www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Igande eta festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1767-1782, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXX
Bazkotik bigarren igandeko irakurraldia

 

Ego sum Pastor bonus, et cognosco oves meas, et cognoscunt me meae. Ioan. 10.

 

Gaia: Zergatik den Jesus arzai ona
ta nola izan gaitezken aren ardi onak

 

        Jangoiko-gizon Jesus maitagarriak gizon utsa baliz bezala artu zituen gizonen ta gizonak izaten dituzten egitekoen izenak eta egin zituen ezin obeki izen oriek agerzen dituzten egiteko-lanak eta guziak dira Jesus maitagarriarenzat guztiz egokiak, orain guk ekusiko dugun bezala.

        Pilatosen artez artu zuen Jangoikoaren eskutik judatarren Erregeren izena ta Eskritura Santaz erregeen Erregerena ta aginzen ta manatzen dutenen manatzallearena, ta len ta gero ta beti egiten du Jesusek guztiz ongi Errege manatzalle onaren egiteko hau, egunen batez guztiok ekusiko dugun bezala.

        Eskritur beraz eman dio Jangoikoak Jesusi Apaizaren ta Apez betikoaren izena: tu es sacerdos in aeternum (Ps. 109,4), eta izatez ere betiko Apaiz da Jesus maitagarria ta Apaiz ezin obea; bada gurutzeko bere mezarekin edo nekez ta odolez beterikako eriotzarekin atera zuen bere bekatupetik mundu guzia ta palakatu zuen mundutarrak beren bekatu gaiztoekin aserre zedukaten Ait eternoa edo irabazi zuen guk geren bekatu guzien zorrak ateratzeko ta ongi bizitzeko bear dugun guzia ta ar detzakegu zerura igan baño len utzi zizkigun sakramentu andietatik eta otoitz onaren eskutik.

        Badu Jesusek Medikuaren izena ta izatea ere; bada baditu, ta nai duten guziei ematen ere diezte, bear dituzten animako sendagai guziak, sendagai bear bezalakoak, eta nai onez ta ongi arzen dituena beti sendatzen dutenak, eta ematen ditu Jesusek doarik eta saririk bage bere sendagai oriek.

        Badu Jesusek Maisuaren izena ta egin du ezin obeki izen oni dagokan guzia; bada agertu ta erakutsi digu dotrin berri bear bezalakoa. Zeruko dotrina da Jesusen dotrin hau ta hau ikasten dutenak badute munduko filosofo jankinsu, geiena ikasi zutenak baño milletan ta milletan geiago balio duen jankinza; bada badakite Irutanz Trinitate santari ta Jangoikoari dagokana ta sekulako gloriko bidea; ta lurreko ta zerupeko gauzak ziran fede zerukorik etzuen filosofo guziak zekizten gauzak; eta gauz orien jakinza ta berria besteen berri-jakinzaren aldean munduko urre, zillar, perl eta ondasun guzien aldean pits batek diña ere balio ez duen jakinz-berria da.

        Baditu Jesusek lurreko beste gauzen izenak ere. Badu eguzkiaren izena. Zeruko eguzkiaren egitekoa da illunbeei argi egitea, bazterrak berotzea ta lurreko gauzei humotzen, zoritzen ta sasoi-erazten lagunzea, ta hau guzia egiten du Jesusek animan agitz ta agitz obeki; bada bere gogargi ta inspiranz santekin aienatzen ditu animatik bekatuaren lañoak eta illunbe belzak, biotzeraño sarzen diozkan naikunz eta hitz beroekin kenzen diozka onerako bere otztasunak, eta ematen diozkan grazi-lagunz egokiekin erakarzen diozka frut eta irabanz andiak.

        Baña arzen dituen izen guzien artean guretzat guztiz ona da egungo Ebanjeli santukoa ta hau da arzai onarena: Ego sum Pastor bonus; bada gu ongi zaitzen gaituenaren izena da Jesusen izen hau. Izen hau beretzat arzean ematen digu Jesusek ongi dagokan beste bat eta guri ematen digun izena da ardiarena. Bere izen hau arzean agerzen digu arzai ona izateko egin zuena ta ardien izena guri emate onetan erakusten digu Jesusen ardi onak izateko egin bear duguna, ta aldi onetan guk egin bearra da ongi ta kontuz ekustea aldi onetako aren ta gure egiteko on hau.

 

 

§ I.

 

        Gizaki anitz sarzen dira arzanzan besteren ardiak zaitzeko ta zaitzen dituzte ardiei ongi naiez ez, baizik beren sariagatik. Arzai oriek zaitzen dituzte urte batez itxe bateko ardiak eta bestez bestekoak eta ez dira itxe bateko arzanzan gelditzen, an bestetan baño jan-edan ta sari obea izaten ezpadute.

        Era onetako arzaiak, dio Jesusek egungo Ebanjeli santuan, egiten du bere arzanzan jan-edana ta saria ez galzeko diña, baña anitz geiago ez. Zakurrik ezpadu ardiak zaitzeko edo zakurra baño geiagoko otso bat ardietara datorren aldian, otsoak gaitzik egin dezon beldurrez ematen dio artzai txar onek lasterrari eta uzten du nagusiaren artanza otsoaren ortz-atzapar gogorretan ta otsoak jaten ditu zenbait, izutzen ditu besteak eta izutu dituenetatik ere galerazten ditu beste zenbait, eta arzai saridunak ez du naigabe andirik arzen orregatik, zeren besterenak diran, ta berarenak ez, galzen dituen ardiak.

        Baña ez naz ni, dio Jesusek, arzai saridun galgarri txarra: nere ardiak zaitzen ditudan arzaia naz ni ta arzai ona. «Arzai onak», dio Jesusek, «ezagutzen ditu bere ardiak eta nik ere bai nereak»: et animam meam pono pro ovibus meis. Arzai onak bere ardienzat billatzen ditu mendi, larre ta belardi onak eta al badu billatzen ditu udan udakoak eta neguan beste bero-epelak eta eramaten ditu aldian aldiko belarretara ta neguan negukora. Udan ta ardiak urrun darabilzan aldian egiten ditu arzai onak biltegi egokiak, sarzen ditu an gabaz ardiak eta zaitzen ditu berez ta bere zakur erneekin gau ta egun. Negu otzean eramaten ditu tellapera ta ormaz edo olez eginikako biltegira ta ez ditu andik belarrera eramaten inza kendu edo eguna epelduxe artean ta tellaperatzen ditu urrengo inza asi baño len. Negu elurtirako ta belarrik agerzen ez den egunetarako bilzen du udan itxeko orien bazka ta ostoa ta ematen die egun orietan hau, ta edatera baizik ateratzen ez ditu beren tellape berotik.

        Lan orietatik zenbait egiten ditu arzai onak berez ta beste zenbait bere semez, itxekoz edo beste arzaiez; baña guzien gain dabil bera ta ardiak bearrik ekus ez dezaten, prest-erazten du mugaz, garai onez ta bere horduz bear den guzia. Billatzen ta bazkatzen ditu zakur onak uda ta negu, ta gau ta egun orien betiko saunka-sangakarekin bere ardietatik urrunerazten ditu otso gaiztoak, otsoaren itzalirik ere bere ardietara urbilzen utzi bage; bada zakurren saunkekin ta bere oju-arri ta makilekin igorzen ditu agerzen diranak igesi.

        Arzai onak emengo ardiekin egiten duen hau egiten du Jesusek gure animekin. Prestatu dizkigu bere sakramentuetako, Eskritura santako, libru onetako ta prediku egokietako belar onak eta edari garbiak eta ematen dizkigu aldian aldikoak, guziak indar onezkoak. Gure naigabeen ta tentanzen negurako ta elurraldi gogorretarako egin dizkigu elizen ta beste otoitztegi politen estalpe onak. Jan-edanketa gañezkoetatik, danz arin galgarri guzien ta jostaket ez onen aize ta eraunsi gaiztoetatik gordetzeko eman dizkigu geren itxeak, libru ta lagun onak; ta andik atera gaitezen, aldirako ibilkunz zuzenak eta gorputz arinz ta jostaket garbiak; eta eman digu neguan, udan ta noiznai ongi bazka gaitzaken otoitz-bidea ere, eta otoitz-bide beretik izan ditzakegu sulezeko, mundu eroko ta geren pasioneen otsotzar guziak aien-garaitzeko bear dugun lagunz guzia.

        Elbarzen den ardia lotzen du arzai onak eta zaitzen, sendatu arte guzian. Besteetatik berezten denari tiratzen dio arria edo eskuan duena, itzul dedin bere lagunetara. Errebelatzen edo galzen bazaio, billatzen du arzai onak, eta sasi gaiztoan egonagatik, ateratzen du andik eta lepoan artu ta badarama besteetara ta al-ere begiratzen dio besteei bezain begi leunez ta nai onarekin.

        Hau guzia deus-ez bat bezala da Jesusek bekatari bakoitzarekin egiten duenaren aldean. Sulezean ondatzeko beldurrarekin askotan, ta beste zenbait aldiz zeruko ondasun guziak irabazteko uste onarekin, geldirazi nai gaitu Jesusek bekaturako bidean ekusten gaituen aldian. Bekat-aldera errebelatuak eta bekatu anitzen sasirako zearkan ta jostaket, ibiller ta lagun gaiztoen arterako prestaturik ekusten gaituen guzian, an sartu ta gal ez gaitezen, egiten dizkigu geren biotzera bere txistu meak eta belarri ernera predikari, konfesari ta lagun onen ta besteen ojuak; eta al-ere aratzen bagara, ematen digu eskua andik atera ta konfesi on baten bidez fededun onen artera itzul gaitezen, ta aren eskua ta lagunza artu nai gabez baizik ez gara galduko azkenean gu. Egiten du, bada, Jesusek bere arzanzan emengo arzairik onenak berean egiten duena.

        Bai ta anitz eta anitz geiago ere; bada emengo arzaiak bere onagatik egiten ditu bere arzanzako gauzak; egiten ditu alabaña ardiaren esneagatik, ardiaren larru-illeagatik eta beraren odol-aragiagatik, eta orregatik ezpaliz, ez luke ardirik itxean artuko; ta Jesusek arzen ditu bere kontura ardirik edo animarik txar-errebesenak ere oriei zerbait kenzeko ez, baizik oriei ta beste guziei emen bere graziz lagunzeko, oriek bere odolez ta aragiz bazkatzeko eta oriek gero sekulako bere atseginzetan zeruan idukitzeko; ta berak dion bezala, idukitzeko bere milla nekerekin ta eriotz ezin gogorrago batekin irabazi ziezten atseginz leun, eder, andietan: et animam meam pono pro ovibus meis. «Hau egiten duena da», dio Jesus berak, «arzai ona»: bonus Pastor animam suam dat pro ovibus suis. Jesus da bakarrik orrenbat egin duen arzaia ta orregatik da bakar bakarrik arzai ona.

        Onetarako badu geiago ere Jesus maitagarriak; bada, S. Agustiñek dion bezala, «zaitzen gaitu Jesusek gau ta egun ta hordu ta puntu oro, zeruan edo lurrean beste egiteko andi-txikirik ezpalu bezain kontuz ta ongi»: Sic, Domine, super custodiam meam vigilas, ac si omnium aliarum rerum oblitus, mihi solum intenderes. Orra zein ederki edo ezin obeki egiten duen Jesusek bere arzanza. Ekus dezagun nola egin bear dugun guk geren arkunza, Jesus arzai onaren ardi onak izateko.

 

 

§ II.

 

        Arzai onak egiñagatik nai duena, onak ateratzen ez dira ardi guziak. Zenbaitek ez-aditu egiten diote arzaiaren txistuari ta sarzen dira sasi gaiztoan ta galzen dira edo gelditzen dira otsoren baten ortz urralleetan. Beste zenbaitek jaten dituzte belar gaiztoak eta betetzen dira eztulez ta ezkabiz ta gelditzen dira zakurren bazketako. Amilzen dira zenbait eta ustelzen azpiko lezean edo errekan eta izaten dira beste zenbait edate gaiztoz edo inzez galzen diranak. Hau bera agitu oi da Jesusen ardietan ere; bada jentil ta turko ta judatar guzietatik hau edo hura kendu ta beste guziak ez-aditu egiten diote Jesusen ta predikari onen deiari ta gelditzen dira beren lege ta bide galgarriaren illunbe gaiztoan. Jesusen lege garbi-zuzena artu ta anitz sarzen dira beren bekatu gaiztoen sasi galgarrian, ta sarzen dira bein, berriz ta askotan ere ta Jesus artzai onak berez anitz aldiz ta beste askotan bestez ots egiñagatik, ez dute nai andik atera ta bertan nekatzen ta ilzen dira. Izaten dira beste anitz beren arinkeri galduan dabilzan aldian biziaren oñak joan ta sulezeko errekan gelditzen diranak.

        Baña ardi txar orien erdian izaten dira anitz on, eta izan zaitezen zu ere, egizu egungo Ebanjeli berean Jesusek adirazten diguna. Adirazten digu Jesusek aren ardiak ezagutzen dutela beraren hitza ta txistua: et cognoscunt me meae; ta besteren hitzari ta txistuari ez-aditu egin ta Jesusenari bakarrik jarraitzen zaizkala: alienum autem non sequuntur.

        Badakizu nor den beste txistulari errebes hau? hau da deabru gaiztoa, gu galduak uzteko bideak egiten hari dena ta nondik an sarreraziko gaituen gau ta egun dabillena. Hau da gure aragiari ta pasione asaldatuei su ta gar ematen diena, orien atseginz zikiñen lokatz izugarrian gu ondaraz nai ginduzkena. Hau bera da mundu eroa arrotzen duena, munduko guziak eulien ondoren dabilzan aurren gisan lurreko honra txar, apainket arro ta gauz, bigarko auts edo aize egiten diranen billan darabilzana. Onen erausi ero galgarriari, bada, ez-aditu egiten die Jesusen ardi onak, eta ongi oarturik ta erne dabilz Jesusek agerzen diezten bide zuzenak arzeko, berezten diezten bazter on garbian jan ta egin diezten biltegi idor beroan gordetzeko, ta ala dabilz mundu eroaren esankizunei ta gaiztoen hitzei begiratu bage. Erne dabilz, bada, etsaiaren sare estaliren batean ez sarzeko ta lurreko gauz bear ez diranak ez arzeko, zeruko al dituzten guziak irabazteko, besteri gaitzik egin bage beti bizitzeko ta Apostol S. Pablok dion gisan, fededunak diran ezkero, fededun onei dagoten eran haritzeko: si Spiritu vivimus, Spiritu Dei ambulemus (Galat. 5,25).

        Arzai on Jesusek bere txistuz esaten dio bere ardi edo anim on bakoitzari bein, askotan ta anitz aldiz: «Erne ta kontu zere biotzaz (sar ez dakizun zu galzera datorren bekatutzar izugarria)»: omni custodia serva cor tuum. Ardi txar eroa noiznai errebelatu ta otso arte gaiztoan sarzen da bere artanzan bezain lasai ta non dabillen oartu bage; baña ona beldurtia da ta gal-bide makurretara ez urbildu naiez beti onen artean da: sapiens timet, et declinat a malo; stultus transilit, et confidit (Prov. 14,16).

        Jesusen ardi onak egiten duena baño agitz geiago egiten dute zerbait diru dutenak beren dirua gorde naiez; bada berak itxean dauden guzian ere gilzatzen dute diru kutxa; itxetik ateratzen badira, gilzatzen dute ditu gelako atea, bai ta eskal-burukoa ere, gilzduna bada eskalburua; ta gabaz gilzatu ta trankatua uzten dute itxeko sar-bide guzia. Zertako dirala uste dezu orrenbat itxe gilzatze ta trankatze? Barreneko diru piska lapurren batek eraman dezan beldurrez. Bada Jangoikoaren grazia ta zeruko ondasunak eraman ez ditzan ardi gaiso anima bera larrutzen duela lapurtzar bekatu otso gogorrak, zer egin ez bear du Jesusen ardi anima fededunak? Utzi bear ez luke egin dezaken gauzarik eta gilzanzik ta onetan geien egiten duena da Jesusen ardirik onena edo beinzat on-ona.

        Jesusen ardi onak badu besterik ere ta egiten du munduko ardi onak egiten duena ta agitz geiago. Lurreko ardi onak uzten dio zaitzen duen arzaiari bere esnea, gero illea ta azkenean odola, larrua ta aragia; baña ez, arzai berak guzia kendu arte guzian. Eta Jesusen ardi edo fededun onak egiten du hau bera ta agitz geiago; bada Jangoikoak eriotzan eskatu baño len ta agitz lenago ta lenago ere uzten diozka gogoz ta biotzez dituen gauz guziak, bai ta bere bizia ta anima ere; ta Jesusek eskatzen diozkan arte guzian egiten ditu oriekin Jesus berari atseginz egiten dioten anitz gauz on ta serbitzu; bada egiten ditu Jangoikoaren lege zuzenak berezten diozkan gauzak eta Jangoikoari dion maitanzak eskatzen dituenak eta besteen artean urrikarizko limosnak eta emate onak. Guziak dira, ta gutienik ez azkenik esan duguna, Jesusen ardi onaren señale agitz on-egokia; bada Espiritu Santu berak dio: «Zori onekoa da gabe ta bearsu arkitzen denari lagunzen diona, ta zori oneko, bere erioko egun estuan Jangoiko maitagarriak ongi aterako duena»: Beatus qui intelligit super egenum, et pauperem, et in die mala liberabit eum Dominus (Ps. 40,12); eta S. Geronimok dio ez duela aditu sekulan galdu dela gogo onezko ongillerik.

        Era onetako ongille guziei bere ardi onei bezala esanen die egun batez Jesusek: «Atozte (zerura) nere Aitak bedeikatu zaituzten ardi ta fededun onak»: Venite benedicti Patris mei. Esazu orain zuk, hitz oriek mez batean aditu ta Santa Matildek Jangoikoari esana; ark oni aldi artan esana da: «A, Jauna, ni ere baninz zori oneko bedeikatu orietatik bat!», eranzun diezazun Jesusek bertan Santa oni eranzuna edo «Izanen zara, bai, ta siñes dezazun, orra señale nere Biotza»; ta hau esate berean eman zion bere Biotza. (Blos. in append, de quat. SS. Faemin.) Eta eranzun ark zuri hau edo ez, izanen zara egiten badezu aldi onetan adirazi duguna; ta egin dezazun, sar zazu zere biotzean Jesusen Biotza edo Biotz maitagarri onen debozioa. Jesus berak dizula orretako bear den lagunza ta grazia: bai arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa