Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983

 

 

III

 

        Zenbat aldiz pentsatu dut tontakeria bat egin genuela Londresa joateko gure amets kutun hura ez beteaz, bere saltsan ezagutzeko zer ari zen egosten hippy, psikodelia eta hura guztiaz. Zein desberdin izango ziren gaur egun gure bizimoduak joan bagina. Uda hartan, aurreraturik genuen diru guztia horretara dedikatu bagenu. Arriskatu bagina, ez zen jazoko gertatu zen desgrazia ezbehar hura.

        Tzarrena zen ordurako erabat liaturik zinela, eta ez dizut esaten inola ere kulparik botatzeko asmoaz. Neronek ere, segur aski, gauza bera egingo nuen eta ez dadukat kexateko eskubiderik. Baina haseran haserre jarri nintzen Pedro Marirekin ari zinen lio haietaz ezer ere ez kontatzearren. Gauza bat da klandestinitatea eta beste bat guztiz desberdina desfidantza. Nik dena, oro kontatzen nizunean are gauzarik barnekor eta kutunenak ere, are neu beldurtzen ninduten susmorik tikienak ere. Uste dut experientzia horrek zerbaitetarako zerbituko duela. Eta hemendik aurrera hori dena desberdina izango dela eta elkarri dena esango diogula. Dena dela, ez ninduzun erabat enganaturik eduki. Behin konturatu nintzen harmaturik ibiltzen zinela. Bueno, ja gauza hauek ez dute batere garrantziarik edukiko, ez da? amnistia laster errezibituko bait duzu. Gogoratzen al zara nola joan ginen behin Maria Eugenia zinetokira, logalea kendu zidan pelikula bat ikustera, bai, zera, Polanskyren «Deabruaren hazia», deabruak emakume bat izorra uzten zuela Antikristoa jaio zedin, edo horrelako zerbait. Harez gero amesgaizto izugarri batzuk eduki nituen izorra sentitu nintzenean. Eta normala deritzat. Zu gerran eta iraultzan jokatzen zenuen bitartean —eta errespeto guztiaz diotsut— nik familia guztiaren arrabia eta haserrea jasan behar nituen, nere adiskideen konpresiorik eza, eta are gaur egun bere burua progretzat duten baten baino gehiagorena. Baina ezerk ere ez zidan eman hain min sakonik nola zure detentzio famatu hura izan eta biharamonean komisaldegira zu ikustera joan nintzenean eta zu ikusten ez utziez gainera, neu ere detenitu egin nindutenean, eta polizi-andre batek katxeatzeak pantaloiz eta sosten hutsik larga, nere inguruan ezeri-ezerian pasatzen zelarik, mespretxuz eta lizunkeriaz betetako soak bidaliz sabel handituari, nere estatu zibilaz ironia nardagarri batez galdetzen. Ematen zidan deabrua bera zela bere urrezko begi bidriosoez bortxatzen ninduelarik sabelean zehar. «Makur zaitez. Egin eztul. Flexiona. Jar ezazu oina sila gainean. Ia, egin eztul». Eta hori dena azkenean pasatzen ez uzteko. Hura zen sadismo zitala.

        Euria egiten dirau eten gabe. Esaten dute martxoan maiatzeko eguraldia egiten duenean maiatzean martxokoa egiten duela, baina aurten martxoan ez du hainbeste eguraldi onik egin. Are Aberri egunean ere elurra egin zuen. Zein polita egon zen Gasteiz elurtzan, dena zuriz jantzirik; eta ikurrinak eta bandera gorriak nonnahi. Beldur naiz ez ote naizen gelditu behar izango arratsalde osoan Karlosen etxean. Baina ez zait hainbeste axola, idazten ari naizenean zurekin banengo bezala bait da.

        Gainera, oraindik ez da itzuli Karmele ere. Ez dut uste ezer graberik izango denik. Zeren, behitu, bart ni nintzela eta ez nintzela diskusio izugarri bat eduki zuten bere artean. Ez ezazu gaizki pentsa, arren. Gertatzen da ezen, nahiz Karlosen eta bion artean ez den ezer arrarorik egon, Karmele, bada, ez dabilela agian guztiz normal, bueno, horrenbeste ere ez, raro xamar dabilela. Ez dut uste nigatik izango denik; hori, duda gabe, atxakia bat besterik ez da izango. Esango nuke problemak beste leku batetatik datozela, nere eritziz behintzat. Esango nuke Karmeleri ez zaiola arrazoirik falta, bere erara. Karlos guztiz xarmangarria da, benetan. Karakter eta tratu ez sinestekoa daduka, adoleszente xarmangarriarena, badaukat elkar ezagu dezazuen gogoa, berehala guztiz adiskide onak egingo zinateke, gauza batzutan zu bezalakoa bait da. Baina horrek berak ere badu bere alde tzarra. Bolada batzutan inestabilitate sentimental beldurgarri bat jasaten du, edozertaz eta edonortaz maitemintzen bait da, hain errazki gainera, non ez bait da erraza jakitea kapritxo iragankor ala zerbait behinbetirako den. Barkoarekin bezala. Miloi ta erdi kostatu zitzaion eta erosi zuenez geroztik egun guztiaz ari da bere «txalupa» dela eta ez dela. Aurtengo udaran jira bat egiteko kontratoa zedukan eta galdu egin du zorioneko barko hori dela eta. Baina ez dakizu zer pentsa ere, zeren ikusiz gero nola disfrutatzen duen, bada, egia esan, konpensatzen du untziaren erosteak. Ez dut honekin Karmeleri egotzi nahi diruaz pentsatu besterik ez duela egiten, neronek ere badakit zer den hile azkenera diru gabe heltzea eta haurraren ikastola ordaintzeko diru gabe ibiltzea.

        Izan ere, eskerrak Karlosi, bestela nahiko gaizki iragango zuen Saioak behin baino gehiagotan. Bere iloba bailitz tratatzen du, egiaz bere alaba bailitz. Saioak ere asko estimatzen du. Ze gustora ibiltzen den gurekin itsasora datorrenan. Garai batez usten zuen sentitzen zuela neskatila izateaz, nahiago zuela mutiko izan, horrela zu gartzelatik ateratzeko posibilitatea edukiko zuelako. Kezkaturik ibili nintzen garai hartan, orain dela bost edo sei hilabete. Beldur ematen zidan, bere hezkuntza gatik, ez ote zen marimatxo bat irtengo.

        Kezkaturik nago Karmele gatik, ez ote dagoen nerekin erdi haserre, bueno, haserre ez, nola esan, jelosiarekin, nolabait esateko, nahiz ez duen inolako arrazoirik eta ez motiborik.

        Jakinko duzu oraingoz azkenean irten zela Ana, Julioren emaztegaia, gartzelatik. Zuk bezala, berak ere zortzi urte baino gehiago zeramatzan espetxean, nahiz zuri, segur aski, bueno, segur, zuri berari bezainbat ez afektatu barruan askatasun gabe egoteak, bisitetan ikusten dudana gatik behintzat.

        Ez dut esan nahi inola ere, gaizki dagoenik. Benetan. Asko sentituko nuke besterik jakin erazten badiozu Juliori. Oso ondo dago, bai fisikoki eta bai mentalki. Edozer gauza emango nuke neuk ere horrela aurkitzearren zortzi urte espetxean egon eta gero. Baina, zera, ez dizut molestatu nahi, jakin ere, bait dakit zenbat afekta ziezaizukeen hala zure experientziagatik nola berarekiko sentitzen duzunagatik. Baina, dena den, uste dut agian hobe duzula irten orduko jakin dezazun, nahiz horretaz ere guztiz segur ez egon, zeren badakizu memento hauetan ematen diren buloak eta gezurrak. Ulertuko duzu ez dela batere erraza neretzat eta segur nago ez duzula pentsatuko ez dudana egiten txaskarrileo hutsa gatik, ez eta gutiago ere. Horrela dela uste baduzu, mesedez, ez ezazu kontutan ere hartu esaten dizudana.

 

Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983