Grand Placen aurkituko gara
VIII
Zergatik nahi ote zenduen urte beteko soldaduska absurdo hori bete? Euskadiko marinelen historia haiek gatik, ez dut uste; inperialismoaren garaian proletalgoak bete behar ote duen iraultzaile papera gatik, zure aitaren historia horren gatik ala are arrazoi gehiago zegoen?
Beste egunean Karlosekin eztabaidatzen egon nintzen zer ote izango zen hobea. Egin duguna, ala bestela Euskal Herrian garai hartako Viet Namgo gerraren eta Hanoiko bonbardeoen kontrako mugimendu baketsu eta gazte bat sortzen saiatzea.
Izugarrizko sustoa hartu dut, zeren Karlos jetsi bait da ni enteratzeke, hain absorto nengoen idazten. Nere atzean belaunikatu eta iletik emeki hartu eta bere eskua nere melenatik gora igo du, gero nere aurpegiaren aurrera erortzen utziz. Jeiki eta itzuli naizenean, besotik heltzera joan da, besarkatzeko modura, baina nik buelta osoa eman orduko, zutik jarri da. Sekula ez diot ikusi horrelako aurpegirik. Bere hile eta bizar hain beltzak inguraturik pegamino urdin zurizkoa, beheko ezpainiaren higidura nerbiosoa ezin ebitatuz. Ze pena ematen zidan. Erdi negarrez zegoen. Faroraino zakurrarekin eta berarekin paseoan joateko esan dit, baina ez nuen gogo askorik, nahiago bait dut zurekin gelditu.
Garajera doan atea zabaldu du eta Troski zakurra sartu da. Arrantzaleek edukitzen ohi duten artilez betetako zakur tiki bat, buztana mugitzen eta salto alaiak ematen. Zezen baten furia eta harrotasunaz eman du buelta bat gelan barrena; gero butakara igo eta belarria igurtzen hasi da, baina batbatean bere indar guztiaz salto egin eta Karlosen oinetara joan da, hau jartzen ari zen botekin jolasean hasiz. Orduan bakarrik konturatu da ni ere gelan nengoela. Zakur hori eroturik dago, uste dut jelosia arrotz bat sentitzen duela nitaz. Nik ez diot kasurik egin eta idazten jarraituko bainu egin dut. Orduan beste buelta eman dio gelari, erreno adar gabea irudiz, lepoa zut, oinak tente, begirada aurrera eta fijo, harroki, buelta eman eta gero Karlosen oinetako kendu berrien gainean etzan da haur baten samurtasun epelaz.
Aski izan zaio Karlosek keinu bat egin ziezaion, tximista bat baino arinago irten zedin eta, jardin tiki batetara eramaten duen harrizko eskailera batzuetatik jetsi. Afan izugarri batez hasi da jardinean dagoen iturri tiki eta jainko grekoren baten aurpegiaz horniturikotik ura edaten. Dirudienez etxe hau aintzina espainol ejerzitoko fuerteren edo kasernaren bat omen zen Pasaiako portua gordetzeko, Euskal Herria hain aske eta independiente zen foru-haro hartan, agian orain amerikarrek Espainian duten direlako base horietako bezalako zerbait. Esaten dutenez forte hori desegina izan zen kabotaia handietako barkuak sar zitezen, baina ofizialen dorre bat gelditu zen eta garaiaz, zenbait eskutatik iragan ondoren, Karlos jabetu izan da, gero etxe hain eder hau eraikitzeko.
Eskuak poltsikotan, zakurrari kasu handirik egiteke, Karlos ere eskailerak jeisten ari da. Jardinetik harrizko balkoi mediebal antzekora eramaten duen pasadizo batetan sartu dira.
Lasaigarri da benetan etxe honetan bakarrik egotea, bereziki egungo egunean bezalako eguraldia egiten duenean, euria eten gabe eta itsasoa haserre eta harro jartzen denean, ematen bait du etxen baino areago itsas untziren batetan zoazela kapitainaren lekuan. Idazten ari natzaizun leku honi itsas giroa areago emateko asmoaz, suaren aldamenean neri sorbaldaraino heltzen zaidan lema zahar handi bat dago. Karlosi begiradaz jarraitzeko eta bide batez besoa deskantsatzeko jeiki eta leihora naiz lemaren aitzinera. Hemen apoiatu eta bere egurraren lehuntasun mila eskuen igurtziaz findua laztandu dut. Munduko itsaso guztietan barrena ibilia, duda gabe, Caribe aldea ere ezagutuko du, agian esklabu-tratarako untziren batetan ere egona da. Nere masailaz laztandu dut egurraren leuntasuna eta besarkatu egin dut gazte naizela sentitzeko, nere gorputza biziz betea dagoela oraindik igartzeko. Zergatik ez zara gauza lema biburtzeko. Hemen ezkutaturik edukiko ninduzuke bizi guztian eta bakarrik nagoenean, apo bihurtzen ziren printze miragarriak bezala, zu ere berotasun eta samurtasun guztiaz besarkatu, hemen dituen begietatik baten bat musukatu eta zu biburtzeko.
Nere esklabu izango zinateke betiereko, nerekin egon heharko zenduke bizi guztian nahi eta nahiez, inora eta inorekin ihes egiteke. Mirari prodijioso hori astiro eta emekiro prestatuz joango nintzateke. Behatzak ditukezun lekuan laztantzen hasiko nintzateke, Kristok oinean zauria zedukan lekua miazkatu, belaunak musukatu, masaila zure orpoan ezkutatu, gerria besarkatu, zure lepoari nere besoak ezin hestuago josi zure arnasa sentitzeko, nere bular muturrek zure bularraren eta gerrian zehar ibiliko ziren laztankiro, ezkerretik eskubira, eskubitik ezkerrera, zure irriki dorpea esnatzeko, eta orduan gure ezpainak elkartuko ziren. Nere mihingaina zure ezpainen ertzetik ibiliko zen, nere hatzek zure belarrietan zehar musikarik leunena pizten zutelarik.
Ate-zaratak arnasarik gabe eta belarriak sutan utzi nau. Pilar zen, etxeko apainketa eta janaria prestatzera etortzen den emakumea, afaria egitera etorri da. Maltzurki, ez dit ezer esan, «arratsalde on» apal bat ahapeka agian, eta nere ametsetan murgildurik jarraitu dut kontenplatzen nola itsasoa apurka apurka sosegatuz doan. Timoiari berriz ere musu tipi bat emateko gogoa eduki arren, ez naiz ausartu, Pilarrek erotzat har nazan beldurrez.
Andre gaisoa, ez da sekula ohituko etxe honetan gertatzen diren gauzei, baina xit jatorra da, ez da ezertan sartzen eta ez harritutako plantarik egiten.
Egarri izugarria nuen. Tabako rubioak, bereziki ke guztia irenstera saiatzen naizenean, ez sinesteko egarria ematen dit. Aboa eta are sudurra ere ezin lehorrago ditut. Gustora hartuko nuke whisky apur bat baina ez naiz ausartu, goiko gelan bait dago boteila, eta azkenean Beljikako garagardo beltza hartu dut, Karlosek azken jiran ekarria. Ze ona den, zuri ere gustatuko zaizu. Zenbat emango nukeen izugarrizko korroskada bat bota eta barnean dudan gusto lebor bonetaz askatzeko. Ez dut uste Pilarrek igarriko duen nondik datorren tabako rubio usai perfumatsu hau.
Beti bezala, Saioa gatik galdegin dit. Baina hain daduka sensibilitate arrotz bat non kulpabilitate konplexo astun bat sor erazten bait dit. Agian ez du intentzio gaiztoarekin egingo, baina hala da. Begiratzen diot nola ari den flaterak garbitzen mantso mantso, eta ematen dit ezin dezakeela fede tzarrik eduki. Zutaz, Karlosez, txakurragatik edo Karmeleri buruz galde zezakeen. Baina beti humeagatik bakarrik egiten dit, emakume bat bereziki eta gauza guzien gainetik ama dela oroit eraziz. Arrazoi du, nola uka, baina ez nuke nahi, bizi erdian preso baten emazte eta beste erdian haur problematiko baten ama izan. Bueno, problematiko ez da hitz egokiena, ez bait du problema handirik sor erazten, beti bere ipuinetan murgiltzen da eta edozer gauzarekin dibertitzen. Baina bere arazoak iragan behar izan ditu, haur guztiek bezala, jakina. Izan ere, ume zurtz izateak problemak baditu, aita gartzelan edukitzea nolabait are zailago gertatzen da batzutan. Gogoratzen naiz nola kausitzen zen Merced egunean Caceresko puntara joan eta egun guztian zurekin eta Luisekin iragan eta gero bere gogoetan murgiltzen zenean, sentimenduz desbideraturik, alde batetik harro bere aita gudaria zelako, ikastoletako gainerako haurren inbidiagarri agian, baina bestalde kezkagarri bere buruari galdeginez zergatik bere aitak izan behar zuen hain zuzen gartzelan egon behar zuen gudaria eta ez beste inork. Dena dela, tzarrena haseran izan zen, alde batetik bestera ibiltzera beharturik nengoenean, ijitoen pare, leku fijorik eta ez enplegu segurik ez nuenean, bai bait dakizu nola erreakzionatu zuten gurasoek garai hartan. Beldur ematen zidan ez ote nintzen ari dependentzia sakon bat kreatzen bere baitan, gero garaigaitza izatera helduko zena. Zail egiten zitzaion ikastolara joatea eta zein gaitza zen aurpegia garbi eraztea eta kamiseta eta gona janstea. Hala ere, adiskide kutunak egin ginen, eta gara, aizpak bait ginake. Hizkuntza berezi bat ere asmatu genuen elkar ulertzeko. Orain ez naiz ongi oroitzen baina hitz batzutaz bai.
Etxe esateko «berega», ura «leen», ohea «tekal» eta loreak « zora». Mintzaira arbitrarioa zen guztiz baina ezerian ezerian kreatuz joan ginen, era inkonsziente batez.
Bide guztiez saiatu izan nintzen, arrakastaz uste dut orain, ezbehar gehiagorik jasan ez dezan, traumarik eduki ez dezan, gero bere aita bezala ez dadin senti soldaduska arrotzik egitera beharturik. Gartzelan egotea ez zela desgrazia jasanezin bat mostratzera entseiatzen nintzen: ongi zeundela. Zure gutunak erakusten nizkion, gartzelan egiten zenituen gauzak, eskribuak, itzulpenak, ponchoa.
Grand Placen aurkituko gara |