www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kazetari lanak
Jose Agerre, «Gurbindo»
1930-1936

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Joxemiel Bidador.

 

 

aurrekoa hurrengoa

KALERANTZAKO BURRUKA

 

Amayur, CLXXXIII, 1936-I-25

 

        Gauza ederra da aritzea ta burrukan aritzea areago. Gudura-gogorik ez duen abertzalea motza dugu. Nai ta naiez gudukatu bear dugu egun guzietan. Girina tzarreri aitziko gudua duen gizona ori da ori gizona. Gogoa epelduta, debrua sartzen da bela. Ta gogoa epeltzen da gudua ez badago. Gogorra da ta latza abertzalek ibiltzen dugun burruka. Azeri artzen bagira zintzo, lazten dira indarrak eta obeki iardokitzen bear orduan. Ona bertze gudaldi bat, eldu den autaroan. JEL gudura doaye berriz ere. Burrukatik kanpo, JEL elitzake JEL. Ekin bear dugu induria lasa gabe. Bi egun emaiten badituzu lan gabe, irugarrenean baduzu gogoa lazo. Iru badira olga-egunak, lazoago ta gisa ortan baitara nai edo bear duzunean gogoa, tarrapatan duzu joana ezin atxikiz.

        Au ez da makurrena ordean. Ez al zera oartu abertzaleak elgarrekin liskartzen eta samurtzen kanporantza ez badute ateratzen indarra? Ni bai beintzat. Ikusazu barneko auziak gertatzen diren sasoia. Eskier dela gertatzen kanpotik zirikatzen ez gituztelarik. Etsaia ager ta indarrak bil dugu bein baño geiagotan ikusia. Agerian bear dugu beraz etsaia. JEL da gazte-alderdia. Gaztez dugu zaina zaharrek ere. Tenoreak oro ditugu gudura gert. Odola bero, gogoa bizkor, ekin-gose. Nola ez gira guduan saiatuko?

        Naparrak bear ditugu erne ta bizkor ditezen. Ona bide bat. Autaroa. Auteskunde-burruka ta sasoia ez da bakarra, bai noski. Bañan kenazu gure erri ontan sasoi au ta erria ez da zaletuko orai bezain ainbat. Urdaila makalxe dagoenean, ez dematu artara sartzen saltsa lodiak eta txingarra. Naparrako jendiak, euzkotasuna galduta, urdaila dute minbera, deus guti sartzen zaiela.

        Arako bear diozie janaria eman. Jendiak bizkortzen dire burruka-tenoretan. Bañan zuek, euzkaldunoik gai ta sasoia duzie gogoa gauza ok ulertzeko. Naparran aise ezauna da euzkaldunek zein alde jotzen. Non ere bizitzen beizerate, Jelek aurrerako bidea deramana. A! Euzkaldundu ahal baginetza erdal-zatiak Naparran, maketerriko leiak laister genituzke aizatuak... Bañan, bañan, bide au dugu luze ta latza, ez nolanaikoa. Asmatu bearra dugu zerbait onen bitartean. Ezperen, bizirik dugun errietan, euzkera ilen litzaiguke. Lurralde otan eutsin eta eutsin. Euzkera-galdu bertze orietan JEL-en azia bota ildoan. Eta bizkitartean atxiki gogor egiteko mugak. Burruka bada, agertu ara geoni. Aipa gitzatela bederik abertzaleok une ta toki guzietan. Soñua baderamagu aintzinean, jendiak oartuko dira nai ta nai ez, onkara ala gogorkara. Jendiak guri ta gure irakatsiari oartuz geroz, zera badugu egina. Erritarren sor ta gor egote ori beitugu etsairik beltzena.

 

aurrekoa hurrengoa