www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Igande eta festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1767-1782, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXII
Garizumaren
irugarren igandeko irakurraldia

 

Et cum ejecisset demonium, locutus est mutus. Et fiunt novissima hominis illius pejora prioribus. Luc. 11.

 

Gaia: Gaizki konfesatzeko bidea da
gutitan ta bakan konfesatzea

 

        Anitz gauz andi egiten zituen Jesusek emen beharsu gaisoen onerako, bada onez eskatu ezkero ematen zien osasuna sukarrez erretzen zenari, perlesiz elbarrituari ta gaitzez galduari; ematen zien begi-ekusle ederra itsu oni, ari ta beste anitzi; bai ta bestek eskatu ta, edo eskatu ere bage, bizia illik zetzanari, obian erdi usteldurik zegonari; eta egiten zituen era bereko beste anitz on ta milagro ta orietatik da egungo Ebanjelio santuak dakarrena.

        Ekarri zioten bein senda zezan gizon mutu, mututzat guziak ezagutzen zuten bat. Deabruturik arkitzen zen gizon hau ta bere barrenean zuen deabru gaiztoak kendu zion hitza ta iduki zuen luzaro mututua ta behar zuen hitz-bidea eman zion Jesus maitagarriak argandik urrunduz deabru gaizto mutaria, ta hau ark egin ta asi zen hitz egiten mutu gaisoa ta hitz egin zuen ekusten zutenak arriturik uzten zituela.

        Deabru gaiztoak mututua daduka lotsaz ta alkez bere bekatu egiñak konfesariari agerzen ez diozkan edozein gizon ta andreki, ta Jangoikoak lagunzen diola aienatzen ezpadu deabrutzar alkegin hau, gero ere mututua ta galdua ibilliko da bekatari gaisoa; baña hura aienatu ta damuz beterik aitorzen ta agerzen badiozka, hitz egiñen du Jangoiko barkaleari eskerrak emateko, ongi dagokan guzia eskatzeko ta zeruko guziak atseginz andiz beteak uzteko; bada, Kristo Jaunak dionaz, gis onetako bekatari bat ondurik ekusi ta, larogei ta emeretzi on ekusi ta baño atseginz geiago arzen dute zerutar guziak.

        Kristo Jaunak sendatu zuen mutu hau etzen berriz mututu, baña konfesatzen diran bekatari mutu guziak ez dira betiko hitzdun gelditzen ta berriz bekatura bage bizitzen; anitz eta geienak berriz ta berriz ere bekaturatzen dira ta deabru mutuari egiten diote beren animan berriro zori gaiztoko toki, ta gutik ez, betiko toki; ta hau da gaurko Ebanjelio berean ekusten dugun gauza.

        Deabru gaizto Jesusek urrun-aienatuak ez du bere lan galgarrirako bazter agorra baizik arkitu oi ta itzulzen da, dio Ebanjeli santuak, leneko bere itxe-animara. Arkitzen du hau konfesioz jautu-garbitua ta graziz ta birtutez apaindua ta bakarrik an sartuko ez delako beldurrarekin edo sartu ta an obeki gogoturik gelditu naiez, joaten da lagunen billa, arzen ditu zazpi bera baño sendor-gaiztoagoak eta sartu ta egiten dira itxetar betiko, ta gelditzen da anima gaisoa bekatuz berriro mututua ta len baño ere agitz galduagoa: et fiunt novissima hominis illius pejora prioribus.

        Nola, bada, berriro esanen dezu, deabruaren atzapar gaiztoratzen dira aren atzapar galgarritik bein iges egin zuten gaisoak? Leneko beren aztur gaiztoak eta gaitzerako makurzak berak nai ta azpiratzen dituela. Zergatik ez dira, diozu, berriz konfesioz andik ater-irteten? Zeren kontent arkitzen diran beren bekatuaren loan ta ibiller makurrean ta, konfesatzen badira, konfesatzen diran bakan-bakan ta berandutik berandura ta orregatik gaizki; bada gaizki konfesatzeko ta deabruaren atzapar gaiztoan gelditzeko bidea da berandutik berandura konfesatzea, aldi onetan ekusiko dugun bezala.

 

 

§ I.

 

        Izandu dira bekatari denbor luzean ez konfesatzeko mututurik egondu diranak, baña len konfesatu ezkero, berriz mututzen edo bekaturatzen ez diranak. Orietatik dira neskatx len agitz galdu bat eta David errege. Neskatxaren berria ematen digu Kardenal Vitriaco deritzan gizon andiak eta David erregerena Eskritura santak.

        Neskatx onek, Kardenal jaunak dionaz, egin zuen bere anaiarekin lan behargabeko gaizto bat. Izandu zuten lan onen berria neskatx beraren ait-amak. Eman zioten erriertan zegokan bezala bein amak eta gero aitak. Neskak, egiñaz damuturik eta negarrez gelditu beharrean, egin zuen beste lan gaiztoago bat; bada bere eskuz ito zuen ama gaisoa ta aitari, lo zetzala, kendu zion bizia ta burua, ta berea galzeko beldurrez joan zen erritik igesi ta bizitu zen anitz urtez ezin gaizkiago ta egin ta eragin zituen bere buruan ille diña bekatu ta geiago.

        Orrenbat gaiztakeriren buruan sartu zen elizan ta aditu zuen predikari bat, norañokoa den Jangoikoaren urrikalza ta miserikordia klaratzen ta agerzen hari zena. Aditu zuen garaitzen dituela, dituen bezala, egin diran ta egin litezken bekatu guziak eta artu zuen bereen damu andi bat, bai ta orienpetik bere burua ateratzeko uste osoa ere. Billatu zuen predikari bera konfestegi berean ta esan zion: Orain ekusiko dut zuk esan dezun bezain andia den Jangoikoaren urrikalza ta miserikordia. Agertu ziozkan konfesioz lenbizitik azkeneraño egin zituen bekatu zikin izugarri andi ta txiki guziak eta eskatu zion zegoten penitenzi ta neke guzia.

        Konfesariak artu zuen bere denbora ekusteko zein ote zen eman behar zion penitenzia ta esan zion itzul zedilla urrengo eguneko prediku ta sermoira. Baña etzen hura eliztik atera ta an egondu zen ongi-ongi ekusten bere bekatu gaiztoen itsustasuna ta bekatu berekin aserretu zuen Jangoiko guztiz onaren maitagarza, bai ta irabazi zuen sulezeko neke izugarria ere. Orien orrenbat ekusterekin artu zuen damu agitz andia, ta artu zuen damuak kendu zion an bertan bizia ta bekatu berritarako bidea. Hura ala arkitu ta igan zen urrengo egunean bere pulpitora predikaria ta eskatu zituen ill berriaren alde an arkitzen ziranen otoitzak. Baña ark hau esan horduko aditu zuen zerutik: «Ez du ill berriak otoitz beharrik; berak badakike otoitz zuen alde, bada ill ta bereala zeruan sartu da» (Apud Mazarin. Miserere disc. 11). Orra neskatx damu onez onduarena.

        David gizon ezkonduak zikindu zuen bere ta besteren ezkonza. Bere bekatu zikinlea estali naiez artu zuen bein bide bat eta gero bestea. Lenbiziko bidea etzen artako bide makurra, baña etzuen artaz erditsi nai zuena. Artu zuen gero beste gaizto bat eta hau zen, andre bekatudunaren senarra, ezpaliz bezala ta nior ohartu bage, gerra bizian illik uztea. Onen eriotzarekin estali zuen munduaren begietan bere gaiztaginza ta Jangoikoak begirik ezpalu bezain lasai etzandu zen zenbait denboraz bere bekatuaren oatze gaiztoan lo.

        Gaistaginz artara arte guzian gauz anitz on egin zituen Davidek eta artaz urrikaldurik igorri zion Jangoikoak Profeta Nathan bere lo gaiztoa galeraztera; ta galerazi zion agertuz bein bere arzanzatik Israelko errege egin arte guzian ta geroz Jangoikoari zor ziona ta gero bere bekatuaren itsustasuna ta Jangoikoarekiko esker-gabenz gaiztoa. Hau ekusi ta arritu zen David eta bere bekatu galgarriaren ta Jangoiko maitea aserretu zuelako damuarekin aitortu ta konfesatu zuen bere gaiztaginz guzia ta esan zuen: «Galdu dut bekatuz nere Jangoikoa»: peccavi Domino; esan zuen ark ziñez ta Jangoikoaganako amore guztiz andiarekin ta bat-batean erditsi zuen Jangoiko urrikalt onagandik bere gaiztaginz guziaren barkanz osoa ta aditu zuen Nathan Profeta beragandik: «Jangoikoak ere zure urriki ta damu andia ekusi ta barkatu du zure bekatua ta etzara galduko oraindañoko zere langiro gaiztoak gatik»: Dominus quoque trantulit peccatum tuum: non morieris (2 Reg. 12,13).

 

 

§ II.

 

        Zergatik egiten ez dute hau bera beren bekatu gaiztoak konfesatzen dituzten beste guziak, edo zergatik bein ongi konfesatu ta ere, berriz ta berriz bekaturatzen dira anbat eta anbat? Zeren ez bekaturatzeko egiten ez duten Davidek egiña ta zeren, berriz bekatura ta, mugaz, ta laster arzen ez duten konfesio berriko sendagaia edo soka.

        Bai, konfesatu ta berriz bekaturatzen diran anitz artaratzen dira egin gabez ez artaratzeko Davidek egiña. Badakizu zer den Davidek berriz ez bekaturatzeko egiten zuena? Negar ta negar len egiñaz ta lengo bere bekatuarekin Jangoiko guztiz on maitagarria aserretuz, ta orretarako beti bere bekatua begitan arturik idukitzea: peccatum meum contra me est semper (Ps. 50,5); bere bekatua askotan ekusiz ta penaz beterik bizitzea: non est sanitas in carne mea a facie insipientiae meae (Ps. 37,4); penitenzia ta penitenzi egitea ta autsa ogitzat jatea: cinerem tanquam panem manducabam (Ps. 101,10); ta bere Jangoiko maitagarria noizbait galdu zuelako naigabez beterik eta berriz galzeko beldurrez humilturik bizitzea: aflictus, et humiliatus sum nimis (Ps. 37,9).

        Orra Davidek berriz ez bekaturatzeko egiten zuena; ta orra gu ere, guk hau egiten bagenu, bekatu berritik urrun-eraziko ginduzken gauza, bai ta hau guzia ez eginagatik, orren zati on bat egiten bagenu ere. Baña ez dute orrelako trab onik artu nai konfesatzen diran geienak edo beinzat anitzek; bada oriek nai dutena da konfesatu ezkero sekulan bekaturik egin ezpañute bezain lasai bizitzea, leneko beren ibiller galgarrira edo perillezkora itzulzea, len egiten zituzten gañezko jan-edanak eta jostaket makurrak egitea ta aragi loi sutuak eskatzen dituen atseginzak arzea ta gis orretan dabillena aisa ta laster berriz ere bekaturatzen da; ta bekaturatzen, egin nai gabez Davidek ez bekaturatzeko egiten zuenaren erdia ta laurdena ere.

        Hau egiten dutenak edo era onetan dabilzanak bekatuko putzuan dautza edo putzuaren inguru-ezpanean lasterka dabilza ta fite ta laster putzurako dira. Bekatuaren putzutik Jangoikoak David bere urrikalzaren eskuz atera zuenetik, etzen urbildu bekatu putzura edo bekat-bidera ta okasiora, ta ara ez urbilzeko, trabatu zuen bere burua ta trabatu bekatuaren damuz, gorputzaren nekez, baruz ta penitenziz, bai ta Jangoikoaren amorezko lokarriz ere, ta orrekin etzen berriz bekatu putzuan ondatu. Baña ondatzen dira trabarik bage bekatu bideratzen diranak edo bekaturen putzu gañean arinki dabilzanak eta gertakizunera begiratzen ez dutenak, eta gis orrelako gaiztagiñak dira orain guk ekusiko ditugunak.

 

 

§ III.

 

        Zori gaiztoko animak dira ongi konfesatu ondoan beren naiez, lasaikeriz ta itsuki ibilliz berriro bekatuaren putzuan ondazen diranak; bada ortik atera bage ilzen badira, beti-betiko galduak dira, ta beren naiez putzu izugarri orretaratzen diranak, ortik berez ezin atera ditezkenak dira. Ortik oriek atera ditzakena bakar bakarrik Jangoiko alsua da;.baña Jangoikoak oriek ortik ateratzeko eskatu behar diote mugaz, garai onean ta anitz luzatu bage konfesioko soka ta, hau ezin bada, onezko damu kontrizioa, bitarte perillezkoan bekatu berrien urez bete ta erio gaiztoz ito ez ditezen; ta hau da konfesatu ta bekaturatzen diran anitzek egiten ez dutena; bada beranzen dute beren bekatu berria konfesatzea ta arte artan bekatu berriz ta berriz betetzen dira, egarduna urez bezala: bibit quasi aquam iniquitatem (Is. 15,16), ta azkenean neurririk bageko ur-edalea ur-betez ta gorputzeko hidropesiz bezala, animako edanz gaiztoz galzen da bekataria. Ur geiegi edanez anditzen asi den eriak edari gutirekin edo bat ere bage ta jateko idorrak arzen dituela bizi behar luke; baña al duen guzian edaten ta edaten hari da; bere edanz guziarekin egiten duena da egarri andia ill ez, baizik berotu, berritu ta sutzea, ta denbor berean bere barreneko bero beste gauzetako behar duena galduz ta galduz bukatzea ta bere burua illik uztea. Hau bera da bere aragi sutuaren ta pasione galgarri gaiztoen egarriarekin bekatu berrien putzuratzen denari agitzen zaiona; bekatuz beteago ta egardunago arkitzea ta bekatupetik eta putzutik ateratzeko aldian indar gutiagorekin ta flaki andiagoaz beterik gelditzea.

        Konfesatu ta bekatuaren putzuratzen deneko egin behar lukena da edate berriak uztea ta an itorik ez gelditzeko igeri ta igeri bere besoak eta gorputz guzia nekatuz urgaña ez galzea, ta emengo putzuratzen denak egiten duen gisan oju ta oju egitea ta Jangoikoari bere eskua ta konfesioko soka eskatzea; baña ori egin ez ta isillik eta geldirik bere bekatuaren putzuan badatza, agituko zaio ur-putzuan hau egiten duenari gertatzen zaiona.

        Badakizu zer gertatzen zaion ur-putzuan erori ta geldirik eta isillik dagonari? Sok-emallerik edo beste bideren batez hura andik atera lezakenik an ez agerzea ta bitarte artan hura bere gorputzaren astuntasunarekin urpean sarzea, asnasea ezin idukiz asnaska asitzea, artu ta laster botatzen ez den ura arzea, urez betea ta aize aringarririk bage gelditzea ta aringarririk ez duen arri baten gisan ondora joatea ta itorik an gelditzea.

        Era onetan, bada, bekatuaren putzuratzen den bekataria geldirik an ta isillik egoten bada, bekatu berrien edari astuna arzen ta arzen hariko da; bada damuz ta konfesioz kenzen ez den bekatuak, bekatu berriaren urperatzen du bekataria ta edanerazten dio bestea, dio S. Thomasek: peccatum, quod per paenitentiam non diluitur, suo postmodum pondere in aliud trahit. Bekatu biak errazkiago egiten dute hau irugarrena eragiteko ta irurak laugarrena ta urrengo guziak, eta aldian bekatari bekatu-putzuan isillik eta konfesatu bage datzana arkitzen da bekatutan ondatuagoa ta ater-bide guztiz gaiztoagoan geiago sartua.

        Bere pasioneen egarri gaiztoak eramaten du bekataria edate gaizto ondagarri onetara, baña ez dira oriek bekatariaren egarria ilzen duten edariak; egarri hau ilzen edo kenzen dutenak dira Jesus maitagarriaren iturrian ta Elizako sakramentu andietan arkitzen diran graziko edari onak edo edari grazidunak, eta orietara zuzenzen gaitu Jangoikoak Isaiasen ezpañez esaten digun aldian: «Zoazte ur eske Salbadorearen iturri egokietara»: haurietis aquas de fontibus Salvatoris (Is. 12,3).

        Baña bakan konfesatzen ta bekatuaren putzuratzen diranak eta beren besoak eta gorputza baruzko igeriz, otoitzez, Mezak enzutez, aldare bostak ekusiz, ziliziozko hilduraz, limosnak egiñez, joko, edantegi ta perillezko beste bazterrak eta era bereko gauzak utziz nekatu nai ez dituztenak, ez dira sakramentuen iturriko ur zale ta hau utzi ta itzulzen dira beren pasione egardunak nai dituzten edate zikin galgarri gaiztoetara ta beren bekatuaren putzu berean egiten dituzte edate ta edate gaiztoak eta bein edo berriz andik ateratzera egiñagatik edo urtean bein edo berriz konfesatuagatik bertan gelditzen dira edo berriz ere beren bekatuaren putzu berrerazten dira ta azkeneko beren konfesaldian agitzen zaie urez bete den ta azken-azkenean arkitzen den gizonari gañetik botatzen dioten soka-puntarekin gertatzen zaiona, edo hura artu ta idukitzeko indarrik bagez an hura utzi ta putzu ondora itorik jaistea; bada, zeren bere bekatu galgarriaren ur gaiztoak erdi itoa ta zeruko indar gutirekin dadukan, etzaio behar bezalako damuz konfesioko sokari itsasten edo joaten zaio hau eskutik eta konfesatzen da besteetan bezala edo gaizkiago ta itotzen ta ondatzen da sulezeko osin izugarrian. Orra bekatari bakan edo gaizki konfesatu oi denaren bukanza ta akaballa.

        Bukanz-akaballaren galdu izugarria! Ta izanen ote da nerea? Hau da beinzat ni bezain bakan ta gaizki konfesatzen denari dagokana. Baña ez arren, Jesus maitagarria! Besterik izanen da emendik aitzina. Nere bekatu gaiztoen damu Davidenaren erako bat arturik konfesatuko ditut guziak eta berriz ez bekaturatzeko David beraren eran biziko naz bekaturako beldur andiarekin ta maiz-maiz ta askotan konfesatzen nazala. Indazu, bada, onetarako ta zin-ziñez zu maitatzen zaitudala bizitzeko grazia. Bai arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa