarekin.

        Orra Kristo Jaunak komunioko irin lorearekin ta aingeru beren ogi onekin egiten duena: bihotz nekez ta naigabez minduei dakarren graziz ta atseginzez eztitzea. Aitorzen du, bai, hau era orretan ongi komulgatzen denak eta «Eskerrak zuri», esaten dio, «nere Jangokoa, zere ogizko ta ardozko edo Aldareko Sakramentuko janariz eman didazun atseginz andiagatik; bada andia da aldi onetan artu dudana»: dedisti laetitiam in corde meo a fructu frumenti et vini (Ps. 4,7).

        Nai badituzu, bada, Sakramentu andi onek ematen dituen zeruko argi ta indar oriek, zere etsaiak bidean garaitu ta zeruan sarzeko, bizi zaitez bekatuaren eritasunik bage, kontuz egizkitzu zere egiteko guziak, presta zaitez ongi komulgatzeko ta komulga zaitez maiz. Zori onekoa zu hau egiten badezu. Jangoikoak dizula egiteko gogoa ta bere lagunza. Bai arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa