www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak eta beste 1932
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1932, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak eta beste 1932, Esteban Urkiaga Lauaxeta (Agurtzane Mallonaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

 

aurrekoa hurrengoa

ZORI ONA

 

        Gauza gitxigaz poztuten garala, edonok daki. Esku bat apurtuten yakunian geurekiko diñogu: eskerrak bijak ixan eztiranian. Baña esku bijak apurtuten yakuzanian, onexegaz poztuten gara: Iztarrak apurtu bayatazan oraingo txartuago nengoke.

        Eta iztarrak apurtu dauzana, buruba apurtu eztaula-ta, poztuten da. Ludi onetan zorijontsu eztana, bere erruz ezta!

        Edozegaz alattu gentikez. Baserrijan jayotako emakume gaste bategandik adibide au ondoen ikasi neban.

        Bere ameak errekadu batzuk egitten bidaldu eban. Baña errekadu batzuk egittera zuazanian, bestaldekuak be, beste batzuk agindduko dautzuz.

        — Urira zuaz? Mesedez ekarriko daustazu makallo bat?

        — Zeregin andirik eztaukat eta makallo ori ekarriko dautzut.

        — Ara, ba, farol bat, argontzi bat biar neuke.

        — Norenian erosiko dautzut?

        — Martolaneko dendea non dan eztakixu? Antxe erosi egixu, neure adizkide onak diralako.

        Geure neskatil gastia juan zan urira ta poztu zan ango gauza ederrak ikusi ebazanian. Salokijak zelako ederrak ziran...!

        Jakin gura eban jakin uri osuaren barri, bai?, eta txaidez-txaide, gora-bera iru ordu igaro euzan. Etxeko errekadubak eta bestaldekuarenak egin ostian bultziratu zan.

        Saretxu bat bultzijetan ixaten da. Zetarako dan? Aterkiñak edo dakarzan gauzatxubak antxe iminteko. Sare orrettan maleta andijak ezin jarri zeinkez, andijak zerbait ordaindu biar dabelako.

        Geure neskatilla gastiak sarian imiñi euzan. Baña laguna onduan eukittiak dakargun zoritxarra.

        Txitxi-putxu izketan etorzan bidian. Etziran konturatu eurek jatsi biar eben geltokija atzian itxi ebela. Olako baten leyotik kanpora begiratu ebenian,urrun bere urruntxu zirala konturatu tiran. Arein larrijak!

        Saretxuban ziran gauzak artu eskubetan eta geure baserriko neskeak bultzittik salto egin eban. Abijada andijak bultzijak eroyan eta ikeragarrizko mallatuba artu eban.

        Ori ikusi ebenak zarataka asi tiran eta bultzi ori geratu tan. Jatsi tiran gustijak eta arin-arinka neskia eguan tokira juan ziran.

        — Arrasa-barik datza!

        — Il ete-da!

        Olakoxe itzak esaten ebezan. Gixon batzuk jaso eban eta neskea bururatu zanian bere ondora adi-adi jarri zan.

        — Zegattik ori egin dozu? —batak ittanduten eutson.

        — Burutik zagoz edo? —bestiak.

        Ezer jazo ete-yakon, aztertu-ostian esku bat apurtuta eukola igarri eben.

        — Ara, eskuba apurtu dozu.

        — Orain lanak zelan egingo dozuz? Eta buruba apurtu bazeban. Il bazintzae! An ziran atsuak batez-bere agiraka egitten eutsen. Euren alabea bazan, be zarata andijaguak ezeutsezan egingo.

        — Alabatxu, zoratu egin yatzu, zoratu? Trenetan ardura andija euki biar ixaten da. Zeure ameak baleki egin dozuna, egin!

        Ango zarateak ixilddu ziranian, neskato gastiak erantzun eutsen:

        — Zegattik olako diadarrak eta txilijuak?

        — Zegattik diñozu, zegattik, mamala orrek? Zeugattik, zeulako gangarrakattik.

        — Gauza andirik etxat jazo-ta...

        — Ez, geyago jazo etxatzunian!

        — Neu beintzat pozik nago, bestaldeko Bernardaren farola apurtu eztanian. Axe farola apurtu bayatan tamal andijena artuko neban.

        An ziranak ezeben ulertu neskiaren izketea. Baña zentzunez oldoztuten badogu, errasoi sakona esan ebalakuan gengokez. Bestaldekuaren farola apurtutia txarragua ixango yakon, bere azurrak apurtutia baño.

        Atsegin ona zer zan baekijan zori ona zein zan bere bai!

32-XI-29

 

aurrekoa hurrengoa