www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak eta beste 1932
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1932, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak eta beste 1932, Esteban Urkiaga Lauaxeta (Agurtzane Mallonaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

 

aurrekoa hurrengoa

«KIRIKIÑO»

 

        Mañarian iltegi apala datza. Iltegi orren barruban sarri otoi-egin dogu, ez Irakaslia iltta gero, artian be bai. Orain urte asko dira. Udabarriko arratsalde eder bat zan. Gurdibillez juan nintzan eta antxe idoro neban «Kirikiño».

        — Nor zattut gastetxu?

        — Iñor ez. Euzkeraz ikasten iñardudan bat.

        — Polito berba egiten dozu ba? Euzkeldun barri bat zara?

        — Ez euzkeldun-barri ez. Txikitan euzkerea itz-egiña nozu, gero baña aztu yatan.

        Eta euzkereatzaz itz-egiten jardun geban. Lenengoz eta azkenez ikusi neban gixon mattagarria. Neure bixitzan beste bat idoro dot aren antzekua. «Amilgain» eta «Kirikiño» euzkel-idazlien arteko mattagarrijanak ixan yataz, bata bixi da, bestia il zan. Bixi danari goralbenik egitia ez ei-da egoki, baña bua goralben au, ain aipagarri dan «Amilgain» onari.

        EUZKADI izparringitik alde-egin ebanian «Kirikiño» argijak, taupada andija senti neban. Gixon on a aldendu baño egun bi edo iru len, idazten asi nintzan. Uartxu bat jarri eustan. Jarrai egixu, idazteko gogua daukozulako.

        Orain barriz aren itz gozorik ez dot entzungo. Atsegin yatazan aren goralbenak ba!. Onetan gixonik onena zan. Idazle gustijentzat itz on bat eukon. Eta ixan be geure euzkel arloetan orixe beti gorde biar geunke. Alkar iraindu barik, bestiakatik ona esan beti-beti.

        Orain euzkel-idazliak aren gomuta ain matte badabe, orrexeri sor yako. Oron bijotzak beraganatuten euzan.

        Iñor uxatu barik, bereganatuten euzan eta orrela euzkereaganako amaikatxu idazle ekarri euzan. Euzkeraz berak baño obeto askok idatzi ixan dau, baita idazten dabe be, baña arek aña ontasun ta mattasun batek be eztau erakutsi.

        Zigorragaz eztala iñor be bigunduten ondo ekijan.

        Kistar zintzua eta abertzale ona. Ezin atzindu dagiket aren aurpegi biribilla neure gomutatik, baten bakarrik ikusi nebanarren.

        Urtero Bustintza zanaren illobija ikertatuteko itza egin neban eta urtero nator Mañariko ixiltasunera. Arkaitz andijen itzalpian datza. Lur-baltza ta loratxu batzuk baño eztira ikusten.

        Geure artian iñori etzako illobi dotorerik egin. Sabin Irakasliaren illobija be apala da. Itxas ertzian, Kirikiñorena barriz arkaitz ertzian. Gixonik gurenak bake ta ixiltasuna matte ixan dabe euren azken lua lo-egiteko.

        Lo-egin! Baña lo ori zaindu dagijala Gurutza deunak bere babespian. Zerubak euri-ziar negar dagijan ordubetan ames-egin geure aberrijetzaz. Eta udabarri alayan lorak sortuten diranian mendi-magaletan eta itxas-barian uñak dantzan dagijen orduban, azur barruban senti aberrijaren mosu kutunena. iLo-egin! Baña lo orrek itxartzera ederrena daukola, dakigun une argijan.

        Iltegi apala ta txirua. Orrelan datzaz ondoen gixon gurenak. Arri landu ta gixantzezkijak artegatuten dabe iltegiko gentza. Illobirik ederrena euzkoen bijotzetan datzala.

        «Kirikiño» zanaren illobija geure barruban dago. Gomutarik argijena darabilgu barru barruban. Apaltasunak irebasi daun toki au sor dautsogu. Eta Mañariko atxetan axiak orru dagin orduban eta eguzkijak irri-edo be eurijak arri ganian ots-egitian, gixon argi orren gomuta eukiko dogu. Eta bere oinkadaen jarralle ibilliko gara. Orixe bai benetan gomutarik onena. Arein urratzai ekin ... Sabinetzaz itz-egiten danian, orixe burura yatort. Sabinen bidietatik ibiltia, uste goralbenak guzur ez, baña garrantzi andikuak eztira, Kistoren mattale danak, Kistoren bidietatik ibiltia, atsegiñen dau. Geuk be orixe bete biar dogu eginkixun oneitan.

        Egun onetan barruban sartu biar dogun gogaya «Kirikiño» lako abertzale zintzo ta kistar on ixatia.

        Euzkel-idazle asko ta asko etorriko dira gaur illobira otoi-egiten. Otoyak ondo dagoz, baña Bustintza zanak eztau biar geure otoirik, zerubetan datzalako. Geuk zer ikasi barriz idoroko dogu illobi orretan. Biderik zuzenena auxe dogu ba gixonak aintzalduteko.

32-IV-17

 

aurrekoa hurrengoa