www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak eta beste 1932
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1932, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak eta beste 1932, Esteban Urkiaga Lauaxeta (Agurtzane Mallonaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

 

aurrekoa hurrengoa

BASETXIA

 

        Egun batzuk onantz, basetxietzaz ekitten dauskube. Garrantzi andiko ardurea dogu. Lanik eztagolako, geure baserrijetara juan dira, len andik aldendu ziran gastiak. Baña basetxiak ezin dauz gustijak alikatu. Lurralde txikerrak daukez ta sendi bat baño geyagorentzat eztau janik

        Eta zer egingo dabe lan-bakuak, ba? Baserrira juan ez? Olakorik eztiñogu! Txaide-ertzetan gozez ildda baño obeto dagoz basetxian indaba batzuk jan-eta. Baña lan-urrittasunari bide zuzenak aurkittu gurean gabiltzan ezkero, basetxeko arazuai bere euren artezpidia emon biarko.

        Biar diran legez garbi ete-dagoz besetxiak? Ete-darabillez lugintzarako gai diran tramankuluak? Aberiak, barazkijak edo beste zerbaitek, irebazterik geyen emoten daun, erakutsi biar yakoe. Baserrittarrak eztau bere buruz olakorik oldoztu gura.

        Bizkaiko Aurrezkikutxetan edo «Cajas de Ahorro» deritxon txindditegijetan unei edo milloi asko daukez geure baserrittarrak. Txinddirik geyena, ezta olaetako langilliak edo txaidiakuak emona, basetxetik ekarrija baño. Ori egi galanta!

        Euzkadiko basetxe-erri batzuk unei asko daukoez. Eta txindi orrein irebazterik elduten yake baserrittarrai? Zertan eralgi edo gastetan dira euneko gustijen emonak?

        Gaur arte, beintzat, urijetako langilliai etxiak iragitten, langillemiari edo emakumiai «Monte Pío» edo olako etxiak zabalduten. Irakastolai lagunduten ba dautse, urikuak ixango dira irakastolok.

        Baserrittik datorren txindijaz, urikuari lagunduten yako. Eta basetxekuari zer? Ezerez. Orain arte, ezerez.

        Irakastola bat iragi gura dabenian, laguntza eskatuko dautse aldundijari edo aurrezki-kutxa bati, baña itz labanetan geyena amattuten da. Basetxe barrija iragi gura daunari, ta landarak lurrean sartu, bedartzak jarri, orri etxako lagunduten.

        Geure antziñako lagijetan erabagi auxe zan: erriko mendijak edo erribasuak, errilurrak. Onetariko asko dira geure errijetan. Zugatzak eukitteko edo beste gauza baterako ezpaziran erribaso orreik, ezkonduten ziran gasteai emoten eutsoezan. Eurek landu, etxia eta beste zeregiñak osotu ostian Jaubetuten ziran.

        Onetara, amaikatxu basetxe eder egin zan erribasuetan. Gaur baña lur orrein jaube laterrija da, ta alperrik dagoz ainbat lur eder ta jori. Lagi-Zarra zetarako dozu, ba? esaten daben askorentzat, itz oreik dira.

        Barriro lagi arein araba barriztu biarko dogu.

        Jeltzale Alderdijak geyago bere, eskatuten dau. Oraintsu aldundijari idazki bat zuzendu dautso. Basetxietzazko gora-berak darabiltz. Aldundiko «presupuestoetan» beti ataltxu batzuk ixaten dira, langilliai lagunduteko, irakasliai ordaintxe apur bat emoteko eta abar. Baña orain basetxietan obarijak egin dauzanari, len basolarra ziran tokijak bedartzat edertu dauzanari, abere gixonak azi dauzanari lagunduteko eskatuten doguz. Baserrittar asko, euren etxien jaube eztira. Euneko irurogetak baserri jaube eztira. Baña jaubetu gura ba dabe, nok lagunduko dautsoe? Nondik diruba lortuko dabe? Laureun eskari ei-dagoz Bizkaiko aldundijan, euren etxien jaube egin gurarik, laguntza eske etorritta. Itz onakaz orain bere uxatuko doguz baserrittarrak?

        Euzkadi-basetxietan ezta biar dan legez uztarik batuten. Lurrak eztau al daunik emoten. Osasunari yagokon eran eztira bixi. Gortiak zikiñak, etxonduak loyak, sukaldiak bere illun eta baltzak. Osasun-kaltezkuak dira. Zelan gura dozu gauza orreik atondutia, dirurik ezpadau emoten soluak edo zelayak obari asko egitteko, Eztagon tokittik ezin atera!

        Ikusiko dogu zelako erantzuna emoten dautson Aldundikuak, Jeltzale Alderdijak zuzendu dautson idazkijari.

        Orain bikain biar nork lagunduten dautson basetxekuari. Sosialisten asmo bijurrijak atzalduko doguz, atzipetuta bira eztadixantzat. Baserrikuak bere kaltezko gauza bat dauko: urikuak legez didarrik, ez zemairik eztau egitten. Artua baño jango ezpadau bere, ixilik dago. Orain alde batera itxi biar dira ixiltasunak eta ots-egin, zarata-egin.

        Itz labanakaz eztalako ezertxu arteztuten.

32-X-7

 

aurrekoa hurrengoa