www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Igande eta festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1767-1782, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

XIX
[Quinquagesima deritzan
igandeko irakurraldia]

 

Gaia: Zer den munduko itsu Jesusek
argitzen duenak zerurako egin behar duena

 

        Igan zen bein Jesus beste askotako eran Jerusalena. Urrutitik artu zuen aldi artan arako bidea. Bidez igaro zen Jeriko zeritzan erri batetik; erri onetara urbilze berean arkitu zuen bidetik baztertua zegon itsu eskelle bat. Anitz ziran aldi artan Jesusekin bidez zebilzanak eta, oi den gisan, beren arteko hitzket-erausi luzean zebilzanak. Orien marmarrak aditu ta «Hau zer da?», galdetu zuen itsu erneak. Emen dator, eranzun zioten, «Nazarethko Jesus». Itsuak bide zuen horduko Jesusek behartsu gaisoei ta besteei egiten ziezten ontarteen berria ta ark ere beretzat erditsi naiez ongi zegokan gauz andi bat eta erdits-aldi hura galzeko beldurrez, asi zen bereala ojuka ta esaten: «Dabiden seme Jesus, urrikal zakizkit, arren». Aren ojuak aditu ta esan zioten Jesusen abr-aitzinetik zebilzanak. «Zaude isillik bazterren asaldaria». Baña itsuak berea zuen bere gogoan ta ezpañean ta orien isilkak garaitzeko ta Jesusek adi zezan esaten ziona, len baño ere oju andiagoz esaten zuen: «Urrikal zakizkit, Dabiden seme Jesus».

        Itsuaren parera zeneko aditu zuen Jesusek aren ots-hitza; gelditu zen bertan ta an berarekin zetozenei esan ta itsu-eskele beharsua erakarri zuen bere aldera, ta bere aldean hura ekusi ta galdetu zion: «Zer da nigandik zuk nai dezuna?». «Itsua naz, Jauna», eranzun zion, «ta begi ona ta ekuste garbia». «Orra, bada, zuk nai dezuna», esaten dio Jesusek; «zere uste ona baliatu zaitzu; ondu dira zure begiak; idiki zatzu ta ekusiko dezu». Eta ala zen, bada bertatik asi zen sekulan itsunzik izandu ezpalu bezain garbiro ekusten, ta artu zuen Jesusen ondoren Jerusalengo bidea ta ibilli zen eskerdun on egiña ta egin zion onagatik Jangoikoari eskerrak ematen. Hau ekusi zuten bidezko guziak ere asi ziran Jangoiko berari zegokan honra eta honra egiten.

        Aldi onetan bazituen berekin Jesusek beste gisako zenbait itsu ere; ta itsu, horduan ez baizik beste aldi batez ta bere neke-izerdi andien buruan argitu zituenak. Itsu oriek ziran beraren eskolako amabi Diszipulu onak. Beren bidea arzean edo bidez zebilzala esaten die Jesusek: «Orra, Jerusalena goaz ta an agi-gertatu beharrak dira niri dagozkidan ta Profetak adirazi dituzten gauz guziak. Jangoiko-gizaseme hau egun batez or geldituko da jentilen eskuan ani dutena artaz egiteko. Egiñen diozkate anitz hista ta eskarni, azotez urratuko dute den guzia ta karkaisez zikinduko diote bere aurpegia, beren azotaldiaren ondoan kenduko diote bizia, baña biztuko da irugarren eguneko». Aditu zuten belarriz hau Apostol onak Kristo jaunaren aho-ezpañetik, baña adimentuz ez; bada adimentuz oriek hau aditzeko, itsua bere itsu denboran bidezko gizonak begiz ekusteko bezain itsu arkitzen ziran. Etzioten aldi artan eskatu Jesusi senda zitzala beren barrengo itsumentutik eta itsu gelditu ziran adimentuz, gauzak aurpegiko begiz ekusi arte guzian.

        Zer esan nai ote digu Elizak Ebanjelioko bi itsument oriek gaur agertuz? Bai dirala munduan itsu, ill arte guzian argitzen ez diranak, bai ta Jangoikoak beren bizitzan argitzen dituenak ere. Zein dira itsu argitu bage ta argitu oriek? Aldi onetan guk ekusi behar ditugunak.

 

 

§ I.

 

        Bai, badira munduan itsu ill arte guzian argitzen ez diranak eta munduko ta zeruko gauzak diran gisan ekusten ez dituztenak. Itsu oriek beren argitu arte ontan dira egungo itsua Jesusek sendatu zueño izandu zenaren gisakoak eta eskean dabilzanak.

        Eskean dabillen itsuari urrikalti onak ematen dio zerbait diru edo limosn on, baña histari galduak irriz ta eskarniz zerbait azal, diru gaizto edo gauz ustel. Itsu gaisoak arzen du onzat guzia, ta gauz ustel ta diru gaiztoa artu ta ere, pozdun ta bero dabill bere horduraño. Baña afal-hordua urbildu ta ona dela uste duen diru gaiztoz gairik ezin erosiz ibilli ta, zer artu ez duela arkitzen da ta gelditzen, engañatu dutelako damuarekin ta tripako bere gose gaiztoarekin.

        Larru gorrian ta deus ere bage gatoz guziok emengo lurgañ ontara ta urteetan sartu ta anditu ta ere, itsu arkitzen dira gutatik beinzat anitz, eta onzat artu oi dituzte eriotzeko arratsean pist bat balio ez duten gauzak. Arzen dituzte zenbaitek beren aitzineko ongi arkitzen ziranen itxe bateko gauzak eta bazterrak, eta arzen beren poz eta atseginz andiarekin. Etxe-bazterrik beren aitzinekoen ill-ondoan arkitzen ez dutenak, arzen dute bideren bat edo beste zerbait billatzeko ta geienak egunak, hasteak, illak eta urteak egiñagatik nekezko eske ta billanz gogor batean, doi-doia izaten dute beren egunoroko gos-egarria ilzeko ta soñerako behar dutena; ta eriotzeko gau illunera ta, arkitzen dira berekin eramateko edo emen uzteko gauzarik bage.

        Beste zenbaitek arzen dute merkatanzako bidea ta saldu-erosiz, gutiagoan artu ta geiagoan emanez, emen trukatuz, ara bidalduz ta beste bidez egiten dituzte beren irabanzak eta ondasunak; baña ez bide hau arzen duten guziak, ez eta laurdenak ere; ta orietatik zenbait gelditzen dira zorpe gaiztoan, presondegi latz-illunean ta larru gorrian. Beste batzuek ondasundun ta honraz beteak gelditu naiez, arzen dute armetako ta gerrako bidea, ta billatzen zuten honraren ta ondasunen lekuan arkitzen dute geienak nekezko bizitza ta odolezko edo hospital bateko eriotza ta lurpeko etxea ta obia. Baña orrenbatetik zenbait egiten dira bein alferez, gero kapitan, gero koronel ta gero geiago, ta izaten dute zerbait honra ta gizonen zerbait begiranz on ta besterik ez. Beste zenbait igaten dira ekusi ditugunak baño zerbait geiseago ta izaten dira batalletako nagusi, an edo emen Erreg-ordain edo Viso-Rey ta bidenabar izaten dituzte ango enkomienda, emengo errenta ta Erregek eman diezten bidez berak bilzen duten ondasuna.

        Beste zenbaitek arzen dute Indietako bidea, baña geienak ez buru ta ez esku; ta anitz urtez an diru-eske bezala ibilli ta arkitzen dira Españan bezain gabe ta behartsu ta beren aldian ilzen dira zorriz ta gosez ongi beteak. Zenbaitek bilzen duten andik beren itxera itzulzeko, itxe bera ongitzeko, berritzeko edo berriro jasotzeko, len izanen etzuten ezkonza egiteko ta beren egunak nekatu bage igarotzeko diña; baña orien hume-illobak arkitzen dira oriek berak Indietara joan ziran aldian baño agitz txarkiago ta behar andiago illunean. Beste zenbaitek ekarzen dute zerbait geiseago ta ez dira ekusi ditugunak bezain gaizki bizi orien hume-illob eta beste ondorengoak. Eta beste zenbait ongi kontatuk ekarzen dituzte eun mill, bost-eun mill, milletan mil otxin ta geiago, ta ondasunez azpiratzen dituzte ondasunik geienak len Españan zuten anitz eta asko.

        Azkenean etorzen zaie ondasundun oriei ta len ekusi ditugun beste guziei besteei bezala beren eriotzeko gau illuna, ta zeruko maian bokadu bat artu naiez agerzen badituzte dituzten ondasun ta diru guziak, esanen die Jangoikoak bere Tribunalean: Pist batek diña ez dute oriek onetarako balio. Zeruan sarzen ez diran gauzak dira oriek guziak; errazkiago bilzen diranak eta beste gisako gauzak dira zerurako egokiak. Onelakorik ez duten itxuak geldi bitez beren gosearekin ta zerutik kanpoan. Hau an aditzen badu, zer damua munduko ondasunzale alferrik nekatu denak artuko duena! Arinzik bagekoa ta beti betikoa, bada galduko ditu zeruko irabaz-bide guziak eta geldituko da zakur gosez amorratua bezain gosez ta amurranz betikoz betea: famem patientur ut canes (Ps. 58,16).

        Hau bera agituko zaie Erromako ta beste bazterretako konsejari jakinsu ta gerran ta bakean eskurik geiena izandu duten beste guziei ere, beren eriotzan izaten ezpadute emengo jakinza ta eskua besterik; bada emengo jakinz eta esku guzia, den andiena izanagatik, soñeko tresna ta Erregeen eskuko zetroa bezala da, ta, munduko zetro ta soñeko guziak emen bertan ustelzen dira, ta jabeei, ill ezkero, jabe ill beren ondoan egonagatik, onarakotz ere baliazen etzaiztenak, Alejandro Magno zeritzan Errege andi baten soldadu guziak ekusi zuten bezala.

 

 

§ II.

 

        Ill zen Alexandro Errege hau mundu guzia beretzen zebillela ta Indiko bazter horduko agertu ziranak ere irabazi ezkero. Ilzen zela ezagutu ta artu zituen bere soldadu zenbait Erregetako, ta irabazirik utzi zuen mundutik eman zion bakoitzari bere zatia ta erresum ta erreinua. Errege berriak bildu ziran Alexandro Errege illaren inguruan, andik aitzin-abrera egin behar zutenaren berri ta konseju argandik arzera ta, «Jauna, zer deritza dagikedala aldi onelakoan edo beste artan?», galdetu zion batek, eta besteak ere egin ziozkaten ere bereko beren galdegiñak; baña egondu baziran ere aren eranzunen begira, etzioten hitzik aditu ta etzuten ekusi aren keñu bat ere; zeren horduko galduak ziran ta betiko galduak Alexandro Errege andiaren gerrako jakinz eta esku guzia. Hau bera agi-gertatzen zaie munduko beren gauz guziekin beste guziei ere; bada gauz orietatik bat ere ez da zerurako gauza.

        Beste mundurako ez da Alejandrorena edo ekusi ditugun beste oriena baño geiago balio duen gauza, gorputzeko tall, edertasun edo apaiketa; usteldu ta urratu ta soñetik erorzen den estalki txarra onarako bezala da beste mundurako bata ta bestea. Hau guri adirazteko da S. Agustiñek edo onen izenean besteren batek sermoi batean esaten duena: «Joan giñan bein beste anitz eta ni», dio, «Cesar Enperadore andi illaren gorputza ekustera ta arkitu genuen uste genuen baño era ta itxur itsusiagoan; bada ekusi genuen guziz itsustua ta izugarria; ekusi genuen buru, esku, oñetatik eta gorputz guzitik usteltasuna zeriola; ekusi genuen aren sabela gainbera urratua ta ar zikiñez betea, ta janari ta edari goxoz ase oi zen barren hura ar zikiñen janari ta mai egiña. Burutik eroriak eta naspill-loitu egiñak zeuden leneko aren ille ederrak eta larrurik bage ta soildurik aren kalaber ta buru guzia, ta aurpegiko begi-ezpañak eta buruko muñak materi loi ta ar egiñak eta azpiko orzak belztu ta erdi eroriak».

        Hau ta onelako beste gauz anitz esan ondoan, galdetzen du ta dio: «Zer egin da edo non arkitzen orain Cesar Enperadorearen gorputz eder galanta? Zertan gelditu dira aren soñeko sedaz egiñak eta urrez ta perlaz beteak? Nora joan dira aren diru-sail ta ondasun andiak eta esku-aginze ta soldadeskak? Non da aren marfillezko oi-oatze ta Inperioko tronua? Beraren eriotzarekin aitu dira arendako beinzat guziak eta guzietatik etzaio gaueko amets batetik gelditzen dena baño geiago gelditu»: omnia pariter defecerunt: transivit velut somnium avolans, et sicut visio nocturna (Serm. 3 ad Fratr.).

        Orra, bada, zerurako gauz ustelak edo galduak dira gorputzaren edertasun ta apaigarri guziak, bai ta munduko diru, jakinz, ondasun ta esku andiak ere. Eta arako zer gauz ote dira neska-mutillen danzak, hizket-egoer, ibiller, jan-edan ta beste joan-etorri guziak? Zer gizonen joko ta edate luzeak, alferkeri galgarri ta berriketak? Len ekusi ditugun gauzak baño agitz ustelagoak eta beti, geienean edo askotan beinzat, infernuko sugai igarrak. Orien jabe, orain itsu daudenak ere, erioko argiarekin ekusiko dute, damu gaizto dutela, egia dela hau guzia. Zori gaiztoko ekusketa orien horduko ekusket hau! Orietatik bat bazara, eska zagozu Jesusi hordura bage ta garu bertatik oriek eta zerurako onak diran gai ta gauzak ekusteko argia ta lagunza.

 

 

§ III.

 

        Bekatuan bizi diran eder-apaindu-ondasundun-aberatsak eta nai dutena egiten ta eragiten dutenak itsuak dira ta sekulako galbide gaizto baten bazterrean arkitzen diran itsuak. Zori oneko itsuak oriek, egungo Ebanjelioko itsuak bezain ziñez Jesusi eskatuz erdisten badute, gai ta gauz ustel oriek utzi ta, zeruan sarzen dituzten onak ekusteko ta bizitz on baten oñez Jesusi darraizkola Jesus berarekin zeruko Jerusalenen sarzeko beharko duten grazia.

        Munduko itsuak Jesusen argiarekin ekus ditzakee diran eran emengo ta beste munduko gauzak, eta ekusi ta ekusten dituzten bidez artu ta Jesusen ondoren ibilzen badira, Jesus berak lagunduz beren ondasun on ta garbi zuzenekin zerurako dira.

        Ekusten ta beren gogoan ongi sarzen dutenak ill behar dutela orien gorputzak eta anitz luzatu bage ar zikin, usteltasun ta lur egiñik gelditu, esaten dute: «Ta itxura txar izugarri onetan gelditzeko dauden gorputzenzat onenbat seda, oial eder, estalki mee ta apaingarri, onenbat jan ta edan goxo ta onenbat loo ta atseginz? Gaurgero ez, Jangoikoak lagunzen didala; gaurgeroko nere lana izanen da kontuzko ta bere horduko jan-edanak egitea, soñeko garbi larrua estalzeko aski diranak arzea, dagozkidan ta Jangoikoaren Legeak eskatzen dituen gauzak osoki ta mug onean egitea, bai ta zenbait baru, zenbait penitenzi ta beste gauz on ere». Orra fededun itsu argituak argitu ta egiten duen lenbiziko gauza: ondunai on bizi bat arzea.

        Bigarrena da bere antust arroa ta burua besteen artean goratu naia oinpera ekarzea ta mundu eroaren esankizunei urrutiko peregrino bidariak erri arrotzeko ele-erausiei baño geiago ez begiratzea ta zeruko bere peregrinanzan Jesusi darraikola zuzenki ta gelditu bage ibilzea ta bide onetako bere jan-edanak eta beste fededun onen gauzak kontuz egitea.

        Irugarrena da bestela ere beren eriotzan galdu behar dituzten ondasunekin ta diru zatiarekin bata edo bestea duten fededunak gerorako irabanz andiak egitea, Jangoikoaren Elizak apainzea, beharsu gaisoei zerbait emateko ta Purgatorioko animen neke arrigarri gogorrak Mezaz arinzea, ta dirutik edo ondasunik onetako ez dutenak oriei berei Mezak enzunez, baruz, ilduraz ta otoitzez ongi lagunzea. Lagunz bata ta bestea lagunzalleen irabanz andirako bidea da, anitz aldetara Jangoiko berak adirazi duen bezala, ta bein Evagrio zeritzan fededun Filosofo bati gertatuarekin.

        Aditu zuen Elizan Filosofo gizon jakinsu fededun onek beren gauzen emalle onak Jangoikoagandik artuko dutela ematen dutena bezalako eun. Hau aditu ta artu zuen irabanz andi hau egiteko gogoa. Artu zituen kutxatik an zeduzkan urrezko irur-eun ezkutu ta billatu zuen bere Obispo Sinesio. Eman ziozkan eskura guziak eta eskatu zion beste mundurako orien letra ta papera. An bertan ta bat-ere trikatu bage artu zuen pluma ta tinta Obispo Sinesiok; ezarri zuen paperean: «Nik Jesu Kristo jaunaren Prokuradore Sinesiok artu ditut beharsu gaisoen onerako Evagrioren eskutik irur-eun ezkutu ta artu ditut bakoitzaren alde beste eun emateko kargarekin ta egia dela hau adirazteko ezarzen dut emen Jesus Kristo jaun beraren izenean nere firma: Sinesio»; ta eman zion Evagriori bere paper hau. Artu zuen Evagriok papera ta gorderik iduki zuen bere eriotzeko horduraño. Ilzeko bere horduan esanik utzi zuen aren gorputza obian uztean sar zezotela eskuan paper hura ta egin zen ark esana. Aren gorputza orzi ta laster bere Obispo Sinesiori agertu ta esaten dio joan zedilla aren obira, zor ziona artu zuelako papera arzera. Joan zen ara Obispo Jauna, artu zuen illaren eskuko papera, ekusi zuen hura zela berak ari emana ta aren azpiko aldean arkitu zuen illak ziona; ta zion: «Jesusen eskutik artu ditut beraren izenean eman nituen irur-eun ezkutu ta bakoitzaren alde beste eun ta egia dela sinisterazi naiez ezarzen dut nere firma: Evagrio»; eta artu zituen eman zituen irur-eun ezkuturen alde irur mill ta irur-eun ta sekulako gloria.

        Orra zer irabazia, bere diru piska bestela galduko zenarekin Jesusen argitze onek ari eragiña ta nai duen edozeñi eragiten diona. Jesusek dizula emengo ta zeruko gauzak zori oneko gizon onen gisan ekusteko ta onen irabazia baño irabanz agitz andiago bat egiteko grazia; bai arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa