Grand Placen aurkituko gara
(a)
Nola vedette bat eszenario erdian agertzen denean, fokoen argi guztiak beregana dirijitzen diren eta teloia ezeri ezerian maiestate handi batez irikiz baitoa; halaber gertatzen da Haragia eta Ogiaren karrika hestutik Grand Placen sartzen zarenean: erdi erdian aurkitzen duzula udal-etxeko dorrea, goian San Migelekin, eta, hurbildoz zoan eran, agertuz doazela ezeri ezerian hala eskubiko nola ezkerreko parteak. Sentsazio hori areagotzeko asmoaz soilik dirudite daudela eginak ere edifizio horiek, halako moldez non linea bertikalak, habeak eta estatuak linea horizontalak baino nabariago baitaude, teloiaren tolesdurak ematen dituztelarik.
Plazara heltzen zarenean eta erdian lore-saltzaileen abozak, kafetegiko beladoreetako jendearen surmurruak, turisten irriak eta trajina, eta adokinen erdian kolore guztietako loreak, baina bereziki tulipanak, arrosa gorri zein zuriak, krabelinak, pentsamenduak, liliak, hain ugari non halako leku handi eta zabal benetan barrena ere oro bere usain gozoaz kutsatzeko eta inundatzeko gauza baitira. Orduan ikus ahal dezakezu, eta mirets, lasai eta patsadatsu, Europako Benares berri eta laiko hau, oro edifizio zibilez betea, baina Gotiko haroko jakituria ageri nahiz ezkutua aplikaturik dadukatela.
Imajina gaitza benetan hainbeste ikuspuntutatik hain miresgarri den edifizio hau arkitekto batek egina ez izatea, eta aitzitik, zenbait artistak eta garai guztiz desberdinetan parte hartzea. Udal-etxe osoa atzeko partea ezik gotiko estilokoa duzu, hura Luis XIV estiloakoa baituzu, XVIII mendekoa beraz. Haseran udal etxea ezker aldeko parte hau besterik ez zen, eta zenbait autoreren eritziz plaza honetan harrizko lehen etxea omen zen, 1402 aldian egiten hasia. Garai hartan edifizio honen sarrera printzipala Leoien zurubi horretara doan mailartea omen zen, eta horren gainean, hura sostengutzat harturik, eskubiko aldeko pinakuluan, atalaia bezala bukatzen zen. Arkitektoaren izena Jacques Van Thienen zen.
Grand Placen aurkituko gara |