Grand Placen aurkituko gara
—11—
Irabazi egin dugula onartzeko bezainbat buru-argitasuna behar dugu, eta humiltatea. Baina ez dugu irabazi hogeita bi huts. Gutitan ematen dira horrelako emaitzak historian, baina bataila batzuk garaitu ditugu. Garaitia hori administratzen jakin behar dugu. Orain arte ezker abertzalea izan dena errekonbertitu, gure nortasuna eta experientzia guztiz aparta begiratuz, errespetatuz eta desarroilatuz, nolabait Europan bigarren mundu gerratik sortzerakoan ezkerreko alderdiek egin zuten aldaketa eraman gure barnean.
Zaila izango da, Italian eta Frantzian izan zen bezala. Problemak egongo dira. Alderdi horietan ere oraino problema teoriko asko ez dira soluzionatu, baina esan dezakegu izugarrizko aurrerapena eman dela. Grezian ordea, iraultza egitera joan ziren, edo agian, nork jakin, joan baino areago bultzaturik aurkitu ziren, Churchilen tranpan erori zirelako. Churchilek ez zuen nahi Grezian Aderdi komunista indartsu bat, eta mendira egotzi zituen komunistak. Guk ez dugu mendira joan behar.
Igartzen nuen nere hitzaldia lur antzuan erortzen zela. Donostiako JOCen ezagutu nuen Komisioetako hura, nik elekzioetara joan behar zela esan eta berehala aspertzen hasi zen, whisky boteilaren lepoari bueltak ematen eten gabe, gero eta erosotasun gutiagoz.
Esperantza guztia galdurik burua alde batetik bestera higituz esan zion bere lagunari, «esaten nian, hemendik hiruzpalau hilabetera orain dela hamar urte bezala hasi beharko dugu, hogei hogeitahamar lagun Abenidatik zehar amnistia eskatzen».
Baina egiaz argudiorik gabe utzi ninduena bere adiskidea izan zen. Esaten duzuna hori guztia ez dago gaizki, agian arrazoi dukezu, baina elekziotara joaten baldin bagara ez dugu ezein ere aterako.
Agur esan eta ni berriz afaria ospatzen ari zinen lekura itzultzeko nengoela, azken taktika bat argi utzi nahi izan zuten. Egia ahal da zuek elekzioetara joan behar dela esan duzuela? Ez baina ados nago joan behar dela. Baina ez duzue esan. Ez, ez dugu esan, nik bebintzat. Zeren beste aldean EIAkoak kartel bat atera baitute, zuek elekzioetara joan behar dela esaten duzula eta. Bai zera.
Gure burruka agian ez da izan, bereziki abertzaletasun berri bat egiteko. Hori gure lanaren ondorio bat izan da, baina gure helburu eta zedea ezker berri bat, sozialismo berri bat egitea izan da, eta jakina, sozialismo hori lortzeko, beharrezko zen arazo nazionalari erantzun egoki bat ematea, erantzun bat ezinbestez bi mailatan higitu behar dena, aldez, euskal herrian existi dadila lehen aldiz gure historian euskaldunen erreibindikapen nazional hala politikoak nola kulturalak bere baitan hartzen dituena, baina aldez ez dezala ahantzi euskal eskubiaren planteamendu nazionala ideolojikoki burrukatzea. Bide horretan bete dugu lehen partea, agian jadanik suntsi ezina da ezker abertzalea jadanik ez da Burgos judizioko garaian bezala, baina bestetik oraindik ezker abertzale horren aldamenean badago beste ezker klasiko bat ere, eta beharrezko da ezker hori bilaka dadin, abertzaletu edo bestela bere oinharria eta basea kendu.
Baina benetan imajina gaitzena, sekula pentsatuko ez nuena, gaur goizekoa izan da, nere amak telefonoz deitu duela eta nola linea mozten den, interesgarri litzatekeela zerbait graba dezadan nik ez dudala elekzioetara joan behar dela esan, horrela bera entera dadin, nere ama guztiz kezkaturik bait dago nik hori esaten dudala eta. Noraino heldu den jende horren ausartzia. Nere ama kezkaturik dagoela nik elekzioetara joatea esaten dudala eta. Nondik ezagutzen dute horiek nere ama.
Garagardoa epeldu egin zait, baina ez dago tzarra, hala ere beste zerbait eskatu beharko dut, bestela kamareroak eskekotzat hartuko nau. Xist. Okupatuegia ematen du.
Epeltasun horrek garagardoari keriza gusto estrainio hau are nabarmenago egiten dio, sofistikatuago. Zein historio arrotza kondatzen zigun Joseanek garagardoari buruz, agian bere zerbeza edatearen atxakia asmatu berria, baina baliteke ere libururen batetan aurkitutako historien bat izatea. Lehen aldiz garagardoa esan nuenean, erdi hasarre jarri zen eta aranismoak asmatutako izen batere romantiko eta deskribatzaile bezain positibo zela. Egokiako iruditzen bait zitzaion zerbeza izena, are euskeraz aritzean ere, zeren izen hori, garagardoa bera bezala, keltarrentzat izen majiko eta sakratua bait zen eta zeinaren etorkia beste hitz eta animalia sakratuan bilatu behar bat da: zerbuan. Eta jakina da keltarren historio eta lejenda guztiak protagonista oihan batetan galdu eta zerbu bat ikusi eta horren ondoan joaten denean hasten direla.
Arrotzena, ordea, KASeko jende hark hitz-erdi ere ez esatea ETAri edo erakunde harmatuei buruz. Zer pentsatuko jendeak ez bakarrik jende arruntak baina bai eta barruan dauden militante harmatuak biolentziaz. Independentzia lortu arte beharrezko dela? Nola pentsatuko dute demokrazia batetan ere posible dela harmekin jarraitzea. Nola pentsatuko dute horrela euskaldunok iragan mendean bezala karlistadetan paper erreakzionari hori jokatzea. Demokrazia apur bat dagoenean, euskaldunok etorri eta izorratu.
Harrigarria ere hain guti jakitea nola dagoen espainol herriaren kontzientzia. Sei urte Caceresen egon eta ez genuen ezagutu ezein preso politikorik. Bi urte Cordoban eta iaz bakarrik ezagutu genuen ezker muturreko militante pare bat. Eta gero amnistiaren aldeko manifestaperak egiten hasi eta, udal guztiek amnistia eskatzen hasi zirenean, Cordoban egon zen manifestaldi hartan polizia etorri eta jendea xaloka, jotzen ez zituztelako. Asko aurreratu gara «viva las caenas» eskatzen zenetik, baina ez hemen amesten den bezainbat.
Grand Placen aurkituko gara |