www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Igande eta festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1767-1782, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

V
Eguerri eguneko irakurraldia

 

Ecce enim evangelizo vobis gaudium magnum. Luc. 2.

 

Gaia: Ziñezko ta betiko amorea da
Jesusek guri ordañez eskatzen diguna

 

        Jangoiko gizon egiña Belenen jaio zeneko joan zen aingeru bat berri on hau ango bazterraldian arkitzen ziran arzaiei ematera ta zeruko argiarekin egun eginik utzi zuen horduko gau illuna. Aingeru ederrak bere berri hau eraman zien arzaiei esaten ziela: «Arkituko dezue oialtan bildua ta estalbi batean ezarria guzien onerako Daviden erri Belenen jaio den Kristo Jauna». Artu zuten bertan arzaiak arako bidea, ibilli ziran agitz biziro ta arkitu zuten billatzen zutena; bada arkitu zuten Jesus bere estalbian, aingeru onak esan bezala, ta beraren Ama Birjiñak eta San Josepek zaitzen zutela. Guzia ekusi ta itzuli ziran arzaiak beren lanera, asi ziran banatzen ekusi zutena ta banatu zuten aditzen zutenen poz-atseginz andiarekin.

        Nola itzuli ote ziran arzai onak Jesus ekustetik? Dirudienaz, zeruko argiz ta Jangoiko-gizon beraganako amorez beteak; bada deitzen duenaren onerako ta on andirako da Jangoikoaren deitza ta gizonarentzat onik andiena; ta on, gizonak beharren dutena da Jangoiko beraren argia ta maitanza edo Jangoikoaren behar bezalako ezagunza ta amorea, ta ematen asi ezkero, emanen zien Jesusek beharren zuten ondasuna.

        Ondasun onekin ta Jangoikoaren amore andiz beteak andik itzuli ziralako siñu ta señale da oriek gero beren lagunen ta aditu zituzten guzien erdian egin zutena; bada arritu ta txarmaturik utzi zituzten beren adile guziak ekusi ta esan ziezten gauz on onen berriarekin, ta hau oriek ezin egin zezakeen, Jesusen amorez beteak egon ezpalira.

        Bestela ere beraganako amore bero hau da Jesus jaio-berria ekusten edo ezagutzen duten guziak billatu behar dutena, egungo mezako bere otoitz guzietan Elizak adirazten digunaz. Hau guri obeki adirazteagatik, orietatik batean esaten dio Jangoikoari: «Iguzu, guzia dezakezunak bezala, Jesus jaio-berriaren ezagunzak eskatzen duena zuzenki egiteko behar dugun on guzia»; ta orretarako behar duguna da grazi anitz ta Jesus beraganako amore andi bat; bada amore oni darraikona da beste guzia ta hau guzia da Jangoikoaren lagunz onarekin errazki egiten den gauza.

        Orra, bada, Jangoiko maitari gere amorez gizon egin ta jaio denak gugandik gaur eskatzen duena: beraganako gure amorea; baña amore, Jangoiko beraren guganako amorearen erako langillea; amore nekez izutzen ez dena ta amore betikoa.

 

 

§ I.

 

        Bai, gugandik gaur Jesus jaio-berriak eskatzen duen lenbiziko gauza da Jesus beraganako gure amorea; baña amore alferra ez, baizik langillea. Ebanjelari S. Joan da Apostol Jesusek geienik maitatu zuena, bai ta Jesus beraren maitatzallerik andiena ere, ta orregatik da amore beraren erakuslerik onena. Badakizu zer dion amore hau guri erakusteko amore beraren maisu andi Apostol onek? Onek diona da amore utsa ta illa dela hitzezko ta mihizko maitanza, ta maitatzen asi ezkero, maita dezagula eskuz, lanez ta bihotzez gure Jangoikoa ta Jangoikoaren izenean maitatzen duguna, zeren hau den izatez ta ziñezko maitanza ta amorea: filioli, non diligamus verbo, neque lingua, sed opere, et veritate (1 Joan. 3,18). Gauzaren izanza da ta ez gauzaren hitza ta otsa gauza billatzen dugun aldian guk gerok ere billatzen duguna; bada goseti arkitzen bagara, ez gabiltza janari otsen ta hitzen billa; soñeko bage arkitzen garan aldian ez ditugu billatzen soñekoaren hitza ta otsa ta ez dugu geren arzeko dugunaren alde artu nai diru-hitza ta otsa ta soñua; arzeko gureen alde artu nai duguna da geren arzeko bera edo hura diñako dirua ta gauza; geren otza ta gosea kenzeko behar diran ta billatzen ditugun gauzak dira soñeko ta janari-otsak ez, baizik ongi datorkigun soñekoa ta janari on ongi maneatu, erre, egosia.

        Jangoikoak ez du behar gure gauzarik, ez eta gure amorerik ere; baña zor diogu guk bere amorearen alde ta beste mill aldetara gure amorea, ta amore, izatezko eder beroa; bada zor diogu amore, beraren amorearen erakoa, ta Jesusen guganako amorea amore ziñezkoa da, ta amore, bere grazia ta zeruko beste ondasun anitz guri eman-erazten diozkana.

        «Ez», dio S. Gregoriok, «ez; alferrik ibilliko zara; zuk gaur ta bigar ta beti esanagatik, maite, maite ta beste guzia baño maiteago dezula Jangoikoa, egiten ezpadezu bere maitatzalle onagandik Jangoikoak nai duen guzia, maitanz uts-ustela da arganako zure maitanza»: si operari renuit, amor non est (Homil. in Ezech.); maitanz ona alabaña, santu berak dionaz, suaren gisakoa da ta suak ez daki geldirik egoten. Suaren egiteko guzia da beti-beti berotzen, erretzen ta argi egiten haritzea. Sua zabalzen ta luzatzen da al duen guzia edo alik geiena. Lurpetik edo ar-tartetik ateratzeagatik, an sarturik arkitzen bada, urratu ta goititzen ditu suak gañeko arri ta mendi guziak eta non-nai egiten du bere ater-bidea, ta geldirik ezin egonez egiten du suak hau guzia. «Orra, bada», dio Aita Santu andi onek, «orra nolakoa gugandik Jangoikoak nai duen amorea, su bizi onen erakoa, geldirik egoten ez dakiena»: nunquam est Dei amor otiosus (ibid.).

        Hau ala dela ederki ekusten dugu Jesus beraren guganako amorean. Bere Aitaren ta guganako amorez egin zen gizon ta jaio da gaur Jesus maitagarria. Baña noiz egin zen gizon ta noiz jaio da? Aitak berezi zion ta beraren guganako amoreak eskatzen zuen aldi ta horduan. Jaio da urteko sasoirik gogorrenean, neguko gaurik otzenean, munduko tokirik txarrenean ta erarik ez-egokienean; bada jaio da negu otzean, jaio da eguerri gauean, jaio da erriz kanpoan ta itxol txar erdi urratu batean, jaio da ganadutegi erdi urratuan ta ganadu beren artean; ta jaio da sasoi, egun, toki ta gis orretan, zeren luza-biderik ez dakien ziñezko amore beroak eta hitzezkoa ta ezpañezkoa ez, baizik bihotzezkoa ta ziñezkoa zen Jesusek zigun amorea.

        Era berekoa, bada, ta lanetan agerzen den amorea da Jesus maitariak gugandik nai duena; bada hordu oroko lanak eta gauzak dira, dio Aita Santu berak, ziñezko amorearen agerle zuzenak: probatio dilectionis exhibitio est operis. Esazu ezperen: zertan ezagu zaitzu maite dezula zere humea edo senarra, ezpada orrek behar edo nai dituen gauzak luzatu bage, bere aldian ta ongi egite zurean? Egizu, bada, ark zu bezala Jesus zuk maitatzeko, zugandik Jangoikoak nai duena ta egizu zuk hau urte oro, ill oro, haste oro, egun oro ta hordu oro, ta egizu Jangoiko berak nai duen eran. Orretara deitzen zaitu gaur Jesus jaio-berriak, beste aldi batez mairu belz bat bezala bere aldera.

        Napolesko galer batean egin zuten urte batez onzi gañeko toki onean Jesusen Belengo jait-itxolaren gisako itxol bat eta itxolan lastozko etzintegia. Emen ezarri zuten Jesusen ainzur edo bulto polit bat eta aren bi saietsetan beste bi, Jesus beraren Amarena bata ta S. Josefrena bestea, eta iruren inguruan zenbait arzairenak. Hau guzia zer zen ezpazekien ere, ekusten zuen galer berean urrutiseago ta katez loturik arkitzen zen mairu batek.

        Gabaz bere argiarekin idukitzen zuten onziko mariñelak Jesus ta al zuen gisan ari begira zegokan mairu katetua ta bere begiraldi batez ekusi zuen eskuz deitzen ziola Jesusek bere aldera. Atseginzez beterik gelditu zen mairu gaisoa, baña ezin zijoakela eranzun zion, eskuz erakutsiz loturik zedukan katea. Deitu zion berriz Jesusek eta ark deitze berean urratu zen mairuaren katea. Joan zen lasterka Jesus jaio berriagana. Argana bezain laster berotu zion Jesusek zeruko suz bere barrena. Ikasi zuen ekusten zuenak adirazten zuen Jesusen gure amorezko gizonza ta jaitza; ikasi zituen jakin behar diran gure legeko beste misteri guziak eta eskatu ta artu zuen bataio santua ta asi zen amorez ta lanez eranzuten Jesusen amore guztiz ongilleari.

        Orra, mairu onek ere erakusten digu len ebanjelari S. Joanek eta Doktore S. Gregoriok erakutsi digutena: amore langillea dela gugandik Jangoikoak nai duen amorea. Hau bera esaten digu S. Joan Krisostomok ere, bada esaten digu: «Alferrik da Jangoikoa agitz eta zere burua baño ere geiago maite dezula zuk esatea, maitanz orrek eskatzen dituen (otoitz, barur, maiz konfesa-komulgatze, egin dizuten txarkeria barkatze ta era bereko beste) gauzak egiten ezpadituzu»: ne mihi dicas: diligo Deum plus quam me ipsum: verba sunt ista: ostende hoc ipsis operibus.

        Egin izandu dituzu oraindañoko zere aldian? Ekus zazu. Ala bada, langille ona izandu da Jesus maitagarriaganako zure amorea. Bai, noski, ta sendor-bortiz ez-izukorra ere. Goazen orain hau ekustera.

 

 

§ II.

 

        Lanez ta nekez izutzen ez dena da amore langille gugandik Jesusek eskatzen duena ta gure amore hau alde onetatik ere Jesus beraren amorearen erakoa da; bada neke ta neketan zen ta eskerbageen artean jaio zeneko gure Jesus maitagarria. Jesusen horduko neke gogorrak adiraziak gelditzen dira, ukituz len esan dugunarekin, noiz, non ta nola jaio zen agertu dugun aldian; bada badakizu zein ozkorra ta zein minberea den aur jaio berria; badakizu, jaio horduko oial berotan bildu ta seaskan luma edo koltxoi gain leunean ezarri ta estali ta ere egon oi dela aur gaisoa negar ta karraisi, egonagatik gela beroan ta aizerik sarzen ez den tokian; ta badakizu aditu dezunarekin zenbat otz-bide ta negar-gai arkitu zuen Jesusek eta jaio zeneko arkitu zela itxol txar urratu, gelarik, seaskarik, lumarik, koltxoirik, surik edo berogarririk bagekoan, ta itxol, bazter guzietatik edo askotatik beintzat aizeari sar-bidea ematen zion batean. Al-ere etzen oztu, ez eta epeldu ere Jesusen guganako amore andia. Bere amore sendor bortiz onen erakoa da Jesusek gugandik nai duena; orregatik da neketan kezkaturik eta naigabez beteak arkitzen garan aldian ere itotzen ez den amorea, ta amore, geren nekaldi orietan egin behar ditugun gauzak egiten lagunzen diguna ta Jangoikoaren legeko bidean beti gaduzkana.

        Era onetakoa izandu zen S. Pablok Jesusi zion amorea, bada izandu zen amore esan-erazten ziona: «Orra, Kristo Jauna gure onerako jaioa da, gugatik mill lan ta neke eraman zituena ta guzien buruan ill ta biztu zena, ta zerura igan zen puntu beretik bere Aitari gure alde eske ta eske dagokana; bada nola utz dezaket nik» (zion gero Apostol jaunak), «hau ziñez ta beti maitatzea?. Ez eta munduko naspill, naigabenz, kezk, auzi, gos-egarri, behar ta neke guziak elkar artu ta bizia kenduko balidate ere. Orrenbat maitatu ninduen Jesusen alde prest arkitzen naz ni, hau guzia ta geiago ta geiago ere nere gain arzeko, ala Jesus berak nai izatera»: in his omnibus superamus propter eum, qui dilexit nos (Rom. 8,37).

        Tobias zarrak urrikarizko bere lan onetan gastatu zuen bere ondasun guzia, galdu zuen ekuste bera ta gelditu zen itsutu, beharsu ta irabaz-biderik ere bage, ta al-ere gelditu zen Jangoikoaren len bezain maitatzalle sendor-bortitza. Errege Job aberatsari kendu ziozkan etsaiak zituen ondasunak, kendu ziozkan hume guziak, bai ta gorputzeko bere osasuna ere, gelditu zen burutik oñeraño zauri bat egiña ta bazter guzietatik materia ta usteltasuna zeriola, ta al-ere esaten zuen: «Jangoikoak emanak ziran nik nituen ondasun ta gauz guziak, berak kendu dizkit ziranak, egin du guziaz guzien Jaun eta Jabeak bezala berak nai zuena, bedeika dakiola egin duen guziagatik».

        Orra oriek beren aldian esaten zutena. Eta zer da zuk zere nekaldi, naigabenz eta ezbai aldietan esan oi dezuna? Nigatik anbat ekusi zuen Jangoikoaren izenean izan dedilla guzia? Egiten zizkitzuten txarkeriei txarkeriz eranzun lekuan, ongitorriz ta hitz mez eranzun uste zeniela? Hau zen zuk, maite zaituen Jesus maite bazenuen, egin beharra? Baña egin izandu dezu oraindañoko zere aldietan? Zenbait aldiz ez, bada nai etzenuen hitz bat aditu horduko asaldatzen ziñan ziñan guzia, hitz bidebageko txarrari eranzuten zenion bidebageagokoz ta txarkeriari txarkeri andiagoz, ta noizbait egiten ezpazenuen zuk hau, gelditzen ziñan andi ta mutur ta egilleaganako barren ta begi illunarekin.

        Bada ez da hau Jesus maite duenak egiten duena; Jesusen amoreak edo Jesus maite duenak «garaitzen du sua, garaitzen du burdiña, garaitzen ditu presondegiko kateak, bai ta itxekok, auzokok, errikok eta ez errikok ematen diozkan naigabenzak eta egiten diozkan hista ta txarkeri guziak ere», dio S. Lorenzo Justinianok: ignem, ferrum, vincula, carceres, persevutiones, flagella adversaque omnia Christi amor tolerare facit (In fascic. c. 16). Zori onekoa zu hau zuk emendik aitziña egiten badezu, ta egiten osoro ta beti.

 

 

§ III.

 

        Jesusen amore ziñezko batek eragiten du hau guzia ta eragiten bein edo berriz ez-ezik, aldiak dakarren guzian; bada ziñezko gure amore hau Jesusek izandu zuen amorearen erakoa da ta betikoa izandu zen Jesusen guganako amorea. «Bai», dio S. Buenaventurak, «ekus zazu lenbizitik azkeneraño Jesusen bizitz eta ibillz guzia ta arkituko dezu guztia gurutzez, neke-penaz ta naigabez betea»: volve, et volve vitam boni Jesus, et non invenies eam, nisi in cruce: ex quo enim carnem assumpsit, semper in poena fuit.

        Gurutze, neke ta pena zen Jesus maitagarriarenzat jaio zen eran ta toki txar galduan jaiotzea; gurutze, neke ta pena zen andik zorzigarren eguneko gelditu zen gisan odolez ta oñazez beterik gelditzea; gurutze, neke ta pena zen andik laster ta negu gogorra joan baño len mendiz-mendi Egipto belzeraño igeska ibilzea ta Egipto berean erbestatu bat bezala zenbait urtez bizitzea; neke, gurutze ta pena zen andik itzuli bezain laster esku-lanen sartu ta bere ogei ta amar urtetaraño lan ta lan ta izerditan haritzea; ta neke, gurutze ta pen andiagoa, urrengo irur urteetan bere Apostol guziak bilzen ta moldazen ta judatarrei ta Galileako errietako guziei predikuz ta predikuz erakusten ibiltzea ta gero gelditzea bein odolez izertua, gero sokaz lotu, arrastatu, ostikatu ta okabilkatua, illeetatik tiraka erabillia, zapladaz ta listuz ta karkaisez aurpegian zikindua, ero baten gisan zuriz jaunzia ta azkenean azotez urratua, soñera eman zioten gurutzez erdi lertua ta gurutze berean josia ta mill oñaze ta flakiren erdian odolez ustua ta illa. Hau izandu zen Jesusen jait-hordutik ill arteko bizia; orra gurutzez, nekez ta penaz zein betea!

        Baña orrenbat bere neke-pena ta gurutzeren erdian galdu zuen noizbait Jesusek guri zigun amorea? Ez eta instant edo ezbai batez ere. Beti-beti maitatu ginduen ta aldian aldiko gurutze, pena ta neke guziak eraman zituen gure amorez ta gure onerako, ta bere neke ta tormentu guzien erdian maitatu ginduen, nek-tormenturik bage arkitu baliz bezain sosegu ta indar andiarekin. «Bai», dio ebanjelari S. Joanek, «maitatu zituen Jesusek bereak bere bizitzan ta bizitzaren azkenean», edo S. Agustinek klaratzen duen bezala, «bere eriotz nekezko bereraño»: cum dilexisset suos... in finem (usque ad mortem) dilexit eos (Joan. 13,1).

        «Orra, bada», esaten dizu S. Bernardok, «orra nolakoa gugandik ordañez Jesusek eskatzen duen amorea: beraren amore, neke ta pena guzien artean ere itotzen ez zenaren erakoa»: disce, o Christiane, a Christo, quomodo diligas Christum.

        Nek-arteko amore hau errazkiago guri arrerazi naiez egin zuen Jesusek besterik ere; bada bere pasioko neke ta tormentu guzietara joan zen aldian egin ta utzi zigun aldareko Sakramentu andia ta Sakramentu berean gelditu zen munduaren bukanz azkeneraño, ta gelditu zen zerura igan ta ere, alderagotik gu maitatu naiez ta obeki guri lagunzeko, esaten zigula: «Ni zerura iganagatik, ez da zuek zer penatu; bada an nagola ere, zuekin emen arkituko naz, mundua mundu den arte guzian»: ecce ego vobiscum sum usque ad consummationem saeculi (Matth. 28,20).

        Aditzen dut, bai, Jesus maitagarria, aditzen dut zuk zere jaiotzetik hitzez ta lanez esaten didazun guzia. Aditzen dut esaten didazula ar ditzadala nik ere zure izenean ta zuri zor dizudan amore andiaren alde nere barreneko naigabe ta kezka txiki-laburrak, bai ta egiten dizkidaten bidebagenz eta txarkeri guziak ere. Ez dut hau egin beti beinzat oraindañoko nere aldian; baña ekusi dudan ezkero egiteko berean zuk egiña, egin gogo dut eta nere ustez ziñez emendik aitziña.

Baña badakizu, Jesus maitagarria, ezin dagikedala nik bakarrik eta zure lagunzik bage, eta hau eskatzen dizut ukatuko ez didazulako uste osoan; eta eskatzen, zere Bihotzeko amore langille betiko andi-nekatuaren izenean. Indazu, bada, Jesus maitagarria. Bai arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa