www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak eta beste 1932
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1932, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak eta beste 1932, Esteban Urkiaga Lauaxeta (Agurtzane Mallonaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

 

aurrekoa hurrengoa

BETIKO

 

        Itxasora jaun gintzazan, egun osua ondartzan pasau-nairik. Emazte-gaitzat andereño liraña neukon, Bilbaoko saloki-etxe baten bere ogibidia eukona. Andereño orrek ondo irebazten eban.

        Ondartzan jan geban, igeri gintzazan eta egun alaya igazi. Iluntzija zer dan itxas-onduan-ete dakixu? Eguzkija odei-aretan agiri da, urrez zeruba margoztuten daula. Uñak dantzan dabiltz eta ontziñuak ikotika, tanbolin-ostean gastetxubak ibilten diran legetxe.

        Liluraz gengozan. Emazte-gayak itz samurrak esaten eustazan eta neure begijak itxitta eguna, iñoz etzala igarokuan nintzan. Axe ozkirrija zan andereñuaren ulietan jolastuten.

        — Oraintxe zattut benetan matte —esan eustan—. Zoruntsubak ixango gara bijok-bijotara. Iñok eztausku kenduko geure bixitza mattekorra.

        — Bai olantxe da ixan be. Zeurekin beti-beti bixiko naz pozik. Eztot beinguan idoroko zeu lako bat. Ona zara ta mattekorra.

        —        Ai, baña bildur naz une oneik, une baño ixaten eztiralako.

        Olantxe gengozan eta gaba eldu zan. Gaba ixaten da mattate askoren etsaya. Mendi-goyetan lañuak ikusten ziran eta itxasua baltz eguan. Arin jaso ta geltokira zuzendu gintzazan: Baña a zan zoritxarra! Bultzi edo trenak iges-egin euskun!

        — Eta orain zelan juango naz Bilbaora? —andereñuak ittaundu eustan negarreka—. Bijar goxian dendan egon biar naz goxetik eta uri onetan gagozala ezin juan. Zeugattik jaurtiko nabe dendatik.

        Itz oneik gogortsu esan eustazan. Mattasun-itzak baño gogorrago!

        — Neuk eztakit zer egin, ba —erantzun neutsan—. Gurdibillik igaroten dan ikusi dagigun. Bate-edo-batek eruango gauz.

        Bide-ertzan geratu gintzazan, gurdibillik igaroten zan ikusteko. Laster bat eldu zan, baña geure kiñubak ikustian, lapurrak gintzala-edo-ta arin aldendu zan.

        Orixe beste iruk be egin euskuben. Etzan gauza onik. Erritxu aretan etzan ostera taxi edo koplarik.

        Baña neurekin zan andereñua buru-argikua zan eta esan eustan: Estaldu zadi, zeu ikustian lapurrak garala uste dabe geyenak-eta. Neu egongo naz bitxabalan eta lotubazoko dodaz gurdibillak.

        Esan orduko bide-ertzan estaldu nintzan. «Potpot oska eldu zan gurdibil bat. Neure emazte-gayaren didarra entzutian geldittu zan.

        Ixilika-mixilka itz-egin eben luzaro ta gero andereñuak ots-egin eustan:

        — Zu, atera zadi ortik

        Urten nintzan neure estaltokittik.

        — Ara onexek eruango nau Bilbora, baña neutzako baño tokirik eztauko. Zeu emen geratu zadi.

        Eztakit zelan entzun neban aren itza. Gaba otza zan, an etzan etxerik, ez ezer. Gero neure eskuba estutu eban eta gurdibilla eroyanaren onduan, oso onduan jezarri zan.

        «Potpot» asi zan gurdibilla ta neure otsak entzun barik Bilbaoratu ziran. Urrunan ikusi neban neure ezkon-gabak eskubaz sorbaldatik pasau eutsola mutil ari.

        Ulertuta-ete ziran?

        Gau arttan marranta andijena atrapau neban. Eta geyagotan andereño a ezta neurekin ondartzara etorri. Zer jazo zan? Batek ba-daki! Emakumien artian gauza ikeragarrijak jazoten dira-ta!

        Orain bakian nago. Bakarrik juaten naz ondartzara ta gabak enau atrapetan ameslari. Bultzijak be eztaust igasik egin!

32-VII-19

 

aurrekoa hurrengoa