www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kazetari lanak
Jose Agerre, «Gurbindo»
1930-1936

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Joxemiel Bidador.

 

 

aurrekoa hurrengoa

BERRI BERRIAK (X)

 

La Voz de Navarra, 1935-XI-5

 

        Etxerre bat

        Ez ain berri, amabortz egun duelakoa edo. Bai edo duzute aren berri. Etxarri-Aranatzen izana. Zazpi etxe erre omen ziren taxakada batez, auzo geiena. Gaua zen suak artu orduko, goizeko biak edo. Ain bortitza izan zen sua non eta abantxu il ziren etxe-barnetan ziren lagunak. Aizea omen zuen lagun suak. Beti ere maizterrak gogorki joak izan ziren, sua zela garri. Biarmonean bertze auzoetako etxetera zeuden eramanik maizter gaizoak, kupidagarri, soñekoak ere zituztela erreak eta etxeko tresnak ere suak kiskalirik. Lenago olako naigabe latzean etxerrekoek bilketa bat egiten zuten diru-eske, etxea konpondu al izateko baita ere poliki biltzen. Luze ez da Auzan ikusi ginuen nola erritarrak etorri zitzaizkion lagun auzokide bateri, onek etxea zuen tximistak urratua.

        Etxarri-Aranatzen ordean etxerre-berririk ez da edo beintzat lagun-leia itzali, ez baita izan bilketarik inguruko errietan. Ona euzko oitura bat ederra, galdurik. Ona erdelkeriaren bertze ondorio bat. Lenago era bai edo zen etxerrekoen lagun etortzeko aztura propia, Etxarrin eta Nabarra guzian. Izan balitz orai ere, erretako etxeak ordea izanen zuten nonbeitikan. Batzuek erranen dute orai seguroak direla-ta, bertzeren dirua ez dela ain bearra. Noski. Bañan olako lazkeria gertatzen deleik, etxez gañerako gauza anitz erretzen dire bai ta ere diruaren bearra izaten da. Ortaz beraz lagundu-bearra ez da suntsitu, nai bada bederik urkoari urgazi. Ortarako dire etorriak etxarritarrak ustez eta inolako etxerre-sari bat aterako zutela emen, bañan esku-utsik itzuli bide dire. Gaurgero etxeak nai bada ongi zaindu, segurtatu bearko dire. Eginbide ortara biltzea dute eginbear ertsia erritarrek burua gordetzen zinzo badira. Segurtamena elgarra balitz, obe, mutua delako gisa ortan. Onela mozkin geldituko litzaken puska eluke inortxok ere altxatuko.

 

        Oarkabe ilgarria

        Gertari bat itsa izan ginuen atzo Tafallako geldokian. Iruñako auzo bat, ezauna ta ongi etsia, lagun ziyoakien senide batzueri, Ameriketaldera egiten beitzuten bide. Tafallarakoan gizona jauster zen noiz eta ustekabean agertzen da bultzi bat aldameneko burnibidean barna. Gizona jauts eta bela azpiratu zuen bultziak, bere artan lepoa mozturik errotak. Lazki unkitu zituen soiliarrak agitu beltzak. Ona erioa non den. Alai atera etxetik, inolako grinarik ez eta demendreneko ixtantean bizitza galdu. Oxar edo arrandi luzeak ezin ditugu ibili ontan ere.

 

        Oitura bat, erritar-barnea

        Oerakoan etxeko-andrek ekortzen oi dute etxea ta ez da geldituko bat ere sail au egin gabe, bear bezalakoa bada beintzat. Zergatik eta zertako? Benaparran ustea dabil Ama Birgina sukaldean barna ibiltzen dela gabez ta garbi dagon artan ixtan bat yartzen dela. Gipuzkoan eta Bizkayan bertze uste bat da. Gabean, oerakoan, sukaldea garbi egoki aingeruak dantzan ibiltzen dira, zikin sorginak.

 

aurrekoa hurrengoa