www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Igande eta festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1767-1782, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXVI
Bazko igandeko irakurraldia

 

Surrexit; non est hic. Marc. 16.

 

Gaia: Jesusen bizteak erakusten du
konfesioz nola biztu bekatuz illa

 

        Jesus ill ondoan Jesusen eskolarrak Jesus biztuko zelako uste guzia galdurik ibilli ziran, bizturik hura ekusi ta ezagutu arte guzian; bada agertu ta ere, etzuten ezagutu lenbiziko aldian ta idaroki zien beren barrenean zuten uste galdu hau ta esanerazi: «Uste genduen aterako ginduela israeldar guziok geren nekepetik eta erromatarren eskutik eta ustel atera da gure ustanz guzia; bada irur egun ditu judatarren eskuz illik ta ez da oraindik ageri; ta hau baño gaiztoago dena, beraren obian izandu diran andre zenbaitek izutu gaituzte ekarri diguten berriarekin; bada esan dute ez dutela arkitu an aren gorputz illa ta bera zeutzan obian ekusi dituztela zenbait aingeru; eta hau aditu duten Apostol bik esan ere dute ametsa dela orien esana»: visa sunt ante illos sicut deliramentum (Luc. 24,11). «Baña batak eta besteak laster ta fite ezagutu zuten egia zela andre oriek eraman zuten Jesusen biztu-berria». Ara nasterik bage egungo Ebanjelio santuak dionaz andre orien berria.

        Etzen gure obien gisakoa Jesus illaren gorputza iduki zuena: gela gilzatuaren gisako zen Jesusen obi hau. An sartu ta lurrik karerik edo beste gauzik gañetik eman bage utzi zen Jesusen gorputz illa. Bazko goizez beren aromak erosi ta joan ziran ara Maria Madalena, Jacoben Maria ta Salome, ta joan ziran usai onezko aromaz Jesusen gorputzari gañetik eman ustez. Zekiten gauza zen arri andiz estali zutela obiaren sar-bidea ta «Nork kenduko digu», esaten zuten bidean, «arritzar hura?». Baña ara ta ekusi zuten etzuela kenle bearrik, bada kendurik arkitu zuten obiaren estal-arria.

        Sartu ziran, bada, egin gogo zuten lana egitera; baña etzuten arkitu Jesusen gorputza; arkitu zutena zen aroma bearrik etzuen aingeru bat estol edo soñeko zuri ederrez jaunzia, ta hura ekusi ta gelditu ziran hitzik bage ta arritu baten gisan. Ala oriek ekusi ta esaten die irurei aingeruak: «Ez da zer izutu; judatar gogorrak gurutzez ill zuten Jesusen gorputzaren billa zatozte zuek; ez da emen; biztu da ta ona utsa aren gorputza egondu den tokia. Zoazte aren dizipuloei ta Pedrori esatera, dijoazela Galilera (edo Jerusalendik ez urruti arkitzen den ta galiletarrak an duten ostatutik Galileko mendia esaten denera) ta (biztua) an ekusiko dutela len berak berei esan zien bezala».

        Orra oriek Apostoluei esana ta lendabizian Apostol berak amets baten gisan aditu zuten gauza ta anitz luzatu bage egia zela ekusi zutena; bada berri hau aditu ta joan zen S. Pedro S. Joanekin Jesusen obira; arkitu zuten utsa ta andik kendu ondoan, agertu zitzaion S. Pedrori Jesus biztua ta ekusi zuen egia zela Maria Madalenak berari ta S. Joani esan ziena. Gero oriek biak eta beste Apostol zorzi etxe barren batean sarturik eta ate gilzatuarekin zeudela, atea idiki bage sartu zen Jesus ta nor zen Jesusek esan ta berak ekusi zutenean, ezagutu zuten beren atseginz andiarekin hura zela orien maisu Jesus biztua.

        Biztu zen, bada, Jesu maitagarria ta biztu zen berriz ez ilzeko ta fededun bekatuz illei adirazteko biztu behar dutela beren bekatu egiñen damuz ta konfesioz; ta biztu, orain Bazkoz ta berriz bekatu berriz ilzen badira, lenbaitlen ta luzatu bage. Eta noiznai biz ditezela, biztu behar dutela iduri utsez ta ainzuraz ez, baizik izatez ta ziñez. Nola egiten den bekatutik grazirako bizte hau ekusi behar dugu oraingo aldian.

 

 

§ I.

 

        Biztu zen Jesus, bai, illen artetik, eta biztu, ill ta irugarren eguneko. Biztu zen berriz ez ilzeko ta glorizko bere bizitz berriarekin betiko bere Aitari atsegin andi bat emateko; ta hau guzia zen, S. Pablok adirazten digunaz, guri siñisterazteko guk ere, bekatuz illak bagautza ta zerura igan nai badugu, biztu behar dugula ala dautzanen artetik; biztu grazizko bizitzara; ta biztu, bizimodu berri on batekin Aita eterno berari atsegin egiteko: quomodo Christus surrexit per gloriam Patris, ita et nos in novitate vitae ambulemus (Rom. 6,4).

        Errege Saulek ongi zebillen aldian egin zituen anitz gauz andi; baña gaiztatu zen egunetik gaizkiz gaizkira ibilli zen beti ta bere bizitzaren azken aldean leneko denbor guzian baño agitz gaizkiago. Bizitzaz etsirik bezala ta erio gaizto baten barrunz illunekin zebillen horduko ta Jangoikoaren profetak utzi ta billatu zuen sorgin enkantari bat eta onen eskanzez agertu ta ekusi zuen Samuel profeta; ta ekusi, biztua zirudiela; baña etzen biztua. Bazkoko denbor onetan geienik eta urtean gutitan ez, hau bera gertatzen zaie bekatuz illak dautzan anitzi; zeren konfesatu ta biztuak badirudite ere, len bezain illak edo len baño illagoak gelditzen diran; bada izatez bizteko ez dute egiten egin behar lukeen gisako konfesiorik eta bekatu bereen barkanza ta graziaren bizitza erditsi ez, ta egiten dute animaren bigarren eriotza ta bekatu berria.

        Orain Bazko aldiko estu-ertsi onetan konfesatzen dira guziak, bai ta orietatik anitz urtean beste aldiren batez edo bestez ere; baña konfesatzen dira adirazi dugun gisan. Zergatik, uste dezu? Zeren konfesatzen diran exkomulga ez ditzaten edo esankizunen beldurrez, zeren artara oitu diran; zeren geiegi zulatzen dituen beren bizitz gaiztoaren sasiak, eta sasi, elorriz, aranzez ta kezkaz beteak; eta zeren beren konfesaldian gaizki egiñaz damuturik arkitzen dirala konfesoreari aurpegi illunez, bularra golpatuz ta suspiranz zenbaitekin adiraziagatik, izaten diran aize ezea dabillen aldian arri leundua izaten dena.

        Badakizu zer agitzen zaion arri leundu marmol zuriari aize hau dabillen aldian? Gañetik ezatzea, gañetik bustitzea ta gañetik ura dariola gelditzea; baña barrendik len bezain idor ta agor; bada arriari dariola dirudien ura aize eze arri gañean urtua da; ta aize urtu, bere astuntasunarekin gainbera erorzen dena. Era orretakoa, bada, ta gañean gelditzen den damua da diogun bekatari orien konfesioko damua: gaña bustitzen duen damua; baña damu, barrena len bezain idor uzten duena edo zerbait beratu ta ere, kokodrilo kaiman deritzan sierpe atzapardun izugarriarena orzetako oñazeak beratzen duen gisan, beratzen duena. Kaiman-kokodrilo batek arrapatzen badu gizon bat, ilzen ta jaten du ezurrak, ez beste guzia. Hura jaten hari dela gelditzen zaizka ortz artean zenbait aragi zati, gero miñ eta oñaze arrerazten dienak. Ez du berak zerekin kendu ortz-arteko aragia ta bihotzeraño sarzen zaion miña; ta bere oñaze-minarekin ezarzen ditu atzapar illtzalle gogorrak gizon janaren ezur gañean ta asten da negar ta negar; zabalzen du aoa ta gelditzen da illa dirudiela, datorkion txoriren bat bazka billa ta ken diezkatzon bere ortz artean min ematen dioten aragi pitsak edo zatiak. Kenzen diozka artako den txori batek, joaten zaio orzetako miña ta bihotzeko oñazea, ta arrapatzen duen lenbiziko gizonarekin egiten du lenekoarekin egin zuena ta horduan agerzen du egin zituen negar guziak zirala egin zuen eriotzaren damuz ez, baizik bere orzetako miñak eragiñak.

        Hau bera agi-gertatzen zaie gaizki oiturik dauden bekatariei ere. Zerua galdu ta suleze infernua irabazi dutelako miñak arzen die bihotza; bai ta, Bazkoz edo beste aldi jakiñen batez konfesatzen ezpadira, beren itxeko jendeen edo ezagunen artean izanen den esankizunak ere, ta joan ta agerzen diozkate konfesariari beren bekatu gaiztoen aragi gogor gordiñak; baña agerzen, barreneko beren kezka ta naigabea kenzeagatik, ez onzeko gogo osoarekin, geroko orien ibillerak adirazten duenaz; bada kaiman gaiztoa gizonen eriotz ta jate berrietara bezala, itzuli oi dira leneko beren lan gaiztoetara ta, konfesatu ondoan biztuak badirudite ere, len bezain illak edo len baño ere illagoak gelditzen dira.

 

 

§ II.

 

        Bekatuz ill ondoan biztu nai duenak egin behar du bere biztearekin Jesusek erakutsi diguna. Hau da konfesorearen oñetan lenbaitlen bekatuaren izurri guzia uztea ta galdu zuen graziaren bizia bilzea; bada Jesus ill ta irugarren egunean biztu beharra zen ta geren lan hau laster egiten guri erakusteko, egun ta erdiz bete zituen irur egunak; ill zen alabaña ostiral arratsaldeko seietan bezala ta biztu zen urrengo igandearen argi alden ta bitarte orretan joan ziran ogei ta amabost edo amasei hordu; ta, zeren ziran irur egunenak, irur egun kontatu zituen Jesusek, horduz egun ta erdi baizik etziranak.

        Baña bekatuaren eriotik graziaren biziratzeko ez da aski bekatua egin ta laster hau konfesatzea; bada Jangoikoak bekatariari hau barkatzeko ta kendu zion grazia itzulzeko, ekusi behar du damuz ta urrikiz betea ta berriz ez bekaturatzeko asmo ta gogo onarekin; ta damu-urriki ta asmo-gogo oriek ez dira orren aisa erdisten, len gaizki oitua zegon bekataria bada, bekatu ori egin ta laster konfesatzen dena; zeren den denbor luze zauri ustel bat lotu duen oialaren gisakoa.

        Zauri gañetik kenzen den oial zapiari bere arizunzetan sarzen ta gogorki itsasten zaio zauriko zerbait odol ta materi; ta zauri gañetik kendu ta laster-fite urera eraman ta ere, eramaten bada arako prestatu bage edo gobadan ta lisiban berotu ta beratu baño len, urean batek zenbait erabilze, igozka ta golpe emanagatik geldituko da lensu bezala, ta Olandan egiten den meenetik izanagatik, latz eta gogor ta bere materi-kutsu ta odol-arrasto zikin zenbaitekin, ta begiratzen dionari barrena nas dezoken eran, ta ez du emakumek lepoan erabilliko, ez eta eskuetan ere, ezpada zikinkeriren bat arekin kenzeko. Behar den eran ta ongi garbitzeko egon behar du beratzen, sartu behar du gobadako arratzan, ekusi behar ditu ur egosizko zenbait perzaldi ta al-ere izanen du zer egin gobadariak hura garbitzeko.

        Barkatuko badiozka, bada, bere bekatu itsus zikiñak konfesatzen dituenari, ekusi bear du Jangoikoak hau bere bihotz damuz ta urrikiz beratuarekin, biotz ondu naiez berotuarekin ta biotz humill eskalariarekin; bada era orretan ezpadoa, joanen da Jangoiko barkaleagana beste farisetzar arroa elizara bezala ta hau andik bezain bekatudun itzuliko da bere itxera.

        Adirazi dugun gis humil damutu berotuarekin bekatariak bere bekatu guziak konfesatu ta ere, egiten ezpaditu konfesatze onak eragiten dituen gauzak, frut onik ez dakarren udare-sagar ederraren erakoa izanen da orren konfesatze guzia. Konfesatze onak eragiten dituen gauzak dira nori berea itzulzea, zorrak ateratzea, guziekin bake onean bizitzea ta egiten dioten txarkeri galdua gogo onez barkatzea, bekaturako bide gaiztoak uztea, Jangoikoaren legeak eta bakoitzaren bizierak eskatzen dituen beste gauzak egitea ta egin behar diran eran ta horduan egitea. Nolerebait guri hau adirazteko da urrengo berria.

 

 

§ III.

 

        Muzio zeritzan gizon birtutetsu ta eremutar monjeen abade batek, izandu zuen besteen artean gazte bat. Eremutar gazte hau etzen bizi abade onak nai zuen eran, beraren erreglak eskatzen zuten gisan ta adirazten zioten bezain beroki ta birtutedun. Arenpean zen denboran etzituen egiten munduko galduak egiten dituzten gaiztaginz bekatu andiak, ez eta eremutar ta relijios onak egiten dituzten gauz guziak ere; ta bizi zen, mundutarren eran ezpazen, relijiotar onen gisan ez, ta bizi zen ez otz ta ez bero bezala.

        Bizier onetan izandu zuen eritasun gaizto bat eta hau ark ezagutu ta izutu zen zen guzia. Joaten da abade Mucio eria ekustera ta, hura ala ekusi ta, esaten dio: «Zerk orrenbat izutzen zaitu, nere semea?». «Aita, oraindañoko nere bizitz txarrak eta Jangoikoari kontu eman beharrak», eranzun zion eriak. «Zer bada?; ez dakizu», esaten dio abadeak, «zein urrikalt-beratxa den Jangoikoa?». «Bai, aita, ta zein zuzen-zorrotza den ere, bear zen eran bizitu ez denarekin», eranzuten dio eriak. «Ehe, Jangoikoari eremura deitu zinduenean eranzun zenion gurekin emen bizi naiez», esan zion abade Muciok. «Bai, aita, baña munduko eratsu berean bizitu naz emen ni», eranzun zion eriak; «bada banituen emen munduko diru ta beste gauzak eta emen egin dut, ango gisan, gogo griñak nai zuena ta ez dut egin egin behar nuena, beinzat behar zen gisan, ta eremutarren erdian izandu naz ni mundutar galdua ta hau da orain ni anitz naigabetzen naben gauza». «Ez orrenbat, nere semea», esan zion abade onak; «bada ekusi dut nik egiten zenituela zere konfes-komulgaldiak zure erreglak eskatzen zuen aldian ta egiten zenituela era ta modu onean». «Aita», eranzun zion eriak, «ez naz bat ere fio oraindañoko nere konfesioz; bada nere konfesio guziak ez naute ondu bat ere. Nuena konfesariari esan ezkero, eginzat uzten nuen guzia ta leneko nere uts-bide beretan nenbillen ni, alakorik ezpaliz bezain lasai ta alfer, ta len ninzana ninzan konfes-egunean; konfes-egunean ninzana ninzan urrengoan ta urrengo egunetan, ta lenbiziko konfesaldian nituen konfeskizunak nituen bigarrenean ta beste guzietan; ta munduan ta eremuan izandu da nere bizitza eratsu batekoa. Konfesatzen ninzan aldian graziz biztua nirudien nik; baña beldur naz ez nazala biztu bein ere ta Jangoikoak dagokidan eran artu ta kondena nazan bere tribulanean. Ez nuke nik ere uste ta esperanz ona galdu nai; baña nere barren onetan ez dut ekusten uste onerako biderik». Hau esan ta asi zen eria negar ta negar. Hura ala ekusi ta asi zen negarrez abade bera ere.

        Andik atera ta joan zen abadea Jangoikoari eskatzera luza zezala eriaren bizia ta erditsi zuen eskatu ziona. Itzulzen da gero eriagana ta esaten dio: «Orra, ematen dizkitzu Jangoikoak irur urte oraindañoko zere utsak ateratzeko ta penitenzia egiteko». Hau esan ta arzen du eskutik, ateratzen du oatzetik osasun osoan ta gaizkitu ezpaliz bezain sendo ta bortitz, ta esaten dio: «Ea, zoaz eremura zere egiteko hau an ongi egitera ta presta zaitez hordurik galdu bage eriotz on batera». Bere brebiarioa artu ta ara zen bereala ta berak eta Jangoikoak dakizki aren ango otoitz, baru ta penitenzi guziak.

        Urte orien buruan billatzen du abadeak bere eremutarra, arkitzen du osasun onean ta al-ere eramaten du itxera; eratzoten du bere oatz gañean; deitzen ditu itxeko beste monje guziak eta esaten die: «Ona, gure anai orain irur urte bere bizia galdu ta kondenatzeko beldurrarekin amurratzear oni, Jangoikoak, nik eskatu ta, eman zion gerozko denbora bere gauzak zuzenzeko ta, hau egin ta, badoa Jangoiko berari kontu dagozkanak ematera». Abadeak hau esan ta itsi-ertsi zituen eremutar gazteak bere begiak eta lotan sarzen den baten eran gelditu zen illa.

        Eremutar hau etzen bizi bekatu larrien bide galgarrian ta al-ere ill baliz irur urtez lenago ta geroz egin zuen penitenziz prestatu bage, konfesioz biztu bage, nola ill beharra zen beraren ustez? Eta nola ill bearrak ote dira bide galgarri orietan dabilzanak? Eta nolakoak ote dira orien bitarteko konfesio guziak? Onen anz andirik ez dutenak. Izan dezaten zureak, egizu eremutar onen azkeneko bizitzak adirazten dizuna ta bizi zaitez gaitzetik urrun ta gauz onetan ongi sartua, ta azkenean biztuko zara sekulan ta beti Jesus berarekin zeruan bizitzeko. Jangoikoak dizula emengo zere bizitz onetarako bear dezun lagunza ta grazia, bai ta geroko zori on hau ere: bai arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa