Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983

 

 

—18—

 

        Gau hartan bertan joan nintzen Jose Migelen tabernara. Nik banenkien zer zebilen hura; nik tontoarena egiten nuen baina herri guztia ongi klasifikaturik nedukan. Eta behin baino gehiago ikusi nuen Donostia aldean eta hortik leku arrarotatik nik erreparatzerakoan ez ikusia egiten zuela. Baina neri sartzeko horrelakoak. Eta ja ixtera zoazenean joan mostradorera eta esan nion lasaiki bere amari, esaiozu Jose Migeleri irteteko, mesedez.

        Hi, lagun, zer gertatzen da hemen? Zergatik?

        Hik badakik ongi. Hala, bota, esaidak, zer gertatzen da herri honetan.

        Hik jakingo duk.

        Nik jakingo dudala, mekaguen. Behitu, nik ongi dakit zertan haizen, bai, behin baino gehiagotan ikusi haut Donostiko taberna hartan; bai, bulebardearen ondoan dagoen leku hartan, gogoratzen haiz, ez da? Baina ez diot inori esan. Orduan zer hostiagatik esaten duzue ni txibato salatari bat naizela. Eh?

        Guk ez dugu hori esaten.

        Zeinek esaten du, orduan?

        Ez dakigu. Egia da herrian hori zabaldu dela, txibatoa haizela, baina guk, alderdiak ez du deus esan.

        Zeinek, orduan? Esaiozu izan denari, enteratzen banaiz burua apurtuko diodala. Entzun? Eta beste gauza bat, ume moko alu batzuk baizik ez zarete. Gizonak behar dituzue, ez bait dakizue deus ere egiten. Zerbait serioa egin behar duzuenean, deitu neri, gizon bati. Entzun? Lagun, benetan, eh.

        Baina Jose Migel ez zen ausartzen inori ere esatera, alderdikoa zela inork ez jakiteko, eta beraz, alferrik esan nion. Bueno, alferrik baino tzarrago, ze behin handik hiru edo lau hilabetetara, herriko giroa aldatzen ez zela eta zeharo desesperaturik. Hargatik alkate faszistaren etxeari su eman behar ziotela esan zidatenean, prest nengoen ni ere bolontari joateko, baina ez zuten nere laguntza onartu. Edozer emango nuke, haietatik norbaitek oraindik desfidantza zedukalako izan zela, baina gero, eguna heldu zenean, nola inork ere ez zekien etxe bati nola su eman, neri esan zidaten. Bai joan ere. Hartu gasolina lata handi bat, jarri zinta aislante beltz baten zati batzuk taxiaren numeroak desgisatzeko eta nere taxian eraman nituen beste guztiak. Jose Migel eta beste bi ziren. Bata ez nuen ezagutzen baina nahiko handia zen. Bestea, ordea, komando ederra, frantziskotar fraide bat. Ez zekiten etxe barrura nola sartu ere. Neronek sartu behar izan nuen han erreka ondoan sukaldera ematen zuen leiho tiki batetik, eta ate printzipala zabaldu nien.

        Sartu ziren eta nagusi hura erabat desagertu zen, eta besteek, Jose Migelek era fraideak ez zekiten zer egin. Gasolina ere ez zidaten ekarri, neuk joan behar izan nuen taxisera berriz, ekarri eta etxe guztian zehar erein nuen, hasi ataritik eta sukaldea, saloia, goiko pisuko gelak. Su ematera ninoanean, esku batetan kotoizko trapu zahar bat eta bestean metxeroa nuela, besteak begira. Baina zer egiten duzue hemen, joan zaitezte kanpora ia inor datorren begiratzera. Eta bestea non dago? Zein beste? Zein izango da, gurekin etorri den bestea. Jose Migel zuri zuri zegoen ez zekien zer egin ere, ematen zuen bere amak zer esango zion beldurrez zegoela. Halako batez bestea parrez etortzen da. Parrez, hi, lagun. Esku batetan hiru eskupeta era bestean pakete batekin. Zer ari haiz? Hau hartzera joan nauk. Eta zertarako? Bueno, joan zaitezte kakatara. Utzi neroni bakarrik. Eta ia bultza egin behar egin nien, irteteko. Jakina, gasolina hainbeste denbora lur gainean ereinda zegoenez, metxeroa piztu nuenean ez nuen behar izan kotoizko ehunari hurbildu beharrik ere, gas guztiak lehertu bait ziren eta ximista baten barnean bezala aurkitu nintzen, ez dakit orindik ere nola, baina ondo dakidana zera da, leihotik xapligu bat bezala irten nintzela, nere adiskideen oinetaraino. Ez dakit nola ez nuen lepoa apurtu. Baina hala ere, nola bestek ez zekiten kotxea eramaten neronek gidatu behar izan nuen taxia bueltan berriz ere.

        Nere su-bataiua izan zen. Baina alferrik. Ezkutuan mantendu bait zen. Baina kontzientzia garbia nuen behintzat. Banuen Jose Migelen gurasoen tabernara harro joatea. Baina zenbait jendek oraindik ere, nahiz berek ez zuten deus ere egin bere bizi guztian frankismoaren kontra, mezpretxu keinuak egiten zituzten sartzen nintzenean. Banenkien inoiz ni harrapatuez gero, damutu egingo zirela, baina enteratzen ez ziren bitartean, amurru batetan bizi behar izan nuen.

        Ongi izorratu ninduten, nere neskatoa ikastolara eraman nahi izan nuenean, eta lekurik ez zegoela entzun izan behar nuenean, agian egia zen, baina harritzekoa zen. Andereno haiek ere txibato salatari bat besterik ez nintzela uste zuten. Nere andre gaisoak gainera, sufritzen ziharduen ezer jakin gabe. Gaizki iragan nituen hilabete haiek, benetan,lagun.

        Santi gaisoa historia hori kondatzen zidan bitartean noizean behin begiak telebistarat itzuri egiten zitzaizkion, teleñekoak ematen ari zirelako, eta haurrentzako programaren bat zegoenean adurra erortzen zitzaion, bere alabaz pentsatzen, ustez, ez arrazoirik gabe, bera ere segur aski programa hura ikusten egongo zela.

        Gau hartan goardia zibila etxera etorri zitzaidanean, herri guztia aho zabalik, harriturik gelditu zen. Denak hain segur salataria nintzela eta Santi harrapatu zutela. Baina are harrituago, gartzelan nengoela, herrian ikastolak ez zedukala lekurik haurrak edukitzeko eta neronek, nola ia ez zitzaidan ezertarako ere balio, taxiaren garajea eman nienean. Hantxe muntatu zen herriko lehenengo ikastola eta nere alabak, orduan bai, lekua eduki zuen euskara ikasteko gainerako beste ume euskaldunek bezala. Garai hartan ikastolako maskota zela esan dezaket. Gainera haurrik argienetakoa zen. Nola mintzatzen zen euskaraz. Bisitetara etortzen zenean Basaurira lau urtekin nola hitz egin hark, andereinoek berek bezain ongi. Berari esker ikasi nuen euskaraz. Aurreneko urtetan gartzelan ez nuen besterik egiten, euskara ikasi eta ikasi, eta euskaldun hutsekin ibiltzen nintzen denbora guztian. Esan nion andreari ere euskara ikasi behar zuela.

        Jendea ez zen gaizki portatu, lagun, heriotzera kondenatu nindutenean. Asko higitu zen mundu guztia, eta nahiz erakundekoak ez ginen, politikoak defendatzen dituen abokatu bat jarri zidaten. Bai, zeren gertatu zen Jose Migel ez zela erakundekoa eta ez alderdikoa; dirudienez, antzina izandakoa zen, baina gero kontaktoa galdu zuenez, bada, bere kontura jarraitu zuen. Eta hori ere kriston problema zen, baina tira, gauza ez zen gaizki irten, konmutatu egin bait zidaten kondena azkenean eta hogeitahamar urte sartu.

        Tzarrena orduan gertatu zen. Beste adiskide guztiak, politikoekin bidali zituzten, baina eskupetak lapurtu zituena eta biok Cordobara joan ginen preso komunekin. Eta harez gero hemen nago. Biok bakarrik egon ginen ia bost urtetan. Berak ez zuen gaizki pasa, ekonomatoan sartu bait zen, baina ni guztiz bakarrik. Zuek ez dakizue zer den hori. Berriz ere Palentziako nere herrira bakarrik itzultzea izan zen, gainerako nere bizi guztia batbatean desagertu eta ezabatu bazen bezala.

 

Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983