www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak eta beste 1932
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1932, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak eta beste 1932, Esteban Urkiaga Lauaxeta (Agurtzane Mallonaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

 

aurrekoa hurrengoa

AZKARIJAK...

 

        Oskin edo zapatari bi, geure itxas-ertzeko uritxu ederren baten ziran. Anayak ziran, bai?, eta anayai yagoken eran alkarren adizkidetasun on-onean bixi ziran.

        Baña oskijak egitten txinddi geyegirik ezeben irebazten-edo. Onek lagundu, arek zerbait emon , aurrera egin eben. Zartxubak ziran eta barriketa luziak egitten ebezan bijak bijetara.

        — Eta, ikusi dozu «Praka-zar»ek ekarri dauzan oski barrijak?

        — Bai, oski dotoriak dira, baña emen atondu neutsozanak eztauz ordaindu oindiño.

        — Laster egin biarko dauz! Txarri barrabas orrek daruan bixitzea ta geu barriz gosez ilda.

        Olakoxe barriketeak aidija kenduten eutsoen eta oskirik ezeben atonduten. Gero gosia, ba. Orregattik ez eben gogaro edo umore onik galduten. Leyo zar batetik sartuten zan argi apurtxu bat eta euren arkitxu txiker eta baltzetan jezarrita egoten ziran.

        Amantal loyak eukezan, narruzko amantalak Kerbazirenak ogetamar zulo eukiko euzan, Martolonak ostera amantal antzik bere ez.

        Gastetan tripeari beria emoten ikasijak ziran geure oskiñak eta orain aldatz-gora egitten yakoen gosez egotia. Zer egin? Laster asmau eben. Arratsaldeko bostak eta erdijak ziranian-edo Kerbazik esaten eutson bere anayari:

        — I, azkalduko juaguk? Ordurik onena auxe dok, ba.

        — Euk gura badok azkalduko juaguk.

        — Baña zer jango juaguk? Lukainka bana?

        — Lukainka bana, ogi piñagaz.

        — Ardaua onena bere ekarriko juaguk, ezta?

        Eta anai bijak benetan egingo baleben, suba ixotuteko plantak egitten ebezan. Buruz zan gustija baña eurek benetan zala, uste eben. Gero lukainkak txirtxikatuten balegozan, txir-txir abuaz egitten eben.

        — Au dok usaña! Oraintxe jateko eran jagok lukainka au —Martolok esaten eutson bere anayari.

        — Bai, ta ementxe jagok ogi piña bere. Autso zati ederrena!

        Kerbazik ogija artuten ebalako plantea egin eta lukainkea ipinten eban. Arein barriak eta pozak!

        Gero ardaua ateraten eben utsik euzan bonbil batetik eta eskubari gorantza egiñik. Au gozua!, esan eta eskuturraz musturrak garbittuten ebezan.

        Egunero olantxe azkalduten ziran. Egizko azkarijak etziran ixango, baña eurek pozik egozan. Urrenguan alkarri iñotsen.

        — Gaur zer jango juaguk?

        — Gaur txarrijaren gibela.

        — Postretxu, apur bat bere biar juaguk, ba, lan asko egin juaguk-eta.

        — Bai orixe, ekarri egixak madari umuak euk dakikan salokitik.

        Eta guzurrezko azkari-ostian lan sendo egitten eben. Untziak arin sartuten ziran ugel zarretan. Areik ziran zorijontsubak!

        Baña azkari lar ziran, buruzko azkarijak ixan-arren. Jan tropia egunero eginezkero zer jazoten dan, ondo dakigu. Martolo txarto geratu zan egun baten. Osagilliari ots-egin eutsen, ba.

        Eldu zan osagillia euren etxera ta ittaun batzuk egin eutsozan gexuari.

        — Asko jaten dozu-edo?

        — Bai, arratsaldeko, azkari ederra egitten dogu.

        — Orixe dozu gexuaren asijeria. Zubek ezagoze urte orreikaz jan tropiak egitteko.

        — Ara, ba, jauna —Gerbazik erantzun eutson—, azkari orreik zelan gatz egingo dauskube baña?

        — Zuben sabelak ezin dabelako ontzat-artu jan gogorrik. Itxi betiko azkarijak eta lukainkak, gibelak eta abar, ez ikusi bere egin.

        — Baña, ene jaun ori, geure azkarijak txantxetakuak ba dira. Buruzko azkarijak dira!

        — Buruzkuak ixango dira, baña oni txarto egin dautsoe. Atrakauta dauko urdalla! Ez geyagotan buruz bere azkaldu!

        Eta anai gaxuai, atsegin axe bere kendueragin eutsen osagille gaiztuak.

32-X-6

 

aurrekoa hurrengoa