www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kazetari lanak
Jose Agerre, «Gurbindo»
1930-1936

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Joxemiel Bidador.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ASTEKO BERRIAK (VII)

 

Amayur, XLII, 1932-III-12

 

        Abertzaleen batzarrak

        Joan den astean egin dira itzaldi aberkoiak Nafarruko erri batzuetan: Lizarran, Salinas de Oron, Azketan, Ziraukin, Undianon, Zizurren eta Autzan. Azkeneko au da Ultzamako erri euskaldun polit bat. Bertan mintzatu ziren Paul Egibar ta Eneko Tolosa abertzale sutsuak, biak euskeraz. Bildu zen yendeketa polita, gizonkietan eta neskatiletan, eta oso pozik atera ziran danak. Beste 6 erri oyetan ere, yende andia bildu zen. Zizurren, gu abertzaleak yoan orduko, norbaitek zirikatu ta, ango emakumezkoak beste erri batera yoanak. Undianon berriz, norbaiteri entzun genion gu ez garela kristauak: ba ote da euskalzaleak baño kristauagorik Euskalerrian? Yuramentuak ere, erdaraz aitzen dugu beti. Sineskaitz da, euskalzaleen aurka ari diranak, tradizionalistak direla entzutea. Ba ote da emen tradición edo oitura zarragorik eta zintzoagorik gure euskera baño? Begiko ninia baño ere maitago ditugu ba, guk abertzaleak, euskaldunen dantzak, kantak eta mintzaira... eta karlistak ere ala bearko dute, beren aitatxiren idurikoak nai badute izan.

 

        Iruñean euskerazko misioak

        Aste ontan izan ditugu Aldapako elizatxoan euskerazko gogo-inarkunak edo misioak. Izlari A. Iruarritzaga eta A. Uriarte. Eliza mukuro betea egon da egun guzietan, non iduritzen baitzaigu txikiegia dela Iruñeko euskaldunendako. Ala ere, goxoki egon gara, geren kanta eztiak abesten eta erlijio sainduaren egiak euskera ederrean entzuten. Eskerrak zor diotegu euskaldunek A. Iruarritzaga eta A. Uriarte-eri.

 

        Radio euskeraz

        Donostiko Eusko Gaztediak antolatu ta asteazken guzietan atsaldeko 7Þ etatik 9 orduak arte entzuten al dugu radio debrukeri orren bitartez euskerazko kantak eta itzaldiak, Donostiko estazionetik bialiak. Orain arte eman diranak ongi entzuten dira eta irri pixka bat egiten al da Egileor eta Beorlegi ospatsuekin.

 

        Komediak Erratzun

        Gaztetxoak biltzea, komediak emateaz erriko yendea atseginekin pasazteko, gauza ona litzake, euskeraz balire komediak, euskaldun erri bateri dagokion bezala. Baño Erratzuko monja batzuk zokoratzen dute gure euskera maitea, eta erdararekin batean nai bide dute sarrarazi Euskalerrian beste gauza batzu, orai Madriletik etortzen zaizkigunak bezalakoak. Euskaldunei euskeraz, bada ortako komedia franko idatzirik, Jainkoari eskerrak.

 

aurrekoa hurrengoa