www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Igande eta festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1767-1782, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

XIV
Erregeen urrengo
laugarren igandeko irakurraldia

 

Domine, salva nos, perimus. Matth. 8.

 

Gaia: Judasen gisan galzen da
behar den horduz onzen ez dena

 

        Aldi batez igan zen Jesus, egungo Ebanjelio Santuak dionaz, arranzaleen itsas-onzi-batel edo barka batera ta arekin batean igan ziran aren eskolako Apostol Jaunak ere. Itsasoa etzen aldi artan arkitzen asaldatua; itsasorako nai bezain ona zen zebillen aizea; aizean etzen odei belzik ageri ta ezin obea zen aldi artako eguraldia. Beste alde berekin zuten an arkitzen ziran Apostol berak Jangoiko-gizon Jesus maitagarria (bere Aita betiko ta Espiritu Santu Jaunarekin), aize guziak eta itsaso bera egin zituena, aizeei beren ibilzak eman ziezkana, itsasoari bazter guzietan arrizko ta arezko mugak ezarri ziozkana; ta bere egillearentzat aserretuko etziralako ta bidanz on bat izanen zutelako uste osoan atera ziran Apostol marinelak itsaso zabalera ta an zebilzan kezkarik eta beldurrik etzutela. Bitarte arta loak artu zuen Jesus maitagarria; asaldatu zen gañeko aizea; orroz ta bagaz bazterrak urratu nai zituenaren eran batetik bestera zebillen itsaso guzia ta Kristo Jauna ta beraren onzi txikia zerabillen luma zirudiela ta ez-bai-puntu oro ondatzeko gisan ta eran: et ecce motus magnus factus est in mari, ita ut navicula operiretur fluctibus.

        Zer bada? dio S. Joan Krisostomok hau ekusi ta; aize gaiztoak eta itsasoak etzioten begiratu behar beren egille Jangoiko maitagarriari, askotan Jangoiko beraren santu zenbaiti begiratu dien bezala? Bai bada, itsasoak santu zenbaiti begiratu ta askotan egin ditu berez egiñen etzituen gauzak. Bere zigorrarekin Moisesek bein bizkarrean eman zioneko, egin zen erdi bi itsaso gorria ta erdian utzi zien batetik besterako bidea Moises berari ta berekin zituen mill-milla andi txikiri ta orien ganadu guziari. Itsasoko urak utzi zuen bein bere gazitasuna, Moisesek bota zion zur batek ukitu ta, ta beste batez S. Francisco Xabierren oin-puntak ukitu zueneko. Onzirik bage ta bere bizkarrean eraman zuen itsasoak S. Francisco de Paula Siciliko bazterretik Napolesko bazterrera, ta S. Raimundo de Peñefart Mallorcatik Cataluñara. Zer, bada; orrenbat begitart on itsasoak Jangoikoaren Santu oriei ta begitar(t)on bat ere ez Jangoiko berari? Hau zer da?

        «Nik esanen dizut», eranzuten du Santu berak. «Onzian zen Jesus Jangoiko gizona; onzian ziran Apostol onak; bai ta Judas gaiztoa ere, ta Judas salzallearen gaiztakeriak asaldatu zuen itsasoko aizea ta itsaso bera»: etsi multa discipulorum merita navigabant, adhuc tamen naviculam perfidia proditoris agitabat; eta Judas gaiztoa zen, ta ez aizea ta itsasoa, Jesus maitagarriari begiratzen etziona.

        Itsasoa ta itsasoko aizea ain asaldatuak ekusi ta joan ziran lasterka Apostolu gaisoak Jesus maitagarriari ojuka iratzarri ta esatera: «Jauna, galduak gara, lagunzen ezpadiguzu»: Domine, salva nos, perimus. hau aditu ta bake on andian esaten die Jesusek: «Uste txarreko beldurti kezkatuak; zertako da zuen orrenbat asaldanz eta arazo?». Jaikitzen da gero ta hitz biz isilerazten ditu itsas-aizeak eta bien orro andiak.

        Orra hordu artan Apostol onak egin zutena ta fededun kezkatu guziak beren kezkaldian egin behar dutena. Zer bada? Beren kezkaldian ito ez ditezen Jesus maiteari askotan ta biziro bere lagunza ta eskua eskatzea ta emanen dielako uste osoan eskatzea. Hau da gure izenean Elizak egungo bere irur otoitzetan egiten duena. Eta emanen ere die, behar den eran beren lan hau egin ezkero, eskatzen dutena edo aren ordez dagoten ontarte edo beste zori onen bat. Judasen gisako gaiztoak dira hau ongi egiten ez dutenak eta azkenean, Judas bera bezala, betiko galzen diranak. Bata ta bestea da, Jangoiko berak argi egiten digula, guk gaur ekusi beharra.

 

 

§ I.

 

        «Ez dut ekusi», zion Espiritu Santuaren argi garbiz gauzak ekusten zituen batek, «ez dut ekusi Jangoikoak bage utzirik, gogo onez ta bihotz osoz Jangoiko beraren lagunza ta grazia billatu duenik»: non vidi justum derelictum. Guk ere ez dugu ekusiko, behar den begiz begiratu ezkero munduan izandu diran nekatu on guziei.

        Eskritura Santako nekatu ta tentatu guzien artean agitz nekatua da Job santua. Artako Jangoikoak eman zion esku andiarekin tentatu zuen sulezeko etsaiak Job ezin geiago. Kendu ziozkan zituen hume ta ondasun guziak; kendu zion bere gorputzeko osasuna ta utzi zuen burutik oñeraño zauriz betea ta anitz aldetik loi-zikiña ta materi ustela zeriola. Zerion materi loi hau kenzeko zuen oial ta zapi mea zen tell-puska ta ladrill-zati bat. Aren horduko oatze guzia zen eskaratzeko gorotz loitsu zikiña. Eta nolakoa izan ziteken aren horduko jan-edana, loa ta beste guzia?

        Onenbat gorputzeko beraren nekek nai-ta-ez azpian zeduka(te)n Joben anima. Zer kezkak, bada, ta zer naigabenzak aldi artan Joben animak izanen zituenak! Eta etziran al-ere aldi artan ark izandu zituen guziak. Aldi berean kezkatzen ta naigabetzen zuten sulezeko gaiztoak ez ezik, beraren ekusle hitz-onzi zenbaitek ere: sulezeko gaiztoak bere illuntasunak eta kezkagai gordiñak isilka beraren bihotzeraño sartuz eta beste oriek beren bidebageko erausi arroz ta funsik etzuten berriket luzez. Guziarekin ere zuzenki egiten zituen Job nekatuak horduko bere gauz guziak eta etzuen oin bat ere atera Jangoikoaren Legeko bidetik eta beti egondu zen Jangoiko beraren urrikalz andi ta esku indarsuaren begira, ta azkeneak eman ere zion Jangoiko maitagarriak eta agitz ongi zabaldua; bada kendu ziozkan bere zauri materdun ta eritasun guziak; eman zion osasun guztiz ona ta eman ziozkan len izandu zituenak diña ondasun ta beste anbeste: duplicia (Job, 42,10), ta utzi zuen bera len zen bezain gizon andi errespetatua.

        David etzen izandu beti santu; egin zituen noizbait gauz itsusi ta bekatu lotsagarri andiak. Al-ere egin zituen gero Jangoikoarekin bake onak. Leneko bere bekatu gaiztoekin begitan eman zion Davidek bere erri ta erreinu guziari, ta er artan ekusi zutenak ar etzezaten aren eran ibilzeko ausardia, igorri ziozkan Jangoikoak David bekatariari naigabenz eta neke agitz andiak; bada seme batek ill zion bestea ta bere illob batek bere seme illzallea; Jangoiko berak irur egunez eritasun guztiz gaiztoz ill ziozkan irur-ogei ta amar milla gerrari ta gizon; bere seme gaizto batek kendu zion kasi bere erreinu guzia ta erabilli zuen bide luzean oñez ta igeska. Zenbat bere nekerekin ta naigaberekin! Ekusten dezu?

        Guziagatik ere etzen David aserretu, ez eta asaldatu ere; ta artu zituen bere deshonra, naigabenz eta neke guziak bekatuz len aserretu zuen Jangoikoaren izenean ta egin zituen bekatu ta eragin-bide gaiztoen alde. Bein ta berriz ta geiagotan aitortu zuen beraren obenez zirala bere gain zituen neke ta lazeri guziak, eta eskuan, igorri ziozkan Jangoikoari, ap eta muñ egin ta guziak artu zituen humil-humilki ta pazienzi agitz andian. Denbor berean prestatu zen Jangoiko berak igorri nai ziozkan beste guzietara ta behar zen gisan eraman ere zituen geroz igorri ziozkanak.

        Hau ekusi ta artaz urrikaldurik egin zion Jangoikoak Davidi, ta anitz luzatu bage, ontartedi agitz andia; bada Jerusalendik igeska atera zen alditik denbor labur baten buruan illa gelditu zen lenbiziko batallan beraren seme etsaia. Andik laster, hura utzi ta aren seme gaiztoagana ziran tribu ta jende guziak, itzuli ziran beraren eskupe lenbizikora ta egin zen leneko bere tribu, bazter ta erreinu guziaren jaun ta jabe. Eman ziozkan Jangoikoak munduko Erregek izandu dituen urre, zillar ta ondasun guziak baño ondasun ta urre ta zillar agitz eta agitz geiago; eman zion zarze on bat eta eriotz obea. Utzi ziozkan bere seme errege Salomoni, Jangoikoari egin behar zion Eliz, munduan izandu den ederren ta aberatsen bat egiteko, beharko zituen ondasun guziak, eta ill ta joan zen Abranen linbora, beraren ta beste guzien onerako gizon egiteko zegon ta on guziak zerura eraman behar zituen Jangoikoaren begira egotera; andik igan zen gero Jangoiko-gizon berarekin zeruko glorira. Era bereko on nekedunetatik beste anitz arkitzen dira Eskritura Santan, bai ta Elizako libru ta Berri onetan ere. Beste guziak utzi ta agertu nai dut orain lurreko egitekoetan zu bezain sartua, ta al-ere ekusi ditugun Joben ta Daviden gisan bizitu den bat edo beste.

        Orietatik da Espaniko Errege ta Alemaniko Enperarode Carlos bostgarrena. Nekez arkituko da onek diña ibiller-era, gerra ta neke izandu dituen gizonik. Bederatz aldiz joan zen Alemanira, amarrez Flandesa, zazpiz Italira, sei aldiz Espanira, laurez Franzira, bi aldiz Mairuetara ta beste biz Inglaterrara. Laur aldiz ibilli zen itsaso andian ta beste zorziz Mediterraneo edo lur-tartekoa esaten zaion bestean. Izandu zituen irur-ogei ta amar gerraldi Alemaniko herejeekin, Constantinoplako Turkoekin, Afrikako Mairu belzaranekin ta Europako Erregeekin. Irabazi zituen berrogei batall ta ezin kont-al-diña erri murratu ta gaztelu ta artu zituen preso Saxoniko Duke ta herejeen buru D, Juan Federiko ta Franziko Errege Francisko lenbizikoa. Zenbat bere neke ta naigaberekin? Asma zazu, al badezu.

        Orien guzien artean bere egiteko andiak egin ta nekanz gogorrak behar zen gisan arzeko, joaten zen beti Jangoikoari bere lagunza eskatzera, ta eskatzen zion egun oro, egitekorik andienak zituenean ere, hordu osoz otoitz egiten ziola ta Meza enzunez ta askotan ta maiz komulgatzen zela. Azkenean zor ziozkan zori on ta ontarte guzien eskerrak Jangoikoari emateko ta eriotz on batera bere burua ongi prestatzeko, utzi zituen bere Inperio ta Erreinu guziak eta Konbentu batean sarturik, bizitu zen bere ill arte guzian, otoitz on luzeak egitea, Mezak anzutea, maiz-maiz konfesa-komulgatzea ta beste gauz on askotan egunak igarotzea baizik egiten etzuela. Ara baño len zuen guzia utzirik, Flandestik Laredoko portura zenean, Santo Kristo bat eskuan artu ta lurrean bere bi belaunak zeduzkala, esan zion Jesusi: Nere Jesus maitea, zu nere Kapitan ziñala ta zure lagunz andiarekin egin ditut nik oraindañoko nere gauzak eta eskerdun onak bezala zure serbitzu santuan bukatu nai ditut gañerako nere egunak. Orretarako ere eskatzen dizut zere lagunza. Leneko guzietan baño ere agitz obeki lagundu zion Jangoikoak bere azkeneko lan onetan ta bere Monjeen artean bizitu ta ill zen santuki.

        Era berekoetatik da Carlos Quinto edo bostgarren onen illoba ta Alemani bereko Enperadore Ferdinando bigarrena. Onek ere, Carlos Quintok bezala, izandu zituen egiteko, gerraldi ta neke andiak Alemaniako Prinzipeekin, Sueziko Errege izugarri Gustavo Adolforekin ta beste zenbaitekin. Ingurutu zuten bein bere korte Vienan kanpotik gerrako gizonak eta barrendik (h)ereje gaiztoak eta esan ere zioten, uzten ezpazien beren gisako bizitza ta legea, galduko zituela buruko koroa, eskuko zetroa ta Alemaniko Inperi guzia. Baña ark eranzun ziena da: «Bide gaizto ori oriei nik eman baño len galduko ditut oriek guziak eta beste nere gauzak, bai ta nere bizi hau bera ere».

        Aldi berean edo andik fite ta laster hereje gaiztoak nai zutena egin lekuan, egin zuen Loreton boto, kenduko zituela Estiriko, Carinthiko ta Carniolako hereji guziak. Ama Birjinaren beste Eliz batean egin zuen Bohemiko erreinu guzian hau bera egiteko boto; ta zorzi urtez ill baño len egin zuen berriz Hungrian ere hau bera egiteko boto.

        Artako bere Inperio andiko Probinzietan zituen Relijioso guziei ongiz ta ontartez eman zien esku luzea, Jesusen Konpañikoei egin ziezten amar Kolejio berri ta eraman zituen len an arkitzen etziran zorzi Relijio. Lan bererako enzuten zituen bi Meza egun oro, egiten zituen erromeri luzeak, komunio agitz beroak, otoitz andiak eta bidez zebillen aldian ere hordu osokoak; bai ta baruak eta beste anitz gauz on nekagarri ere; ta horduko aren bazterretako gauzen berria dutenak diote Enperador onek hereji gaiztoen atzapar-esku tartetik atera zituela gutienean ta ekarri gure Lege santara amar milloi edo amar milletan mill ta geiago hereje; garaitu zuen Gustavo Adolfo; ekarri zituen bere eskura gaizki zebilzan Alemaniako Prinzipe guziak eta utzi zituen nai bezain ongi Inperi bereko ta Probinzietako gauzak eta utzi zuen bere seme Ferdinando Ernesto erromatarren Errege ta Inperiko bere ondorengo egiña. Ill zen azkenean bake onean ta santu bat bezala ta aren honrretan predikatu zuen hereje batek ere esan zuen: «Edo ez da fededun katolikorik zerura igan edo igan da Ferdinando».

        Orra nola jangoikoa bere alde duen, bere egiteko ta estutasun guzietan Jangoiko bera nai onez ta ongi billatzen duenak. Baña Jangoikoaz azturik eta gaizki bizi denak eta bizi den eran billatzen duenak? Orrek ez.

 

 

§ II.

 

        Ez, ez du bere alde arkitzen Jangoikoa, Jangoikoaren etsai bere azken tranze gogorreraño billatzen ez duenak. Zergatik, uste dezu? Zeren bekataria den Jangoikoaren Tribunalean ta bere eriotzan itsas-onzi kargatu bat idorrean bezala ta Judas gaizto galduaren era-gisakoa.

        Itsas-onzi bat, gerrako onzi andia denean ere, behar duen aizea badu, badabill egun batez ogei ta lau, berrogei edo berrogei ta amar lego bide; bai ta barrenean izanagatik sei eun gizon, denbor luzeko orien jan-edana ta zazpi mill anega gari edo amarlau milla erregu ta beste anitz gauz eta gerrako gai; baña ur bagez idorrean nonbait gelditzen bada, munduko aize guziak eta amar mill idikik ere ez dute igituko dagon tokitik. Bekatari gaizki dabillena era berekoa da emen bere bizitzan, bai ta gero eriotzeko tranze gogorrean ere. Emen arin aski dabill batetik bestera, danzatik jokora, jokotik edanera, edanetik atseginz zikinera, andik lotara, lotatik konfesi onzerik bagekora, komunio galgarria ta guzitik berriz leneko bere ibiller makur gaiztora.

        Bitarte orretan izaten badu eritasun edo naigabenz andiren bat izu-beldurzen da, Judas lapurra bere lagun Apostol onekin itsasoaren egungo aserraldian bezala; baña Judas itsasotik atera ta bere lapurketan zen bezala, sendatu ezkero bere ibiller galgarriratzen da bekataria ta badabil bekatuz bekatu ta gaizkitik gaizkira, ur biziak etorri ta idorreko onzia itsasora eraman ezkero batetik bestera dabillen bezala. Azkenean zertan gelditzen da bekataria? Gobernurik ez duen itsasoko onziaren edo Judas gaiztoarenean. Zer gelditze da orien bien gelditze hau? Orain zuk ekusiko dezuna.

        Onziak bere gobernurako badu, arraiak buztana bezala, ol luze urean gainbera sartu lema deritzan bat, eta arraiak buztanarekin bere burua bezala, ol onekin mariñel dakienak darama nai duen aldera ta tokira onzirik beteena ere; baña bere lema galdu duen onzia itsasoko aizeak eta bagak darabilte nai duten eran ta beren aserraldiren batean bazterturik arkitzen bada, botatzen dute alde artako aitzen batera ta ango golpez urratu ta itsas ondoko lezera; ta itsa bazterretik urruti dabillen aldian, aize bizi-aserretuak urratzen diozka gañeko oial-egoak, zur luzeak edo mastak; botatzen dute saiets gañera, gainbera ta batetik bestera dabilzan bagak; betetzen dute urez ta ondatzen ta galerazten dute itsaso zabal beraren osin izugarrian.

        Eta Judasen geldiera? Ez bat ere obea. Judasen eskuan arkitzen zen Jesusek eta Apostol Jaunak beren jan-edanerako zuten diru puska. Oitu zen andik zerbait beretzat arzera ta Jesusi bere predikuan aditzen ziona ta bere lagun Apostol onetan ekusten zuena etzen aski izandu bere oikura gaizto hau ari kenzeko, ta azkenean, geiago izan naiez, saldu zuen bere maisu on Jesus maitagarria ta gelditu zen lo datzala girgillu-grilloz eskuak eta oñak norbaitek lotzen diozkan gizon bat bezala; bada bere egoer galgarri itsusia ekusi ta arritu ta andik atera naizik zerbait egin bazuen ere, etzuen egin bere bekatuaren kate gaiztoa urratzeko egin behar zuen guzia, ta amurraturik joan ta urkatu zuen bere burua, ta anima ta gorputz gelditu zen sekulako galdua.

        Gizonaren gobernua da beraren ezagunza ta Jangoikoaren Legea; ta hau utzi ta, badabill beraren pasione sutu ta aragiaren aize-bagak nai duten gisan, aisa galeraziko dute bekatuaren aitz gaizto ta putzu izugarrian, edo geldituko da amurraziozko sokaz urkatua ta jatsiko da Judas galduaren lagun izatera sulezeko infernu bizira.

        A, nere Jesus maitagarria, arkitzen ote naz ni ere orien eran ta bekatuz lotua? Era orretan arkitzen banaz, urratuko ote ditut garaiez nere bekatu gaiztoen kate lodiak? Nai nuke beinzat, sendorki zuk lagunzen didazula. Lagun zakizkit, bada, zere grazi onaren indar andiarekin. Eskatzen dizut, nere bekatu guzien damuz ta ondunai bizi-beroz beterik arkitzen nazala. Ez ukatu bada; ez arren, ez.

 

aurrekoa hurrengoa