www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Igande eta festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1767-1782, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

XLIV
Espiritu Santuaren Bazko-ondoko
bostgarren igandeko irakurraldia

 

        Omnis, qui irascitur fratri suo, reus erit iudicio. Matth. 5.

 

Gaia: Mandamentu agitz ondasunduna
maitanzako mandamentua da

 

        Ur tanta bat besteen igesi balebill ta beste tant guziak hau bera egiten balute, ez lizake itsasorik munduan, ez eta putzurik, ibairik edo iturririk ere; bada iturriak iturri izateko bear ditu anitz ur tant, eta ur tant, elkar arturik datozenak; eta hau bera agitzen zaie ibaiari, putzuari ta itsasoari ere. Arri bat eta bestea eta bestea elkarganatzen ezpadira, ez dute egiñen itxerik, ez eta paret bakarrik ere; bada arri bakoitza ez paret eta ez itxe da, ur tanta ez itsaso, ez putzu, ez ibai ta ez iturri den bezala.

        Gisa berean amar mili gizon ta beste anbeste andre munduan izanagatik, bata zoko batean ta bestea bestean, hau mendi edo buter onetan ta hura artan bizi badira, ez dute erri txiki bat ere egiñen, zeren erria den elkarren aldeko zenbait itxetan gizon-andreak dituen tokia. Eta toki onetan ta er orretako itxeetan oriek biziagatik eta erri andi bat egin ta ere, elkar ezin ekusi duten katu-zakurren gisan bizi balira, erri gaisto bat egiñen lukee guzien artean.

        Bataitu guziok Kristo Jaunarekin ta Erromako beraren Bikario Aita Santuarekin egiten dugu Jangoikoaren Eliz edo kongreganz bat; baña kongreganz eta Eliz gaistoa egiñen genuke, elkar ezin ekusi dugula bizi bagiña; eta ona izan dadin, esaten digu S. Pedrok egungo bere kart-epistolan: «Fededun onak (gogoz ta biotzez) bizi bat egiñak, elkarri lagunduz egin zeren otoitzak eta batak besteenzat izan urrikaldunak, hitz egille leunak eta izatez humillak. Batek ere besteren gaizki egiñari edo hitz gaistoari ez dio hitz gaistoz edo bear ez den lanez eranzun bear. Egin bear dena da gaistagiñei ere ongiz ta hitz onez eranzutea; bada artako bataitu gara ta hau da Jangoikoaren bedeikanzak erdisteko bidea».

        Zerura igan nai duenak eta emen berean ere ongi bizitzeko ez du besteri ez dagokan hitzik zer atera, ez eta bataioko legeak debekatzen duen gauzarik zer egin ere. Utz beza bazter guzietan bakea ta bake oso betikoa; bada bakedun onei begira dagote Jangoikoa ta orien otoitzak aditzeko zabaldurik daduzka bere belarri biak eta kudutar gerrati erreak ezin ekusi ditu». Otra aldi onetako Epistolan S. Pedrok esaten ta adirazten diguna.

        Oni ditxekona da Kristo Jaunak egungo Ebanjelio santuan esaten diguna; bada esaten die bere Apostol jaunei ta orien buruan guri: «Orie, eskrib ta fariseu zuenak esaten dutena baizik egiten ezpadezue, etzarazte sekulan zerurako; oriek diote ez dela zillegi batak bestea ilzea. Hau egia da ta galdua da besteren ilzallea; baña geiago diot nik, eta diot bata bestearekin aserretzea ere zillegi ez den gauza dela, bai ta biotza minzen dion hitz gaisto bat ari esatea ere, ta orren esalea esaten duen hordutik gelditzen da infernurako sugai gaisto egiña. Eta Jangoikoari present bat egitera edo komunioren bat egitera zoazen aldian, oroitzen bazara norbait aserratua dadukazula, zoaz lenik ari barkanza eskatzera ta hau egin bage ez da zer komulgatu».

        Orra Espiritu Santuak S. Pedroz esan digunari zein ederki ditxekona, Jesusek egungo Ebanjelio santuan esaten diguna. Baña zer ote da gaurko Epistolako ta Ebanjelioko esan orrek adirazten diguna? Zerura nai duenak beste edozeinekin bat egiñik bizi bear duela ta orri berari naiez ta lanez ongi egin bear diola. Gauz zein zuzena den hau ta zein ondasunduna ekusi bear dugu egungo aldian.

 

 

§ I.

 

        Ostegun santu arratsez utzi zituen Jesusek fededun guzienzat gauz guztiz andiak; bada besteen artean utzi zituen Aldareko Sakramentua (gizon egin zenetik ill arte guzian egin zuen milagrorik eta gauzarik andiena) ta orain ekusi bear dugun batak bestea maitatzeko legea ta mandamentua.

        Sakramentu andi hau ta arrats artako beste gauzak egin ta asi zen Jesus azkeneko bere sermoi andia egiten ta Apostol bereei esaten: «Nere seme maite onak, denbor laburra da orain nie zuekin egin bear, dudana. Banoa orain ni bestetara ta nerekin ara zuek joan naiagatik, ez da etorri zuen arako joan hordua; hura datorren aldian ara zuek igateko, egin bear dezute len niri aditua ta orain esan nai dudana. Orie, bada, adi zazue kontuz ta ongi lenbizikorik orain esaten dudana; uzten dizuet orain zuei (ta munduko beste fededun guziei) lege edo mandamentu berri bat eta mandamentua da zuek elkar maitatzea, nik zuek maitatu zaituztedan bezala: mandatun novum do vobis, ut diligatis invicem, sicut ego dilexi vos (Joan. 13,34).

        Apostoluen gogoan ongi sartua gelditu zen Jesusen mandamentu berri hau, ta hau zen Jesusen mandamentu ta gauz guzien artean fededunei geienik enkargatzen ziena; bada «Begira», esaten die S. Pedrok, «gauz guzien artean lenenik eta kontuzena egin bear dezutena da beti-beti elkar onestea ta batak besteei ongi nai izatea»: ante omnia mutuam in vobismet ipsis charitatem continuam habentes (Ep. 1 Petr. 4,8).

        Eratsu berean hitz egiten die S. Pablok fededunei; bada adirazten die bein ar ditzatela me-meki ta Jangoikoaren izenean ematen diezten naigabenz, egiten diezten txarkeri ta ekusten dituzten bidebage guziak. Adirazten die ez ditezela asaldatu asmatzen diezten gezur, ezarzen diezten auzi edo egiten diezten kalte makurrak gatik; ez dagitela irabaziagatik edo munduan den beste gauzagatik Jangoikoak debekatzen duen gauzarik, eta azkenean adirazten die dagiztela alik zuzenkiena beren beste gauz guziak; eta hau guzia adirazi ta, esaten die fededun guziei: «Baña begira, ori guzia baño geiago nai dudana da zuek guziok elkar maitatzea»: super omnia charitatem habete.

        S. Joan Ebanjelaria izandu zen Apostol guzien arrean Jesusek geienik maitatu zuena. Hau izandu zen Jesusek bere mandamentu hau utzi zigun arrats berean bere burua Jesus beraren biotz gañean ezarri zuena ta zeruko berei andiak andik atera zituena. Apostol ta Ebanjelari onek, bada, egin zuen, guk dakigunaz, beste Apostoluk baño geiago Jesusen mandamentu hau fededun berei arrerazteko; bada agertu zien bere Ebanjelio santuan Jesusen mandamentu hau bein len aditu ditugun hitzekin ta gero Jesus beraren beste oiekin: «Bai, nere aginza ta mandamentua da nik zuek bezala zuek elkar maitatzea»: hoc est praeceptum meum, ut diligatis invicem, sicut dilexi vos (15,12).

        Eta Ebanjelioz ez ezik, bere predikuz ere adirazi zien Ebanjelari santuak fededun berei anitz eta anitz aldiz Jesusen mandamentu berezi hau; bada zar-zartu ta ere ta Elizara bere oñez ezin joan zen denboran, aren hitz onak ez galdu naiez besoetan artu ta eraman oi zuten ara ta aldi orietan beti esaten zien: «Nere seme maiteak, maita zazue batak bestea»: charissimi, diligamus nos invicem (I Joan 4,7). Anbat aldiz hau aditzez aspertu ta esan zioten bein aditzen zutenak: «Zertako da onenbat aldiz hau guri zuk esatea?». «Zeren Jesusen mandamentu berezia den», eranzun zien santuak, «aditzen dezutena, ta zeren zuek hau egiten badezue, egiñen dezuten egin bear den beste guzia»: quia praeceptum Domini est: et, si fiat, sufficit.

        Badakizu nola den hau? edo zergatik elkar maitatzen dutenak egiten duten egin bear duten beste guzia ere? Zeren elkar maite dutenak maite duten Jangoiko bera ta Jangoikoa maite dutenak egiten dioten Jangoiko berari dagokan honra, errespetatzen duten Jangoikoaren izena, izen hau blasfemitan, maldiziotan ta bear ez den juramentutan ez sarzeko; zeren Jangoikoa ta Jangoikoarekin batean beste guziak maite dituztenak ongi nai dien beren ait-amei, seme-alabei, erriko lagunei, erriratzen diran arrotzei ta munduko beste guziei; ta zeren orietatik bati ere egiten ez dioten bestek berei egitea naiko ez lukeen gauzarik; eta orregatik ez diete egiten aragizko zikinkeririk, eskuzko ebasterik, hitzezko deshonrarik edo gogozko gaitzik. Eta orra non, Jangoikoak diona egiteagatik eta Jangoiko beraren amorez besteak maite dituztenak, oriek maitatzearekin egiten duten, S. Joan Ebanjelariak don gisan, egin bear duten guzia: praeceptum Domini est, et, si fiat, sufficit. Orregatik dio S. Pablok hau egiten duenak egiten duela Jangoikoaren lege guziak diona: qui diligit proximum, legem implevit (Rom. 13,8).

        Hau ongi zekienaren gisan hitz egin zuen bein Elizako Doktore andi S. Anbrosiok. Aldi artan Theodosio enperadore andia sermoiez laudatzen hari zen Santu Doktorea eta enperadore baitan arkitu zuen gauzarik laudagarriena zen beartsu gaisoei egiten zien ena ta ongia; ta dio mundutik atera ta zerura sarzean galdegin ziotela hein aingeru zenbaitek eta gero besteak: «Zer egin dezu zeruan sarzeko?», ta eranzun ziela: «Jesusek esan bezala, besteak maitatu»: interrogabant Angeli, vel Archangeli: quid egisti in terris? Dicebat: dilexi. «Eta ederki eranzun zien», dio Santu Doktoreak, «bada besteak bear den gisan ta Jangoikoak nai eran onestea, Jangoikoak dion guzia zuzenki egitea da»: hoc est enim dicere: legem implevi. Hau bera dio berriz ere Apostol S. Pablok, bada dio: «Maitanza da Jangoikoaren legeak eskatzen duen guziaren bukanza»: plenitudo enim legis est dilectio (Rom. 13,11). Edo S. Gregoriok dion bezala, «birtute guziei bizia ematen dien sustraia»: Virtutes ex una charitate generantur.

 

 

§ II.

 

        Orra, bada, zein egokia ta zein guk bear bezalako gauza Jesusek bere azken arratsean utzi zigun maitanzako mandamentu hau. Hau guri arrerazi naiez ta onek diona gogo obez guri eragiteagatik, Jesus berak egin zuen lenik guri eragin nai diguna, soldadu gerrakoen nagusi onak egin oi duten gisan; bada soldadu oriei nai dutena eragiteko, orien nagusi onak egiten dutena da orien egiteko latz gogorretan berak lenik astea ta ibai edo ur andiskote bizi bat igaro bear badute, berak lenbizikorik an sartu ta beste bazterrera joatea; armaz ta soldaduz etsaiak estalia dadukaten muru edo murall erdi urratu batera igan bear badute, ara beren gerrari guziak berak eramatea, ara lenbizikorik berak igatea ta era bereko beste gauzak gisa berean egitea. Gis orretan beren nagusia soldadu gerrariak ekusi ezkero, ez da guzien artean bat aren ondotik ez dijoanik eta ark egiten duena egin nai ez duenik.

        Hau bera da egin zuenarekin Jesusek guri eragin nai diguna ta orregatik esaten digu: «Maita zazue batak bestea, nik zuek maitatu zaituztedan bezala»: diligite inimicos vestros, sicut dilexi vos. «Etzinazten len zuek nere adiskide; zeren bekatu galduak gatik nere ta nere Aitaren etsai gaistoak ziñazten eta al-ere onetsi ta maitatu zaituztet nik eta nere pen-neke-tormentu ta eriotz gogorrarekin bat egin zaituztet nere Aita aserretuarekin»: cum inimici essemus, reconciliavit nos Patri.

        «Zuekin egin dudana egin dut nik munduko beste guziekin, bai ta neke-tormentuak eta gurutzeko eriotz gogorra eman zidaten berekin ere; bada orien alde egin diozkat nere Aitari nere otoitzak eta eskatu diot, zet egiten zuten etzekienei bezala, barka ziezaiela beren lan gaisto onetan egin zuten bekatu izugarria, bai ta beste edozein ere, eta zuen ta orien ta munduko beste guzien zorren alde present egin diot nere Ait berari nere bizi guzian ta eriotz gogorrean irabazi dudana. Eta orra, egin dut zuek eta munduko beste guziak nere adiskide izan baziñazte egin nezaken guzia. Atozte, bada, nere ondoren ta egizue elkarrekin hau bera ta maita zazue begiz, hitzez, eskuz ta lagunduz batak bestea».

        «Orretako jaunz zaitez», esaten digu bakoitzari S. Paulok, «edo ar zazu Jesusen Biotz urrikaldunaren gisako biotz urrikalt bat, bearsu gaisoei barkatzeko ezin dakarkeen zorra; oriei berei edo beste orien erako guziei emateko beren gabenzak eskatzen duena; ar zazu gaistoen gogorzak eta arrotasun sutu-galduak garaitzeko berakorz humilla; hitz leunez, arpegi ariñez ta begitart enez garaitu bear dituzu orien beren furrustadak eta lotsa-gabenzak. Egiten dizkitzuten bidegabenz, kalte ta txarkeri guziak ongi ta meki arzeko ta Jesusek gureen gisan besteren dollorkeri-obenak barkatzeko, ar zazu Jesus berarenaren gisako bular lasai ta pazienzi andia; hau da alabaña Jangoikoaren mandamentu berezi onek dion ta adirazten duena ederki egiteko bidea»: induite vos, sicut electi Dei, viscera misericordiae, benignitatem, modestiam, patientiam, supportantes invicem, et donantes vobismetipsis, sicut et Dominus donavit vobis (Colos. 3,12).

        Hau zuk egiten badezu ta bake onean bizi bazara, txarkeri hau edo hura egin dizkitzuten berekin ere bake onean bizi bazara ta al dezun ona bearsu gaisoei egiten diezula, «bazoazke», dio Isaias profetak, «alke ta lotsarik bage Jangoikoari nai dezun gauzak eskatzera; bada ongitorri enarekin artuko zaitu ta esanen dizu: «Ona non nauzun (bear dezuna ta geiago zuri emateko): tunc invocabis, et Dominus exaudiet, clamabis, et dicet: ecce adsum (c. 58,9). Orrelakoei askotan ematen die Jangoikoak eskatzen ez dioten ona ere. Zori oneko arzalle orietatik izandu zen besteen maitatzalle on Abran patriarka.

        Osab-illobak ziran Abran hau ta aren aldean bizi zen ta Loth zeritzan beste bat. Artanz eta beste ganadunz andiak zituzten batak eta besteak. Elkarren aldern zituzten bien arzaiak beren ardien bazkanzak eta bataren ardiak noiz edo berriz sarzen ziran bestearen belarrean ta andik sorzen ziran orien arteko ezbaidak eta erriertak. Ikasi zuen Abran patriarkak orien artean agitzen zen hau eta ekusi zuen ortik zetorkena, artako bidea mugaz oriei ez kenzera; ta hau kendu naiez ta bere alde Loth-ekin bake onean bizitzeagatik, zarrena ta Loth-en osaba bazen ere, billatu zuen Abranek Loth eta esan zion enez ta me-meki: «Ez nuke nai, nere illoba, izan zenezan naigaberik nere arzaien aldetik. Gazteak gazte dira ta ez dira buru onezeak gazte guziak, eta zureak eta nereak asi dira beren gaztekerietan ta aserraldietan, ta ez dira or geldituko berezten ezpaditugu. Orien bakerako, bada, ta zu ta ni ere nas ez gaitezen, obe izain da zuk eta nik geren bazterrak billatzea ta bakoitzak bere ganadua ta mutillak berekin eramatea. Ekus zazu, bada, bazter goiztarra, bai ta arratstarra ere, ta zoaz nai dezun aldera; goiz aldera bazoaz, joain naz ni arrats aldera; arrats aldera bazoaz, artuko dut nik beste aldea ta orrekin urratuko ditugu gure mutillen ta gure aser-bide guziak».

        Egin zen ala ta berezi ziran bake onean Abran ta Loth, eta bake on hau sortu zuen Abran bedeikatu zuen Jangoikoak beste bat diña edo geiena bedeikatu duena baño agitz geiago; bada eman zion beretzat eta bere ondorengoendako Kanango bazterra, munduan zen bazterrik enena, ta bazter, gero Judako ta israeldarren erreinu egin zena. Erreinu onetarako ta beste bazterretarako eman ziozkan zeruan izar diña ondorengo ta orren ondorengoetatik bat da Jesus Jangoiko gizon egiña; bada Abranen odolekoa da Jesusen Ama Birjiña. Eta ill zenean, eman zion lurpean Abrani beretzat eta beste on guzienzat Jangoikoa gizon egin ta ill ta biztu arteko bere izeneko egontegi bat edo Abranen linboa. Eta Jesus berak andik artu ta eraman zuen berekin zerura, bere bakenz onen ta beste birtute guzien saria arzera.

        An bertan baketi andi onen ta beste maitatzall enen lagun izanen zara zu ere, aren gisan zuk ere egin ezkero egungo bere mandamentu andian Jesusek esaten dizuna; egizu, bada, badagikezu ta, Jesus berak lagunzen dizula, ta lagunduko dizu zuk eskatu ezkero. Eska zagozu, bada: bai arren, bai.

aurrekoa hurrengoa