Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983

 

 

XIII

 

        Esan dizudan bezala, sekula ez naiz egon orduan baino erretiratuagorik politikatik. Izan ere gartzelatik irten eta Donostiara aldean ibili nintzen lan bila, baina alferrik. Berriz Bilbon gertatu zitzaidana gerta ez dakidan, herri tiki batetan lana bilatzeko gogoa etorri zitzaidan, ez bait nuen inorekin egoteko gogoa eta neure bizia egiteko premia sentitzen nuen. Eskerrak nerekin kolejioan ibili zen neska bat ikusi nuela eta esan zidala bere bulegoan ofizinista bat behar zela. Horrela aurkitu nintzen Gernikan.

        Aski izan zen lehenago bulego batetan lan egin nuela demostratzea postua berehala eman ziezadaten. Ongi etorri zitzaidan haseran lan eta ordu ordenatutako bizimodu hura. Baina geroago eta astunago egiten zitzaidan Gernikako giro hain itxi hura, beti igandez jantzita dabilen jende hura konbinatuak eten gabe hartzen kafetegi eta pub hain luxoso haietan. Eskerrak inguruetan dauden baserri eta bailara liluragarri haiei, itsasoa bera bezain atsedengarri.

        Trajedia harez gero Lekeitiora joan nintzen aste bete pasatzera. Mutil hura utzi nuen andereinoaren etxera joan nintzen neu ere ezkutatzeko asmoaz eta barne-oreka eta nere biziaren zentzu baten bila. Mundua zein tikia den ohar zaitezen neska hura, Markinaren adiskidea Karlosen arreba zela esango dizut. Lekeitiora joan nintzen beste aldi guztietan ez nuen sekula ere ongi pasa, beti tokatu bait zitzaidan dena udatiarrez eta jendez beterik, halako moldez non ia kaleetan barrena ere ezin bait zen ibili, baina oraingoan herri hartan aurkitu nuen, edo aurkitzen hasi nintzen, hain premiazko nuen barne-bakealdi apur bat. Nahiz nere asmoa etxen irteteke egotea zen, entxopanaturik egoteko, gutienez poliziak nitaz zer zekien berri eduki arte, aurreneko arratsalde osoa etxe hartan bakarrik egonda ezin nuen ja gehiago jasan erremordimientoaren kolpe hura eta Itziarrekin irten behar izan nuen lehen gauean, bestela erotu egingo bait ginen. Arratsalde guztia negar batetan iragan behar genduen biok nork bere aldetik; ez dakit bere mutila zen ala ez, sekula ez bait da nahi izan gauza horretaz mintzatu, baina ez dut dudarik asko maite izan zuela. Mutiko gaisoa, ze heriotze izugarria eta bereziki laidogarria zakur bat bezala plastikozko poltsa batetan sarturik herri guztitik erabiltzea goardia zibil pareja artean. Ezin nuen ezaba nere burutik bere aurpegi hotzaren eta hilaren imajina. Bere aurpegi espresiogabea bere ezpain handituak erdizabalik hortz irregular eta lehorrak erakusten, eta bereziki bere begi argiak neri begira, era inkisitorial batez nitan josiak, gau hartan non, egon eta zer egin nuen galdegiten. Bere masaila eta sudur zuriak plastikoaren kontra aplastatutik, hile koipetsua odol mantxa eta lokatsaz nahasia. Plastikozko boltsatik sortzen ziren hanka bien balantzeo ritmikoa.

        Ezin nuen begirik itxi, gela hartan inor ote zegoen beldurrak eragozten bait zidan. Udako etxe hartako horma zuriak fijo begiratzen geratzen nintzen eta berehala bonbilaren tanta nimino baten islada itzal obsesibo arrotz bat bilakatzen zitzaidan batbatean, haseran apurka, baina geroago eta azkarrago higitzen hasten zen gorputz hartu arte eta zerbait konkreto bihurtzen, Markinaren jertseko ximurduraren bat eta haren ondoan bustin lehorraren mantxa bat eta haren gainean odol-mantxa bat; begi hil, zabal eta justiziegarritsua, eta lehenagoko itzal hura betondoko riktus gogorra, autopsi mahain egurrezkotik zintzilik geldi zegoen esku bila, eta izugarriki hurbiltzen zitzaidana, itsasoko ur gainea hodei baten itzal morea bezala.

        Amesgaizto batetik esnaturik bezala jartzen nintzen eta begirada itzal ikaragarri hartatik ihes egitera saiatzen nintzen fortuna askorik gabe. Buelta erdia eman eta aldamenera begira egoten nintzen.

        Gau-mesilako kristaleko linea berdeko bertizean kristalezko diztira bat lehertzen da ortzadarreko kolore guztietan nere begi hezeen aitzinean, berriz ere airean puntu zuri batetan biltzeko eta berehala niregana datorkit abiada bertiginoso batetan nere begietan sartzeko haizto gaizto bat irudiz.

        Egun beldurgarria benetan, buru-argitasun jasan ezinekoa, bi aldiz esnaturik bainengoen.

 

Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983