Grand Placen aurkituko gara
IV
Karlos hau da izatekoa. Salara buzo jantzirik etorri da. Baina egiazko buzoz, eh, eskafandra eta guzti. Ezina da jakitea zer nolakoa den, haur handi heldugabe bat ala, alderantziz, bere esperienzia pertsonala gatik gehiegi heldu den gizon bat. Dena dela, igartzen zitzaion, zenbait pailazori makilaje azpian bezala, bazuela halako kezka-izpiren bat Karmele gatik. Penagarria litzateke hain luzaro iraun duen matrimonio bat, pareja hain elkartu bat, bi pertsona hain jatorrek osatzen duten pareja zoragarri bat hain era, nola esan?, arront eta baldres batez bukatzea. Baina ez dakit zergatik esaten dizudan hau dena guztia. Baduzu zuk ere, eta geuk ere, problema dexente inoren munduan sartzeke. Ez dut uste tzarto hartuko duzunik. Gauza naizen esfortzu eta lan guztia egin nahi nuke, ordea, nere bizimodua nolakoa den esplikatzeko. Gure komunikabide ezean galdu dugun denbora irabazi nahi nuke, bestalde, horrela irteten zarenenan, gaur egunean egiaz garen bezala onar dezagun elkar. Ulertzen didazu, ez da?
Beldur bait naiz gaur egun naizen Jone hau ez dadin izan ezagugarri zuretzat, zuk hainbeste maite izan zenuen Jone adoleszente gaztetxo hura. Eta berak ere hainbeste maite izan zintudana. Baina zortzi urte ez dira alferrik inorentzat pasatzen. Ez da nik uste dudalako denbora honetan ezinbestean jasan dituzun aldaketak Luisen emaztegaiari bezainbat kalterako izan direnik. Ez eta gutiago ere. Kasu horretan ere, gainera, maite izango zintudan. Benetan.
Egia esan, ez dakit nola esplikatu. Zein gogor egiten zaidan gai horretan sartzea. Mihingain zitalek dioete Luisen emaztegaia eta Karmele elkarrekin dabiltzatela. Horrek —badakizu nolakoa den herri hau gauza horietarako— mota guztietako susmurruak sor erazi ditu; zenbait sorgin gainera ni ere erlazionatzen ninduten asunto horretan. Dena gezurra da, ordea. Benetan, neri dagokienaz behintzat. Benetan. Gaurdanik nahi nuke jakin dezazun erabat leial eta fidel izan natzaizula. Inor ere ez dudala maite izan zu bezala eta zu bezainbat.
Ez iezazu inola ere kasurik egin inoiz entzuten dituzun susmurroei. Horixe besterik ez baitira, susmurruak.
Gaur egunean Euskadi osoa susmurru bat da, oraingoz jakingo duzu prentsaren bidez zer gertatu den berriz ere ETAn barruan. Esaten da berriz ere eszioren bat ote dagoen edo. Oraindik egiaztatzeko dago, eta harrigarri eta susmogarri, beraz, dateke berri hori zabaldu duten egunkariak Madrilekoak izatea, eta gainera, bestalde, ETAren berri berehalakorik edukitzeko posibilitate handirik ez duten egunkariak, hala nola ABC bat. Haseran uste nuen, beti, kinka politikoren bat hurbiltzen denean sor erazten duten buloa besterik ez zela izango. Baina gaur goizean Ibarra deritzan gixon zahar bat sekuestratu omen dute Bilbo aldean; badakizu El Correoko xuzendaritzari eta Bilboko alkatesa izan zenari nolabait loturik dagoen familia horretako kideren bat, eta ez dirudi hori izan zitekeenik ETAren bidea memento honetan, ez miliena eta ez polimiliena. Horregatik, gaur goizean dendan bereziak izan ote diren entzun dudanean, pentsatu dut, berriz ere bagara beste eszioren baten aurrean. Ez bait dot uste miliak izango zirenik, bestela ez zukeen zentzurik edukiko orain dela sei bat hilabete ezagutzera eman zuten kondena polimiliek egin zuten sekuestroa gatik. Eta are gutiago polimiliek —nahiz hauekin oso zaila izaten den zertan ari diren—, baina bestela zer sentido daduka alderdi politiko legal bat muntatzeko egin duten esfortzua.
Askotan galdetu diot neure buruari, guk baina bereziki zuek egin duzuen sakrifizioak merezi izan ote duen. Eskerrak munduko herririk jator, beroen era dinamikoena dugula, eta oso guti ezagutzen dituela roilo tzar horik guztiak.
Maitea, ze gogoa dudan gartzelatik azkenean irteten zaren berriz ere gure bizimoduak beste oinharri berrien gainean birplanteatzeko. Bizian oro ez da politika. Gauzak oraindaino hartu dugun baino astiroago era patxada handiagorekin hartzeko. Ez dakit, bada, zera, irakurtzea, hortik herri berriak ezagutzera irtetea, etab.
Urteotan ez dot eduki nobela on bat irakurtzeko astirik. Asko gustatu xitzaidan zure azkenetako karta batetan esaten zenidana. Nola ja ez zinen gai kontzentratzeko eta ezer estudiatzeko, nobela onak irakurtzera dedikatzen zinatela. Erosi nuen, xure kontseiluei jarraikiz, Ulises nobela hura. Era irakurtzen hasi ere egin nuen, baina ezin izan dut asko irakurri. Irakurri dudana, gainera ez zait askotzat zerbitu, ez bait naiz gauza handirik aklaratzen, maldan gora egiten da apur bat, bereziki haseran.
Asko gustatu zitzaion, ordea, Karlosi. Dirudienez irakurria zedukan baina ez zuk esan zenidan edizioa eta esaten zidanez oso interesgarria omen da.
Oso kezkaturik ikusten dut Karlos. Ez dot inoiz ere ikusi horrela. Dexente exagutzen ez dudalako ez balitz, esango nuke irrigarri zegoela buzo jantzirik, pailazo triste bat bezala, festan bezala, baina bere tristura eta kezka ezin ezkutaturik.
Tamalgarria benetan. Ze raroak garen humanoak batzutan. Ez dakit nondik datorkion gehiago bere kezka, ala Karmele ez agertzetik ala, dioetenez, andre baten truk uztetik, eta berriz bere matxismoan mindurik kausitzen ote den. Neu ere konfusio-itsas batetan murgildurik kausitzen naiz, guztaz esplikagaitzak egiten zaizkidala, agian ez naizelako gauza neure buruari ere planteatzeko, nolatan izango naiz gauza zuri planteatzeko.
Badaukat zu ikusteko eta besarkatzeko gogo bat. Xit inportantea da neretzat, benetan, zure irtetea, gauza hau dena esplikatzeko. Eta nik bezainbat, duda gabe, Saioarentzat. Aita baten faltan dabil, nabariki igartzen zaio. Ezin dezake luzaroago jarrai aita fantasmagoriko bat, aita heroi bat edukitzen, batzutan bere ikaskideek miretsia, baina gero eguneroko bizian segurantzarik eta kontinuitaterik eskaintzen dion aitarik gabe. Beharrezko zaigu lehen bait lehen itzul zaitezen erromes-bizimodu hau buka dadin, beti alde batetik bestera. Zeren horrek zenbait problema sor erazi bait dio, maila guztietakoak, direla estudioak gatik direla afektiboak. Bereziki afektiboak. Askotan, onartu egin beharra dadukat, ez diodala eskaini bere edadea gatik behar zuen arreta eta ardura guztia. Baina segur nago, zu itzultzen bazara, nerekin bazagoz, nere bizia estabilizatu ahal izango duzuela, eta horrela ez zaidala planteatuko, behin baino gehiagotan planteatu zaidana, hots, nere biziaren ala Saioaren biziaren artean aukeratu beharra.
Grand Placen aurkituko gara |