Grand Placen aurkituko gara
—3—
Hor barruan, agian, hobeki nengoke. Larruzko siloi horietan. Baina agian ez du hemen bezainbat epeltasunik egingo nahiz barruko sua piztu duten. Ze arraro maiatzean tximenea behe bat piztea, ez bait du horrenbesteko hotzik egiten. Laster gainera hona helduko da eguzkia. Orduan bai ongi, eguzkiaren epeltasunak laztandua. Zein bizar zatarra dadukadan, hiru egunekoa ja. Eta molestagarria gainera, burua jeisten dudanean hazkura ematen dit. Baina ez dut moztuko. Mende batetako seinale iraultzailea, zeinek esaten ote zuen hori: Pio Baroja, Unamuno eta haietaz. Oteizak agian. Bai Oteiza zela uste dut. Bizarrarena ere ziklikoa dela ematen du. Aitona bizardun, aita bizar gabe eta iloba bizardun, gure semeek ja ez dute bizarrik utziko. Neretzat libre egoteko eta are izateko sinbolo eta ezagugarri da. Zein putasemeak funtzionari haiek, zer axola zaien presook bizarra eduki ala ez, baina zitalkeria soila gatik moztu egin behar. Orduan ere montatu zen muntatzekoa, gauza guztietan bezala, sortu ziren bizarra sekula moztuko ez zutenak, eta hori Peru bezala, esate batetarako, ez zutela bizarrik, baina kasu hartan ere mostratu egin behar zein zen potroduna eta zein ahulena. Neri berdin zitzaidan, baina humilagarria zen moztu behar izatea. Orduan erabaki nuen, behin libre egonez gero ez nuela gehiago bizarrik moztuko. Arestik ere bazuen horrelako kanturen bat. Euskara libre ikusi arte ez dut moztuko bizarra. Libre ez, beste zerbait zen, Salbu, bai euskara salbu ikusi arte ez dut moztuko bizarra. Zer ote da euskara salbu ikustea. Polita zen bidali zigun gatuna. Egia esan ez genion gauza askorik ulertzen batua zela eta ez zela, baina detaile bat zen, Caceresko puntan preso zeuden gizon ezezagun batzuei, Etxepareren gramatika bat egineko asmoaz zebiltzatela eta bere aholkuak igortzea, baina gero ze arraio montatu omen zuten Lur zela eta ez zela. Hori ere pikutara joan zen. Euskara salbu.
Bizi guztian ibili beharko zuten bizardun. Erosoa da, aurreneko egun hauk kenduta, nahiz orain zikin aurpegia ematen duen. Baina libertatea gauza tikiez, tartika niminoez lortzen da. Hemen Bruselasko puntan garagardo bat eguzkitan edatea, bizarra uzteko posibilitatea eta eskubidea. Hau hazi arte pasako dira bi hilabete guttienez. Zer ez ote da gertatuko hemendik bi hilabetetara. Hiru egun hauetan gertatu diren gauzen martxa jarraikitzen badu, nork jakin. Larunbatean oraindik ez genekien gartzelatik irtengo ginen ala ez. Segur ez behintzat. Bueno, bai, abogaduak telegrama bat bidali zigun, baina nork sinetsi beste esplikaziorik gabe, Bruselasa etorriko ginenik. Gainera nerbioak gatik, duda gabe, baina zein telegrama arraroa bidali ziguten. «Askatasuna ez da posible, baina kalera aterako zaituztegu». Bibliako berset bat ematen zuen. Eta adierazpena, azkenean ez barruan —euskal herriak permetatzen ez duelako— eta ez kanpoan —ejerzitoak permetatzen ez duelako—. Ondorioz, Bruselasera. Agian horrela guretzat hobe izan da. Bestela egungo egunean Donostian agertzea, Donostian murgiltzea, antzinako ezagunak, familia, erakundeko jendea, amnistia dela eta ez dela, berriz ere bronka guztian buruz behera tzanga egitea baino hobe behar bada honela, patsadan eta apurka apurka, ezerian, jendea gutika gutika ikusiz joateko. Gaur Jone eta Saioa, ia datorren larunbatean gurasoak eta arreba datozkidan, eta horrela azken zortzi urte hauetan gertatu diren gauza guztien berri jakinez noan, eta ez denak batera. Donostira ere joango gara, baina astiro.
Aldez aurretik nere bizimodua antolatu nahi nuke; nere etorkizunaren aitzinean zabaltzen diren posibilitate horietaz egiaz probetxatzeko gogo apur bat dadukat; ez nuke nahi berriz ere nere bizia gertakarien atzetik eta ondotik nora naramaten jakiteke ibiltzea. Jaingoikoa eta lagi zaharra, Euskadi eta Askatasuna: dedikatu dut nere biziaren parte handiena Jainkoari eta aberriari, lagi zaharrari, eta komeni zait, eta denori, gure buruari ere zerbait dedikatzea. Berriz, ere hamasei urte nuenean bezain libre aurkitzen naiz, orduan ere, kolejiotik irten berria mundu osoa zabalik eta bizitzea posibilitatez betea aurkitzen nuen baina gero. Dena erabakitzeko, etorkizunaren posibilitate guztiak karta mahain gainean bezala zabaltzen direnean eta nagusi egiterakoan zer izango zaren susmorik ere ez dadukazunean eta, beraz, segurtasun eza horrek ematen duen angustia irrikitsuaren garraztasuna dastatzeko lehen parada edukitzea.
Ze beltzaren beltza. Beltza beltzez jantzia. Baina beltza egiatan, ez txokolate kolorea duten horitako beltz edo erdi beltza. Beltza, baina gainera beltzez jantzia, pantera beltzaren dotorezia, larruzko galtza beltzak eta larruzko jaka beltza, are sonbrailua ere beltza, bere dotorezia salbaia, panteraren flexibilitatea nabarmentzeko. Gauza zuri bakarra larruzko gerri beltz batetan ixteko belarri metalezko zuri diztiratsua. Norbaiti diru xanpona erori zaio eta haren hots metalikoak hotzikara bat ematen dit. Behar bada ez da hotsa izan, uhalaren ixtekoaren diztira baizik. Agian biak nere buruan elkartzea. Ixteko belarriaren hots metalikoa.
Ilunbetan, ilunaldian ezkutatu eta gerizaturik, galtzak eskuan. Galtzak jarri eta hanka korrikan, ahal nuen andararik handienaz: besterik ez nuen behar libratzeko. Handik irtenez gero, korrikan pasiloan barrena hiruzpalau metro eta kaleko atea zabaldu eta arinki, kalera. Libre. Nere bizia birplanteatzeko parada berria. Baina ixteko belarriaren zarata metalikoa entzun eta ilunbeta desagertu zen berehala, bi tiro, justiziaren ezpataren ximista argitsua eta bi tiroren hotsa, trumoia udarako arratsalde lasaian bezala. Harrapatu naute. Gero metrailetaren rafaga bat, armario atearen egur-izpiak ateratzen dituena. Baina ez dit bat ere balarik azertatu. Luisen kexua, «ez nazazue hil». Bittorren negarra, «hil naute». Amaitu da nere askatasuna, bukatu da nere gaztetasuna, hemendik ez dago bizirik irteterik. Ni ere hilko naute.
«Eh, zu, hor barruan zaudena. Atera zaitez, besoak buru gainean ezarriz». Irri ironikoak, zeini bururatzen zaio armario batetan ezkutatzea. «Zer uste duzu, ez ginela kontutan eroriko». Gantzotzilo hutsik. Are humilagarriago. Animalia harrapatua, bildotsa arrano beltzaren hatzaparretan.
Ehiztarien iaiotasunaz jarraiki zuten gure aztarna. Gartzelan preso zedukaten adiskide bat libre utziz, jakinik torturekin lehenago menderatu ez gero, duda gabe, erakundearekin kontaktotan jarriko zela, eta guregana eramango zituela. Hamabost egun zigor ankerren menpean eduki bait zuten. Zarautzko kuartelean eskuetatik zintzilik eskaileretako hutsunean hirugarren pisutik. Bainera ur zikinez betean burua sartu, elektrodoak aplikatu, egiazko tortura zital eta krudelak. Segurki, harez gero libre utziez gero animalia askatu berria bezala bere adiskideengana joango zen. Eta joan egin zen. Ez zitzaigun normal iruditu Patxi hain lazter libre utz zezaten, bonba bat jartzeaz akusatzen bait zuten, baina nola duda genezakeen hainbeste tortura jasan zuen adiskide bati buruz. Gainera, gure artean duda eta mezfidantza sortzen utziez gero, gure bizimodu hura jasan ezina egingo zitekeen.
Eta handik aste betera baino lehen harrapatu zuten, Durango aldeko baserri batetan. Dato guztiak zituzten bere eskutan baserri hartara joan zirenean. Arratsalde batetan, eguzkia ezkutatu orduko, baserrian presentatu ziren hogei edo hogeitahamar goardia zibil eta Bilbora deteniturik eraman zuten. Ordurako bazekiten gu Bilboko parte zaharrean maiz ibiltzen ginela eta inguru hartan etxeren bat genuela. Hargatik Patxiri jarraikiz zona hartara joan zela jakin zutenean, Sherlock Holmesen baino iaioago sentitu ziren. Harrapatu zutenean egin zioten galdera bakarra, giltzei buruz besterik ez zen izan. Oraingoan ez zuten zertan eskailererik zintzilik eduki behar. Gure desgraziarako Patxiri esan bait genion etxe hura uzteko asmoa genuela. Hargatik batere duda eta ez konplexorik gabe esan zien giltz hura Artekaleko etxekoa zela, horrela polizia engainatzen zuelakoan.
Hiru edo lau egun zain egon behar izan zuten, ia noiz ailegatzen ginen. Erabakirik genuen ez ginela gehiago etxe hartara joango. Giltza ere entregaturik genuen bere jabeari. Baina neri galtzak ahantzi zitzaizkidan eta eskapada batetan mendira jo genuen eta nituen panazko galtzak erabat izorratu zitzaizkidan. Eta etxe hartara itzuli behar izan genduen Bittor, Luis eta hirurok galtzen bila. Zerbait raroa igarri genuen, sukaldetik zetorkigun zaratan estrainioren bat norbait zurezko zolaren gainean, galtzerdi hutsik dabilenean bezala, baina ez genion kasu handirik egin. Gero boz bat entzun genuenean, dena galdurik zegoen. Ez genuen beste biderik. Ni motxila zahar artean zegoen galtza urdinak hartzen nengoen, eta handik ihes egiteko burura etorri zitzaidan idea bakarra, armarioan barruan sartzea izan zen. Zein absurdo, bai, baina zer egin nezakeen, bestela. Gainera aurreneko aldiz etorri zirenean ez ziren konturatu. Bittoreri bere izena ere ez zioten galdegin, altorik ere ez zuten eman. Tiro bat sabelean, erdi erdian, ia zilbor-hestean, eta Luisen gainera erori ziren, tiroka zihardukatelarik.
«Hemen norbait falta da. Hiru zetozela esan digute. Atarira hiru sartu direla esan du komisariak. Bada, hementxe egon behar du». Luis gaisoari ostikadak giltzurrinetan jotzen, pistola bat buruan jarri zioten, baina ez zuen deus ere esaten, ez bait zekien non sartu nintzen. Leihoa ere, nahiz itxirik zegoen handik goitik behera, kalera begiratzen zuten. «Hemenik ez du saltorik egin bada». Eta ni dardar oinetatik burura armarioaren hilunbeta haietan, galtzak eskutan. Galtza haiek jantzi eta harrapataka, ezin arinago atera erabakileki eta libre nago. Lau urrats besterik ez. Ez naute bizirik harrapatuko. «Hil naute», «hilko naute» oihukatzen zuten nere adiskideek. Libreatzeko aukera bat baizen ez dadukat baina probetxatu egin behar dut. Eta orduan bi tiro, eta metrailetaren rafaga bat. Ez dut ulertzen oraindik nolatan libratu nintzen eta ez zidaten tiro bat ere jo. Zortea izan nuen. Alde batetik begiraturik nik beti eduki dut zortea.
Grand Placen aurkituko gara |