www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Igande eta festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1767-1782, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXVII
Bazko bigarren eguneko irakurraldia

 

Nonne haec oportuit pati Christum, et ita intrare in gloriam suam? Luc. 24.

 

Gaia: bekatupetik atera dena
berriz ez bekaturatzeko bidea da
bere ill-bearra gogoan ekarzea

 

        Egungo Ebanjeli santuan arkitzen dira Jesusen eskolako siñisle txar leneko aldian izendatu bage agertu genituen biak. Bataren izena zen Cleofas; ez dakigu nola zeritzan besteari. Gero egin zutenak adirazten duenaz, biak zijoazen Jerusalendik igesi, Jesus ill-erazi zuten judatarrak oriek ere, an gelditzen baziran, aren eskolakoak bezala illerazi zitzaten beldurrez; bada galdu zuten Jesus illak biztu ta gaizki nai zieten guzien eskutik aterako zituelako ustea.

        Oriez urrikaldurik aitzitu zituen Jesus biztuak bidari baten gisan jarraiki ta; ta ezpaleki bezala esanerazi zien elkarren artean zerausten guzia, ta guzia zen Jesus beraren eriotzari zegokana ta beren hitzez adirazten zuten etzekitela nola zen bizterik bageko Jesusen eriotza. Ainzur gordean agertu zen an Jesus biztua ta igesle beldurti gaisoak ezagutu bage ibilli zen denbor guzian ta etzien Jesusek bere bizterik bien begitik gorde aldiraño adirazi. Bertatik adirazi ziena zen guztiz ongi zegoten gauza izandu zela Jesusen nekezko eriotza, ta izandu zela berei biei ta munduko beste nai dutenei emateko bekatupe gogorretik atera ta zeruan sarzeko bide on zuzena.

        Oriei hau adirazteko asi zen sendorki hitz egiten ta esaten: «A erotzar, profetak len adirazi zizkitzuten gauzak siñisteko orren astun ta illun arkitzen zaraztenak; etzenekiten eraman dituen neke guzien buruan ill ta biztu ta igan behar zuela Jesusek bere glorira?». Gero Moisesek zionetik asi ta ager ta klaratu zien onek eta beste profetak egiteko berean dioten guzia, bai ta orien ezpañez ta eskuz Jangoikoak lenagotik esana zedukana baizik etzela Jesusen eriotzan agi-gertatu ere. Hau da egiteko onetan Jesusek aldi artan esan ziena. Adirazi zien bidenabar, uste ezpazuten ere, bizturik arkitzen zela horduko bera. Zer bidez, uste dezu, edo nola? Adi zazu. Jesusek adirazi nai ziena esan horduko beren gautegira ziran igesle biak. Naitaez bezala sarrerazi zuten berekin an Jesus maitagarria ta maia prestatu ta jarri ziraneko, artu zuen Jesusek an atera zuten ogia ta bedeikatu ta zatitu ta eman zien biei zati bana. Hordu berean kendu ziran bien begietako laño guziak eta ezagutu zuten beren Maisu Jesus maitagarria zela berekin zutena ta nai zutenik egiteko aldirik eman bage gorde ta joan zen Jesus berak dakien tokira.

        «Orregatik», esan zuten horduan elkarren artean, «orregatik berotu ziran zeruko suz gure barrenak, aren hitzak eta Eskrituren klaranzak aditze berean»; ta zeuden tokitik jaiki ta beldurrak utzi ta itzuli ziran Jerusalena an arkitzen zituzten Apostol guziei (ta arkitu zituzten bat ez, beste guziak) esatera ekusi zutela Jesus biztua ta berarekin oriei agitu ta gertatu guzia.

        Baña zer ote da Jesusek bere bi eskolarrei aldi onetan esan zienak adirazten diguna? Adirazten digu beraren eriotzaren erako eriotz onari darraikola zori oneko bizte bat eta bizte oni betiko atseginza ta gloria; baña bizte on ta glori hau erditsi nai duenak eriotz onak eskatzen duen gisan ta ongi bizi bearko duela ta artako anitz lagunzen duela bere ill bearra gogotik ez uzteak. Zergatik ote? Aldi onetan adiraziko dugunagatik.

 

 

§ I.

 

        Eriotz on batera prestatu nai duenak egin behar du Davidek bein egiña. Toki batetik begiak kendu bage ta gogo guzia geroko bizitzan sarturik arritu baten eran, asi zen bein esaten David: «Egiaren izugarria! Itzal baten eran joaten ta gordetzen da gure bizitza»: veruntamen in imagine pertansit homo (Ps. 38,7), ta bat-batean ezpadere, azkenean joan ta gordetzen da arririk ez den toki berdiñean dabillen ura bezala.

        Ur onen bazterrean jarri ta ari begira bazaude, iduriko zaitzu putzu ta istill bateko ura bezain geldi dagoala, ta ez da ala; gañeko aldetik datorren urak bulkatzen du an arkitzen dena; aratzen denak bulkatzen du urrengoa; urrengoak urrengoa ta batak bestea ta andik itsasoraño arkitzen diran beste guziak. Hau bera gertatzen zaio gizon bakoitzari: nola ez dakiela galzen du aurtasuna ta arkitzen da mutill egiña; nola ez dakiela azitzen da aren mutilza ta egiten da gizon; nola ez dakiela galzen ditu indarrik geienak, urdinzen da, galzen ditu orzak eta agiñak ta azkenean gelditzen da indarrik bage ta illa. Horduan ezagutzen du geldirik dagoala dirudien ibai bateko ura bezala zela bera ta bat-batean galzen den itzalaren edo ametsaren gisakoa aren bizia.

        Izaten dira eun urtez, mill urtez ta geiagoz ere irauten duten itxeak, baña itxeko bakoitzak laster egiten ditu ango aldiak; bada zenbait ilzen dira jaio ta fite; beste zenbait ill zenbaiten edo urteren buruan, ta geien irauten dutenak ere ilzen dira larogei urte baño len; ta geien-geienak berrogei ta amar ere ekusi bage, ta orien larogei ta mill urte ere darraizten urteen aldean ametsik laburrena baño agitz eta agitz laburragoak dira. Zure eskuan balego bitatik bat, amets labur atsegindun bat edo mill urteko bizi eder atseginduna, zein artuko zenuke? Eroa izan nai ezpadezu, bizi luze atseginduna.

        Jakin behar dezu, bada, zeruko biziak iraun bear duela mil urtez ez ezik, milletan milloiez ta milloiez milloika ta beti ta beti bein ere bukatu bage, ta ango bizi hau betiko atseginz eder andiz beterik arkitzen dela ta emengo bizirik onen, luzeen ta atsegin dunena ere amets nasi, bein pozez ta bein atsekabez betetzen duen bat bezain txar laburra; zer erakeria, bada, onegatik hura galzea, bekatariak galzen duen bezala?

        Etxeen ta atseginzen gisakoak dira munduko egiteko ta honrak, naiz izan oriek kargudun, aginle, justizari, titulo, errege, enperador, Obispo jaun, Aita Santu edo beste edozeinenak; bada oriek ere zerbait iraunagatik, ez dute luzaro irauten orietan sarzen diranak; luzeenaz ere, len guk adirazi dugun diña ta geiago ez. Zeruko kargu ta honrak dira arzalleak betiko arzen dituenak eta dira honra eta kargu zori onekoak eta beti-betikoak.

        An badira birjin, konfesor, predikari, Obispo jaun, Aita Santu, martir, Apostol, profet eta pratiark bakoitzak dituen kargu ta honr andiak; bai ta aingeru, tronu ta serafin ta beste guziak dituztenak ere. Orietatik bakoitzak izanen du beti an sarzetik duen bere kargu ta honra, ta denbor berean izanen da an bertako prinzipe ta errege, beste aldi batez adirazi genuen bezala; ta izanen da an ango bere zori ona bein ere galzeko beldurrik bage; zeren jakiñen duen betikoa dela aren ango bizia, bai ta Jangoikoak an bakoitzari ematen dion atseginza, honra ta beste guzia ere.

        Bakoitzak besteren eskuan utzi bear du emen emengo kargu ta honra guzia eta hau zekienak bezala esan zion Españiko errege Felipeetatik batek, elizako gauzak artu ta beste mundurako abian arkitzen zen horduan bere seme, aren ondoren Españi berean errege izan bear zuenari: «Orra, nere semea, zure burura ta eskura dijoaz nere buruko ta eskuko koro ta zetroa; baña begira, zureetatik ere fite ta laster joanen dira besteren batenera».

 

 

§ II.

 

        Egi hau hordu artan ezagutzen dute guziak, baña eriotzak eskatzen duen prestanzarako berandu etorri oi den egia da horduraño agerzen ez den egia; bere horduz ta garai onean datorren egia da Davidek izandu zuena ta bakoitzak osasunan ta mugaz artu bearra, ta ill arte guzirako artu bearra.

        Bai, bere ill bearra batek mugaz gogoan artu ta gogo berean erabilzea da emengo gauz-honrei ta atseginzei adio on bat esateko ta eriotz oberako prestanzak eskatzen duena; baña emengo atseginz, honr eta beste gauzak izan oi dira eriotz onaren trabak, ebanjelari S. Joanek dion ta guk ere ekusten dugunaz. Hau adirazi ta mututurik utzi zituen relijioso egin zen mutill ondasundun batek galdegin erausle zenbait.

        Beste anitzen gisan zuena utzi ta egin zen relijioso gazte aberats hau. Munduko begiz gauzei begiratzen zien zenbait arritu ta joan ziran argana ta galdegin zioten nola egin zuen erakeri hura, fraide izateagatik anbat ondasun uztea. «Egin dut nik erakeria dela zuek esaten dezutena guziok egin behar dugun beste bat ongi egin naiez». «Zer da guziok egin bear dugun gauz ori?», esan zioten bere galdegiñak. «Bereala, laster ta fite edo zenbait urteren buruan illik gelditzea», eranzun zuen fraide berriak.

        Bai, bere ill bearraz oroitzen ez dena emengo ondasun-naiez, honra-naiez ta atsegin-naiez burua bete-arrotua dakarrena ta eriotz onaren prestanza alde bat uzten duena da. S. Felipe Neri Erroman bizi zen denboran, ara zen kalonje gazte bat eta sartu zen andustez ta igan-naiez ongi betea, ta batu zuen batez, esan zion S. Felipek bere esku leunak soñean ezarzen ziozkala: «Ongi etorri, adiskide maitea; zori oneko gizona zu, bada orren gazterik kalonje arkitzen zara; azkenerako noraño igan behar ote dezu? Zu bezalako gizonenzat dira urrutiko ta izen utsezko Obispaduak, bai ta bazter oietako ondasundunak ere, ta laster ekusi uste zaitugu mitra bat buruan dezula. Joan bearko dezu gero Aita Santuaren gobernu edo Nunziaturaren batera. Egiñen zara gero Kardenal. Kardenaletatik aldian bat egiten da Aita Santu ta izan zindezke Aita Santu ere». Hau aditu ta poz-atseginzez berotu zen kalonje gaztearen biotza. Artan geldituko zela uste zuen Santua, baña etzen gelditu ta azkenean esan zionarekin oztu zion bere poz guzia. Eman zion besark edo laztan onezko bat eta españak belarrira urbildu ta esan zion isilka: «Eta zer izan uste dezu gero?». Esan nai zion Santuak: «Izate andi ta honra orien buruan illen zara zu ere ta autsetan ta ketan geldituko dira zure ondasun ta honra guziak; eta nola geldituko da zure anima?». Otzez erdi egiña zirudiela utzi zion Santuak biotza azkeneko hitzarekin ta adio on bat esan ta joan zen bere egitekora ta gelditu zen kalonje gaztea arrituaren eran ta zer egin etzekiela.

        Arritzekoa da, bai, ongi begiratzen dionarenzat eriotza, eriotzak emengo gauz, ondasun, honr eta atseginz guzietan egiten duenagatik eta darraikon eternidade izugarriagatik; bada kenzen diozka ilzen denari, bat ere utzi bage, zituen guziak eta uzten du nora bear duen ez dakiela ta Jangoikoaren tribunaleko sentenzi arrigarriaren begira. Sentenzi hau aterako da ill denak emen zebillela egin zuen bizitzak eskatzen duen gisakoa. Ibilli bazen ongi ta Jangoikoaren bidez erditsiko du zori oneko eternidade pozgarri ondasunduna; ta bestela, zori gaiztoki eternidade bearrez, nekez ta tormentuz betea.

 

 

§ III.

 

        Emengo gauz txarrei ta geroko andiei noizean bein ta aldi oro kontuz begiratzen dienak errazki ta aisa kenduko ditu begiak emengo txar guzietatik eta begiratuko die bear den gisan zeruko andi ederrei ta egiñen du oriek erditsi naiez egin bear den ibilkunz eta bizi garbia. Hau egin naizik sartu oi dira relijio onetan edo artan sarzen diran gizaki ta andreki guziak eta an egiten dituzte anbat barur, otoitz, penitenzi ta beste gauz on. Hau egin naizik uzten dituzte misionistak beren erriak, beren aide, adiskide ta ezagun guziak eta joaten dira Indi urrutira, Txina, Mogol ta aragoko beste anitz bazterretara, ta mil nekeren, goseren ta egarriren artean an dabilza jentil itsuei Ebanjelioz ta dotrinaz argi egiten, bataitu gaisoei hitzez, sermoiez ta sakramentuz lagunzen ta al duten on guzia guziei egiten.

        Beste munduko ondasunak gatik egiten dituzte munduko fededunak egiten dituzten limosnak, zorzi oroko, amabostean beingo edo illetik illeko konfesatze-komulgatzeak, hastean beingo ta beste zenbait egunetako barurak; egiten dituzte sermoi-aditze, mez-enzute, kongregaziora joate, errosari esate, itxeko guziei jakin behar dutena erakuste, ibiller makurrak eragozte ta egin bear dituzten beste gauz onak. Beste munduko gauz on berak irabaz naiez Jangoikoaren izenean barkatzen dituzte egiten diezten bidegabenz, txarkeri ta injuri guziak eta, aldiak eskatzen duen aldian, orien egille berei ere egiten diezte ditzakeen ongi ta onak, eta bizi dira gauz gaizto txikitara ere bage.

        Oriek berak, relijiotar onak eta ziñez zerura nai duten beste guziak esaten dute len Ezekias erregek ziona: «Nere biziaren erdian ta osasun onean oroitu ninzan», zion errege onak, «ill bearra nazala ta hordutik artu nuen zeruko gauzak gogoan artu ta lurreko guziei ez-ekusi egiteko asmoa. Gaurgero izan bear dut nik usoaren ta txoriaren gisakoa; negarrez dago beti ta gañeko aldera begira usoa ta pi-ioka bazk eske kabiko txoria, ta ala nik ere», zion, «zerura noizean bein begiratzen dudala, Jangoikoari bere grazi ta lagunza eskatzen diodala ta denbor berean negar ta negar oraindañoko nere bekatu guziez egiten dudala, egon uste dut nere bizi guzian»: recogitabo tibi omnes annos meos in amaritudine animae meae (Isai. 38,15). Eratsu berean hitz egiten dute fededun onak eta zerura nai duten beste guziak eta hitzez esaten duten bera gogoan dutela adirazten dute orien ibilkunz-bizitzak; bada bekatutik urrun dabilz oriek, bizitz on banatan sartuak arkitzen dira ta zerurako egiten dituzte anitz gauz on.

        Era orretan ibilzen dira oriek, zeren gogoan dakarten beren ill bearra; bada «ez da artako», dio S. Agustiñek, «alako beste gauzik»: nihil ita revocat homines a peccato, quemadmodum imminentis mortis cogitatio. Lenagotik ere hau bera adirazia daduka Espiritu Santu berak; bada lenagotik eta lenagotik esaten digu: «Gogoan erabilzen badezu zere eriotza ta eriotzari darraikon guzia, ona da geroz zuk egiñen dezuna»: memorare novissima tua, et in aeternum non peccabis (Eccl. 7,40). «Ez da», dio Davidek ere, «arrotasuna, gaiztakeria ta bekatua baizik eriotzaren oroitzapen ona alde bat utzi ezkero»: quia non est respectus morti eorum... ideo tenuit eos superbia, et operti sunt iniquitate, et impietate sua (Ps. 74, 4 et 6).

        Zori oneko humeak gu, Jesusek gaurko Ebanjelio santuan, Espiritu Santuak Eskrituran ta doktore jaunak beren libru onetan agertu diguten bide hau guk arzera; bada gogoan guk artu ezkero geren laster ta fite ill-bear hau, emengo gauzei ez diegu anitz begiratuko; pozik egiñen ditugu zeruko ondasunak irabazteko diran gauzak; prestatuko gara eriotz on batera ta erditsiko digu betiko atseginza ta gloria. Jangoikoak digula eriotzaren oroitzapen hau, ta oroitzapen onek agerzen dituen gauz onak egiteko grazia: bai arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa