www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Igande eta festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1767-1782, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

Aszensioaren
urrengo igandeko irakurraldia

 

Et vos testimonium perhibebitis de me, quia ab initio mecum estis. Joan. 15.

 

Gaia: Ongien emen bere gauzak egiten dituena da
Jangoikoagana zeruan geienik urbilzen dena

 

        Lurreko gerrariak erakusten dio bere soldaduari gerrako lana, gerraldia datorren aldian egin dezan bear den gisan ta garai dezan ilzera datorkion etsaia ta dagien beretzat eta bere nagusiarendako irabazte ta ondasun andia. «Jangoikoaren gerrariak gara mundura gatozen guziok», dio Job Santuak: milita est vita hominis super terram (Job 7,1) eta fededunok Jangoikoaren gerrako geren Erregeren soñeko ta armak bataioz artu ditugunak; bada artu ditugu bataioz gurutze santuaren soñekoa ta señalea, bai ta arma iustitiae edo graziaren ta birtuteen armak ere.

        Erakusten digu geren gerrako nagusi Jesusek beraren soldadu onak izateko jakin ta egin bear duguna, ta erakusten, Elizan gizonez zenbaiti, eskolan bakoitzei ta beste anitzi beren itxean libruz ta hitzez, aldi berean barreneko gogargiz Jangoiko berak lagunzen duela. Lurreko soldadu guziak ez dira bide batekoak. Zenbait, (eta geienak) beren eskuz pelean haritzen dira ta beste bakoitzak oriei bear den eran leiak, peleak eta beste gauzak eragiteko dira. Eratsu berekoak gara Jangoiko Erregeren sodadu fededunok ere; bada zenbait erakusle ta eragille dira, ta oriek berak eta beste guziak Jangoiko Errege bere legean aginzen ta manatzen dituen gauzen egilleak. Lurreko gerrari bakoitzari erakusten zaio bere egitekorako jakin bear duena ta fededun bakoitzak, nai badu, ikas dezake beraren egiteko andiak eskatzen duen guzia.

        Fededun guzietatik Apostol jaunak dira Jesus Erregeren gerrari lenbizikoak eta orregatik dira gure legeko gauzak bestek baño obeki zekiztenak. Gauz oriek oriei erakusten haritu zen Jesus predikuko bere denbor guzian ta azkeneko bere irur urteetan, bai ta biztu ta zerura igan arte guzian ere. Bera zerura igan ondoan beren gain artu bear zuten egitekoa aipatu zien batez, adirazi zien Jesusek egungo Ebanjeli santuan ekusten duguna edo, anitz bazen ere, argandik aditu zutena geiago jakin bear zutela beren lan andirako ta hau erakutsiko ziela berak berez Aita betikoagandik igorriko zien Espiritu Santuz. Apostol jaunak Jesusen gerrari fededun erakusle ziran ta bear zen gisan hau guziei erakusteko ikasi bear zuten Jangoiko-gizon Jesusi zegokan guzia, ta esan ere zien hau azkenik eta ongi agertuko ziela etorzeko zegon Espiritu Santuak: «Ark ongi klaratuko dizue nor nazan ni ta hordutik ezagutuko nazue oraindaño guzian ez bezala ta hordu beretik jakinen dezue zertako diran nik egin ditudan gauzak, nik eraman bear ditudan neke gogorrak eta tormentu latzak, nere eriotz odoltua, nere biztea ta ekusi dezuten ta ekusiko dezuen beste guzia, bai ta nere Elizan geldituko diran sakramentu ta zeremoni santei dagoten guzia ere».

        Hitz gutiz hau Apostol berei adirazi ta «Orra», esan izandu zien, «gertakizun lendanik nik zuei agertua, ta gertatzen den aldian erne ta kontu ta ez beldurtu. Kenduko dizkitzute gaizki naiko dizutenak Elizan sarzeak eta zeren ango erakuste onak, eta ilzen zaituztenak usteko dute orretan egiten dutela Jangoikoari atsegin andi bat egiñen dion gauza; baña egiñen dute hau nere Aita ta ni garanzat ezagutzen ez gaituzten itsuak. Lendanik esan dizuet aditu dezuten guzia, gertatzen den aldian ezagu dezazuen egia zela nik niona».

        Apostol Jaunak ikasi zuten azkeneko jakin bear zutena ta egin zuten guztiz ederki beren egiteko andia ta igan ziran gero Jesusen aldera, irabazi zuten atseginz eta glori ederrera. Orien eran berea egiten duena iganen da Jesus beraren aldera, ta zenbat ere obeki egiten duen, anbat alderagora, oraingo aldian ikusiko dugun bezala.

 

 

§ I.

 

        Lurreko gerrari kargudunak izaten dira berez otsik andiena munduan egiten duten gizonak; baña oriek baño obeki egiten badituzte gerrako gauzak azken gerrariak edo soldadu utsak, kargudunak baño ozen geiagorekin gelditzen dira mundu berean. Gerrari karguduna ta errege andia zen Saul. Filistarrekin pelean sarzeko bidetan arkitzen zen bein ta sarzeko bere beldurrarekin. David zeritzan mutil gazte bat an agertu zen aldi berean. David ara baño len egun oro urbilzen zen an bertan arkitzen ziran filistarren ejerzituko jigante, gizon agitz andi izugarri bat eta aldi oro egiten zien oju: «Gizonik bada zuen artean, betor onara nerekin pelean sarzera; ark garaitzen banau ni, garaituak nerekin batean filistar guziak, guziok egiteko Saulek nai duena; baña nik hura garaitu ezkero, garaituak hura ta Saul ta beste israeldar guziak, guziak egiteko guk nai duguna». Etzen trebe Saul, ez eta ejerzitu guziko beste gerrari andi txikirik ere jigant arekin pelean sarzeko. Aldi artan ara zen David arzai mutil gaztea ta filistar izugarriak ziona aditu ta israeldar guzien beldurra ekusi ta esan zuen garbi garbiro Jangoikoaren izenean bat ere beldurrik bage joanen zela gizatzar hura garaitzera.

        Aditu zuen Saulek mutil ark ziona ta deitu ta burutik oñeraño begiratu ta esan zion Davidi: «Zu mutil gazte bizar bagea ta filistar hura gizon egiña; zu txikia ta hura agitz andia; zu arzaia ta hura gerran oitua; hura burdinez estalia ta lanz arrigarri bat eskuan duela ta zu arzai makil bat eskuan ta arzai oialezko soñekoa baizik gañean ez dezula, arekin nola pelean hariko zara?». «Bear den gisan, jauna», eranzun zion Davidek, «eta hura garaitzeko uste andiarekin; bada nere arzanzan etorri zaizkit arza ta leoia ardiak eramatera, ta orzetan bat arzen zuteneko, joan ta kenzen nien nere ardia, ta itzulzen baziran nigana, aoa oriek zabaldu horduko, itsasten ninzaien esku batez gañeko aldetik eta bestearekin azpikotik, urratzen nituen leporaño ta erorzen ziran an bertan illak, eta hau bera agituko zaio filistar izugarri orri ere».

        Utzi zion azkenean Saulek Davidi nai zuena egiten. Joan zen David ur guti zekarren urrengo errekara, artu zituen an bost arri arkitu zituen garbienak, eta sartu zituen saietseko arzai zorroan. Orietatik bat artu ta ezarri zuen bere eskuko aballan ta beste eskuan arzai makilla artu ta asi zen ibilzen filistar izugarriagana. Filistarrak hura arganatzen ekusi ta esan zion Davidi: «Zeer? Zakurra nauk ni, era orretan hi nigana etorzeko? Ator, ator ta txorien bazk egiñik, botako aut arako aizegain artara»; ta hau esan ta asi zen ibilzen hura ere. Bazijoazen biak bata besteagana ta filistarra Daviden tirora horduko, eskuko arria bere sok-aballarekin buru inguruan erabilli ta tiratu zion Davidek; eman zion kopet-bekokiaren erdian ta utzi zuen an bertan asnaserik bage ta ill eroria. Argana joan ta kendu zion saietseko ezpata ta ezpatarekin burua, ta ezpat puntan burua sartu ta itzuli zen bere ejerzitura ta Saul erregegana. Israeldar neskatxak hau aditu ta asi ziran kantaz esaten: «Saulek ill ditu mill, baña Davidek amar mill», ta gelditu zen David soldadu utsa Saul gerrari nagusi ta errege andia baño honr andiagoarekin, zeren Saulek aldi artaraño egin zituenak baño Davidek egin zuen gerrako lan hau agitz andiagoa zen.

        Hau bera agi-gertatzen da animako gure gerran ere: gauzak ongien egiten dituzten fededunak izatea izen andiena ta gloririk geiena zeruan erdisten dutenak eta an Jesusen alderago bizi diranak. Emengo gerretako nagusi erregeak nai lukee orien soldadu guziak izan litezen ezin obe ta guztiz egokiak, eta hau bera da Jesus gure Errege maitagarriak nai duena, ta nai du Jesus Erregek hau errege lurrekoak ez bezala; bada errege oriek nai dute hau beren onerako ta Jesusek gu zori oneko baño obeko eginik uzteko eta atseginz ta glori geiago gero guri eman naiez.

        Igan da, bada, Jesus zeruko guzien gañak barrena betiko bere Ait-eskoi-aldera ta andik deitzen digu goazela beraren ondoren: sequatur me (Matth. 16,24), ta goazkiola alik alderena, edo emen artako bizi gaitezela beraren gisan ta al bezain ongi ta santuki, ta esaten digu ark hau fededun guzioi: dicebat autem ad omnes.

        «Eta zeer? Badagizkee», diozu, «eskolarik ez duten langille gaisoak eta nekazari ezer-ezak gizon jakinsu andiak, relijioso ta apaiz santu berak bezain ongi beren gauzak? Eta munduan bizi den andre gaiso batek konbentuko serore batek bezain ongi serbi dezake Jangoiko maitagarria, hura diña gero zeruan Jangoiko beragana urbilzeko?». Nai badu, bai, ta ais al-ere.

        Baña zer da artako onek egin bear duena? S. Pablok egungo Epistolan esaten diguna (1 Cor. 4): ongi oharturik eta Jangoikoak nai duen gisan gauzak egitea; zenzament eta kontu guziarekin otoitz berean egotea; batak bestea beti onest-maitatzea, zeren oneste on hau ta Jangoikoaren maitanza den bekatu gaiztoaren estalkia edo bekatu guziak gugandik kenzen dituen gauza; batak besteari bere itxean duenarekin murmuranzik eta kezkarik bage lagunzea ta Jangoikoagandik dituen ondasunen argi-bidea besteei agerzea; hitz egiten duen aldian gauz onak eta ongi esatea; besteei lagunzean Jangoikoak lagun zen digun bidez haritzea ta beste gauz guziak Jangoikoaren honran ta Jesusen izenean ta biotzeko maitanzen amorez egitea.

        Hau guzia ta Jangoikoaren legeko edozein beste gauz badagike mundutar edozeñek gizon jakinsu ta relijiotar onak bezain ongi, naiz gizakia izan, naiz emakumea mundutar bera edo munduan bizi den ta hau egiten duena; ta badagike lurreko soldadu batek bere gauzak ez bezala; bada soldaduak egiñen baditu bere gauzak, egin bear ditu bere indarrez ta eskuz, zeren bestek ematen ez dion artako indar-eskurik; eta fededunari, non nai hau bizi dedilla, eskatu ezkero ematen dio Jangoikoak bere gauz guziak egiteko bear duen lagunza ta grazia, ta Jangoikoaren lagunz eta grazi onekin mundu berean ere zenbaitek egin dituzte beren gauzak, beste askok beren eremuan edo relijioren batean bezain ongi, orain guk ekusiko dugun gisan; ta berak nai dutela, zenbaitek egin dutena egin dezakee mundutar beste guziak ere.

 

 

§ II.

 

        Izandu dira, bai, munduan gizonak beren birtutearekin relijiotar onak berenarekin diña atsegin Jangoikoari egin diotenak. Hau ala dela siñesteko aski da jakitea S. Antonio abadeari bein agitua. S. Antonio guzien ustez zen beraren aldian Eliz guzian arkitzen zen relijioso ta eremutar santuena. Konstantino enperadore andiak igorri ta bidaldu ziozkan mandatari agitz egokiak bere otoitzen eske, ta guziak billatzen zuten beren ezjakinetan Jangoikoak nai zuenaren berritegia bezala, argandik ikasteko aldian egin bear zutena, ta beste anitzen artean izandu zen aren dizipulo Elizako Doktore ta santu andi S. Athanasio. Santu andi onek, bada, urtez ta birtutez beterik arkitzen zen denboran izandu zuen tentaldi bat eta etsaiak ekarri zion gogora ote zen mundu guzian ark diña Jangoikoagandik artu zuenik eta ark berak zuen diñako birtutekorik. Etsai gaiztoaren tentanz hau ezagutu zueneko, joan zen Jangoiko beragana hura garaitzeko bear zen lagunzaren ta graziaren eske ta Jangoikoak esan zionarekin garaitu zuen aisa aski ta laster, ta Jangoikoak esan ziona zen: «Ez dezu oraindik larruak apainzen dituen urliak diña grazi ta birtute»: nondum ad perfectionem coriarii pervenisti. Ekusten dezu?

        Bada munduko giz artean ez ezik, mundu bereko emakume beretan ere arkitzen dira relijioko ta eremuko gizon birtutedunak diña birtute dutenak. Pafnucio abadea zen S. Antonioren erako eremutar ta relijioso birtutetsu bat eta bere birtute andiagatik mundutar guziak profeta bezala billatzen zutena. Oni ere S. Antonioren gisan gogora zitzaion bein ote zen munduan ark diña birtute zuenik, eta baietz eranzun zion Jangoikoak eta bai zirala aizpa bi, bi anai langillerekin ezkondurik arkitzen ziranak, ark diña birtute zutenak.

        Orien berririk etzuten ta ekusten zituztenak batez Pafnucioren eremuko ta relijioko otoitz luzeak, errezu andiak, barur ta penitenzi arrigarri guziak eta era bereko beraren beste gauzak, eta bestez bi andre, berak eta beren senarrak irabazten zutenarekin doi-doi bizi ziranak eta joste piskak, elze maneatzeak eta itxea garbitu ta moldatzea zela orien egiteko guzia, usteko zu(t)en abade Pafnucio zela zeruan eguzkia dena ta aizp oriek geienaz izanen zirala zeru bereko izar txiki biren gisakoak; edo usteko zuten Pafnuciok birtutean oriek garaitzen zituela argian eguzki berak izarrak diña; ta orra, Jangoikoak ekusten zuen bai zutela andre gaiso oriek Pafnuciok diña birtute, ta aldi artan ill balira irurak, Jesusen Pafnucio bezain aldera iganen zirala bi emazteki oriek. Eta orra, relijiotar batek diña birtute erdits dezaken edozein mundutarrek, berak nai duela.

        Badakizu zer bidez? Jangoikoak nai duena ta Jangoiko berak nai duen horduz, bidez ta eran gauz bakoitza egiñez. Bai, jangoikoaren naikunza da relijiotarren ta munduko guzien birtutearen nibela ta pisua, ta Jangoikoak nai duena zuzenkiago egiten duena da birtuterik zuzenen, andien ta geien balio duenarekin arkitzen dena, naiz relijiotarra izan hau, naiz mundukoa.

        Relijiotarrak egiten dituzten gauzak, diozu, mundutarrenak baño berez ederragoak eta obeak dira; bada joskunzak, elze egoste, arta jor eta era bereko beste gauzak baño berez ederrago ta obeak dira otoitzak, mezak eta relijioetako beste gauzak. Egia diozu ta oriek egiten dituzten relijiotarrak munduko gauzak egiten dituzten mundutarrak baño errazkiago ta geiagotan erdisten dute birtutea; baña neke geiagorekin bad-ere, egiten badituzte mundutarrak beste beren oriek eta egiten badituzte relijiotarrak berenak bezain nai onarekin ta Jangoikoari atsegin egiteagatik, berez irabazten dute Jangoikoaren begietan relijioso berak beren gauz andi ederrekin diña edo geiago, zeren relijiotarrak baño traba ta neke geiago duten beren gauz oriek ongi egiteko.

        Munduaren begietan Moisesen gauzak ere Jesusen Amaren josketak eta etxeko beste lanak baño agitz eder arrigarriagoak ziran; bada Moisesek aizea jotze batekin bete zituen bein elementaz bazter guziak eta beste batez utzi zituen erreak eta galduak Egiptoko gari, sagar, udare, belar ta ganadu berak eta gizonak jan zitzakeen beste gauzak. Itsaso bat erdi bi egiña ta bazter batetik besteraño bidearekin uzteko, aski izandu zen Moisesek bere zigor berarekin aren urak ukitzea. Zigor berarekin aitz bat golpatzen bazuen, erakarzen zion milletan mill egartik bear zuten ura ta geiago. Oriek, bada, ta Moisesek egiten zituen era ta gis bereko beste gauzak Jesusen Amarenak baño soñu andiagokoak eta iduri obekoak ziran, ta al-ere Jesusen Amaren txiki orien aldean etzuten pits bat balio Moisesen gauz andi guziak. Zergatik, uste dezu? Zeren Jangoikoak aldi orietan Jesusen Amagandik nai zituen gauzak ziran txiki oriek eta zeren egiten zituen Jesusen Amak zenaren gisan ta Moisesek bereak baño milletan ta milletan ederkiago ta obeki, ta zeren, esan dugun gisan, Jangoikoak nai duena ta nai duen eran gauzak egitea den bakoitzaren birtutea, ta geiagotan ta obeki ori ark egitea, birtute andiagoko gauza.

        Orra, bada, egizkitzu zuk munduan zere goiz-arratsetako ta hordu oroko otoitzak; egizkitzu egun oro, haste guziko, ill beteko ta urteko zere gauzak, kongregant edo kofrade onak egiten dituzten gisan; ez utzi Apostol jaunak lendabizitik adirazi dizkigunak, ez eta zure egitekoari dagoztenak ere; oriek dira Jangoikoak zugandik nai dituenak, eta egiten badituzu relijiotarrak berenak bezain ongi, egiñen dituzu relijiotarren gauzak diña atsegin Jangoikoari egiñen dioten zure gauzak eta iganen zara oriek diña betiko Aitaren eskoi-aldean jarri den Jesus maitagarriagana. Jesus berak dizula orretako bear den lagunza ta gogoa; bai arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa