www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kazetari lanak
Jose Agerre, «Gurbindo»
1930-1936

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Joxemiel Bidador.

 

 

aurrekoa hurrengoa

BAI GOZAGARRI

 

Amayur, CLXXXI, 1936-I-11

 

        Pozik bai pozik ematen dugu gaurko berri au, bai gozagarri euzkara-autsi-mautsiotan ari giranendako. Berriki izanak ditugu JEL-Alderdiaren eranguntzan deitzen ditugun Erki-Batzar Nausiak. Gipuzkokoan ez omen da fitsik ere ibili erdaraz, Bizkaikoan euzkal-solasak einto bat polita ardietsia du ere, euneko 60 bai ta geiago. Naparran, ordean, itz bat ere ez. Betidanik bai gotorki agertzen gu erdalzale min. Abertzaleak nola ez abertzaleak. Oro gitu erdal-aier gaistoak. Erranen da ez dela aier gaistoa, zabarkeria baño. Emazu bertsu. Ta makurrago, nai baduzu. Aiertuak noizbait aira dezake seta gorri ori, erderara eroria, euzkalzale bilaka. Seta gaisto-ukaileak gogoa du bederik. Gaizkira jotzen badu gaur, biyar onaldi dagoke. Zabarra aldiz il-antza dago. Bizkortzeko bear da apur bat alegin. Seta gaistoa bein-beineko gaitza izan deike. Zabarkeria, zenbat aldiz, bizi-bitarteko. Done Paulek kistarreri zien amorru gaitza, setarik beltzena. Gogoa beitzuen zauli ta azkarra ta xardukia, Jainkoaren argiak jo zion egun batez. Ala bertsu Done Augustinekin. Gisa berean ainbertze donekin eta gizonekin. Zabarrak ukituak dituen ez dakigu.

        Zabarki bizi izan dena, ordean, zabar iltzen da. Auxen dugu erio ilgarria, gañera. Ez soinaren ilgarri, bai ordean gogoaren. Gogo zabarrak biziari ez dio leia denari ugun, orori narda, guzien iges. Erran naiz nago, ez Jinkoaren aintzin ez gizakien, zabarrak geienetan sendabiderik ez du, ez badu ateratzen bederik egundoko inala ta lerrena. Azken beltzean ere bearreztuko zaion Jinkoaren urrikia gaude, gaitzari ies egiteko. Zabarra ta abertzalea, oro batera ar, gauza da sinesgaitza ta krozkan errauztekoa. Ezin solastatu gaitz onen elmena. Zabarrak barratzen duen kutsua baida ilgarria, indura-mota guzien igortzale, beroeneko aleginen epelgarri. Zabarra sortzen denean eta ukakorra-zabarra ta ukakorra baita berean ibiltzen dira, oberena litzake belako batez aizatzea inon den urrumera bialduz. Elkorra baitu asmoa ta biotza, ustel.

        Itzul giten gure arira. Euzkerari ginion solas. Eginbide prestua, Gipuzko ta Bizkaikoa. Noiz erranen gauza bera Naparraz? Noiz izanen bertoko batzarrak, euzkeraz? Bizibide ederra deramagu bai ala ere. Aintzinat jo orde, gibelat. Igazko urtetan bazen emen Iruñan aurten baño itxura obea, euzkera-aldeko. Bizkorrago genituen lagunak eta zenbeit, euzkera ikasi nai gorriak ere. Aurten, ordean, oro, anu ta uko non eta nior ere ez da mugitzen. Abarkeria lotu zaigun susmo. Zer nai den ere, ez gira len bezain atxikiak, len bezain gozo-ixuriak. Ai gure antsiaren aula! Ez ote oart gauza bateri? Ez ote oart euzkera bazterrat emanik JEL ere nekezago ibiltzen dela? Nai baduzie JEL-en urratsak azkartu, oñarria landatu sendo, joaitea gotortu, eman zazie euzkera aurretik. Aziko zaitzuen jelzalgoa zustraia izanen duzie. Gabe, aldiz, kaxkarra ta loka. Sudurmenean duzie ikasgarria. Ea zenbat dire joanak, JEL-ekin batera euzkera edoski aietarik. Ea zein diren alderdian eragilenak. Egun eta eguzkian, abertzale garrienak, euzkaldunduak. Ez dezagun eder xuri ta xau ezin dena. Euzkera ta euzkera. Euzkalzale nolako, abertzale alako. Euzkalzale txarra, abertzale txatarra. Ta abertzale txatarrakin erria ez da joanen ez da erdaraz ere. Euzkaldunak direla bide, JEL-ek eginen du aurrera. Oil ditzagun urrunat ez ikasten gogortu oiek, bereziki gazte izaki. Euzkaldunak bear ditugu, abertzale bezain ainbat. Egia da abertzaleak alde, JEL ez dela sartuko erritarren gogora bañan ez gutigoko egia da euzko-gogoa ezin dela bazka ta alha, euzkera gabe. Erdaldunak ez du izari-izarian neurtzen ahal euzkotasuna, onen zaina ezbadu, euzkera. Duenak erro ta barne asmatzen du abendaren deia. Gabeari, ordean, makalduko zaio euzkotasuna, indartu-ustean. Nik beinepein ez dut ezautzen abertzale bat euzkera ikasia ta guganik alde-egina. Elea dugu, beraz, euzko-gogoaren pitz arazle, leiaren indargarri ta JEL-etsiaren atxikimendu gakoa. Unagarri naizela ni euzkera-aitzakia-maitzaki otan gogortua? Bai noski bañan ni baino unagarriago dire egi au atxiki ta gogortzen direnak, ez ausnartu naiak.

 

aurrekoa hurrengoa