www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Igande eta festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1767-1782, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXXIII
Bazkotik bostgarren igandeko irakurraldia

 

Petite, et accipietis, ut gaudium vestrum sit plenum. Joan. 16.

 

Gaia: Zer ta nola eskatzen zaion
Jangoikoari ongi eskatzen zaiona

 

        Zori oneko hume gu egiñik uzteko izandu ziran Jesusen emengo erakuste, lan ta neke guziak eta beren erakuste zuzenarekin geren zori on hau erdisten guri lagunzera igorri zituen bere Apostol onak eta igorzen ta bidalzen ditu gerozko predikari, konfesore ta beste bere erakusle guziak ere. Baña begira, dio Apostol Santiagok egungo bere epistolan, begira zori oneko hume gu izateko ez da aski Kristo Jaunak berez ta besteez erakusten diguna aditzea; orretako egin bear dugu aditzen duguna; bada egiten ezpadugu, ispillura joan, an bere burua ekusi ta andik kendu horduko ekusi duena gogotik joaten zaion bat bezala gara ta geren aditzetik gauz onik ateratzen ez dugunak.

        Zori oneko hume dira, dio Apostol berak, aditzen duten ona ta lege santak adirazten diena zuzenki ta luzatu bage egiten dutenak. Lege santak adirazten duena ez da, dio, murmuranzan mihia erabilzea; adirazten diguna da naigabez beteak dauden emazurzei ta neketan arkitzen diran alargunei eskua emanez lagunzea ta bekaturako lokatzez ta animako zikin-bidez inguruturik arkitzen den mundu onetan garbiro bizitzea. Orra Apostol onek aldi onetan diona.

        Onek dion hau egiñen badugu, izanen da Jangoikoaren grazi onak lagunzen digula; bada Jangoikoaren grazirik eta lagunzik bage ezin dagikegu zerurako den gauzarik eta zeruan sarzen ez diran gauzak ezin egin gaitzakee zori oneko hume; baña nai dugun guzian izan dezakegu Jangoikoaren lagunz eta grazi hau, Kristo Jaunak gaurko Ebanjeli santuan dionaz; bada dio: «Aitari zerbait nere izenean eskatu ezkero emanen dizue». Bai, bai, ala da, ta dakizun bezala, zerbait da, ta anitz balio duen zerbait, Jangoikoaren lagunza ta grazia.

        «Nere izenean», zion gero, «ez dezute oraindik deus eskatu. Eskatu, bada, ta artuko dezue ta arzen dezutenarekin egin ezkero egin bear dena, erditsiko dezue zeren zori ona ta gloria, ta izanen betiko atseginz oso betea. Oriek! orain arte guzian lañopeko gisan ta erdi gordeak aditu dituzue nigandik gauzak; baña emendik aitzin-aurrera proberbio ta laño guziak alde bat utzi ta agerian esanen dizuet nere Aitak nai duena ta hordu artatik eskatu dezue nere izenean bear den guzia. Ez dizuet esan nai hitz egiñen diodala zuen alde nere Aitari; bada hitz egiten ezpanio ere, maite zaituzte berak, zeren maite nazuten zuek ni ta zeren siñisten dezuten Aitagandik natorrela (ta emanen dizue eskatzen dezuten guzia). Aitagandik nator ta etorri ninzan mundura (gizon egin ta mundua bere bekatupe izugarritik ateratzera ta mudutar guziei zeruko bide bat agerzera) ta orain (nere egiteko hau egin ondoan) uzten dut mundu hau ta Aitagana noa».

        «Orain, bai, ekusten dugu, eranzun zioten bere Apostol onak, proberbiorik eta lañorik bage hitz egiten diguzula. Orain ekusten dugu guzia dakizula ta bakoitzari adirazteko jakin nai duena bai dakizula ark hitzik atera bage ere gogoan darabillena ta siñisten dugu Aitaren Seme Jangoiko-gizona zarala (bai ta otoitzari dagokan ta zuk adirazi diguzun beste guzia ere)».

        Orra, gaur Elizak Apostol baten ta Kristo Jaunaren hitzez adirazten digu zori oneko hume izateko egin bear duguna, bai ta egin bear dugunerako bearko dugun lagunzaren erdits-estrat eta bidea ere. Orain ekusi bear duguna da zer den erdits-estrat-bide onetan erori bage ibilzeko egin bear duguna.

 

 

§ I.

 

        Hitz bat aditzen dezun aldian, hitz egiten dizunak esan nai dizuna ikasteko ez diozu hitzari bakarrik begiratu bear; bada hitz egilleak luzatzen edo laburzen du aldian, berak nai duen gisan, hitzez adiraz dezakena; jakiteko, bada, bere hitzarekin adirazi nai dizuna hitzari ez ezik, begiratu bear diozu hitz egillearen esan-gogoari ere ta hau da gaur egin bear dezuna, Jesusek esaten digun aldian: «Aitak emanen dizue nere izenean eskatzen zaiona ta argandik arzeko eska zazue»; bada ez du Jesusek esan nai beraren hitzak dioten guzia; hitzak alabaña diote edo esan dezakee Aita Eternoak emanen digula eskatzen dioguna, naiz ona izan ta naiz gaiztoa edo guri ez dagokiguna; ta ez da hau Jesusek esan nai diguna; bada esan nai diguna da, ona bada ta guri dagokiguna aldi bakoitzean Jangoikoari eskatzen dioguna, emanen digula. Hau da, bada, aldi onetan Jesusek adirazi nai diguna ta besterik ez.

        Askotan ez dakigu dagokiguna den edo ez Jangoikoari eskatzen diogun gauza ta ez diogu eskatu bear nai ta ez hura eman bear digunari bezala. Eriak (Jangoikoa ekusi nai andiarekin arkitzen den birtutetsua ezpada) nai du sendatu edo biziz ondu, obetu ta eriotz on bat egiteko, (leneko igande batean ekusi genuen eremutar monje gazteak bezala) edo sendatu nai du emen luzaroago bizi naizik; eta sendatze hau da bere eri denboran Jangoikoari eskatu oi diona. Osasuna zela ekusi genuen eremutar gazteari aldi artan zegokana ta beraren abadeak eskatu ta eman zion Jangoikoak eriotz on batera prestatu arteko guzia. Eri zetzan Gandiko Dukesa. Beraren senar S. Francisko de Borjak eskatu zion Jangoikoari aren osasuna, baña etzion Jangoikoak osasunik eman, zeren etzen osasuna, Jangoiko berak senar santuari esan zionaz, Dukes eriari zegokan gauza.

        Nai luke batek etxe onetako edo artako ezkonza ta eskatzen dio isilka Jangoikoari ta ukatzen dio Jangoikoak berak dakienagatik; eta ukatzen, zeren ez den dagokan gauza; bada aratzen baliz, illen lizake erditze gaiztoz, beteko lizake humez ta nekez ta lazeriz, galduko lizake sekula guzirako edo galduko luke ezkonz obea edo Jangoikoak dakien beste gauzaren bat. Hau bera agitzen zaie beren gauz zenbaitetan beste anitzi ere: Jangoikoari eskatzea ez dagoten gauza ta Jangoikoak ukatzea eskatzen diotena.

        Aldi orietako Jangoikoaren ukanz hau ez da ez-eman naia, ez da gaitzezko ukanza, amoriozko ta onginaiezko ematea da, dio Damascoko S. Gregoriok; bada, dio, «zere onagatik ez arzea eskatzen zenuena zure ondasuna da (galzeko zaudela jokatzen hari zaranean ez galzea irabaztea den bezala)»: etiamsi non acceperis, non accipiendo accepisti... utiliter non consequi, quod petis, consequi est (In 2. Paral. c. 15).

        Jangoikoak egiten du makur dabilzan eskale oriekin eri beldurti batekin barber-mediku onak egiten duena. Eri txar oriek eskatzen diote barbera-medikuari gaitz egiñen lieken janari ta edaria; baña sendatu nai dituen barber-medikuak ukatzen die bata ta bestea. Eskatzen diote bear duten edari latz miña ez, baizik obira eramanen litukeen beste goxo bat, eta far edo irri egin ta uzten ditu eskatzen diotenik egiten ez dielako damu miñarekin; baña anbat obe orienzat; bada oriek eskatzen dutena egiten balu barber-medikuak, oriek sendatu lekuan ill ta obira botako lituke. Eta ematen balie Jangoikoak eskale oriei ez dagoten ta eskatzen dioten gauza, zerura oriek zuzendu lekuan beren gal-bide gaiztoan utziko lituke. Hau da ondu nai ez duten anitzekin Jangoikoak egiten duena: eskatzen ta billatzen dituzten atseginz, ondasun ta honr arro galgarri nai dutenaren erdian oriek uztea; baña uztea, orien buruan ta beren naiez egiñen dituzten bekatu gaiztoen alde ondatzeko gero betiko sulezean. Baña besteekin Jangoikoak egiten duena da barber ta mediku onak beren eri gaisoekin egiten dutena: eskatzen dituzten gauz galgarrien ordez dagozten sendagai onak ematea ta leneko beren osasun-graziratzen lagunzea; bada ukatzen die Jangoikoak makur dabilzan eskaleei eskatzen dioten gauza ta ematen die beraren adiskanzan bizitzeko ta zeruko atseginzak eta atseginz andiak irabazteko bear dutena.

        Zenbait aldiz ukatzen du Jangoikoak eskatzen dioten gauz ona ere, baña obe bat ordez eman naiez. Orra, berez gauz ona da etsaiaren ta aragiaren tentanzak kendu ta soseganz onarekin Jangoikoa serbitu ta maitatzea, ta hau obeki egiteagatik eskatu zion Jangoikoari S. Pablok, ken zegizkiola bere aragi sututik izaten zituen tentanz biziak eta ezetz eranzun zion Jangoikoak; baña esaten ziola: «Tentanzen erdian anditzen da birtute txikia ta sendorzen ta ederzen andia, ta orra, orretako zuk nere lagunza ta grazia»: sufficit tibi gratia mea, nam virtus in infirmitate perficitur (2 Cor. 12,9).

        Jangoikoari eskatzen diogun aldian, bada, dagokiguna den edo ez ez dakigun gauza, geren eskanza egin ondoan nai onez ta humilki esan bear diogu, dagiela berak guri dagokiguna; hau da alabaña gu, era bereko egitekoan David bein gelditu zen gisan ongi gelditzeko bidea.

        Daviden seme gaizto Absalonek bildu zuen bein jendagiro eta ejerzitu andi bat eta artu zituen erresuma bere aita Davidi kenzeko neurri ez makurrak. Argana zijoalako berria Davidek aditu ta Jerusalendik atera ta zenbait soldadurekin joan zen urrutiraño aren igeska. Artu zituen bidean ta an bere neurri onak, ark ere bere ejerzitu bat bilzeko, esaten zuela: «Jangoikoak nere bekatu guziak barkatu ta begi onez begiratzen badit, berriz ere nere eskurako da nere erresuma»: si invenero gratiam in oculis Domini, reducet me (2 Reg. 15,25). «Baña niri dagokidana ta betiko nere onerako bada betiko nik nere erresum hau galzea, dagiela Jangoikoak nitaz ta nere erresumaz berak nai duena»: praesto sum, faciat quod bonum est coram se (v. 26). Hau bera egiten badugu geren otoitz-aldi guzietan, noizbait ez erditsiagatik eskatzen duguna, erditsiko dugu hura baño obeki dagokiguna ta eskatu dugunaren ordez eskatu bear genuena.

 

 

§ II.

 

        Guri dagokiguna ta gure animaren onerako den aldian Jangoikoari eskatzen diogun gauza, eska dezakegu ukatuko ez digulako uste osoan ta hau da eskatu ezkero artuko dugula Kristo Jaunak esaten diguna: petite, et acipietis. Eta dagokiguna ta gure onerako den gauza da, beste anitzen erdian, ongi bizitzeko ta zerua irabazteko bear dugun lagunza ta Jangoikoaren grazia ta hau da lenbizikorik eta erdits uste osoan eskatu bear duguna.

        Erdits uste osoan guk hau ta bear dugun beste guzia eskatzeko badagikegu Josef Egiptoko biso-reiarekin beraren anaiak egin zutena. Josef onekin egin zuten bein anai oriek lan gaizto bat; bada bota zuten putzu idor leze izugarri batera, an ilzen ta ustelzen uzteko asmoan, ta gero andik atera ta saldu zieten an barruna zijoazen ismaeldar zenbaiti, urrutiren batean utzi ta bizi zedin berriz orien begira bage. Garien uts-aldi batez jaitsi ziran Egiptora ale eske ta beraren anai Josef salduaren itxean sartu ziran alakorik uste etzutela; zeren hordurako ango biso-rei egiñik arkitzen zen Egipton Josef orien anaia. Hau etzuten oriek ezagutu, baña onek ezagutu zituen oriek. Oriek eta Josef anai erdi edo aita baten ta bi amaren humeak ziran. Bere burua agertu bage erakarri zien urrengo jornadan bere anai oso, itxean aitarekin gelditu zen ta Benjamin zeritzan bat. Azkenean agertu zuen zein zen bera, esaten ziela bera zela orien anai Josef. Arriturik gelditu ziran argandik hau aditu ta, bertan Josefek illerazi bear bazituen bezala. Nork daki zenbat egin zuen Josefek bere anaiak soseg-erazteko ta zuten beldurra burutik kenzeko, ta al-ere urteak eta urteak berarekin Egipton egin ta ere, beren beldur berarekin arkitzen ziran beti, ta beren buruak kezk onetatik bein ateratzeko elkar artu ta, guzien aita Jacob an ill ezkero, joan ziran beren anaiagana ta esan zioten: «Ona, zure aitak ilzeko zegon horduan eman zigun mandatua: ez oroitu, nere semea, zure anaiak egin zizkitzuten bidegabenz eta gauz gaiztoez». Eta gero esan zioten: «Guk ere geren aldetik eskatzen dizugu zure aitaren serbitzari emen arkitzen garanok gure gaiztakeri itsusi eskerbagekoaren barkanza»: nos quoque oramus, ut servis patris tui dimittas iniquitatem hanc (Gen. 50,17). Eta Eskritura santak dio Josefek aitaren izena ta orien eskanz humilla aditu ta, oriei barkatu ez ezik, ongi naiez negar ere egin zuela: his auditis, flevit Ioseph (Ibid.).

        Orra oriek egin zutena ta orra guk Jesusen betiko Aitari zerbait eskatzen diogun aldian dagikeguna. Bagoazke, bada, Jangoiko maitagarriagana, esaten diogula: «Oroi zaitez, Aita, zure Seme maite ta gure anai Jesusek esan zizunaz gure onerako gurutzean ilzen zegon horduan; horduan ark zuri esana da: Aita, bark egiezu»: Pater, dimitte illis (Luc. 23,24); ta guri esan zigun bear dugunaren eske zugana bidaldu ginduen aldian: «emanen dizute Ait eternoak nere izenean eskatzen diozuten guzia»: si quid petieritis Patrem in nomine meo, dabit vobis (Joan. 10,23). Barkaizkitzu, bada, oraindañoko gure bekatu izugarri andiak eta zere Seme maitagarri Jangoiko-gizon Jesusen izenean iguzu orain eskatzen diguzun hau ta zure serbitzurako ta geren glorirako bear dugun beste guzia.

        Jangoikoa gizon egin baño len ta lege zarreko denboran, eskatzen zioten Jangoikoari horduko profetak eta gizon andiak erditsi nai zutena Abrahanen, Isacen ta Jacoben izenean, ta izen oriei agitz begiratzen zion Jangoikoak ez ukatzeko eskatzen zioten gauza; bada izen orrek baño mill milletan ta ezin konta al diña milloietan ere geiago balio badu (balio duen bezala) Jangoiko-gizon Jesusen izenak, nola ukatuko digu guri dagokigun ta izen onetan eskatzen diogun gauza?

        Zenbat balio duen dakienak bezala bere otoitz guzietan sarzen du Eliz Ama santak Jesusen izen hau; bada fededunenzat eta beste guzien onerako Jangoikoari egiten diozkan otoitzak egiten ditu Jesusen izenean: per Dominum nostrum Jesum Christum. Egizu, bada, zuk ere hau bera ta erditsiko dezu, esan dugun eran, eskatzen dezuna. Eta zere era orretako otoitzez eskatzen ta erdisten dezunarekin errazki egiñen dezu Jangoiko berak zugandik nai duena ta sekulako zure zori onak eskatzen duena.

        Orretako bear den lagunza ta Jangoikoaren grazia erdisteko anitz lagunduko dizu errumes gaiso bearsu baten eran ori guzia zuk egitea; bada leoirik erreenak eta aserreenak ere barkatzen dio bere atzaparren ta orzen artean urratzera zijoan gizonari artara baño len beratzen ta humilzen zaion aldian; zer ez du egiñen, bada, Jangoiko gure ongia ta zori ona baizik nai ez duena, bere oñetan gu geren gaizki ta bekatu guzien damuz ta humiltasunez beteak eta beraren Seme maite Jesusen izena ezpain-mihian dugula eske ekusi ezkero?

        Zoazkio, bada, maiz eta usu Jangoikoari; zoazkio beti uste ta esperanz osoan ta Jesusen izena zere alde arturik, eta esaiozu joan-aldi bakoitzean Davidek esaten ziona: «Eskalea naz ni ta errumes gaiso bearsu bat; urrikal zaitez nitaz, nere Jangoikoa, bada zugandik uste dut nere on guzia»: ego autem sum mendicus, et pauper: miserere mei, Deus, quoniam in te confidit anima mea (Ps. 56,2).

        Indazu, bada, Jangoiko maitagarria, nere bearretik ongi ateratzeko, zu ongi serbitzeko ta bear den eran ta beti zu maitatzeko bearko dudan lagunza ta grazia; bai ta bearko dudan beste guzia ere; eskatzen dizut Jesusen izenean ta Jesusen Biotzeko amore andiagatik. Era orretan ta ziñez zuk eskatu ezkero, erditsiko dezu eskatzen dezuna ta sekulako zori ona. Egizu, bada: bai arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa