Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983

 

 

—8—

 

        Ile beltzaren leuntasun izerditua lokietan eta bekokian azalari erdi itsatsirik. Ditien epeltasuna nere bularrean apoiaturik katakumeen samurtasunaz laztan apur bat eske. Besoak indar guztiaz sahiets hezurretan josirik. Gorputz guztia hain gozoki dardar nere besoetan. Berriz ohera ginen eta gure gorputzak elkar betidanik ezagutuko bailira gozatu ziren boluptuostasunaz. Lehen aldiz itsasoa eta lurra elkartu zirenean bezala, uhinaren indarraz. Kexu gozoaren kadentzia. Nere izena behin eta berriz emeki belarrira ritmikoki errepikatzea. Sirenen kanturik eztiena baino enganagarriago nere buruaren muinik barnekoena zulatzen. Zure eskuen epeltasun habila nere gorputzaren lekurik ezkutuenetan bizia pizten.

        Koltxoia kristo eginda utzi genuen. Saiatu zinen mantxak kendu nahiean, koltxoia bera baino are zapi lohiago batez alferrik igurtzen baina han gelditu ziren uhar kolorekoak haseran, eta gero, denborarekin, xokolate kolore bilakatuz joan ziren hiru biribilune haiek, gure lehen maitasun egitearen lekuko mutu baina nabarmenak.

        Maiz ohera ginen udara hartan, eta denak ez ziren izan hain leku heze eta ilunetan. la denak izan ziren hori baino askoz ere miresgarriagoak, eta ez zen zaila. Hondartza desertuan, arratsaldeak hodeiak more kolorea hartuz doazenean eta itsasoaren ferdetasuna gristuz doanean olatuen surmurruaren melodia ahapekako kantu biguna bihurtuz doanean, hondar harearen deserosoaren gainean. Pinudiko itzal freskoak gerizaturik. Ohe egin berriaren maindira garbien perfume boluptuosenean. Baina bakartatearen desesperazioan, praktika faltaz nere gizatasuna desagertu egingo zen beldur absurdoa nitaz jabetzen zenean, ez nintzen gauza beste aldi hain eroso eta pozgarri horietaz pentsatzeko, eta beti bigarren aldiz ohera ginen hura imitatzera eta birbiztera saiatzen nintzen, halako moldez non jadanik ez bait zait erraz tartikak aldi hartan nere buruan gorde nituelako ote, ala alderantziz zure jertse, gorputz, ile, diti eta abar beste aldiei eta are beste neskatxei, zinemaren ilununean nahiz imajinazio hutsari ebatsitakoak ote diren.

        Kordelak egiteko iztuparen takto lehorra sentitu dut nere oinen artean eta azkenen uste nuena: horietariko zakur nimino bat. Hankak batbatean aurreko sila gainera igo ditut eta zakur bila hasi, ezkerrera eta eskubira begiratuz, baina bera aurreko aldetik azaldu eta nere lotsen gorriena probokatu dit, tente jarri baitzait, bere hanka niminoak nere bragetaren gainean apoiatuz, eta ez zait, bada, usai hartzen hasten. Burua aterako nioke nere besoen indar guztiaz. Ile orraztu luze haien pean bi begi gorriska ezkutatzen ziren eta zaunka ere egiteko ezteus zen zakurra. Eta bere jabea, adin batere definitu gabeko atso zahartxua bere haur desiratu eta maitatuari so bailego, samurtasuna zeriola, bere animaliaren graziaren aurrean.

        Jendea ugaritu da plazan. Badoa hiria esnatuz ezerian. Bi neskatila, holandesa duda gabe, gona bakeroak, zapatilak, ile hain kirrua non kotoi zuria bait dirudi, motxila digante batzurekin, lepotik larruzko zerbait eskegita. Aintzinako eskapularioak bezalakoa. Kartera, dirua gordetzeko eta bereziki dokumentazioa batez ere: ez legoke gaizki. Kartera bat eskatu behar nizun atzo telefonoz hots egin nizunean, bestela dokumentazio guztia galduko zait, ohiturik bainago ezein paper poltsikoan daramala ibiltzera. Gartzelako ohiturarik tzarrena eta ken zailena, eta diru gehien kostatuko zaidana, gauza guztiak, metxeroa, boligrafoa, paperak, gelako mahain gainean utz dezakezu, badakizuelako gero hantxe egongo direla. Eta orain beste taberna batera joan eta kapaz naiz gauza guztiak hemen mahain gainean uzteko; atzo ere, hogeitalau ordu aski izan dira boligrafoa bi aldiz galtzeko eta metxeroa zer esanik ez. Bueno ez, Joseanen etxen utziko nuen agian.

        Gero begiratuko dut, bazkalondoan joaten garenean. Jonek horixe nahi izango du, hain da fantasiatsua, Bruselasa etorri eta segurtasun guztia edukiko du nik hemen jadanik etxeren bat dadukadala biok elkarrekin bakarrik egoteko. Amurru emango dio arratsalde osoan bakarrik egon nahi badugu, taberna batetan egon beharrak, eta hori bakarrik egotea lortzen badugu, zeren hemen plaza honetan geldituz gero duda gabe agertuko dira besteak, estrainiatuak nahiz gainerako euskaldunak, edo are periodistak ere, eta galdu dugu arratsalde osoa. Esan nion Joseani ia ezagutzen zuen lekuren bat Ostende edo horrelako lekuren batetan arratsaldea bakarrik iragateko, baietz esan zidan baina azkenean ez zidan giltzik eman. Sbolinik ba omen du bere eliza protestanteko leku sozialen bat: etxe txiki batzuk langileen familiak ere udaraz goza daitezen, baina bere sekretarisa dela eta ez dela, Joseanek azkenean ez dio eskatu, eta orain ere ez dio goizean eskatuko, segur nago. Agian joango da baina segur aski, bakarrik bere sekretarisarekin egotearren eta ez dio eskatuko. Esan zidaten Ostenden etxe bat utziko zidatela, baina, badakit Joneri ez diola atxekia horrek batere kontentatuko. Ez dio eskatuko. Baina zer egin behar nuen nik. Sei gara, eta besteak ere berdin daude. Eta ni Joseanen etxea tokatu zait, euskaldunik eroena. Egia esan, tokatu baino areago, neuk aukeratu dut. Zergatik? Bada ez zitzaidalako batere gustatu hona ailegatu eta besteak egin zutena, nor bere adiskideen etxera joatea, harrera euskaldun guztiek antolaturik egon denean, baina ez dut ulertzen nola irten den jendea idea hain klarekin, bere lagun ideolojikoekin hain azkar joateko. Zortzi urtez erabat deskonektaturik egon eta nola jakin dezakegu zeinekin garen, bereziki hain kontraesankor direnean eta hain zaila denean jakitea zer harreman edo zerrikusi duten gure garaian pentsatzen genuenarekin.

        «ETAko Bostgarren Biltzar Nagusian erabaki zen behinbetirako zein ziren askatasun sozialaren eta askatasun nazionalaren zerrikusi eta harremanak. Moneda beraren bi parteak bestetik ez dira. Egia da orduraino euskal herrian guztiz berezirik eta are maiz enfrentaturik egon direla herriaren separa ezin diren bi aspektu horik, baina abertzaletasunaren mugen kausaz eta sozialismo arrotzaren, espainolismoaren kausaz, errealitatean gauza bakar bat den hori erdibiturik zegoen. Baina biltzarre horretan argi eta garbi gelditu zen errealitatean era ezin bana batez loturik daudela. Horixe izan da ETAren aportapenik handiena euskal historian; gaur ezina da abertzale izatea sozialista eta are komunista izateke, eta orobat esan genezake sozialismoari buruz: ezina dela sozialista izatea abertzale izateke, traiziorik beltzena gure herriari egin nahi ez badiogu, behintzat.»

        « Jakina, bai. Nola ez. Herria erabat ETArekin eta burruka harmatuarekin dago. Argiki ikusten da amnistia eskatzen duenean, nahiz Espainiako gobernuak gu terrorista ginela esan, euskal herriak erabaki du gu gudariak garela eta apoiatzen gaituela.»

        «Bai, problema nazionala gatik, jakina. Bestela Espainian bezala litzateke. Baina problema nazionalak egiten du jendeak ETAren burruka apoia dezan. Gure burruka ez da demokrazia gatik, Euskadiren askatasuna gatik baizik. Demokrazia alde batetik komenigarri litzateke, agian, herria antolatzeko, baina bestetik guztiz kaltegarri masak lotan jartzen baititu. Begira hemen Beljikan, jendeak ze bizimodu pairatzen duen, inork ere ez du pentsatzen iraultzan, badute jan eta lo egiteko bezainbat eta ez dira konturatzen Espainiako edo Euskadiko langileek bezain gaizki eta explotaturik daudela, bakarrik demokrazia engainoso hori dutela eta uste dute berek gobernatzen dutela, lau urtean behin bere bozak ematera joaten direlako.»

        Hori zen periodistei erantzutzeko manera segur eta duda gabea. Eta non gelditzen dira gure duda haiek guztiak, orain dela zazpi edo sei urte ETAko preso guztiak trotskista edo maoista egin zirenean, abertzaletsuna oro burjesa besterik ezin zitekeela izan esan eta gutun tipi bat bidali zigunean. Ematen du batzuentzat gartzelamenduko zortzi urte hauek gartzelako ateak gure begien aurrean zabaltzen ziren mementoan bertan desagertu direla behin betirako eta orain dela zortzi uzteko hizkuntza, mintzaira eta ideak berriz piztu direla.

        «Herriak atera gaitu gartzelatik. Herriaren burruka gatik ez bazen, espainol gobernua prest zegoen bizi guztirako gartzelan uzteko frankismoaren kontra burrukatu genuenok ere, baina herriak bere burrukarekin, bere besoekin atera gaitu gartzelatik.»

        «Alderdi zaharrek jadanik ez dute inongo indarrik gure herrian. Egia da gerratean paper aurrerakoi bat jokatu zutela, baina frankismo garaian erabat desagertu ziren, katakunben patsadan egon dira lotan eta Madrilek propaganda egin dezaten uzten die herrian enganatzeko asmoaz, baina herriak ongi daki zeinek burrukatu duen bere askatasunaren alde.»

        «Kontutan eduki behar da gainera, gure askatasuna posible izan bada ez dela izan alderdi politikoen lana gatik, areago izan bait da herriaren burrukatzeko borondate eta nahia erreprimiezina gidatzeko bide eta hildo batzuk egon direlako. Herriak parte berehala hartzea, masen antolatzea. Eta hori ez da aurrera eraman alderdi politikoen bidez, amnistiaren aldeko gestoren bidez baizik.»

        «Bai, jende asko. Familia, bai, presoen familia lehenik, baina bai eta adiskideek, eta ezezagunak ere bai, jende guztia elkartu da masa-erakunde horietan. Zenbat? Bada milaka.

        Bai, beste egunetan biltzarre iriki bat ospatu zen Elorrioko enparantza batetan eta zenbat egongo ote ziren. Mila bai gutienez. Neskatila belga hark ez zuen sukar handiaz mintzatzen baina segurtasuna zedukan horrenbeste zirela. Mila pertsona herri batetan askatasuneren alde bere kabuz, berek, inori bere errepresentaziorik uzteke.»

        «Sozialismo demokratiko eta herrikoi bat lortzeko lehen posibilitatea herri zanpatu batetan. Lojiko da, Estatuak ez du Euskal Herrian gainerako beste herri kapitalistetan duen indarrra, hemengo ahulezia, herriaren gehiengoaren aurrean arrotza, estrainioa, estranjeroa izatetik datorkio. Ez, ez da prozedura kolonialista bat, jakina, baina nolabait, egoera horietan gerratean den ezagugarri bat dadukala nola uka. Estatua arrotza dela, bai.»

 

Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983