www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Igande eta festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1767-1782, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXXIX
Irurz-Trinitate Santuaren
eguneko irakurraldia

 

Ecce ego vobiscum sum omnibus diebus usque ad consumationem saeculi. Matth. 28.

 

Gaia: Jangoikoa errazki maitatzen du
bera maiz gogoan darabillenak

 

        Bi Epistol ta bi Ebanjelio ditu egungo mezak, Trinitate Santuarena bata ta bestea egungo igandekoa ta biak datoz batera; bada datoz Jangoikoaren maitanza ta besteekiko onginaia guri arreraztera. S. Pabloren ezpañez esaten digu Eliz santak: «Jesus! ta zein andiak Jangoikoaren jakinzak eta zein ondorik bagekoak aren asmo ta bide ederrak! Nori gogora zaio sekulan Jangoikoak gogoan zuena? Nork adirazi dio Jangoikoari egin bear zena? edo nork eman dio lenbizikorik ari zerbait, beraren eskutik gero ordeña arzeko? Niork ere; bada bera da gauz guzien egillea, bera da guziak bere eskutik daduzkana ta bera munduko guziei ongi ta ontart anitz egiten hari dena ta guziagatik zor zaio sekula guziko maitanza, honra ta gloria».

        «Eta zor zaio hau guzia», dio S. Joanek egungo igandeko Epistolan, «zeren, deus ere zor etzigula, maitatu ginduen berak gu ta gero ta beti ere gu maitatu naiez ta zori oneko doatsu egiñak uzteko, gizon egiñik igorri zigun mundura bere Semea, ta beraren onenbat maitanzen alde zor diogu ordañezko maitanza ez ezik, beraren amorez beste guziak ere guk ziñez maitatzea. Elkar guk gis onetan maitatzen badugu, gerekin dugu gure Jangoikoak, ta Jangoikoaren maitanza ezagun zaiku eman dizkigun Espirituan ta Espiritu Santuaren grazian ta doai andietan, ta aren grazi ta doai oriekin egiten dugun gauz on zuzen guzian. Siñisten ta aitorzen duenak Jesus dela Jangoikoaren Seme Jangoikoa ta Jangoikoaren tribunalean ongi aterako delako uste osoan bizi diteke. Maita dezagun, bada, lenik maitatu ginduen Jangoikoa ta Jangoikoaren amorez geren lagun urkoa edo edozein beste; bada edozein beste Jangoikoari dagokan gauza da ta Jangoikoari dagokan maite ez duenak ez du maite Jangoiko bera»; ta azkenik esaten digu an bertan: «Jangoikoaren mandamentua da Jangoikoa maite duenak beste guziak ere maitatzea»: et hoc mandatum habemus a Deo, ut, qui diligit Deus, diligat et fratrem suum (Ep. 2, c. 4). Eta orra, bigarren Epistola ere Jangoikoa guri maitarazteko da ta bidenabar Trinitate Santuaren zerbait berri emateko.

        Berri hau ongi klaratzen digu Jesusek Trinitat beraren egungo festako Ebanjeli santuan, Apostol berei esanez: «Jangoikoaren Seme Jangoikoak bezala badut nai dudana zeruan ta lurrean egiteko eskua; zoazte, bada, mundu guzira nai dutenak Aitaren ta Semearen ta Espiritu Santuaren izenean bataitzera»; ta hau esatea ta Aita ta Semea ta Espiritu Santua edo Irurz-Trinitat guzia Jangoikoa dela esatea berebat da. Esaten die oni ditxekola: «Zoazte, bada, (misterio hau) ta jakin bear dituzten beste guziak erakustera ta zerua irabazteko egin bear dituzten gauzak eragitera, ta orra (zuei ta oriei zeren egiteko onetan lagunzeko Aldareko Sakramentuan) zuekin geldituko naz munduaren bukanzaraño», esan zien azkenik Jesus maitagarriak.

        Zerurako diranak egin bear dituzten gauzak agerzen ditu Jesusek egungo igandeko Ebanjelioan ta oriek dirala dio elkarrekin gu, gurekin Jangoikoa den gisan, urrikalt onak izatea; alde gaiztora besteren gauzak ez botatzea; Jangoikoak guri barka diezagun, besteei guk barkatzea; Jangoikoak guri bear duguna digun, oriei guk ematea; Jangoikoak geiago digun, besteei guk ongi ematea; ta besteren utsak utzi ta gerenei, lenbaitlen kenzeko, kontuz begiratzea. Gauz oriek, bada, ta Jangoikoaren maitanzak dakarzenak egiten dituenak egiten du zerurako denak egin bear duena. Errazki egiten du hau jangoikoa maite duenak. Eta aldi onetan guk egiñen duguna da Jangoikoa errazki maitatzeko den gauz bat agerzea, ta hau da askotan ta maiz Jangoiko berari begiratzea; bada Jangoikoaren Trinitat Irurzako misterioa Kristau Dotrin luzean klaraturik arkitzen den gauza da ta nai badezu an ekus dezakezuna.

 

 

§ I.

 

        Agitz andi txarmagarria da siñisten dugun fedeko edozein misterio; baña andien ta txarmagarriena Jangoikoaren Irurtz-Trinidade Santa; hau da alabaña iru Person berezi, Aita, Seme ta Espiritu Santuak Jainkonz bat baizik ez egitea; sekulan iñork Jangoiko berak agertu ezpalu usteko ere etzuen gauza, ta gauz, Eskritura santak dionaz, gure jakinz eta asmo guziak garaitzen dituena: Deus magnus vincens scientiam nostram (Job, 36,26).

        Jaun onek egiñak, Jaun onek bekatupetik atereak, Jaun hau emen serbi-maitatzeko ta berak nai duen aldian emendik atera ta zerura igateko etorriak gara gu, ta Elizako gauzak artu ta fededun onen gisan ateratzen bagara, geren ater-aldian Elizaren aldetik esanen zaiku: «Zoaz beste mundura egin zinduen Aitaren, bekatupetik atera zinduen Semearen ta bataioz zugana zen Espiritu Santuaren izenean». Emendik ater-irten ta luzanzik bage artuko digu Jangoikoak bizi guziko geren kontua ta emanen digu, ona izandu bada hau, dagokan betiko zori ona ta bestela sekul guziko neke-pen torment izugarria.

        Gu ta gure gauzak ekusteko baditu Jangoikoak eguzki berak baño begi agitz argiagoak: oculi Domini multo plus lucidiores super solem, circumspicientes omnes vias (Eccl. 23,28), ta ekusten gaitu testigu zuzen ta juez zorrotzak bezala: ego sum iudex, et testis (Jerem. 29,23), ta egiten du Jangoikoak hau guzia gu galzeko ez, baizik gure onagatik eta betiko zori onean gu ekusi naiez. Emen onak izaten bagara, agertuko digu noizbait eta gero sekula guzian bere arpegi ederra ta ekusiko degu zeruan beti guk hau, atseginz eta kontent ezin andiagoan arkitzen garala: videbimus eum, sicuti est (1 Joan. 2,3); satiabor, cum apparuerit gloria tua (Ps. 16,15).

        Jangoikoaren zori oneko ekusle doatsu atsegindunak zeruan gero izateko emen guk egin bear duguna da berari dagokan honra beti ematea ta bera guk ziñez maitatzea. Orretako bidea da geren gogotik guk hura ez uztea, edo geroko kontu zorrotzak guri arzeko begir-begira dagokigula noizean bein bad-ere gogoan arzea; bada hau guk egiten badugu, Jangoikoaren errespetu ta beldur andiarekin biziko gara ta etsaiaren txistu gaizto ta tentanzei ta gaizta-bideei ez-aditu ta ez-ekusi egiten diegula; me-meki ta Jangoiko beraren izenean artuko ditugu izaten ditugun neke ta naigabenz guziak eta ibilliko gara zeruko bidean Jainko berak nai bezala ta egiten ditugula adirazten dizkigun gauzak.

 

 

§ II.

 

        Bai, noizean bein bad-ere ta geren tentaldi guzietan gogoan arzen badugu nor garan ta nor den Trinitate Santa, Jangoiko bakar, betiko Jaun ezin andiago, ezin jakinsuago, ezin alsuago, gauz guzien egille ta emalle, anbat guk zor dioguna ta gure juez ezin zuzenago zorrotza, ibilliko gara begi humil errespetuz beteekin; bada gu Jangoikoaren aldean ez gara aldiritarrik txarrena erregerik andien baten aldean diña, ta Jangoikoari guk, aldiritarrak bere errege andi orri baño mill milletan geiago zor diogu, ta bere erregek orri baño beste mil miletan gaitz edo on geiago egin bear digu, nola izaten den ill arteko gure bizitza; ta al-ere aldiritar orrek begiratzen dion aldian bere erregeri, begi humill errespetariz baizik ezin begiratu dio. Nola begiratuko diogu, bada, guk geren Jangoiko ekusi dugun bezain alsu, andi, errespetariari, nor den ta nola beti begira dagokigun oroiturik begiratzen badiogu?

        Zein beldurgarria den Jangoikoa guri adirazteko dio Eskritura santak, berak dezaken eran mendiei begiratu ezkero, urtuko litukela argizagi piska su andiak ur dezaken bezala: montes a fundamentis movebuntur cum aquis; petrae tanquam cera liquescent ante faciem tuam (Judith, 16,18); bada zenbat ikara ta beldur sartuko dio Jangoiko berak bere begi berekin begiratzen diola oroitzen den edozein mundukori, oroitzen bada beinzat noizean bein ta txarkeriren bat bere Jangoiko juez begira dagokan berari egiteko bidetan arkitzen den aldian? Eta nola ez du izutua ta illa bezala gelditu bear alako gauzarik ez egiteko? Ala geldituko lizake aldiritarra, gaiztakeri bat erregeri egiteko asmo galdua etorzen zaion aldian, bere ondoan ekusten balu bi mill soldaduz ingurutua bere errege bera; ta bekatariari begira dagokan Jangoiko alsuak baditu bi mill-milloi aingeru ta agitz geiago, ta keñu bat egin ezkero, an izanen ditu sulezeko borrero ta deabru guziak ere eta orietatik bakoitzak badu munduko soldadu guziak diña indar, gaiztagin bekatari guziak eskuratzeko. Eta orra nai ta ez edozein, Jangoikoaren errespetuz ta beldurrez beterik uzteko bidea, Aitaz ta Semeaz ta Espiritu Santu Jangoiko beraz noizean bein oroitzea. «Bai», dio S. Joan Krisostomok, «zori oneko oroipen onek bertan itoko ditu aragiaren, munduaren ta deabruaren tentaldi guziak»: statim effugiet omnis illicita concupiscentia (Hom. 62 in Gen.). «Eta ez du batek ere bekaturik ez egiteko», dio Alexandriko S. Clementek, «Jangoikoa beti begira dagokiola gogoratzen baizik bear»: hac solum ratione fit, ut quis nunquam labatur, si Deum sibi ipsi semper adesse existimet. Egi hau agertu digu Jangoikoak askotan, ta bein Susana zeritzan israeldar andre batek Babilonian egin zuenarekin.

        Jangoikoaren beldurtasunean azia ta ezkondua zen Babiloniko israeldar Susana. Bero andi bat egiten zuen egun batez bere bi neskame artu ta sartu zen sagardiko urean oñak garbitzera. Horduko an elkar arturik gordeak arkitzen ziran arako zela zekiten juez gaizto bi. Egiteko batez itxera joan ziran aren donzell-neskame biak. Arakoan esanik igorri zituen, nior an sar etzedin, sagardiko atea berengana tiratu ta gilza zezatela. Oriek hau egin zuteneko, joan ziran Susanagana juez gorde gistoak eta esan zioten: «Orra, ertsia dago sagardia; emen ez da zu ta gu biok baizik, eta egin bear dezu guk nai duguna; bestela salatuko zaitugu ta esanen dugu mutil batekin emen arkitu zaitugula ta arekin egoteagatik igorri zenituela zere neskame biak eta gu onaratze berean mutillak iges egin zuela». Hau aditu ta negarrez asi zen Susana, esaten zuela: «Neketan arkitzen naz bazter guzietatik; egiten badut zuek nai dezuten gaiztaginza, galdua naz sekulako, ta egiten ezpadut, ekusi bearko dut esan dezuten alkekizuna; azkenean begira dagokidan Jangoikoa bekatuz aserretu baño naiago dut zuen atzapar gaiztoan bizia galdu»: sed melius est mihi, absque opere incidere in manus vestras, quam peccare in conspectu Domini (Dan. 13,23). Eta ark eta beste biak ojuari eman ta jendeak etorri ta atera zuen bere burua tranze artatik eta gero Jangoikoaren milagroz juez gaiztoen atzapar gaiztotik, juez berak borreroaren eskuz illak uzten zituela.

        Orra, bada, Jangoikoaren oroipena galzeak galdu zituen juez galdu oriek eta galzen du, dio salmariak, munduko beste edozein; «bada bere gogotik Jangoikoa utzi ezkero, galduz-galdu dabill, dio, bere bizi guzian»: non est Deus in conspectu ejus: inquinitatae sunt viae illius in omni tempore (Ps. 10,5) ta Jangoiko bera gogoan idukitzeak atera zuen bekaturik bage ekusi dugun bezain tranze estutik Susana ta aterako du beste edozein ere; bada, S. Basiliok dion bezala, «Erregeen Errege Jangoikoaren begietan ez ezik, lurreko prinzipe batenetan ere ezin egin du niork atsekabe emanen dion gauzarik»: quis in oculis principis sui audeat, quod disciplet principi ipsi?. Eta orra non Jangoikoa noizean bein gogoan arzea ta tentaldi bakoitzean gogora ekarzea den Jangoiko berari beldur ta errespet andiarekin begiratzeko ta bekaturik ez egiteko bidea.

 

 

§ III.

 

        Bai ta Jangoiko beraren izenean emengo neke guziak me-meki eraman ta egin bear diran gauzak ongi ta biziro egiteko bidea ere. Jangoikoak egin ginduen hordutik bearturik arkitzen gara Jainko berak ematen digun bidez zerua irabaztera ta ez da zerua irabazteko biderik, nekez ta egitekoz beterik arkitzen ez denik. Datozkigula, bada, nai duten bidez geren bideko nekagiro txiki andiak, guziak datoz gure onerako, bada datoz gure bekatu gaiztoen alde ta orien zorrak emen purgatorioko su arrigarrian baño agitz errazkiago guk ateratzeko, edo datozkigu zerurako irabazi andiak guri eragiteko ta bidenabar Jangoikoari atsegin egiñen dion eran gure bizitza zuzenzeko.

        Baña orrenbat gure onerako izanagatik hau guzia, gauz agitz nekagarria da hau ongi egitea ta orregatik da aringarri on bat eskatzen duen egiteko ta lana. Eta orretako diran guzien artean ez da bat, jangoikoa begira dagokigula gogoan arzea bezalakorik, eta hau da Jangoiko berak agitz ongi nai zion patriark Abrahani bein emana: ambula coram Deo, et esto (id est, eris) perfectus (Gen. 17,1).

        Emen ere errege batek bere soldaduari, aitak semeari ta nagusiak mutillari bere gauzak eragiteko ez da oriei begitart ona egitea ta lanean hari diran aldian begira egotea bezalako biderik; bada begira dagokan ta ongi nai dion erregegatik soldadu batek egiten ez duena egiñen ez du mundu guziagatik ez gaur ta ez bigar ta ez bein ere, eta hau bera agitzen zaie humeari gurasoarekin ta mutillari bere nagusiarekin. Jangoikoa begira dagokigula, bada, gogoan arzea da gauzak ongi egiteko biderik onena ta erraz laburrena. «Bai, hau egiten duenak», dio Caietanok (hîc), «niola ere zuzenzeko, zuzenduko ditu bere gauzak, bere ibilzak, bere hitzak eta bere begiratze ta keñu guziak»: nulla maior ratio componendi gestus, motus, verba, actionesque hominum, quam anbulare ante faciem principis. Eta hau egiten badu, ongi ez ezik atseginz andiarekin egiñen ditu bere gauzak. Makabeo bortitzak bein egin zutenak adirazten duen gauza da hau.

        Siriko erregek igorri zuen israeldarretara bere gerrari andi Nicanor ta igorri zuen ejerzitu izugarri bat berekin zuela. Ikasi zuen onek israeldar soldadu guziak arkitzen zirala Samaria zeritzan beren bazter batean ta, golpe batez guziak galdu-bukatu naiez, joan zen ara larunbatean edo israeldarren festan pelean haritzera. Hau ekusi zutenean, gaztigatu zioten israeldarrak begira zezola zen egunari ta hura beretzat berezi zuen Jangoikoari. Baña Jangoikoz ta aren egunaz irri egin ta asi zen Nicanor bere peleako gauzak prestatzen.

        Hau ekusi ta esan zien bere israeldar soldadu guziei orien nagusi Judas Makabeok: «Gizon onek aditzen ezpagaitu ere, adituko gaitu gure Jangoiko begira dagokigunak, eta onek ematen digun lagunz indartsuarekin badut uste eskurako dugula gizatzar onen arrotanz ta antuste galgarria; ta hau adirazi dit (esan zuen gero) Jangoiko berak lotan arkitzen nazala; bada beste mundutik igorri dit gizon santu Onias profeta Jeremiasekin ta hitz on anitz esan ondoan, eman dit onek urrezko ezpat bat, esaten didala: orra zere etsaiak garaitzeko Jangoikoak igorzen dizun erregalo andi ezpat santua».

        Hau ark oriei esan ta asi ziran Siritarrak soñuz bazterrak urratzen; bazetozen oñez geienak, zaldiz anitz eta beste guziak arm zorrotzez inguruturik zeuden gurdi andietan ta bazetozen pelean asi horduko israeldarrak garaitu uste andian. Denbor berean arkitzen ziran Judas Makabeo ta onen lagunak bat ere beldurrik bage ta etsaiak etorrik artean, esan zion bere ta beste guzien izenean Judas Makabeok Jangoikoari: «Ezekias erregeren aldian aingeru bat israeldarren alde igorri-bidaldu zenuen zuk, gure Jangoiko maitagarria, ta aingeru onen eskuz eun ta larogei ta bost milla senakeriben soldadu gau batez utzi zenituen illak. Horduko gaiztoak bezain blasfemari galduak dira orra or datozen gure ta zure etsaiak; betor, bada, beste aingeru bat guri lagunzera ta Jerusalengo zure eliza ta gure bazterrak eta gauzak gordetzera».

        Hau esate berean asi zen zituen bere lagunekin etsaien bidera ateratzen ta batu zitueneko arrigarrizko pelean; bada hari ziran biotzez Jangoikoari otoitz eta otoitz, eta armaz ta eskuz ezin bortitzkiago ta Jangoikoa begira zegotelako pozarekin (praesentia Dei magnifice delectati (2 Mach. 15,27)) ta andik laster garaitu ere zituzten beren etsai guziak eta orietatik an bertan illak gelditu ziran ogei ta amabost milla ta orien artean Nicanor bera. Orra zein ederki egin zuten beren pelea Jangoikoa gogoan zutela ta Jangoiko bera begira zegotelako oroipen onarekin pelean haritu ziran Makabetar oriek.

        Hau bera agitu zaie gerozko martire ta konfesor santu guziei: beren neke ta tormentu guziak me-meki eramatea ta beren egiteko guziak ezin obeki egitea, «ekusten etzuten Jangoikoa begira zegotela sinistuz ta gogoan erabilliz», dio S. Joan Krisostomok: ad grandia pro Deo agenda, et sustinenda excitantes Deum coram oculis suis, quasi visibilem exponebant (Hom. 26 in Epist. ad Hebr.).

        «Hau egiten badugu», dio S. Juan Damastarrak, «eta gogoan erabilli ezkero Jangoikoa gau-egun ta beti begi-begira dagotela gure lan, egiteko, ibiller, keñu ta asmo guziei, santu izanen gara geren gauz guzietan»: si Deum non solum secretorum actuum nostrorum, verum etiam cogitationum internarum diurnum, nocturnumque conspectorem esse cogitamus, sancti erimus (Lib. 6 de sp. forn. 24).

        Noizean bein, bada, zere gauz bakoitza egiten astean ta zere tentaldi guzietan begir egiozu Jangoik(o) andi Trinitate Irurz santari; eska zagozu aldi oro bere lagunza ta grazia ta ekusiko dezu zein bide ona den hau Jangoikoaren errespetari humil beldurti ona izateko, etsaiaren tentanz guziak garaitzeko, zere neke ta naigabenz guziak me-meki eramateko ta zere gauz guziak ongi ta bear den gisan egiteko. Trinitat Irurz sant berak dizula bide on hau arzeko bear den grazi guzia: bai arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa