www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak eta beste 1932
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1932, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak eta beste 1932, Esteban Urkiaga Lauaxeta (Agurtzane Mallonaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

 

aurrekoa hurrengoa

LAPURRETAN

 

        Erriko gustijak, txarrija ilten ebanetan, odoloste buzkentzak eta urdaya eruaten eutsoezan, jaupari jaunari. Ederto ebillan Pako jauna. Etxeko batek be ez eban geratu nai ixaten, abade jaunari zeozer eruan barik.

        — Eta ezer emon dautzu?

        — Bai ama, emon daust errosarijo eder bat.

        — Ezta gauza txarra be. Nik egija esateko eztautsot bidaldu ordañez baña...

        Gorroto andija eukotson abade jaunari elexako-morroyak edo sakristau erkiñak. Berari ez eutson pitintxu bat be emoten, ainbeste erregalu artu ta. Azalera ez eban agertubazoten asarre au, baña barruban ondo gordeta eukon. «Ikusiko dogu ba nor garan. Jaupari onek uste dau iñor be enazala ta beretzat gordetan dauz erregalu gustijak. Enago konporme orregaz, enago eta enago...».

        Urte batzubetan ederto ibilli zan, baña betikua etzan eta erritarrik gaiztoenak ezer be ez eutsoen bidaldu. Min andija artu eban jaupari jaunak ori egin eutsoelako.

        «Buruban gustijoi emongo dautzubet ba. Neuk ilgo dot aurten txarririk ederrena. Baña neurerik eztozube jango. Ezta enderirik be». Jauparijaren itza, ezta itz alperra be ta erosi eban txarririk onena. Errotabarriko txarri gixena urunez eta artoz utsik azija. Txarri lodija zan, ankatxu txikerra. Urdai biguna eukiko eban arek, eta koipia naiko.

        Erriko arakiñari dei-egin eutson eta iluntze baten il eban txarrija. Gero baña errikuai be erregaluben ordez zeozer emon biarko eutsoela ta zer egin be ez ekijan.

        «Ezpadautsoet ezer emoten, asarratuko dira. Emoten badautsoet barriz, bape barik geratuko naz. Ija sakristaubak zer esaten daustan, ija...».

        Laster etorri zan sakristauba. Elexan eguan ordu aretan, Paduako Andoni deunari argi batzuk piztuten. Itzi alde batera argijak eta arimenak jo euzan. «Onelan enaz barriro elexara etorriko arimenak jo ezkero gaba dalako».

        — Zer aginduten daust ba, abade jauna?

        — Ezer be agindu ez. Ualku bat emon biar daustazu...

        — Ualku bat neuk? Eta nori gero, abade jaunari? Ez olakorik ezin egin neike.

        — Bayetz gixona. Erdu ona. Ara ba txarrija il dot eta orain erritarrai eurek ekarri eustezanen ordañez eruan biarko dautsoet txarri erdi. Zer egin?

        — Gauza erreza. Laster esango dautsot zer egin.

        — Ija ba. Poztuko naz orrexegaz eta.

        — Jauna ba, gau onetan eskei begi atetik, kanpoko atetik eta bijar goxian goxetik barrura sartu. Gero sokorruka asiko da, ostu egin dautsoela txarrija ta. Orrelan uste ixango dabe benetan ostu dautsoela txarrija ta kitu.

        — Ezta asmo txarra be. Orixe egongo dot.

        Sakristauba juan zaneko, txarrija eskei eban jauparijak atetik. Erriko geyenak ikusi eban txarri ori ta pozik egozan urrengo egunean buskentza edo jasoko ebelakuan, jauparigandik.

        Baña geure elexako morroyak barruban eukon asarria kentzeko, gau aretan urten etxetik eta abadiaren txarrija ostu egin eban. Etxian barik mendijan gorde eban. «Ointxe ordainduko daustazak egiñikuak», esan eta eruan eban txarrija. Jagi zan jauparija goxaldian, baña txarririk ez eban aurkitu atian. Zoratuta eguan, nork ostu ete eutson edo. Arin dei-egin eutson sakristaubari.

        — Zer jazoten yako jauna, onen goxetik dei-egiteko?

        — Ene bada, ta galduba naz! Txarrija ostu dauste!

        — Bai fauna, orixe esan gustijai, orixe! Ostu egin dautsoela.

        — Baña benetan da ostu daustena, ostu dauste ta.

        — Bayetz ba, ederto daki berorrek ostu dautsoela esaten. Gogor ortxe ekin erriko gustijak ziñistu dagijen. Nik egija dakidan arren, ixilik egongo naz eta. Esan, esan ostu dautsoela.

        — Baña gixona, ostu daustela ba benetan.

        —Ja ja! Ederto daki komedijak egiten gero, ederto.

        Eta geure abade jauna txarri barik geratu zan. Sakristaubak jan euzan urdai ta buzkentzakaz loditu euzan bere matraillak. Oidalako zilbota be bota eban.

32-II-4

 

aurrekoa hurrengoa