www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristaubaren ikasbidea
Juan Antonio Mogel
XVIII.mendea, 1987

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristaubaren icasbidea edo doctrina cristiania, [Juan Antonio Moguel ta Urquiza] (Luis Villasanteren edizioa). Euskaltzaindia, 1987

 

 

aurrekoa hurrengoa

Seigarren ikasbidia

 

Seigarren mandamentubaren ganian

 

        I: Zer aginduten jaku seigarren Mandamentuban?

        E: Izan gaitezala garbiak pensamentu, edo gogorazinoe, berba, gurari, ta egite guztietan.

        I: Eta zer eragozten jaku?

        E: Loikeriako pekatura eruan gaikezan bide, ibillera, ta gauza guztiak.

        I: Zeinbat modutara egiten da pekatu Mandamentu au gorde ezaz?

        E: Lautara: pensamentuz, berbaz, deseoz ta egiñakaz.

        I: Zeintzuk egin darue pekatu pensamentuz?

        E: Irudin, edo imajinazinoe zikin, ta aragizkoren bat burura etorrita ezagutubaren gainian gozatuten dirianak.

        I: Asko da, pekatu egiteko pensamentu, edo irudin txarrak etortia?

        E: Ez, ta alan geure guraz, edo borondatez euretan gozatuten ezpagara, eztago pekaturik.

        I: Eta zetan igarriko jako borondatez geratu, ta gozatu garian edo ez?

        E: Baldin estutu, edo larrituten bagara pensamentu edo irudimentu loi, ta zantarrak jatorkuzalako, ta ezagutu orduko baguaz Ama Birjiniaren egapera, edo egiten badogu alegiña kenduteko ainbat lasterren, eztago borondate, ta pekaturik, eta bai meritu asko Jainkuaren aurrian. Sutonduan gagozala salto egiten badeusku soñoko gañera txingarren batek, zer egin daruagu erre usaina sentiu orduko? Ainbat lasterren jagi, ta bota txingarra. Eta orduban zerbait erre bada, izan da borondatiaz kontra. Baña begira egongo bagiña, zelan erreten dan, ta txingarra bota baga, soñoko errete a litzate geure erruz, ta borondatez. Onenbestegaz adietan da beste guztia.

        I: Eta zer egin biar da gorputzeko berotasun, ta amesetan jazoten jakuzan gauza, ta asmo loi edo zantarretan?

        E: Eztago oneetan pekatubaren azuzkirik borondatiaren atsegintasun ezaguturik ezpadago. Eta alan iratzartuten garianian kendu beriala asmo txarrak. Alanbere emon leike askok ames deungetarako bidia egun artian deungaro ibilli badira.

        I: Zer esan gura dau pensamentu konsentidubak?

        E: Esan gura dau, jatorkuzan pensamentu loiai arrera ona egitia, edo ezagutu arren, euretan gozatutia gauza deungarik egiteko asmo baga.

        I: Zer da deseo, edo gurari gaistua?

        E: Da gauza loiren bat egiteko gogua, aduz egin ezin ezpadau bere.

        I: Adierazo egizu bardintza, edo irudin bategaz.

        E: Dakusaz mutil batek madari eder batzuk norbaiten ortuban. Begiak juakoz eurak ganuntz. Baña zerren ormak andiegiak daukazan, edo ortulauba zain daguan, geratuten da jan baga. Mutil onek beeukan, madariak jateko deseo, edo guraria, jan baga geratu bazan bere. Au berau jazo jaruake askori, Jainkuak debekau dituban fruta loietan, euren begiak ezarten dituben orduban. Gauza loietan borondatez gozatutia, ezer egiteko gogo baga, pekatu mortala da: baña andiagua gogo txarraz dan denporan.

        I: Zeintzuk egin darue pekatu berbaz?

        E: Esan daruezanak berba zantarrak, tentagarriak, ta izen zikinak.

        I: Zer eranzun biar jake esan daruenai barre egin, ta eragiteko esan ditubela?

        E: Eranzun biar jake Espiritu Santubagaz, barrez legez egin daruezala askok pekatu andiak.

        2. Jainkuaren ofensetan eztala barrerik egin, ta atseginik artu biar.

        3. Diabrubai barre, ta Aingerubai negar eragiten deutsela: zerren askori emon daruaken berba zantarrakaz pekaturako bidia, ta beste askori erakutsi gogora etorriko ez jakezan gauza txarrak.

        I: Zeinbat pekatu egiten ditu, edo zeinbat arimako kalte onelango berba zantar, kanta amodiozko, ta izen loiak esan daruezanak?

        E: Eztauke neurririk. Bakarrik Jainkuaren aurrian agertuko dira zeinbat pekatu eragin, ta zeinbat arima galdu zitubezan.

        I: Zelan egin leike pekatu berba loiak danzubezanak?

        E: Egin leike goguaz, ta pensamentuz, poza artubaz enzun dituben berba zantarretan.

        I: Eta zer juzgu egin biar da izen zikinak, ta berba tentagarriak enzunda barre egin daruenakaz?

        E: Eztabela naigabe andirik artzen aek enzutian; bada eztaruagu barrerik egin, geuri ezertan ikututen jakuzan berbaren batzuk enzunda, ta laster adierazo daruagu geure naieza. Bagiña garbitasunaren txito zaliak, ikara gorrian egongo giñate enzun eztaigun alako zantarkeriarik.

        I: Zer egin biar da, berba zikinak enzutian?

        E: Ebagi beriala al badaigu izkune loia, lujuriako suba aurrera igaro eztedin; atera arpegia Jainkuaren bando geure idakuen artian; ta besterik ezin dogunian, illundu bekokia, musturrak astindu, adierazoteko onetara, eztitugula enzun gura alako berba zantar, ta lotsagarriak.

        I: Zer kastigu merezi dabe berba lizun, kanta loi, ta izen zikinak esan daruezanak?

        E: Merezi leuke miña ondotik ateratia, ta urte askotan ez istia komulgetan, arik, ta penitenziako negarrakaz garbitu artian euren biotz aragitsubak.

        I: Zelakuak izan biar dabe Kristinauben izkune, edo konbersazinoiak?

        E: Izan biar dabe Santubak, garbiak, ta iñoren kalte bagiak: zerren gure miña sarri konsagrau dan Jesu Kristoren gorputz santubaz. Zer esango genduke, ikusiko bagendu Kaliza bat belenatza baten? Bada konsagraubaguak dagoz gure miñak Kristoren aragi santuba ainbeste bider artubaz, Munduko Kaliza guztiak baño.

        I: Zeintzuk jausten dira oraindino Mandamentu onetan?

        E: Begirakune deunga, ta ikutute, edo eskuka zantarrak euki daruezanak euren burubakaz, edo besteren bategaz.

        I: Noz izango da begirakunia pekatu?

        E: Egiten danian atsegin txarren bat artuteko goguaz, edo peligru ezagutubaz. Begiratuten deutsanak Andrakume bati, dino Kristok, ta bardin Andrakume batek gizakumeren bati gurari txarraz, egi eban pekatu bere biotz barruban. Onetan jarraitu biar da San Agustinen konsejuba; geure begiak eruan arren norbaitegana, eztitugula itxatsi biar.

        I: Zer esan biar da Neska-mutillen arteko bota botaka, bulzakada, oratute, ta onelako beste milla naste, ta ikuerak gaiti?

        E: Esan biar da, egin, ta eragin daruezala pekatu asko, ta euren arimak daruezala infernura.

        I: Ondo dirudie neska mutillen arteko jokuak, jan edanak, ta solasak?

        E: Ez: ori da subaren onduan amuluba ifintia, ta ardi gaiso bat otso gosesto baten albuan.

        I: Zer pekatu egiten dau, bestia pekaturako tentetan dabenak, edo berbaz, edo kiñuz, edo dan legez dala?

        E: Egiten dau pekatu mortal andi bi: bata garbitasunaren kontra ta bestia eskandaluzkua karidariaren kontra.

        I: Beraz pekatu egin darue arako neskatilla lotsa gaistoko juan duazanak mutil artera, tentau dagiezan gurariaz, edo tentauko ditubela igarririk?

        E: Bai, ta eskandaluzkua: zerren ifinten daben bestia pekatu peligruban, edo eragozten eztabelako, erraz daikiala, lagunaren pekatuba.

        I: Zer pekatu da, umeren bati pekatu eragitia, edo egiten erakustia?

        E: Da demoniozko pekatuba, zeiñegaiti, dino Jesu Kristok, merezi dabela errotarri bat samatik ezarrita itxasuan ondatutia.

        I: Zer egin biar dau bere etxeko Ugazabak, Seme edo Morroe gaistoren batek pekaturako bidian ifinten dabeen otsegiñak?

        E: Iges egin ainbat lasterren etxe infernuzko atatik, itxirik bere arduria Jainkuaren eskubetan, ta orretako juan Konfesore Jakintsu bategana, ta artu berak emongo deutsazan neurriak.

        I: Zer egin leike emakumeren batek, gauza deungarako indar egin gura deutsenian?

        E: Diadarrari emon, gorde bere buruba aleginaz, edo urratu arpegia dana dala. Norbaitek illgura baleu, zer egingo ez leuke? Bada deungagua da arimako eriotza emon nai deutsena pekatu eragiñaz. Eta bitartekorik onena da, dei egitia Maria Birjina garbitasunaren Amari, ta bere kontura geratuko da otso gosesto aen atzamar artetik ateratia.

        I: Sinistu ete jake andrakume askori dinuenai, euren borondatiaren kontra zala?

        E: Geienian ez: bada ondo aztertuten badira gauza ta jua etorri guztiak, arkituko da, ez ebela naigabe andirik artu, barreren bat egiebela, oztasun andiaz egon ziriala bestiaren zantarkerietan. Eztan ezer egiten, esanaz bakarrik, bakian egon ditezala; biar da itzala, ta aserre bizi bat erakutsi, ta ebagi urrengorako bidia, ta lotsagabekeria.

        I: Nundik datoz kalterik geienak?

        E: Datoz andrakumen modestia gitxia gaiti: bada dakuskuna da, gizakumerik lotsa gaistokuenak begiratuten deutsela bildurraz neskatilla garbi ta bakartade zaliai.

        I: Zeinbat pekatu mueta egin daruez agindu onen kontra?

        E: Asko, ta Kristinau artian aitatu bere biar ez liratekianak.

        I: Aragiazko (sic) pekatu onegaitik zeinbat kondenetan dira?

        E: Txito asko, Santubak guzurra ezpadinue.

        I: Zer dino San Pablok onen ganian?

        E: Eztabela onelakuak Zeruban sarrerarik izango, dalako garbi lekuba. Jesu Kristori egiten jakola injuria andi bat, zikindurik gure gorputz, ta arimak.

        I: Zegaz bardindu geinke pekatu au?

        E: Jentilen pekatubaz: ta pekatu andia bada Jainko guzurrezkuai inzenso puska bat botatia, zer izango da Jainkuari zor jakon biotz, ta amodio guztia emotia Kriatura deunga, ta galdu bati: Orregaiti egin ditu Jangoikuak denpora guztietan kastigu ikaragarriak, ta egunoro danzugu, zelan ilten dirian asko euren adiskide txarren besartian.

        I: Zer dino Espiritu Santubak onen gainian?

        E: Dino eztabela aragitsubak Jainkuagana biurtuteko asmo sendorik artuko: zerren kate gogorrakaz lotu daruazan pasinoe deungiak, ta gortu oi dirialako gauza on guztietara. 2. Dino, igaro daruezala euren egunak pozkaria (sic), ta atsegin artian, ta beinguan jausten diriala infernuko Lezara.

        I: Zeintzuk dira bitartekorik onenak garbitasuna gordeteko?

        E: Ama Birjinaiaren debozinoia, zeinek aterako gaitu tentazinoeko olasta ta itxasandietati.

        2. Konfesinoe, ta komuninoe sarrikoa: zerren sakramentu onek bete garuaz pensamentu garbiz, ill edo amatau daruaz aragiaren sugarrak, ta emoten dau indar andia arerio guztiak goitu, edo azpiratuteko.

        3. Iges egin danza, bigira, ta lagun deungeen batzar guztietati.

        4. Izan begiratuba jan edanian, ta ekin biarrari. Asko jan ta biar gitxi egin daruan Zaldi bat uzutuko da, ta jaurtigiko ditu ostikadak.

        5. Artu konfesoriaren borondatiaz gorputzaren nekabide, edo mingarriren bat.

        I: Zer erabilli biar dogu goguan, garbiro bizi izateko?

        E: Laster igaroten dala pekatuko atsegina, ta betikua izango dala itxiko daben miña. Momentaneum est quod delectat, aeternum quod crutiac (sic).

        2. Gero izango dogula, nun atsegin artu, ta gozatu garbitasuna gordeteko, zerbait nekatu biar badogu bere.

        3. Egin kontu gariala Jainkuaren Eleisa biziak, ta eztogula zikindu biar geure biotza.

 

aurrekoa hurrengoa