www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Igande eta festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1767-1782, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

XLII
Espiritu Santuaren Bazko-ondoko
irugarren igandeko irakurraldia

 

Congratulamini mihi, quia inveni drachmam, quam perdideram. Luc. 15.

 

Gaia: Birtutea da neke guziak
arinzen ta irabanz andiak eragiten dituen gauza

 

        Batek bein beste bat begitan artu ezkero, begitan ematen diote bestearen gauzak, beste onen gauzak izanagatik onak eta zuzenak. Hau da bere sui on Dabidekin Sauli agi-gertatua. Agitz onak ziran Saul erregerendako Dabidek egin zituen gauzak; bada bein bere eskuz ill don, Saul bera ta beraren jende ta exerzitu guzia deshonratzen zuen gizon arrigarri jigante bat; berriz ta beste askotan eunka ta millka kendu ziozkan bere etsai filistar gaistoak. Saul errege naigabeturik ekusten zuen aldian arzen zuen Dabidek bere arpa ta egiten don soñu ederrarekin arinzen ziozkan bere tristanzak, eta aldiak zekarren guzian egiten zuen Dabidek Saulen onerako izanen zela zeritzan guzia; ta al-ere Saulek Dabid begitan beti artua ta Saul beti Dabid galzeko bidetan sartua.

        Hau bera da Jesus maitagarriarekin farisetzar ta eskrib gogorrei agi-gertatua, Jesus niol-ere ezin ekusia ta galdu naia. Noizbait eraman zuten Jesus zirudienaz onez jaten ematera ta izaten zen bere lanez edo hitzez nastu ta deshonratu ta galdu naizik. Barkatzen baziozkan Jesusek bekatari damutu bati bere bekatu kulpak, aren urrikalza laudatu ordean, blasfemari gaisto, Jangoikoaren deshonrari bat zela esaten zuten eskribak eta orien lagun farisetzarrak; eta egin zezala Jesusek nai zuena, guzia zen gauza gaistoa gizatzar orien begietan. Hau da ebanjeli mezakoak gaur adirazten diguna.

        Tratalari edozein ta edozein bekatari urbilzen zen Jesusen hitz onak aditzera, dio Ebanjeli gaurkoak, eta hau ere gaitzat arzen zuten gizatzar oriek, eta «orra», zioten, «bekatari galdu tartean dabil ta bere jan-edanak ere oriekin egiten dituela». Aditu zuen Jesusek edo ezagutu orien erausi hau ta arzai onak eta andre kontuzkoak egiten duten lan bana agertu ta, adirazi zien aiek makurzat arzen zuten Jesusen gauz hau egiteko zuzenak eskatzen zuena zela; ta adirazi zien, esaten ziela: «Arzai batek ardi bat besteetatik atera ta nonbait gelditu zaiola ekusten duen aldian egiten duena da beste guziak utzi ta aren billara joatea ta dituen guzietatik txarrena izanagatik, bere soñean artu ta itxera ekarzea ta bere atseginz ta poz andia auzoko guziei agerzea». Hau esan ta esaten die farise, eskrib ta an arkitzen ziran beste guziei: «Berrogei ta emeretzi on ekusteak baño poz eta atseginz geiago ematen du zeruan gaizki zebillen bat ondurik eta bere bidean ekusteak», eta bidenabar adirazi zien orregatik zela, zebillen gisan, bera bekatari gaisoen billan ibilzea ta oriekin, egon oi zen gisan, pozik egotea.

        Gaurko Ebanjeli berean ta oni ditxakola esaten die Jesus berak: «Zerbait diru galdu duen andreak hura arkitu naiez argi bat artu ta bere dirua arkitu arte guzian an ta emen ta itxeko bazter guzietan dabbil billan, ta arkitzen duen horduan arkitu duelako berri ona bere auzoko ta adiskide guziei poz andiarekin ematen die». Bi gauz oriek esan ta bukatzen du Jesusek gaurko Ebanjeli santua, berriz esaten diela: «Atseginz andiak izanen dira aingeru guzien artean gaisto bat ondurik ekusten duten aldian».

        Arzaiaren ardi ta andrearen diru galdu-arkitu hau animako bake galdu-arkitua da. Nork arkitzen du hau lenenik, mundutarrak edo birtutetsuak? Aldi onetan ekusiko dugu.

 

 

§ I.

 

        Adanek paradisua galdu ezpalu, bake ta soseganz andian biziko giñan guziok paradisu berean. Galdu zuen Adanek bekatuz bere ta gure paradisua; galdu zuen ark an zuen guzia, asaldatu zituen bere ta gure barrenak, sartu ginduen munduko aranz-elorri ta naigabenz eta ezdabaideen erdian ta utzi ginduen zerbait bake on bilzen bagenuen askotan galzeko bidetan. Geren bake hau guri galerazteko bideak dira senarraren edo humearen gaitza, alderen baten kaltea, adiskideari egiten dioten txarkeria, ezarzen diguten auzi-pleitoa, asmatzen diguten gezurra, esaten diguten hitz gordina, dugun ondasuna kenzea edo era bereko beste zerbait.

        Bake bera guri galerazteko bideak dira bestek gu hitzez, ondasunez edo izatez azpiratzea, edo guk ekustea bestek eraman duela gerenzat guk nai genuen honra, irabanz, egitekoa, edo hitzketan edo jardukitzen gu norbaitekin asten garan aldian, gererik ezin atera dugula ta gurea baño beti arena geiago dela ekustea.

        Bake bera guri galerazteko bidea da erriko edo itxeko gauzak gaizki ta makur ekustea ta oriek guk ezin zuzendua; bai ta gaistbak nai dutena guri edo besteri egiñagatik, ongi gelditzen dirala ta denbor berean onak nekeetan ekustea ere. Geren barrengo neke bera galzeko bidea da neketan, lanetan ta izerditan bid bearra ta bein zorpe gogorrean, berriz arzekorik ezin bilduz ta geiagotan emendik ara gauzen billan ibilli bearra, ta era bereko beste gauzak ekustea, ta bein ta berriz ta askotan hau guk ekustea, bakearen gal-bide agitz andiagoa da.

        Arkitzen dira emen lur gañean zenzu bageko zenbait eta birtute andiko beste, neke ta kezka-bide orrenbaten erdian egonagatik, barrengo beren bakea galzen ez dutenak eta Frisiko aur ta katu baten gisan arkitzen diranak. Milla ta bost eun ta larogeigarren urtean aserretu ta agitz igan ziran Olandan ta Zelandan itsasoko urak. Itsasoaren aldi artako ur biziak edo urbelde andiak beren bag-olast aserretu andiekin urratu zituzten beste aldietan gelditzen zituzten paretak, edo gañez egin zien antepar ta pres guziei; bai ta errietako itxe ta bazterretako arbol luzeenei ere, ta itoak gelditu ziran Jangoikoak daki zenbat aur, andre ta gizon, ta geldi etzitezen orien lagun egiñak eta galduak beste guziak, Frisiko kargudunak billerazi zituzten al zituzten gabar ta batel ta txalup guziak eta bakoitzari zegozkan mariñelak emanik, igorri ta bidaldu batera ta bestera, bizirik arkiteen ziranak bilzera.

        Arkitu zituzten zenbait urak oraindik estali etzituen tellat gallurretan, pago puntetan edo aritzen bateko sustraiei itsatsiak eta beste zenbait urak ondotik atera zuen ta batetik bestera zerabillen aritz adarretan, ol puskan edo igerian, ta azkenean arkitu zuten sasi batek gelditua aur-seask itxeren batetik urak aterea ta ur berak ondatu bage ara eramana.

        Urbildu zen txalup bat seaskara zer ote zedukan ekustera ta arkitu zituen seaskan aur bat eta katu bat eta biak loak artuak, urak itxetik atera zituenean bezala. Horduan zebillen aize otza garaitu zuten aurrak eta katuak, batak bestea berotzen zuela, ta gauz astunak ondatzen zituen urak eraman zuen batetik bestera orien seaska ta kulunkatu zituen aurra ta aurraren oñetan beldurrik bage zetzan katua, gal etzezaten beren loa.

        Era onetan, bada, zenzurik ez dutenak askotan beinzat ez dute ezagutzen zenzudunak eta buru eneko beste guziak ezagutzen duten gaia tza ta kaltea, ta orregatik dira lo dautzan aur-katuen gisako gizonak, eta lotatik iratzarri edo zenzura etorri arte guzian, nekeak eta kalteak dakarren naigaberik izaten ez duten loti, kaltear, zenzu-gabeak, zeren ezagutzen ez den kalteak kezkarik ematen ez dion nekerik bage azpian dadukanaren biotzari.

        Baña zenz-gabe oriek baño obeki arkitzen dira neq-artean birtutedunak; bada zenzu bageak baño geiago ez dute galzen beren bakea ta bidenabar egiten dituzte zenzurik ez dutenak egiten ez dituzten irabanz andiak; bada Jangoikoaren izenean ta ongi eramaten dituzte egiten zaizten kalteak, ematen diezten neke-naigabenzak eta bidenabar me-meki ta baq onean egiten dituzte beren gauzak eta egiteko guziak, eta eramaten ta egiten lotan baleude bezain soseganz onean, ta elurrak, aize gogorrak, beroak, euriak edo beste edozein eguraldi ta element gaistok golpatzen dituen aldian esaten dute S. Franzisko de Borjak esan oi zuena: «Anitz zor diot nere Jangoikoari; bada zeruko graje-tiraka ta animako goisoak botatzen hari zait aldi onetan, ta zenbat ere geiago tiratzen dizkidan, anbat obe neretzat; bada honratuagoa, aberatsagoa ta ondasundunagoa uzten nau ta zeruko glorigai geiagoz betea».

 

 

§ II.

 

        Baña birtute andizko bakanak dira orrenbat atseginz eta bakerekin arzen dituztenak ekusi ditugun neke-penak eta era bereko beste gauzak. Orrenbat birtute ez dutenak eta beste mundutar gaisoak Frisiko beste jende telle artan ta onetan arkitzen ziran ta ur gañeko zur ta ol puskan edo igerian zebilzanen gisakoak dira. Oriek guziak ur egiñak arkitzen ziran ta otzez igaro-galduak eta ikaraz, kezkaz ta beldurrez beteak. Era berean, bada, barren asaldatuarekin ta soseguzko bakerik bage arkitzen dira naigabe zerbait edo neke berekin duten mundutar gaisoak eta birtute andirik ez dutenak; bada minberea da berez gizonaren biotza ta gaitz bat egiten zaion aldian kezka ta min arzen duena.

        Bitatik zein dela uste dezu, mundutar ez-birtutetsua edo jainkotar birtuteduna, bere kezka ta miña lasterrago garaitu ta len bezain bakedun gelditzen dena? Zein, kezkak eta miñak irauten duten denboran obeki oriek eramaten dituena? Aldi orrelakotan ekusi dezu birtutedunik bere burua sokaz urkatu, urari eman edo putzuan ondatu denik? Ekusi dezu mihira zetorren guzia gaitz hura egin zionari aurtiki, tira ta bota dionik? Ez segurki. Eta ekusi dezu aldi orietan konfesor onak esaten diena egin, komunio on bat artu edo Santo Kristoren oñetan zerbait otoitz egin ezkero, bere barrena eskuratzen ez duen birtutedunik?

        Beste alde mundutar gaisoetatik zenbat arkituko dituzu gis bereko aldian sierpe izurdunaren eran sutzen ez diranak, uzket gogotrak egiten ez dituztenak, anitz gaistakeri beren gaista-giñak gatik esaten ez dutenak eta aserre ta aserre geroko egunetan ta denbor luzean ere egoten ez diranak? Eta orietatik bat edo beste ez da gelditu bere eskuz urkatua, putzu osiñean ondatua edo leiotik bere burua bota ta illa ta lertua?

        Gure Konpañiko Aita bat joan zen bein ama-alab gis onetan agitz naigabeturik arkitzen ziranak ekustera. Konbentu batean azia ta ezkonberria zen alaba; ama mundutarra ta bere meza enzun ta noizean bein komulgatu ezkero, kristau egiteko guzia egin zuela uste zuena; nai etzuen hitz bat esaten bazioten, bi edo sei eranzuten zituena ta gauz guzietan edo beinzat al zuen guzian gogoak ematen ziona egiten zuena. Arkitu zituen biak negarrez urtuak eta bien naigabenzak arindu naiez, esan ziezten zegozten gauz egokiak eta besteen artean, oroi zitezela Jesus maitagarriak eta Jesusen Amak obenik bage izandu ta me-meki eraman zituzten naigabe ta oñaze izugarriez.

        Hau aditu ta «Jesus, aita», esan don amak bere onerako gis onetan hitz egiten zionari; «Santo Kristo bat eta Ama Birjin ezpataz josia atsegin-gai onak dira fraideenzat eta konbentuetako seroreendako; baña ez gureen gisako biotz mundutarrak arinzeko». Beste azkunza izandu zuen alabak artu zuen bear zen bidez aditu zuena ta zatirik andiena bazuen ere aldi artako naigabenzan, itzuli zen beragatik gurutzean ill zen Jesus deshonratu penatuagana ta Jesusen gurutz aldean damuz ta biotz-miñez lerzen egondu zen beraren Amagana, ta ekusirik deus-ez bat zela Ama-Semeen nekeen ta naigabeen aldean ama-alabak aldi artan zutena ta hura ere beren obenez ongi irabazia, laster asi zen leneko bere otoitzak, konfesa-komulgatzeak ta egin oi zituen beste gauzak egiten; bai ta bere naigabenzak, asaldanz eta biotz-min guziak uzten ere; ta zenbait egunen buruan itzuli zen leneko bere bakera. Hau bera egiten du neketan arkitzen den beste birtutedun edozeñek ere, ta egiten du hau, zeren begiratzen dion bere nekeari mundutarrak bezala ez, baizik Jangoikoaren eskutik datorrenari bezala. Hau egiten ez duen mundutarrak buka lezake bere bizia alab on onen am aserratuak bukatu zuen gisan, burutik irauzirik eta bein ere akordura bage.

 

 

§ III.

 

        Mundutarrak bere nekeetan egin oi duena da arri bat tiratzen dioten zakurrak egiten duena. Zakurrak aldi orrelakoan egiten duena da arriari jarraiki, ozka egin ta bere orzak galzea; ta mundutar nekatuak egin oi duena, duen nekea ta naigabenza bere onerako uzten dion Jangoikoari ez-ekusi egin ta naigabetu duen lurrekoagana aserre ta mutur gelditzea ta nondik oni ordein gaistoren bat egiñen dion ta naiko ez duen zerbait esanen dion asmatzen egotea ta denbor orretan barren guzia erretzen idukitzea. Birtutedunak dira gaistoen nekez ta hitz-lanez beren onerako naigabetu dituen Jangoikoagana lendabizitik begiak itzulzen dituztenak, esaten dutela: «Jangoikoa maite duenari gauz guziak on egiten diote; bai ta munduan diran kezkarik, naigaberik eta nekerik andienak ere»: diligentibus Deum omnia cooperantur in bonum (Rom. 8,28).

        Beren begiraldi orietatik batean esaten dute birtutedun nekatu enak Dabidek era bereko bere neq-aldi batean esaten zuena; bada esaten dute: «Ekusten dut, Jauna, eskupera nazula, nigana den nekepen, kezk eta naigabenz orain dudanarekin. Onzat arzen dut eta nere oben gaistoen alde, den guzia, ta gis berean artuko nuke agitz geiagokoa ta andi gogorragoa baliz ere. Nik eskatzen dizudana da, ekusirik zuk orain bereko nere damu humilla, urrikal zakizkidala ta barka ditzazula nere oben berak eta bekatu guziak»: vide humilitatem, et dolorem meum, et dimitte universa delicta mea (Ps. 24,18).

        Beste begiraldian birtutedun nekatuak egiten duena da gizon santu Jobek bere neke izugarri batean egin zuena. Job zen eguzkiaren agerraldi batez gizon agitz aberats arkitzen zena ta egun bera joan baño len zuen guzia galdurik gelditu zena; bada etsai gaistoak, Jangoikoak artako eman zion eskuarekin, igorri zituen Sabatar anitz aren idi ta asto guziak ebastera ta ebatsi ziozkaten bat ere utzi bage. Etsai berak erre zituen zeruko odeiak, boterazi ziezten tximist eta ozpin-arri sutu gaistoak eta ill ziozkan bere artald andiak. Etsai berak tentaturik, artu zituzten beren armak Kaldetarrak eta irur aldetik joan ta arrapatu ta eraman Job beraren kamelu-sall andiak, eta bake onean Job beraren seme-alabak elkarrekin jaten zeuden etxe batera aize izugarri bat etsai berak bidaldu ta irauli zuen gainbera itxea ta utzi ziozkan bere hume guziak illak eta egun batean gelditu zen Job birtuteduna humerik bage ta zituen gauz guziak lapurrak eramanik.

        Aditu ditugun kalteen berriak artu zituen Job birtutetsuak elkarri zitxezkola ta bata bukatu baño len bestea aditzen zuela. Al-ere zer egin zuela uste dezu Job kaltear naigabetu birtutedunak? Bere etsai deabru amurratuarekin, Sabatar ta Kaldeko lapurrekin edo zeruko odeiekin aserretu? Ez bada, baizik oriek guziak alde bat utzi ta bere onerako gaistoen eskuz igorri ziozkan Jangoikoa billatu ta oni eskuan apa ta muñ egin ta humil-humilki esan: «Jangoikoak emanak ziran nik nituen gauzak; jabeak bezala berak kendu dizkit guziak; bedeika dakiola guziagatik»: Dominus dedit, Dominus abstulit; sicut Domino placuit, ita factum est; sit nomen Domini benedictum (Job 1,21).

        Era bereko beste aldietan begiratzen dio birtutedunak bere Jangoikoari dituen nekeetan, irabaz-bide andiak eman diozkan Jaunari bezala, ta esaten dio bere buruari, zazpi Makabeo martireen amak orietatik gazteenari esan ziona: «Nere semea edo anima, oroi zaitez laster-fite bukatuko dirala emengo zure neke-penak eta ez dela bukatuko oraingo zure nekeekin irabazten dezun zeruko gloria» (Mak. 7).

        Eta zeren birtuteak arrerazten ta arinzen duen bide on oriek dakarten tristanza, esaten digu Espiritu Santuak: «Arin bizi nai badezu zere neq-artean, bil zazu birtute andia»: congrega cor tuum in sanctitate, et tristitiam longe repelle a te (Rccl. 30,24). Bada hau da barreneko kezkak, tristurak eta naigabenzak lenbaitlen kenzeko bidea ta zori oneko bide, mundutar gaisoak berandu edo nekez arkitzen dutena. Bizi zaitez, bada, humil-humilki, egungo Epistolan S. Pedrok esaten digun bezala, ta utzazu zere gobernua Jangoikoaren kontura, bere kontura arrua zadukan ezkero. Ibill kontuz ta eme etsaiak nas etzaitzan zere neq-aldi orietan ta izaten dituzun kezk-naigabenz gogorretan zoaz zere Jangoikoagana (len agertu dugun bidez) ta berak sendortuko zaitu ta birtutez ta irabaziz beterik bere aldian eramanen bere zerura. Ala gerta dedilla: bai arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa