www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak eta beste 1932
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1932, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak eta beste 1932, Esteban Urkiaga Lauaxeta (Agurtzane Mallonaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

 

aurrekoa hurrengoa

EUZKADIKO IPUÑAK URIRA

 

        Soluak eztabe ogirik emoten, kardu ta zalgiaz baño. Txiliñai eragitten dautsoela, an-emenka, muruz-muru begi urdiñak daukezan beyak dabiltz. Bedar-punterik, iñun idoroko, baña bedanak eztago.

        Eguzkijak euzko igataya darabil latxin, lantxar ta zelayetan.

        — Euririk ezpa-da, geuriak egin yon —emazte onari esan eutson senarrak. Baña euri tantarik be etzan eldu beste ila bijan eta gosiak jo ebazan baserriko atiak. Gosia zer dan ete dakixu? Azurotsa darabil beragaz ta begijak okertuta daukoz. Miralde-basetxera erdu, antxe dakuskezu gosia zer dan-eta.

        Lau ume-kondo, yantzi zarrakaz, aragi loyak erdi-estaldurik, moltsuan datzaz. Batak ogija eskatuten daun-artian, bestiak mokoz zikindutako ogi-atalari zatija kenduten dautso. Anka-ganian egon-eziñik, noiz jausiko dabil katu baltza, lupetzez uliak eta narruko utsuniak agiri dauzala.

        Katubak eztau aspaldijon senti sukaldeko jaki gozoen usañik.

        Sutonduan egur bi, oztaz-ozta dagoz, gar apurtxu bat egitten daben-artian, lapiko zarrean egosten diran, gatzik ez urdairik-bako indabeak.

        Orijorik eztabe ikusi etxe aretako azeak. Arean be ez! Emakume argalak ugatza damotso altzuan daukon umiari. Oyal-artian estalduta dago umetxuba, ta bere aurpegirik ezta ikusten. Baña legor dira bularrak eta ezin señak titirik edan.

        Beyai jatekuak-billa, goroztijak ekarten juana dabil attea. Mendi-ertzetan be legortiak iruntsi dauz orrijak eta bedarrak. Aberiak baña jan-barik ezin bixi.

        — Amea, gose naz —negarrez dirautso ume batek.

        — Gose, neure laztana, gose? —baña ameak eztauko zer emonik, gaxo ori!

        Altzuan eukon seintxuba, luak artu dau ta siaska txirora darua. Eragin apurtxu bat eta lotan datza. Gero belaunbiko jausten da lurganian eta otoi-dagi emakume aratzak. «Goiko geure Attea, emon egiskuzu eguneroko ogija. Neuretzako eztautzut eskatuten, neure semientzako baño».

        Mutiltxu zarrenak, amearen nekia ezaututen dau, ta gose danarren, ixilik egoteko bestiai eskatuten dautsoe. Ume arein abuak-barik, begijak jan-barik eguazala irudijan. Begi arein zorroztasuna!

        Baña soluak elkor ta agor egozan. Urteroko sarija kobretan erduten dana, an agertu zan. Begi gogorrak eukozan. «Eztaukogu zegaz ordaindu», esan eutsen, baña txindiz bururaño zan arek, basetxetik at urten egijela esan eutsoen. «Ordainduten eztaunik, eztot gura neure etxian».

        Egun gitxi-barru etorri zan uriko gixon bat. Senarratzaz ittandu eban. Eta kortan aberiai janarija emoten eguan gixona, etorri zan atadira.

        «Ementxe daukozuz epalliaren ingijok. Amar egun-barru etxe onetatik urten biar-zara. Ementxe ixenpetu edo pirmau egixu.» Eta baserritar gaxuak itzik be egin-barik ixenpetu eban. Zertarako zarata-egin? Alperrik ixango zan-eta?

        Ildegira daroen txala aren antzean, begi-apalakaz egitten eban bestiak esaten eutsena. Gosiak eta nekiak kokolotu eben.

        Egun gustijan negar-egin eban emaztiak. Umiak ixilik egozan zer-edo-zer jatozala igarri ebelako. Eta atteak ez eban bururik jaso. Atadijan, arki baten ganian jezarritta, ordubak-eta-ordubak igaro euzan. Gaba eldu zanian barrura sartu ziran eta negarrez agurtza deuna edo errosarijua errazau eben.

        Baserri baten be errosarijo deuna errazau-barik eztira geratuten. Goxian esan eutson senarrak.

        — Ene emazte ori, ez-ete dakixu? urijan gustijak irebasten eidabe ogirik asko. Ogittarako ezeze jantzitteko be an irebasten aabe.

        — Ume onek gose-barik ikustekotan, ludi onen azkenerarte be juango naz. Mendi-alde onek bere sabela legortuta daukon ezkero guazan emetik

        Etxian ziran ollo batzuk zeyan saldu ebezan okelarako. Oiak ezik, beste gauzak zetarako ebezan, ba? Urijan basetxeko tresnarik ezta biar-ta.

        Kortia geratu zan abere-barik beyentzat jaurtittako azken bedarrak askan zirala. Marmareak euna non egin eukiko eben, batta gautxorijak be. Goxaldia lora ganetan ebillan intza ixuritten, txorijai lepuan taka-egin eta abijak utsik itxitteko. Sollube-onduan etzan zerurik ikusten, goxa zalako ta lañuak alderdi gustija estalduten ebazan.

        Bitxabal-ziar sendi bat etorzan. Burdi-ganian oe bi, arasa bat eta umiak. Yantzi barrijakaz etorzan umiak eta pozik. Ganera goserik ez eukoen. Belate ganera eldu ziranian, azkenez begiratu eutsen euren erritxubari. Senar-emaztiak oso ittun, umiak barreka. Ez eben ulertuten jazokun aren garrantzija.

        Mungiako geltokira eldu ziranian, utsitu eben burdija ta oe ta tresnak sartu ebezan bultzijan. Goxegi eldu ziralako an egon ziran begira ordu bi. Egun a lako ederrik ezta agiri iñoz ibarretan! Zeru garbijan odeirik etzan agiri.

        Geldiro-geldiro bultzija eldu zan. Urira esniak saltzen datorzenak eta barazkijak dakarzenak bakarrik egozan geltokijan. Zaratak eta txilijuak ziran!

        Orduerdi baño ezeban bultzijak an egin. Gero fu-fu-fu-fu urten zan geldiro. Urira etorzan sendikuak ittun. Zer idoroko eben? Iñor ezeban ezaututen, etxerik ezeukoen bixiteko. Senarrak bere eskubengan itxaropen osua eukon.

        Bultzija uriratu zanian oleak erakusten eutsoezan euren ke-zulo luziak. Ibai-ertzan egozan landola andijak. Ikatza ta burnija agiri ziran. Ixantzi andijak be antxe egozan. Umiak senti eben poza! Baserrijan alakorik etzan ikusten-eta.

        Gero txaide-ziar yentiak eta yentiak. Ara-ona arin ebiltzazan. Alkarri agurrik be ez eutsoen egitten. Onexek ikeratu ebazan umiak. Eta uri nausiko geltokijan, Bilbaon nora jo ezekijela aurkittu ziran...

        Baña lan-egin gura daunak idoroten dau biarra. Eta Bilbaon dago orain euzko-sendi bat. Alkarren ganian bixi dira yentiak etxietan batez-be langilliak. Txanikeriz beterik dagozan txaidietan emakume loyak baño ikusten eztiran ertzetan, bixi dira gaxuak.

        Gixonak ondo irebasten dau. Goserik eztauko. Ola andi baten lana idoro eban. Basetxietzaz ezta gomutetan askorik. Baña umiak geruago ta ittunagoz dagoz. Ogija jaten dabe, gura daben bestian, baña eztagoz pozik.

        Emakumia be inun dabil. Etxako agiri lenagoko alattasuna. Mutillak eskolara duaz baña erderarik eztakije ta astotzat daukoez. Gustijak barre-dagije euren lepotik. «Bobo» edonok esaten dautse. Espetxera juango baliran, ikastolara duaz.

        Etxe aretan sartukeran baserriko ikastola politta gomutan yakoe. An gustija euzkerez itz-egitten eben. Zugatzak egozan ikastola-onduan eta udean sagarrak jaten ebezan. Adizkidetxu onak eukezan, orain ostera bat bez.

        Irakasliak be zigortauten dauz erderarik eztakijelako. Etxera duazanian negarrez sartzen dira.

        Baña etxian eztago poztasunik. Ogija bai, baña zerurik be ezta ikusten. Tellatu-onduan dago euren bizitokija. Ez landarik eta ez zugatzik.

        Areik ittun ikustian, arrea be ittun dabil, baña nekerik geyen egitten dautso seme txikijak. Altzuan umia ebala sarri urteten da eguraztuten, baña umiak eztau barrerik egitten. Gaizkin-antzeko gixonak dabiltz txaide-ziar. Eta umetxubak eztau poztasunik. Jostallubak diran leyetara elduten diranian, barre-egitten dau, alai, an diran zalditxubak ikustian. Baserriko bixitzea-edo gomutara yatorko. Zaldijak eta aberiak poztuten dabe umia!

        Eta or bixi dira, uri andijan, euzko-sendikuak. Zarrenak aiztu dabe euzkerea. Eztaukoe euzko-umien antzik be. Erderea baño eztabe egitten orain. Ogija jaten dabe, baña galdu dabez goguak. Uri orrek, ba, ogi-ordez goguak gura dauz.

        Baña urira juango dira barriro be, baserrijan janaririk eztaukoen-artian. Olaetako kiak etxakoez atsegin, baña biar-ixanak dakarz ke-artera!

32-VI-11

 

aurrekoa hurrengoa