www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak eta beste 1932
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1932, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak eta beste 1932, Esteban Urkiaga Lauaxeta (Agurtzane Mallonaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

 

aurrekoa hurrengoa

OTURUNTZA...

 

        Doikol eta bere emaztia ondo konponduten ziran. Joskillia zan emakumea ta lan berezijak egitten euzan. Baña Doikol alperra zalako, etziran etxian lar zabalegi bixi.

        Asarratuten ziran sarri, baña Doikolan itz-labanak, laster kenduten eutsoen bere asarria emaztiari. Olako baten geure gixonak iges-egin eban bost-sei egunerako.

        Batek ba-daki nondik-nora ibilli zan. Emaztiari izpar asko eldu yakozan, au, ori ta bestia senarraren aurka. Eztakit nungo urijan ikusi ebela neska lirañakin. Igeretxe baten dantzaketan be ibilli zala.

        Amorruz eguan bere emaztia, alako gixon ganora-bakua eukolako. Baña benetan matte eban. Gastetxubak zirala alkar ezautu eben, bai?, eta ordutik beti ixan ziran alkarren adizkide.

        Tranpa asko ekijan gixonak, lan-egitten ezpa-ekijan be. Laster asmauten euzan berba-josijak eta bere emaztia geratuten zan naro-naro.

        Baña orainguan eneutson azketsiko. Ezta urrik be. Sei egunian etxetik kanpora juan eta edonorgaz ibilli. Negar-egitten eban emakumiak bere gixonaren ganorabakokerijatzaz oldoztutian. Orainguan eztautsot parkatuko, iñuan, baña adizkidiak ba-ekijen azketsiko eutsola.

        Onetan idazki bat artu eban eta eguneko izparringijak be eldu yakezan. Izparringijetan irakurri eban auxe: Trebetztar Doikol, sendiko gora-berak bide ibaira juan eta bertan itto da.

        Konarta-barik jausi eban emakumia, bere gixonaren egitte-txarra jakitian. Bere buruba-itto dau, negarka iñuan. Ai ene bada, neure senar kuttuna zer egin dautzut neuk, ba, ori egitteko? Lotseak eragin dautso. Sei egun etxetik at ein-arren zer ardura eustan, ba? Eztot neure bixitzan alako senarrik eukiko.

        Emaztiaren negarrak etziran txikerrak ixan. Egun bi egin euzan negarrez ta etxe barruban sartu.

        Beriala asi ziran ibai gustijetan itto zanaren gorpuba billa, baña ezin idoro ixan eben. Itxasora-edo eruango eban urak. Idazkijak Doikolak berak argi esaten eutsen, lotsaz gorrittuta, alako emazte ona utzi ebalako, bixitzean egon eziñik, bere buruba ittoten ebala.

        Idazkia eun bidar irakurri eban emaztiak. Beti itz bardiñak: zeugattik ibaira jaurtiko dot buruba. Eztautsot neure burubari parkatu zeu olan utzi-ixatia.

        Iñundik-iñora etzan agiri gorpuba ta erabaki eben il-eleizkixunak egittia. Eta egin be ederrenak egin eutsoezan. Ara eldu ziran albo-errijetako senidiak, adizkidiak eta abar.

        Il-eleizkixunak amattu-ostian, bazkari ederra jateko juan ziran Doikol zanaren alargunaren etxera. Ottura au toki askotan dago. Bazkari galanta prest-euki eutsen gustijai alargunak.

        Asi ziran berrogei inguru mayan jarritta. Eta janak eta edanak penak edo nekiak kenduten dauz eta azkenian barre be egiñen eben.

        — Bai, zeure senar a etzan makala. Alper galanta. Broma onak egitten eutzuzan.

        — Bai amaikatxu broma egin eustazan, baña azkenengo onek eztautso ondo urten. Gauza, enaz beretzaz aiztuko beinguan, negarka iñuan emaztiak.

        Eta mayan ziran gustijak ildakuaren aldez zer-edozer esaten eben. Gustijak lenengo itza; Ona zan, argija zan, baña gero beriala akatsak topauten eutsoezan.

        Bazkari-erdijan ziranian atian ots-egin eben. Neskamiak zabaldu eban eta orra-or nun agertzen dan Doikol, arraña baño bixijago. Egun-on, esan ostian, garratza egin eban:

        — Neure paltan bazkari galantak egitten dozubez, ezta?

        Ikeraz gustijak asi ziran eta batek erantzun eutson: Itto zarala izparringijak eztabe ekarri ala? Eta zeuk idazkiz eztautsozu idatzi orixe?

        — Eta-berak erantzun eutson—, neure emaztiari broma bat ezin emon negikijo ala?

        Emaztiak, parkatu ei-eutson azkenengo au be. Besteren bat egingo dau oindikarren.

32-VII-24

 

aurrekoa hurrengoa