Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983

 

 

—17—

 

        Arratoi-zakurraren tikitasun, belzdura eta hortz zorrotzak dituen zakur niminoa, urduri eta tripa-erre, bere buruari eten gabe bueltak ematen dihardu; amorrazioaz neskatoari salto egiteko posturan jartzen da, baina azkenean ez da ausartzen. Neskatoak pertsona nagusi baten segurantzaz agintzen dio, isilik, eseri, baina jarri eta berehala lokarritik tiraka hasteko, bere boterearen frogak egiten bailego. Neskatilaren begi urdin gardenak Saioarenak oroipena dakarkidate burura.

        Enparantzari darion bakantzetako giro lasai eta patsadatsuarekin kontraste guztiz nabarmenean, zolaren adokinetan guztiz dardar dardaratzen, besoak ikaratan kirtena noiz utziko, eskuko karro digante batetatik tiratzen bere indar guztiez, Sisifo gaiso kondenatu bat bezala Santi ezbehartsua. Egia da, lehen begiradan uste baino gehiago daduka Santiren traza, bere gorputz ez guztiz handi baina gihartsua, esne ez oso onakin begira, patsadatan dagoen jende guztiari bere lanen lekuko burjesak. Txapela ere ez zaio falta. Agian bere herrikoren edo probintziakoren bat izan daiteke. Palentziatik jende asko Euskal herrira joan bazen, hemen ere egon behar baitu.

        Sisifo gaisoa, mendi tontorrera joan bere harri handiarekin, egun guztian bailarako hunerik bajuenetatik tiratzen gora igo arte eta, heldu bezain laster, Jainko jelos eta mendekatiak harria behera botatzeko. Santik ez zukeen horrelakorik aguantatuko, orain karro horri buelta eman eta lora-kaja horik behegainera botaez gero, aurpegia apurtuko lioke horrelako gauzaren bat egitera ausartzen denari. Gozo jarriko zen, bere jenio biziaz. Buru gainera botako lioke harria jainkoari berari, horrelako zerbait egitera ausartuko balitz.

        Eta hala ere, Jainkoek gaztigu berbera jarri zioten. Agian zitalagoa. Ez, jakina, jainkoei intelijentzia ebatsi nahi izatearren baina bai nortasuna, berek bezalakoa izan nahi izatearren.

        Beste edozein herritan problema administratibo soil bat izan behar zuena, gure herrian arazoa metafisikoa zen. Euskaldun izan nahi izatea. Eta nola lortzen da hori, zein leihatilan eskaintzen dute horrelako zertifikatua. Egun on, euskaldun izan nahi dut. Santu, astronauta, jakintsua, Nobel sariduna, ofizio lort errazagoak Palentziatik datorren batek euskaldungoa lortzea baino.

        Errazagoa da aberats bat zeruan sartzea. Kamelua jostorratzaren zulotik, bai, baina Jerusalengo atea guztiz printzipal bat jostorratza deitzen ziotena, nondik kameluak iragatea guztiz zaila baitzen. Eta bere jibarekin ate ojibalaren ertzea jotzen ikusten nuen, apaizak bere arrazonamenduaren tartikekin iragaten zuen bitartean. Baina kamelua hitzak dakarkigun desertuko haize bero erregarriek beste parajetara eramaten zuten gure imajinazioa. Bada, kameluaren historia haurren txantxetako gauza bat da Santiren historiaren aldean. Are Sisiforena bera ere. Agian Sisiforen mitoa bera, ez Camusek baina grekoek Atenastar egin nahi zuen barbaroren batena besterik ez da, gero giltzarri erlijios edo erdi-erlijiosean ezarrita.

        Hi, lagun, hamalau urtekin heldu nintzen Beasainera, esaten zizun bere gaztelaniako azentoarekin. Berari mintzatzen entzun arte, uste nuen euskarak ez zuela azentorik. Erdaraz bezala pronuntziatzen zuen eta soinu dantzarin alaia ematen zion. Eta bere aurpegian isladatzen ziren kezka-itzala gatik eszena osoa imajinatzen zenduen. Egurrezko tren zahar bat Venta de Bañosetik Euskal herrira, traka traka denbora guztian alde batetik bestera, tiraka, eta dantza monotono hark gorputza balantzea dezan uzten, eztidunen pana marroizko traje batekin eta kartoizko maleta batekin, Santi gaisoa.

        Eskerrak anaia bat zedukala Zumarraga aldean, Donostira soldaduska egitera 50.an aldian etorria, eta gero marmota batekin ezkondua, eta betiereko Euskal Herrian gelditu zena. Hark lagundu zion lehen ofizioa erideten. Garaje nahiko ttiki bat, ugezabak, bere semeak eta Santik bakarrik lana egiten zutena.

        Nola maitatzen eta kantatzen zuen euskaldun zahar hark lana. Nahiz hirurogei urte baino gehiago eduki, nerbio hutsa lanerako, goizetan zortziretan joan beharrean zazpiretarako han «al pie del cañón» aurkitzen zena, eta gero gauera arte, behar bazen egoteko prest gero, garajeko mailurik handiena esku bakar bateaz, ezker zein eskubiz, erabiltzeko prest, erraztasun guztiaz, basajaun bat baino handiago. Txapela ere Eloseginean egiten duten tamainorik handienetakoa. Maradikapen biblikoa ongi betetzen zuena, hala fede, egun guztiz izerdi nahikoa botatzen bait zuen bekokitik. Baina gero San Pauloren agindua ere are arreta handiagoz begiratzen zuena.

        Lanegiten ez duenak ez dezala jan. Guk egin diagu lana dexente bai, eta ekar ezak xerra on bat,

        Bere semea, ordea, hatzaparrari gehiegi ematen zion, bere aitak irabazten zuen guztia berak frontoian xahutzen bait zuen. Eta horregatik izugarrizko amurrua zion aitak. Zaila zen hamarrak baino lehen ager zedin lanera eta arratsaldetan beti aurkitzen zuen atxakiaren bat seirak jo orduko hanka egiteko.

        Hik ez esan gero nere semea haizenik, bidaiari katalan marikoiren batena haiz hi eta. Amak ez du ematen, baina duda gabe deslizen bat eduki behar, horrelako seme bat ateratzeko. Gure etxen denok izan gaituk langile finak.

        Begira honi, Santiri, hau bai fina, euskalduna ematen du, nahiz Balentzian jaioa izan. Gaztelauen artean ere, nahiz gehienak alferrak izan, sortzen da jende fina. Balentzian ez, Palentzian. Berdin duk. Mutiko hau bai, hau aurrera joango duk. Fina benetan. Sagardotegira eramaten zuenean, bere semea balitz bezala harrokeriaz erakusten zien bere adiskide zaharrei. Honek bai nerbioa, honek, beste egunean mailuaz izugarrizko hostia bat hartu huan behatzean eta orduan bai, letxe, esaten zituen esatekoak. Horrelakoa behar du izan gizonak, esne tzarrekoa, baina lanerako. Jenioa, koño, eta ez neri sortu zaidan seme alu hori. Euskalduna ere ez du ematen.

        Gizon hark ez zion eskaini lan bat, ofizioa, dirua eta estimu bat bakarrik, euskaldundu egin zuen. Ez soilik euskara erakutsi ziolako, baina bai eta bere adiskideen aitzinean euskaldunen eredugarri bezala mostratzen zuelako. Eta guztiz euskaldun sentitzen zuen bere burua, bere herriko lurrak ukatu ziona dena eskaintzen bait zion herri hartako jende zintzoak.

        Baina nere desgraziarako, nere anaiak esan zidan independizatu egin behar nuela, nere kontura instalatzeko. Eta orduan hasi ziren sortzen nere ezbehar guztiak, lagun. Bion artean taxi bat erosi genuen eta Lazkaora bizitzen joan nintzen. Haseran guztiz kontentu nenbilen, jendeak ere ongi hartu bait ninduen, Joxeko tailarretik nentorrela bait zekien jendeak. Gainera nik gutiago kobratzen nien, taxistek gehiegi kobratzen bait dute gehienetan eta.

        Eta jendea, hala ere, hutsunea egiten. Ni taberna batetan hamarretakoa jaten eta gaiso bat Donostiara eramateko beste taxistari deitzen, nahiz hau orduan bidaia batetan Bergara aldean egon. Horrek moskeatu ninduen erabat. Zeren jende hura ongi ezagutzen bait nuen. Ni ez naiz izango guztiz argia baina horrelako tartika bat ez zait eskapatzen, ez eta... Berehala harrapatu nuen. Zerbait arraroa zegok hemen. Eta bai egon ere... Haseran ez entzuna egin nuen, ez nuen nahi berehala galdetzerik. Baina ohar hartu nuen. Handik egun batzutara sartzen naiz taberna batetara kafea eta purua hartzera eta nere «arratsalde on»a ez zuela inork ere erantzuten. Eman zidan amurru bat. Baina zer arraio egin nion nik jende hari. Nere indar guztiaz hestutzen nuen kafe beroko kristalezko basoa, dardar, apurtzeko zorian. Mekaguenka hasteko modura nengoen. Enteratu behar dut, bada, hemen zer gertatzen den. Eta bai enteratu ere.

 

Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983