www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Igande eta festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1767-1782, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXVIII
Bazko irugarren eguneko irakurraldia

 

Sic oportebat Christium pati, et resurgere a mortuis... eta praedicari poenitentiam. Luc. 24.

 

Gaia: Zein diran bekatuaren eriotzetik
graziz biztu denak egin behar dituen gauzak

 

        «Jerusalendar eskudun ta orien eliz gizon andiak, jakin bagez egiten zutena, bizia kendu zioten Jesusi», esaten zien bein S. Pablok beraren sermoi bat aditzen zutenei; baña beren obenez jakin bagez jakin behar zutena; bada elizan berak askotan irakurri ta aditu zuten arretako profetak ziotena; ta profetak zioten, ill zen bidez ill bearra zela Jangoiko-gizon Jesus maitagarria; baña etzuten israeldar oriek zenzat edo Jangoiko-gizonzat ezagutu nai Jesus Jangoiko-gizona. Eta etzen bakarrik bizia kenzea Jesusi oriek egin zioten gaiztaginz eta kalte-ezhonra; bada aditu zioten Jesusi bere berria ematen zien zenbait aldiz biztuko zela ill ta irugarren eguneko, ta hura gezurti egin ustez kendu zuten gurutzetik aren gorputz illa ta sartu arrizko obi gilzatuan ta onen inguruan, norbaitek ebatsi ta esan etzezan biztu zela, ezarri zituzten soldadu erromatarrak bati ere ara urbilzen ez uzteko; baña irugarren egunean bizturik, berak len esan bezala, atera zen andik jesus berez ta besteren lagunzik bage. Hau da gaurko Epistolan Elizak esaten diguna (Act. 1,3).

        Jesus berez ta bere birtutez biztu hau agertu zen andik laster, nola ta nondik ageri etzela elkarrekin erkitzen ziran Apostol bereen artean, dio egungo Ebanjeli santuak, eta an sarzean, «Geldirik guziok», esan zuen Jesusek, «ez da zer asaldatu; ni naz». Baña hau argandik aditu ta ere, duenderen bat zen beldurrez asaldatu ta arritu ziran guziak. «Geldirik guziok eta asaldanzik bage», esaten die bertan Jesusek; «zeri dagokala zuen gogoranz illun oriek? Begir egiezu(e) nere esku-oñei ta ekusiko dezue ni nazala (zuen Maisu Jesus). Atozte zeren eskuz nere gorputz hau ukitzera; bada duendeak ez du nik dudan gisako ezur-aragirik».

        Al-ere Apostol onak pozez zoratu ta siñistu etzuten ekusten zutena ta beren zoranz artatik oriek atera ta soseg-eraz naizik, «Bada emen», esaten die «jateko zerbait?». Atera zioten arrai zati bat eta zerbait ezti. Jan zuen artatik Jesusek eta janeraz gelditu zena. Esaten die gero: «Oroituko zarazte zuekin len bizi ninzan denboran esan nizuela niri agi-gertatuko zitzaidala Jangoikoak nere gain Moisesen legez, profeten ezpañez ta salmariaren hitzze adirazirik zedukan guzia»; ta agertu zien gero Eskritur Santako azalpe gordean arkitzen zen mamia ta egiteko oni zegokan guzia, ta «Orra», esaten die gero, «orra lendanik eta aspaldi Jangoikoak esanik zedukana: ta orra nola bear zen (munduko guzien onerako) nere neke andien buruan ni gurutzez illik gelditzea, ta ill ta irugarren egunean illen erditik bizirik ateratzea mundu (bereko) guziei adirazteko etorri dela penitenzi egiteko ta bekatu guzien barkanza erdisteko denbora, (bada lenagoko nere neke-tormentu andiekin ta eriotz gogorrarekin irabazirik utzi dut orretako bear dezuten guzia)».

        Orra egungo Ebanjeli santuak dakarrena. Baña zer ote da Elizak hau agertuz adirazten diguna? Beste gauz on anitz ere bai ta bekatuaren eriotzetik graziaren bizira ater ezkero, egin behar dugula berriz ez bekaturatzeko penitenzia; ta penitenzi, berez gogorra; baña Jangoikoaren lagunzak eta graziak arinzen ta leunzen duena, gaurko aldian guk ekusi bear dugun bezala.

 

 

§ I.

 

        Jangoikoaren grazian iraun ta zeruan sarzea guziendako da nekezko lana; ta lan hau gogo osoz ta bortizki egiten dutenak dira zeruratzen diranak, dio Jesus maitagarriak: Regnum Coelorum vim patitur, et violenti rapiunt illud (Matth. 11,12).

        Baña beste guzienzat baño neke agitz andizkoagoko lana da lan hau len gaizki bizitu ta gero Jangoikoaren grazira datorrenarendako, zeren orrek beste guziak baño etsai ta traba geiago duen lan orretaratzen den aldian; agitzen zaio alabaña ortzitu baño len aromaz manea zezaken gorputza, bere obian ta arripe lur kalkatuz betean sartu ezkero, maneatu nai duenari agitu oi zaiona. Obira baño len manea dezake illaren gorputza ill-oialik eta ill-arririk erabilli bage; baña bein obian ezarri ta arriz estali ezkero maneatuko badu, kendu bearko diozka bein bere edo besteren neke andiarekin gañeko arria, gañeko lurra ta lurrez zikindu zaizkan gañeko oialak.

        Bataitu zutenentik bekaturatzen ez den fededuna ez da sarzen bekatuaren aiztur ta oikur gaiztoen oial trabarietan, ez eta ibiller txarren arripe galgarrian ere; ez dio ematen etsaiari beraganako bide andirik; aisa iges egiten du aren tiro ta bekatu bide galgarrietatik eta neke andirik bage egiten du bizkunz on batek eskatzen duena; ta hau egin aldian duen neke piska arinzen dio Jangoikoak bere graziaren leunz eztituarekin ta ematen dio eginkizunerako bear duen eskua ta indarza, ta esku-indarz orrekin errazkiago egiten ditu urrengo lanak, eta hau bera gertatzen zaio urrengo ta urrengoekin ere.

        Baña ez da hau len gaizki zebillenari Jangoikoaren graziz biztu ondoan agitzen zaiona; bere aztur gaiztoen trabak eragozten diote zeruko bidean arinki ibilzea; bide berera ateratzen zaio etsai gaiztoa, bai ta beraren lagun ez-onetatik bat edo beste ere, ta histaz, irriz, tentatuz ta esanez kenzen dio, edo beinzat agitz epelzen, onerako zeraman gogoa; tiratzen du beste aldetik gaitzerako bere grin gaizto, berak bekatuz sutu-biztuak, eta gauz onak dakarren nekea bere gain ez artu naiez aisa uzten du hau ta gelditzen da lan onaren bide erdian; edo artara ta egiten badu, egiten du bere neke ta enoiu andiarekin. Eratsu berean arkitzen da urrengo ta urrengo ta urrengo egin aldian ere, ta bere burua askotan bortxatuz baizik, ezin iraun dezake graziaren bizitzan ta zeruko bidean.

        Bere buruaren bortxanz andiagoak egin bearko ditu danzara edo perillezko beste jostaketara oiturik arkitzen zen bekatari biztuak, bai ta ebasketara, edanketara, lizunkerira, jokora, alferkerira edo era bereko beste gauzen batera oiturik bizi denak ere; bada Jangoikoak daki zenbat indar duen oikura gaiztoak gaizki oitua bere gaizki aldera makurzeko ta nekezko bere gauz ona orri eragozteko.

        Hau zuri siñisterazteko esan ditzaket nere denborako bi gauza. Elizako gauzak arturik arkitzen zen nik misioa egin dudan erri batean geiegi edateko aztura zuen gizon bat. Hordu azkenaldikoan ari lagundu zion nere adiskide apaiz on batek. Zenbait gauz on esan ta eman zion bein Santo Kristoa, esaten ziola: «Orra Santo Kristoa, apa ta muñ egiozu»; baña ark hau egin ez ta egin zuena zen, artu ta eraman bere ezpañetara ta aoa zabaldu ta goititu ardoz beterikako taz bat bailiz bezala.

        Geroz ill da nik bein baño geiagotan lo egin dudan itxe batean bizitu zen edanerako oikura gaizto bera zuen beste bat. Onek isilka ta gilzape berean idukitzen zuen gogoak ematen zion aldian edateko bere zato ardoa, ta Elizako gauzak arturik eta guztiz gaizki arkitzen zen batez, artu zuen gañeko estalkia ta zagi-zatoa baliz bezala goititu ta egin zuen zatoarekin oi zuena; ta ekusi ta etziola ardorik ematen, egin zuen onezko damu ta aktu kontriziozkoa izandu zen: «Pikez pike ta tantarik bage dago deabruzko zatoa». Atera zen gero eritasun artatik, baña beti bizitu zen bere oikur gistopean ta azkenean ill zen hospital batean, Jangoikoak daki nola.

        Gaizki bizitu ta oikur gaiztoa duenak ere, bekatuaren eriotik graziaren bizira ezkero, iraun dezake, Jaungoikoaren lagunzaz ta eskuz baliatzen dela, bere bizkunz on berrian, ta esan dezake Davidek bein ziona: «Bidean ezarzen badidate trabetako muru andi izugarri bat ere, muru gañetik igaroko naz ni Jangoikoak bere eskua ematen didala ta aitzina joanen naz nere bidez»: in Deo transgrediar murum (Ps. 27,30); edo nere grin gaiztoaren, nere aztur galgarriaren ta nere etsai amurratuen alegin guziak garaiturik egiñen dut, nere Jangoiko maitagarriak lagunzen didala, Jangoiko berak nigandik uste duena ta niri dagokidana. Hau guri adirazteko da Jesus biztu ondoan Magdalenari ta beraren bi lagunei agi-gertatua.

        Jesus biztu etzelako ustean joan ziran Bazko goizez Jesusen gorputza aromaz maneatzera. Bazekiten arri andiz estalia arkitzen zela bere obian Jesusen gorputza. Bazekiten etzutela berak hura kenzeko diña indar ta beso, ta esaten zioten elkarri: «Nork kenduko ote digu ango arritzar hura?»: quis revolvet nobis lapidem de ostio monumenti? Al-ere Jangoiko berak egiteko artan bideren batez lagunduko zielako uste osoan, Jesusen obira ziran ta etzen ustel atera orien uste beroa; bada ara ziraneko arkitu zuten bere tokitik kendua ta obiko sar-bidea idiki-zabala.

        Zoaz, bada, zu ere Jangoikoagana ta zeruko bidean ta zere gauzen eginaldian trabaren bat arkitzen badezu, traba kendu ta zere gauz oriek egiteko bear dezun lagunza Jangoiko berari eska ta gald-egiozu ta emanen dizu; bada bere hitza emana du ez duela aldi orietan lagunz hau ukatuko; ta eman zuen bere hitz hau esaten zuela: Eskatu zuek ta artuko dezue: Petite et accipietis (Joan. 16,24).

        Jangoikoaren lagunz onekin ere gaizki bizitu denak izanen du zer egin, len egin oi zituen ta beraren grin gaiztoak eskatzen dituen gauz gaiztoak ez egiteko, bai ta len egiten etzituen egillea nekatzen duten ta egin bear diranak egiteko ere; ta gogo osoz ta ziñez arzen ta egiten ezpadu bere egiteko hau, berriz ere galduko du graziaren bizia ta illen da bekatuaren erioz. Ez ilzeko, bada, ta bizirik irauteko, ekin behar dio beti bere egiteko oni.

 

 

§ II.

 

        Graziaren bizitz onetan iraun nai badu, egin bear du bekatuaren eriotzetik irten ta atera denak besterik ere; bada egin bear du bere bizi berri hau sendorzeko den edozein beste gauz, indarrak arzeko diran gauzak arzen dituen bezala aritasun gogorretik atera ta bizkorzen asten den eriak; eta orretako prest egon bear du aldiak dakarren aldian al ditzaken gauz onak egiteko ta besteei ere lagunzeko. Hau da Jesusek bere biztu ondoan egin zuenarekin adirazten diguna.

        Jesus biztu horduko asi zen gauz onak egiten ta egin zituen, zerura igan arte guzian, horduan bizi ziranen ta gure onerako ziran guziak; eta egin zituen bakar bat ere utzi bage. Biztu horduko, uste dugunaz, joan zen beraren neke-penen penaz ta zion emorez urzen zegon Ama maitagarriagana, ta ari zegozkan atseginzak eman ta agertu zitzaien beraren billan zebilzan Madalenari ta Madalenaren lagunei. Joan zen gero ukatu zuelako damuz beterik arkitzen zen S. Pedroren biotza arinzera. Badijoa gero ardi errebelatuak bezala Jerusalendik igesi zijoazen Cleofas ta Cleofasen laguna bilzera. Urrengo aldian ta berriz ta berriz ere agerzen zaie bere Apostol beldurtiei ta agerzen zaie gabez, egunez, itxean, itsas bazterrean ta bear zen baste toki guzietan.

        Bere agerraldietan agerzen dio bakoitzari bakoitzak jakin bear zuena ta Apostol jaunei Elizaren gobernurako ta munduko guzien onerako jakin bear zutena, ta beste gauz guziak eta Elizako sakramentu andiak zuzendu artean etzen igan Jesus bere glorira ta Ait eternoaren eskoi aldera.

        Biztu zen Jesus maitagarria berriz ez ilzeko ta, hau guri adirazteko, atera zen obitik obia idiki bage ta arriz estalia ta gilzatua uzten zuela. Biztu behar dute bekatuaren obitik an dautzanak berriz ez aratzeko. Baña ara nai ez duenak ibilli bear du biziro ta Jesusen eran bere gauzak egiten ta besteei lagunzen, ta ez du hau egiten bere konfesioa egin ondoan bere bizian egin bear duena egin balu bezain lasai bizi denak eta begitan arzen ez duenak bakatu berrirako bidea ta lagun gaiztoekiko ibillkunz galgarria, ez eta gauz onak onen gain egiñez graziaren bizte berrian sendorzen ez denak ere.

        Jesusek esanik utzi zigun zerura igan baño len: negotiamini, dum venio (Luc. 19,13); ni zuei kontuak arzera etorri arte guzian egizue zuek merkatari onak egiten dutena. Oriek egiten dutena da irabanzak irabanzen gain egiten haritzea, emendik ara ta andik onara dabilzala irabaz-aldirik ez galzea. Zure irabaz-bidea da gauz onak eta onak egiteko aldiak billatzea, arkitzen dituzunetatik bat ere ez galzea ta aldiak dakarzen gauz onak aldian egitea.

        Hau baño geiago ere egiten du kontuzko merkatariak; bere irabazi guziak egiten ditu naginzak utzi ta poz eta atseginz andiarekin, ta hau bera da zere irabazketan zuk ere egin bearra: arinki, gogo osoz ta poz andiarekin zere gauz bakoitza egitea, dela errosarioa esatea, dela meza enzutea, dela konfesioa, dela komunioa edo edozein beste gauz. «Bai», esaten dizu S. Pablok, «len zere gaitzerako gaiztakeri zikiñak gogo ta gorputz guziarekin bezala, gorputz-anim eta gogo guziarekin egizkitzu orain Jangoikoari atsegin egiten dioten ta zure onerako diran gauz onak»: Sicut exhibuistis membra vestra servire inmunditiae, et iniquitati, ad iniquitatem, ita nunc exhibete membra vestra servire iustitiae ad justificationem (Rom. 6,19).

        Badakizu nola dabilzan bekatuaren obia utzi ta graziaren bizitzan ongi sendortu diranak? «Birtutez birtute», dio salmari onak: ibunt de virtute in virtutem (Ps. 83,8). Besteren bearrak hau eskatzen duen aldian ematen die dutenetik al dutena, lagunzen die beren egiteko on guzietan, ekusten dituzte beren eritasunetan, arinzen diezte beren biotz illun naigabez beteak eta egiten die al duten on guzia. Dollorren batzuek egiten badiezte zenbait txarkeri, ez die bekaitzik erakusten, eta onez ta oriei berei on zenbait egiñez garaitzen dituzte orien txarkeri-gaiztaginzak eta egiten dute al dutena makur dabilzanak zuzenerazteko, aserre daudenak bat egiñak uzteko, oni ta ari ta al duten beste guziei gal-bide guziak eragotzi ta onak arrerazteko ta berak ongi ibilliz ta hitz onak esanez agerzen die ekusten ta aditzen dituzten guziei zeruko iganbidea.

        Graziaren bizian sendortu diranak besteren onari bezain ongi edo obeki begiratzen diote berenari. Egun oro egiten dituzte eguneko beren gauz onak, horduan hordukoak eta aldiak dakarren aldian beste beren aldikoak. Kongregazioko egunetan oriek dira lenbizikoak elizan, kapillan; oriek ez dute galzen komunioko aldirik. Sermoiak, dotriñak eta gauz onak aditzera joaten dira diran aldietan ta an daude erne-bilduak bukatu arte guzian. Al badute, badoaz eriren bat gana daramaten Jangoikoarekin, ta ezin dutenean, gogoz ta biotzez an dira beren Jesus maitagarriarekin ta eriari lagunzen diote orien alde Jangoikoari eskatuz ta otoitz egiñez.

        Ikasten dute askotan ta maiz elizaratzea, egiten dira Jesusen bihotz maitagarrikoak eta egiten dituzte Biotz maitagarri onen debozi leunak eskatzen dituen konfesa-komulgatzeak eta beste gauzak; eta egiten dituzte beren gauz oriek Isaiasek agerzen dituen birtutetsu zenbaiten gisan. Norsu diran oriek guri adirazteko esaten du Isaiasek: «Artuko dituzte agil egariaren erako ego-egalak eta ibilliko dira (zeruan sartu arte guzian) gelditzen ez dirala»: Assument pennas sicut aquilae, current, et non laborabunt, ambulabunt, et non deficient (Isai. 40,31).

        Oriek dira, bai, Jesusen eran biztu diranak ta zeruan Jesusekin egon behar dutenak. Zori onekoak zu ta ni orien lagun emen egiten bagara, orien beren lagun gero zeruan izateko. Gure eskuan dago zori on hau, Jangoiko maiteak lagunzen digula, ta lagunduko digu ziñez guk hau eta bear den eran eskatu ezkero. Eska dezagun, bada: bai arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa