www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak eta beste 1932
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1932, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak eta beste 1932, Esteban Urkiaga Lauaxeta (Agurtzane Mallonaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

 

aurrekoa hurrengoa

BUSKENTZA

 

        Mungia aldera gixon asko etorten da igandietan, abere-peri edo azoka andija ixaten dalako. Baserritarrak pozik ibilten dira an, abererik erosiko ez padabe be. Jo ona ta jo ara, goxalde gustijan dabiltz, gero eguberdijan bazkaritxu ona jateko be.

        Derioko baserriko jaunak be etorri gura ixan eban, baña andreak gogor egin eutson eta larri eguan, zer egin ezekijela. «Askok eta askok» esaten eutsen oneri.

        — Ara ba, Tomasa, erregalutxu ori bat ekarriko dautzut Mungiatik juaten izten badaustazu.

        — Erregalutxuba? Ekarriko daustazu gero?

        — Bayetz ba, gauza on bat ekarriko dautzut!

        — Olan bada zuaz.

        Bernardinoren pozak perira juateko! Laster arkandora barrija yantzi eban. Barrija paparretik baño etzan gero? beste atalak zarrak ziralako. Zapata eder batzuk sartu oñetan eta tripi trapa Artebakarra ganetik eldu zan Mungiara.

        Goxetik urten zan etxetik eta andreagaz euki euzan eztabaidak ziralako-edo gozaldu be ez eban egin. Gose zan bai? eta ardandegi batera sartu zan zeozertxu jateko asmoetan.

        Salda-garbija artu eban baita basutxu bete ardau be. Bestala eguan gero, egon be. Onetan sukaldera be eldu zan, ango barri ikusteko edo. Lapiko barruban bol-bol buskentza ikusi eban, buzkentzetan be ederra.

        «Auxe bai dokala, erregalu ederra neure Tomasarentzat. Begi argija egingo dautso onexeri» esan eta rasta sartu eban kolkora.

        — Bueno Josepa, urrengorarte. Banua orain, mesea be eztot entzun eta.

        — Agur ba etorri gura dozunean.

        Kolkuan pustilla andijak atara eutsozan buskentzak. Elexara sarta zapean kiskaldute eukon kolko gustija. An jarri zan txoko baten eta mezea entzuten eguan. Onetan igon zan pulpitura abade jauna eta asi zan itzaldija egiten.

        Ezkon-deyak irakurri euzan, baita asteko jayak be agertubazo. «Barikuban bigilija dozube gero, kistarrok», esan eutson argi-argi. Itxi euzan bere liburutxubak eta itzaldija asi eban. Lapurretak gomutara ekarri euzan.

        — Gaurko egunean askok eta askok larri andijak euki dabez lapurretan egiten dabelako. Bai kistarrak askok eta askok ostu ostian eskutau gura dabe euren txarto egiña.

        — Madarikatuba, iñuan geure Bernardiñok; nondik barrabas ete daki onek neure lapurreta onen barrija ba?

        — Bai kistar zintzuak, askok eta askok euren eskuba luzetuten dabe ta iñorena eruan etxerako.

        — Galduba naz, oraintxe. Abade onek jakin dabe egin dodana ta. Beste bein esaten badok ba...

        — Askok eta askok esan dodan legetxe, ostuten dabe ta gero gorde arren ostu dabena, barruba erreten eukiten dabe. Kiskalduten yakoe barruba, baña ori dala ta be eztabe...

        — Zer eztabe —zarata egin eban geure gaxuak—, or daukozu ta jan egixu.

        Jaurti eutson buskentza pulpitura ta arinka kanpora urten zan. Abade jauna ikeratu zan an ikusi banagaz, baña ezin jakin al ixan eban egija. Geure Bernardiñok ostera lepoko galantak artu euzan bere emaztiak emon eutsonagaz.

        — Neuri burle, ezta? erregalu ederra non dakarzu ba?

        —Aiztu egin yat.       

32-II-2

 

aurrekoa hurrengoa